—gaiak—
BERTSO PAPERAK
Laister asi zan jendea (Txirritari) bertsoak jartzeko enkarguak ematen ere. Nundik edo andik, usterik gutxiena zuenean etortzen zitzaion andregaiarekin asarretutako nobioren bat, edo mutillak utzitako neskatxaren bat bere anaia edo aitarekin; eta an kontatzen zizkaten beren naigabeak, eta zenbait kontu xelebre ere bai. Berak nola ez baitzekien eskribitzen, illobari deitzen zion. Onek apuntean artzen zituen nola batek itz eman da gero ukatu egin zion; besteak berriz ia ezkontzeko garaia etorri eta nola beste andregaia egin zuen; besteak, berriz, zergatik ez dakiela, despeira eman ziola, eta abar eta abar.
Ainbeste gauza, gertaera eta kontu esaten zioten, arek danak aditu eta illobak apuntatu egiten zituen. Egun bat izendatzen zuen; geienean zortzi-aldi bat edo aste beteko denbora artzen zuen, aiek esandako pasadizo aiek bertsotan jartzeko. Aueri ere amar duro kobratzen zioten, eta aietatik bat illobari eman eskribitzeagatik. Duro oiei idi-begia esaten zioten. Orregatik bein baño geiagotan, orrelako enkargu bat etortzean, esaten zuen:
— Orain ere badegu, bada, idi-begia!
Enkargua artzen zuenean, bereala asiko zan bertsoak pentsatzen eta sumatzen. Kaso edo motibo bakoitzari bi edo iru bertso jarriko zizkion, ta gogoan eduki ere bai illobak apuntatu arte; gero beste bi edo iru. Ta orrela osatzen zituen amabi, amalau edo amasei bertso. Gero, esan bezela enkargatu zituena billa etortzean, danak banaka-banaka letu, ezer baldin bazegoen ondo etzegoenik, zuzendu, eta eramaten zituen. Izaten ziran batzuek inprentatzea ere Txirritaren kontu uzten zutenak, onela berak ezertan ere endreatu gabe. Etziran danak neska-mutillen kontuak izaten, baizik gazte kuadrilla bat asarretu zalako, deskalabroren bat pasa zalako, edo gertaera arrigarri bat pasa zalako ere etortzen ziran; bañan geienak emakumeren bat edo beste izaten zuten tartean. Askok etzuten nai izaten zeñek jarri zituen iñork jakitea. Orregatik bein baño geiagotan gertatu izan zan, batek bertsoak jarri ta zein bertsolarik jarri zituen jakin ez iñork; eta bertsoak jarrierazi zituenari ordañak edo bueltak jartzeko bestea ere Txirritarengana etortzea.
Ta bein batean onoko kaso polit au gertatu zan. Etorri zan mutil gazte bat bere lagun —orduan kontrario— batzueri bertsoak jartzeko. Orduan ere bazuten neskatxa bat edo beste tartean. Bañan etzuen nai iñork jakitea, eta orregatik inprentatu ere Txirritak egin erazi zituan. Esandako garaian etorri zan billa, esanaz beste egun batean etorriko zala danak pagatzera; ta ala eraman zituen, bañan pagatzera etzan azaldu. Bertso aiek kalean zabalduak izan ziran gauaz, ta ori dala-ta sesio eta burruka asko izan ziran.
Esan degun bezela, Txirrita an gelditu zan bertsoak jartzea kobratu ez, bañan illobari idi-begia eman eta inprenta pagatuta; eta etzegoen lasai. Etzekien nungoa zan, eta izena nola zuen bertsoak jarri erazi zizkionak; bañan bai zeñi jarri zizkan, jarri eraztera etorri zanak, naiz bere izenik ez esan, bestearena esan baitzuen. Txirrita asi zan onen billa, eta bereala jakin zuen erri artan bertsoak zeñi jarri zizkioten. Abisatu dio etortzeko, ta baita etorri ere gazte kuadrilla bat; ta nola baitzekiten gutxi gora-bera zer gertatzen zan, berak errezeloa zuten lagun askoren erretratoak ekarri zituzten, ia an ote zan bertsoak jarri erazi zituena. Baita aguro ezagutu ere illobak. Orduan agindu zioten jartzeko berari, eta artan gelditu zan. Andik oso egun gutxira, emen dator lendabizi bertsoak jarri erazi eta pagatu etzituen ura, jakindu baitzuen zer pasatzen zan; eta esan zion:
— Nik nere bertsoak pagatuko dizkizut, eta beste oienak ere bai, ez jartzeagatik. Orrela, lanik egin gabe irabaziko dezu.
