—gaiak—
HERNANIKO TRANBIA
1913ko Hernani.
Argazkia: Jesus Maria Gomez.
Iturria: http://www.spanishrailway.com
Niri 10 zentimo ematen zizkidan amak tranbiarako, gu bizi ginen tokitik (gaurko Ertzainetako paretik) herriraino. Gutxitan ematen zizkidan, e! Eta 10 zentimo ematean Adarragaren kafetegira joan (Urbieta kalean, orain Caja Laborala dagoen ertz horretan), berak egindako karamelu haiei begira egon, mukiak utzi kristalean eta etxera!
[Inaxio Mari Zubeldia]
50. URTEURREN FESTA
Tranbia desagertu zela 50 urte bete dira aurten. Hernaniar ugari tranbia zeneko garai hartan hazi eta bizi izan ziren; ez hori bakarrik, Tilosetako bailea ere izaten zen garai hartan, eta Hernaniko eta inguruko bikote asko elkartu ziren bertan, baita kuadrillak ere. Guzti hori ez dute ahaztu nahi izan eta, hori dela eta, tranbiaren inguruko jaia antolatu dute otsailaren 24rako.
Tranbia Plaza Berrin, 1950ean.
Argazkia: © Luis Blas Sedano.
Iturria: http://www.spanishrailway.com.
Pili Lujanbiori etorri omen zitzaion ideia burura, “zergatik ez berreskuratu egun batez bada ere, gure haurtzaro eta gaztaroko garai haiek, tranbia Hernanin barrena ibiltzen zeneko garai hura, eta Tilosetan, Musika Bandaren eskutik, bailea izaten zeneko garai hura?”. Esan eta egin.
Tranbiaren inguruko jaian ezin zen tranbiarik falta eta horretarako Logroñotik ekarritako txu-txu trena itxuraldatu egingo dute. Itxuraldaketa Andres Maizek egingo du. Hernaniarrek tranbian ibiltzeko aukera izango dute beraz egun horretan, eguerditik bazkalordura arte. Floridarainoko ibilbidea egingo du itxuraldatutako trenak. Arratsalde partean, Kaxkoan barrena ibiliko da trena, Caserio taberna dagoen horretan geldialdia eginda, Tilosetako bailera joan nahi duenarentzat. Trenean ibiltzea euro bat kostatuko da. Beste tren txiki bat ere jarriko dute Plaza Berrin barrena ibiliko dena. Haurrei euro erdi bat kobratuko diete eta helduei euro bat. Itxuraldatutako trenaz gain, Plaza Berrin garai batean izan ziren zenbait komertzio ere berreskuratu edo garai bateko girora egokituko ditu Andres Maizek: Adarraga gozotegia, Cuevas farmazia, Portalondo eta Caja de Ahorros-a. Horrez gain, Azurmendi taberna ere irekiko dute ordu batzuetarako. Azurmendi taberna oraingo Atxur tabernaren parean zegoen. Garai bateko zerbitzariak ere bertan izango dira: Adeli, 37 urtez bertan lanean aritutakoa, eta Maitere. Tilosetako baileari dagokionean, Kaxko elkarteak ahalegin bereziak egin ditu, 1974 aldera desagertu zen ekitaldi sozial hura ahalik eta ondoen berreskuratzeko. Gaur egungo bikote ugari, Hernanikoak eta ingurukoak, bertan elkartu ziren eta espero dute egun horretan berriro ere estu-estu helduta dantzatzera animatzea. Hala ere, ez dute ahaztu behar garai hartan txaperoa ere izaten zela eta dena kontrolatzen saiatuko dela. Manolo Sagarna bandako zuzendari izandakoa eta Patxi eta Joaquin Apezetxea ere izango dira bertan. Horrekin batera, garai batean bezala oilaskoak errifatuko dituzte. Bailearen aurretik txokolatada ere izango da eta garai bateko gozoak berreskuratuko dituzte, boladoak esaterako, uretan urtzen ziren azukrezko bola haiek.
Tranbiaren inguruko jaialdi hau prestatuta ezin ahaztu garai hartako tranbiaren gora beherak inork baino hobeto ezagutzen dituztenak, gidariak, garai hartako memoria historikoaren gordailu ere badirenak. Bizirik dauden 6 gidariak omenduko dituzte: Manuel Borja hernaniarra, Patxi Urbizu ereñotzuarra, Astigarragako Luis Zumeaga eta Antonio Zapirain, Donostiako Juanito Egiza eta 103 urteko Jose Astarbe.
Kaxko auzo elkarteak herritar eta dendariei eskatu die egun horretan garai hartan bezala janzteko. Bestalde eskerrak eman nahi izan dizkie ekitaldi hau antolatzen lagundu dutenei, diruz eta bestela: Udala, Berriak elkartea, Adarraga gozotegia eta herritar anonimo ugari.
[Hernaniko Kronika, 2008-02-16]
TXIMIST-GURDIA 1903-1958
San Joan konpartsak 2002ko ekainean argitaratu zuen liburuxkan tranbiari buruzko informazioa aurki daiteke. Antza, tranbiari tximist-gurdia deitzen zioten, egiten zuen zaratagatik eta ateratzen zituen txinpartengatik. Tranbia 1903an hasi zen martxan eta 11.681 metroko ibilbidea egiten zuen. Bost estazio zituen: Peñaflorida, Amara, Loiola, Astigarraga eta Hernani. 25 geldialdi egiten zituen. Tranbiak berebiziko garrantzia izan zuen martxan izan zen urteetan. Alde batetik, baserritarrei beren produktuak Donostian saltzeko aukera ematen zien. Bestetik, donostiarrei sagardotegietara eta jaietara joateko aukera ematen zien, besteak beste. Tranbiak azken bidaia 1958an egin zuen, gaueko 09:15ak aldera. Jose Cruz Lasartek gidatu zuen, ordurako erretiroa hartuta zuten hasierako gidariek lagunduta.
