Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 BERTSO PAPERAK | HERNANIKO EUSKAL FESTETAN | TXAPELKETAK 

 

gaiak

HERNANIKO EUSKAL FESTETAN

 

      “Baña Euskal-Erria oraindik ere bizi da?” galdetu zuen, eta berak erantzun zion galderari: “Bai, zauriturik badere, bizi da. Bere semeak gera. Onen bularretatik bere titi gozoa edoski degu. Bere itskuntz ederra erakutsi digute, bere legeak ezin da obeak dauzka bere biotzean guretzat gorderik”. 1909a zen, eta hitzok Jesus Maria Echeverria kanonigoak bota zituen, Hernaniko elizako meza nagusian. Ele burrunba sortu zuten herri hartako euskal jaiek, asmo politiko zehatza omen zutelako. Ziertoki, euskal jaiek gertaera dramatiko batek markatuta egin zuten 1876tik aurrerako xenda: foruen galera.

      1853ko Urruñako edizioarekin hasi eta hurrengo urteetako euskal jaietan Antoine Abbadie mezenasaren arrakasta izugarria izan zen. Gerora, Iparralde eta Hegoaldeko euskaltzaleen arteko harremana sendotu zuen Abbadiek bai eta Bonaparte printzeak ere eta ondorioz 1879an euskal jaiak Hego Euskal Herrian egin ziren lehen aldiz, Elizondon zehazki.

      Galdutako foruen defentsak, euskal pizkundea eta euskal jaien espiritua leku eta erakunde gehiagotara zabaldu zuen. Horrela, Donostiako Euskal Jostaldien Batzarrea euskal jai propioa antolatzen hasi zen Gipuzkoako uri zaharrean. Mende amaieran, Diputazioak ganadu feria gehitu zion Donostiako jai horri eta probintziako beste herrietara eraman zuen euskal jaia: 1896an Arrasatera, ondoren Oiartzun, Zestoa, Zumarraga, Zumaia, Azpeitia, Oñati... eta hola iristen gara 1909ra, Hernaniko sarreran jarritako arku kolosalean leitu daitekeelarik: Probinziako Diputazio argiya. Ernani-ko erri ezagugarri ta leyal ontara Ongi betorkigu.

      Euskal jaiak irailaren 17tik 22ra ospatu ziren eta denetarik egon zen. Ganadu feria (...) Ekitaldi erlijiosoak, hitzaldi ofizialak eta banketeak ere izan ziren herriko plaza nahiz kaleetan, bai eta dantzariak eta dantzaldiak, su artifizialak eta “sumendiak”, Txirrita nahiz Pello Errotaren zipla eta takoak, Eltzekondo borrokalariaren gihar erakustaldiak, konpartsa eta aurreskua, makildantzari irrintzilari blankolari, pultsolari eta zulladunak... Bestalde, kultura “jasoago” baterako tartea ere izan zen Hernaniko 1909ko euskal jaietan, emanaldi literario-musikalekin eta lore-jokoekin. Lore-jokoak Erromantizismoak XIX. mendean berreskuratutako lehiaketak ziren. Katalunian Erdi Arotik zetorren tradizioa zen eta Hego Euskal Herrian foruen defentsak bultzatu zuen holako ekitaldiak antolatzera. Bertan musika, bertso, literatura lantzen zen batik bat. Hernanin arrakasta itzela izan zuten Gregorio Mujikak, Ramon Inzagarayk, Jose Elizondok, Inazio Urangak edota Bernardo Gabiolak, beste askoren artean. Alfredo Laffitte donostiar kazetaria zen lore-jokoen antolatzaile eta bere sarrera hitzaldian oso gogoan izan zuen, batez ere, aita Agustin Kardaberaz Hernaniko semea. Izan ere, euskararen berri ona eman zigun jesuitaren gorpuzkinak urtebete lehenago “aurkitu” eta ekarri zituzten Italiako erbestetik eta oraindik presente zuten hori euskaltzaleek.

[Urko Apaolaza, Argia 2197. alea 2009-09-13]

 

1909ko iraileko Hernaniko Euskal Festak.
Iturria: Auñamendi Entziklopedia.

 

      Olegario Garinek 1909. urtean Hernanin egin ziren Euskal Jaietako bertso saioetan parte hartu zuen, Pello Errotaren ordez hain zuzen.

[Antton Garin, Hernaniko Urtekaria 2009]

 

      Egun batez, euskal festa batzutan, bertsotan ari ziran Ernani’ko plazan Txirrita eta Saiburu, Gaztelu eta Pello Errotaren kontra. Ona emen Txirrita eta Gazteluk, Pello Errotagatik kantatu zuten bi bertsoren erdia. Erdiaz baizik etzan oroitzen au eman diguna, Ereñozu’ko Akola baserriko Gregorio Santa Kruz.

      Txirritak:

 

Erare aundiya eduki arren

oraindikan egait’ona,

amaika arto ostutzen duen

Astiasu’ko aitona.

 

[Antonio Zavala, Txirrita liburuan]

 

      Gazteluk:

 

Xentimorikan ez du gastatzen

Tolosa’n da Donostiya’n,

urre-pillan bat edukiko du

errotarriyen azpiyan.

 

 

1897AN OIARTZUNGO EUSKAL FESTAN

 

      Txirrita Oiartzun aldera abiatu zan. Izugarri euskal festa ederrak izan ziran (1897ko uztailean). Bertsolari auek kantatu zuten: Pello Errota eta Juan Kruz Elizegi anaiak, asteasuarrak; Esteban Elola, asteasuarra; Txirrita; Juan Jose Lujanbio, Saiburu, Txirritaren lengusua, errenteriarra; Juan Jose Sarasola, Lexo, Lezo’koa; Artzaia, Altza’koa; eta Jose Joakin Urbieta, Kaskazuri, oiartzuarra. Asi omen ziran bertsotan eta Txirrita jendearen gustoa egiten ari omen zan, eta jendea parre-algaraz aren bertsoekin. Pello Errota, berriz, euskal festak ziran ezkero, euskera goratuz ari zan, saria irabaztearren. Pello Maria Otaño juraduan zegoan, eta Txirritari onela esan omen zion:

      — Ederki ari aiz, Txirrita. Ederki ari aiz. Jendearen gustoa egiten ari aiz. Baiña arbola aitatzen ez badek, premioa Pello Errotarengana ziak.

      Orduan Txirritak bertso au bota zuan:

 

Gernika’ko arbola

igartu da orra,

ez daukate jarririk

olako enborra;

ari zañak ebaki

zizkion satorra,

berrogei kana luze

bazuen muturra,

ura etzan izango

euskaldun jatorra.

 

      Egun artan botatako beste bertso bat ere gorde izan da:

 

Ai lenago’re Oiartzun’dikan

atera izan dagizona,

gaur ni nagoen parajetikan

urrutikoa etzana,

umilla eta korajetsua,

leiala eta zuzena,

Uzar-makilla aundi batekin

Erroma’n bertan izana,

guri eliz au siñaletako

emen eginda il zana.

 

      Antziñako Lartaun aitatzen da emen. Ernio menditik Erroma’ra erromatarrekin burruka egitera joan ziran euskaldunen buruzagia izan omen zan. Bere lurretan egin omen zan Oiartzun’go eliza. Bertso-saioa bukatuta, juraduko jaunak Txirrita eta Pello Errota, biak batera, leendabizi gelditzen zirala erabaki zuten; eta urrena, Saiburu.

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 BERTSO PAPERAK | HERNANIKO EUSKAL FESTETAN | TXAPELKETAK