— Ez! —esan zion Txirritak—. Nik jarriko nizkiola agindu nion, eta emandako itza bete egingo det, beste askok baño obeto.
Len jarri erazi zizkionak pagatu zituen eta joan zan. Ta orduan Txirritak esan zuen:
— Orrek bai merezi lukela ez jartzeagatik dirua artu eta ala ere jartzea!
Bañan etzion kobratu, eta besteak, esan bezela, jarri egin zizkan.
Etziran danak enkargatuak izaten. Bere buruz ere askotan jartzen zituen; esate baterako, gerrate bati, gertaera aundi bati, deskalabro bati, gizon ospetsu bati, eta abar eta abar. Denbora asko xamar pasatzen bazan iñondik bertsotarako deirik edo jartzeko enkargurik gabe, ala esaten zuen:
— Gure Jainkoak ez ote ditu neska-mutillen batzuek asarretuko, nundik edo andik idi-begi batzuek irabazteko?
[Jose Ramon Erauskin, Txirritaren iloba. Txirrita liburua]
JUAN JOSE MAKAZAGAREN MOLDIZTEGIA
Garai artan bazan Errenteri’n Makazaga izeneko inprenta bat; moldiztegi bat, lengo bertso-paper zaarretan ageri dan bezela esateko. Bertako nagusia, Juan Jose Makazaga Mendiburu zeritzan. Altza’n jaioa zan, 1887an, eta Errenteria’n il zan, 1963an.
Moldiztegi ontan bertso-paper asko eta asko argitaratzen zan: batzuk berri-berriak, jartzaillearen enkarguz; eta beste batzuk lengo zaarrak, Xenpelarrenak eta abar, bertso-saltzailleak ala eskatuta. Azkenerako, Makazaga jauna bera ere guztiz bertso-zaletu zan. Eta arrezkeroztik bera bere kontu bertsoak argitaratzen asi zan; eta bertso-paperak ez-ezik, liburutxo batzuk ere bai. Ona emen Makazaga’k argitaratutako bertso-liburutxoen zerrenda:
— Euskal Erriko Kanta Zarrak, iru liburutxo.
— Xenpelar Bertsolaria, Luis Jauregi apaiz jaunaren itzaurrearekin.
— Bilintxen Bertsoak.
— Txirrita’ren Testamentua, 1930.
Baiña Makazaga jaunaren lanik aundiena, Bertsolariya aldizkaria izan zan. 1931-IX-20’an asi zan, eta 1932-IX-25’ean bukatu. Guzira, 54 zenbaki argitaratu zituan. Astero-astero ateratzen zan. Geienetan, zortzi orri-alde izaten zituan. Orri-alde oiek bertso zaarrez eta berriz betetzen ziran. Bazan antxe aukera: Xenpelar, Bilintx, Otaño, Altzo’ko Imaz, Alkain, Fermin Imaz, Txirrita, Saiburu, Lexo, Zapirain anaiak, Zabaleta anaiak, Urrutia, Erauskin, eta abar eta abar.
Zerbait geiago jakin nairik, Txirritaren illoba Jose Ramon Erauskin’i galde egin genion. Itz-lerro auek idatzi eta bialdu zizkigun:
Egun batean etorri zitzaion Makazaga jauna Txirritari eta esan zion:
— Bertsolariya izena duan orritxo bat atera bear degu astero-astero, eta orretarako zuk bertso batzuek jarri bear dituzu.