[Hernaniko Kronika, 2008-02-16]
ANDRES MITXELENAREN BERTSOAK
1
Mila urte pasata
bederatzirehun
aurten zazpigarrena
broman pasa zagun,
dama gazte polit bat
ustez neukan lagun
gazte-gaztia zala
egina ezagun;
mingainez alegria
amorioz ilun.
2
Ezkontzeko hasita
hara desgrazia!
Pertsona tranposakin
tratatzen hastia,
ni fin nenbilen baina
horrek malizia
orain hargatik nago
bazterren utzia;
publikatzera noa
asunto guzia.
3
Zelestina daduka
dama horrek izena
Aranon jaio eta
han bizitzen dena.
Andres honeri kantak
jartzen hasi dena
baina ez izan balitz
alaja zuzena;
nik hola mendratzen det
merezi duena.
4
Ezkontza zerratu zan
San Juan bezperan
gaueko hamaiketan
kanpoan ihintzetan.
Bidez azpikaldetik
leku polita zan
aingeru bat bezela
ari zen hizketan;
ni arrrunt engainatu
gazte xamarra izan!
5
Bera’re gaztia da
ez ditu urte asko
hemeretzi eskasak
hemezortzi oso.
Andresek hogeita hiru
ez dauzka uzteko
balientia zaude
tranpan jokatzeko;
egiak esan arte
ez naiz isilduko.
6
Eskutikan helduta
hasi zen esaten:
“Andres zuregandikan
ez naiz apartatzen.
Lore ederragorik
ez det nik ikusten,
ezkondu aurretikan
diberti gaitezen;
jai bat seinalatu ta
Donostira goazen!”
7
Handik hamabost egun
ez ziren pasatu
gau batez esan nion:
“etzi goazemazu!”
“Pozik egingo dizut
horrenbeste gustu”
hori esanda laster
eman zidan muxu;
orduan bero zinan
orain oso hoztu.
8
Etxetik Hernanira
joan ginen oinez
bidean hitz potolo
ederrak esanez.
Donostira tranbia
noiz zegoen galdez
frantsesarekin igoal
hasitzen zan ingles,
erderaz ere fuerte
nahiz bate jakin ez.
9
Tranbi hortan sartuta
jo degu Donosti
Bulebarrera juan ta
pasiatzen hasi.
Gero Bretxatik bueltan
kaliak ikusi
eskuineko besotik
ein zidan imurtzi;
zapata pare on bat
behar niola erosi.
10
Zapata hoiek hartuta
bazkaltzera Fonda(ra)
galdetuz “abaniko
almazena non da?”
hura’re erosi nion
neskatx horri joanda
burua freskatzeko
izugarri on da;
horrek nire kontura
pasatu du broma.
11
Gero dibertsiua
musika ta guzi
baltsian hasi ginan
poliki-poliki.
Le(he)ndik inglesez eta
hortan’e badaki
gero errefreskua
zerbeza ta guzi,
hortik aurrerakua
guk bestek ez daki.
12
Hurrengo egunian
jo degu Hernani
tranbian mano-mano
begira elkarri.
Han erosi nizkion
sei painuelo txuri,
agua koloniatik
beste botila bi;
orduan zapuztu zan
nire birjiña hori.
13
Santiagotan ziran
azkeneko planak
zuzena okertzen du
hortarako danak.
Neska tranposa haren
orduko esanak,
etziyotela uzten
aitak eta amak;
han bukatzen zirela
ezkontza haren lanak.
14
Aranon jayua naiz
askok dakitena
ongi eginda gaizki
pagatu nautena.
Zelestina daduka
dama horrek izena
igoalak zerate
familia dena;
Ollinen bizitzen da
Andres Mitxelena.
AMERIKATIK ETORRITAKO DONOSTIARRA
Lengo tokian or dago plaia,
jiran daduzka mendiak,
Urgull’dik jarri begira eta
gozatzen ditut begiak.
Baiña bi gauza falta ditu gaur
ni jaio nintzan erriak:
or ibiltzen zan tranbe zarra eta
lengo sagardotegiak.
[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela, Auspoa 190]
TRANBIAREN OROIMENEZ BERTSUAK
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Garai hartako tranbero haiek
bazutela talentua
ogi bidea hori zuten da
egin behar onartua
negu ta uda bero eta otz
bazutela meritua
gosaritako ogi artean
sardin zahar bat prejitua
gaur zorionez ohitura hura
dena bai dago galdua.
Antton Garin:
Herria triste eta malkuak
denok ginula begian,
Hernanitikan tranbia honek
azken bidaia egitian.
Donosti aldera joaten ginan
pozik ta txispa batian.
Tximist gurdia deitzen zioten
aballa artzen zuenian.
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Motor aldeko bi alderdiak
kristal ta ate gaberik
ez zen faltako giro otzetan
euri ta aize faltarik
negu gorrian gidari haiek
ez zeukaten nun gorderik
zortzi orduan hanka gainean
exeri leku gaberik
zerua irabaziko zuten
baldin badago zerurik.
Antton Garin:
Berrogeita hamar urte badira
kendu zutela hemendikan.
Gaur ikusten det hernaniarrak
ez gera ahaztu oraindikan.
Orduan guk’e ez ginun behar
aballa haundiko trenikan.
Hiru ordu laurden behar genitun
Donostira Hernanitikan.
[Hernaniko Kronika, 2008-02-23]