— Ez al da jendea aspertuko beti nere bertsoak aditzen? —esan zion Txirritak.
— Ez dira zureak bakarrik izango; beste laguntzalle batzuek ere billatuko ditugu: Saiburu, Telleri-Txiki, Zabaleta, eta beste batzuek ere bai. Nik astean zortzi duro emango dizkizut, eta zuk astero amar edo amabi bertso jarri itzazu. Eta, iñoiz edo bein, len jarritako edo kantatutako batzuek ere jarriko ditugu. Orrela egin zuten tratua, eta zortzi duro oietatik bat bere illobari, orain au eskribitzen ari dan oni berari, ematen zion, bertso aiek apuntatzeagatik.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
BERTSOLARIYA ASTEKARIA
Bertsolariya asteroko onen asmoa da bertsorik ederrenak bildu, eta liburu bikaiñ bat egitea (3.500) zar eta berri urte betean izango ditu gutxienez, lau orrialdi, aurreneko biyak bertso berriyak, eta beste bi bertso zarrak asko aztuta txokoan dauden Xabaletegi, Pernando, Udarregi, Xorrola, Ardotx, Xenpelar, Larraburu, Lertxundi, Pello Errota, Txillas, Lexoti, Bordondo, Bilintx, Anton Ixkiña, Otaño, Mendiage, eta beste geyagorenak.
Txirritak itza eman digu, astero orri bat osoa beteko dubela bere bertso berriyakiñ eta gañera ondoren, Lexoti, Sailburu, Telleri Txiki, Lopetegi, Urreta, Enbeita, Rejino, Gaztelu, Juan Jose Lexo Errazkin, Zabaleta anayak, eta beste gañerako gogoa duten guziyak, zarrak eta gaztiak izango dute lekua nai badute idatzi, eta bigaldu (Imprenta de Macazaga Calle Viteri, 32 Renteria).
Azkenik urteko arpidea edo pagatu bearra (7 pezeta) izango da eta asteroko ontan sartzen diranai emango zaye bakoitzai txukun gordetzeko liburu gañeko azal eder bana.
Asteroko onek (15 xentimo) saritu bearko da eta urtian 5 bider aterako da 8 orrikua bakoitza 25 xentimotan.
Bertsolariya onek agurtzen diyo danori.
(Txirritaren erretratua dakar portadan)
[Bertsolariya, 1. zenbakia, 1931ko Agorrilla’ren 20’an]
Igandero ateratzen zan iru orriko bertso-paper bat, “Bertsolariya” zeritzana, dana bertso zar eta berriakin beteta, bere preziyoa amabost zentimo zuana. Nere kutizi guztia bertso-paper ayek erostea izaten zan, bei-kontu nebillen garayean kantatzeko edo ikasteko.
[Sebastian Salaberria, Neronek tirako nizkin]
KALEAN SALGAI
Hernaniko perian makina bat bertso saltzen zen, Atzietan. Mendaro horretatik bizitzen zen. Begi bat itsua zuen eta beste begi aurrean kristala jarrita aritzen zen kantatzen, boza oso ona zuen. Paperak erosten genituen eta handik ikasi. lerolako itsua ere aritzen zen paper saltzen. Ez dakit Otxotorena ez ote zen bera ere. Hernanikoa zen. Bertso paperak erreala kostatzen ziren.
[Antonio Zubiarrain]
Mutil koxkorra nintzala, nere lana beyak larrean zaitzea izaten zan, eta geyenean poltxikuan izaten nuan bertso-paper zar edo berriren bat, eta antxen jarduten nintzan kantari, udaberrian txoriak baño alayago; eta bertso on xamarrak edo nere gustokoak baldin baziran, azkar ikasten nituan memoriz.
Garai artan ni igandeetan Errenteri-ra joaten nintzan meza entzutera, eta, mezetatik ateratzen giñanerako, eleiz aurrean an egoten zan gizon bat bertso-paperak saltzen.
[Sebastian Salaberria, Neronek tirako nizkin]
Oso txikitan, batzuetan Urnietara joaten ginen eta bestetan Hernanira, amarekin esneak eramanez bere astoarekin. Mezatik ateratzerakoan hantxe egoten zen saltzailea bere paperekin. Ez dakit hamar xentimo edo zer balio zuten. Kantari gehienetan aritzen zen Mendaro, luparekin. Txirritarenak baino gehiago, Xenpelarrenak saltzen zituen. “Xenpelarrek jarria” jartzen zuen eta inprenta Makazaga Errenteriakoa. Sailean sailean hartzen nituen lehen gogoan, orain jada ez.
[Pedro Joxe Mujika “Anatx”]
Gure amonak, aitaren amak, igandetako mezetan saltzen zituzten bertso paper haiek memoriaz ikasita zeuzkan zazpi urte zituenetik. Eta laurogeitaka urterekin oraindik gogoratzen zituen. Eta Markesaren alabaren bertsoak denak zekizkien.
[Maialen Lujanbio]
Gure amonak (Maria Antonia Rekaldek), umetan ardi zaintzen egoten zenean bertso paperak ikasten omen zituen buruz. Kontatzen zigun nola peritik ekartzen zituzten, eta buruan zituen sailak kantatzen zizkigun.
[Itziar Eizagirre]
Lehendabizi, Lexotiren gogoan, bi xentimo kostatzen omen zen bertso papera. Urrena, Txirrita ta hoiek amar xentimora altxa omen zuten. Gero, pezeta batera igo zen prezioa.
Lexotik, berriz, duro batera jaso. Bera izan omen zen, duro batean bertso papera lehendabizi saldu zuena.
Lexotik, berak bertsoak jarri, berak kantatu, ta berak saldu papera. Marka polita izan zen hau.
[Iñaki Arbelaitz Gelbentzu, Miren Mitxelena Belauntzaran,
Joxe Anjel Arbelaitz Irastortza, Mariano Ostolaiz,
Antonio Zavala. Lexoti bertsolaria, Auspoa 157]
APELLIDUA OLAZABAL DET
Bertso auetan ez da egillearen izenik ageri, baiña Txirritarenak dirala, bere illobak esanda jakin degu. Beste zenbait argibide ere eman digu. Neskatxa bat aur egiña omen zan, eta Irun’go mutil baten kulpa egin nai zuten. Bertsoak onela diote:
besteren batek oker egin da
neri nai ziran erantsi.
Orduan mutilla Txirritagana joan zan, eta bertso auek jarri arazi zizkion. Bertsoak inprentatu ziran, eta Txirrita bera izan zan saltzaillea, jai goiz batean paper-mordoa besapean artu eta Irun’go kale kantoi batean kantari asita. Alako batez, erriko erretorea azaldu zan, eta onela galdetu zion:
— Zer ari aiz?
Eta Txirritak:
— Emen bertso saltzen, pagatu egin didate ta...
Eta erretoreak:
— Nik erosiko dizkiat danak!
Ala, danak erosi zituan, baiña Txirritak ostera inprenta arazi zituan, eta urrengo jai goizean an zan berriro, lengo kantoian, bertso saltzen...
1
Apellidua Olazabal det
eta Felix da izena,
irundarra naiz Bidasoa’ko
Elorri’n bizi naizena;
bertso birekin egin nai nuke
esplikaziyo zuzena,
kulparik gabe bada amaika
nigatik gaizki esana.
3
Urriko illaren ogei ta zazpin
uste det izango zala,
gure etxera atso bat juan zan,
etzeukan mea azala
aren marrixka zepuan dagon
basakatuak bezela,
aurren bat nunbait jaio dala ta
aren aita ni naizala.
5
Atso zar orrek eztul aundi bi
egin zituen lenbizi,
gero pauso bat atzera eta
ezpaiñ biurrika asi;
besteren batek oker egin da
neri nai ziran erantsi,
esaten zuen: «Ez al du aur orrek
aitormenikan merezi?».
2
Milla zortzireun larogei eta
amairugarren urtian,
landaretxo batjaio da Irun’go
Bidasoa’ko partian;
ni bizi naizen palaziyotik
ezta leku apartian,
ia itoan ibilli naute
iru atsoren artian.
4
Atso zar orri au esan nion:
“Zer modu, adiskidea?
Kulpa gabia kastigatzeko
al dabilkizu idea?
Nork erakutsi dizu nundik dan
gure etxera bidea?
Alper-alperrik etorri zera,
aur ori ez da nerea”.
6
Modu txarrian itzegitea
kristauarentzat kalte da,
anima asko da argatik juana
etsai gaiztoen tartera;
eta beiñ ara sartzen danikan
geiago ezin atera;
zuretzat ere orixe dator
konparazio batera.
7
Abertzentziyan ipiñi dute
Irungo erretoria,
bitarteko bat bialdurikan
izugarri dotoria,
al baldin bada billa dezala
aien aurraren jabia;
ark ere aisa asolbitu nau
pekaturikan gabia.
8
Aingeru orrek izan bear du
iturri asko nastua,
eta tragorik gozoen ura
nun eran zuen aztua;
nun kargatu dan ez dakiela,
da azkenian ustua,
ni ote naizen pekataria
atso gaiztoen juzkua.
9
Aur gaiso ori or agertu da
urrikaltzeko moduan,
estimazio aundirik gabe
bere amaren onduan;
arentzat ere ez dira izan
gusto guziak munduan,
enpeño batez biartuta ere
ez daki aita nor duan.
10
Alabaren bat egin dezula
aditu degu, maitia,
al dan lenena sendatutzeko
ongi goberna zaitia;
zeñena dezun ez dakizula
lotsa dezu esatia,
beragatikan sortu dezute
ni naizala kulpantia.
11
Tropesi batek arrapatuta
orduko orren pobreza,
baño lagunak izandu zuten
aiudatzeko nobleza:
oiñuts gorrian Lezora juanda
kunplitua da promesa,
fabrikan bertan dirua bildu
an ateratzeko meza.
12
Beiñ tropesiak konkortu zuen,
ezta bereala zuzendu,
“Suerte txarra dauka gaisoak!”
makiña batek esan du;
ai, pekatuan erortzen danak
larrutik pagatutzen du,
obe zenduen zure lorea
ongi guardatu bazendu.
13
Kaballero ta bigote-dunak
gustatzen zaizka aldean,
aiek lajatu duten orduan
asi da nere galdean;
musika-soñu ederra franko
aditua da Katean
plaza betean ibiltzen ziñan
amaikak arte bailean.
14
Zerbait bazala bazerizkion
orrek bere buruari,
pretendiente balienteak
izandu ditu ugari;
eta txaskoak gertatzen zaizka
orrela dabillenari,
ontaz aurrera pakean utzi
kulparik ez duenari.
15
Zeru ta lurren bikarioa,
erregien alkatia,
zuk ere noski jakingo dezu
ez naizala kulpantia;
bestela banaiz ejenplo onez
ero doaiaz betia,
motibo ortaz ez dit itxiko
zeruetako atia.
16
Alde batera kantak jartzia
ezta ederki egiña,
Jesus bezela pazientziaz
konpleto egon bagiña;
bertso oietan ezta gezurrik,
dena izketa berdiña,
lotsa ederra eman dit baño
artu dezala ordaña.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
JOSE MARIA MUJIKA ‘BEGI TXIKIA”
Ernani’ko Begi-Txikiya segalariak bei-parea eta gurdia utzi zizkion basorako beste baserritar bati, onek ala eskatuta. Urrena, berriz, astoa eskatu zion. Auek ondatu zizkionean, idi-parea eskatu zion. Idiak artu eta Frantzi’rako asmotan igesi abiatu zan baserritar ori, baiña garaiz arrapatu zuten. Orduan Txirritagana etorri zan Begi-Txikiya, pasadizo oni buruz bertsoak jartzeko eskatuz. Bai jarri ere. Inprentatu omen ziran, baiña saldu ez. Guk ez degu paperarik iñon billatu. Onako auek, Txirritaren illoba txikia eta Saiburu bertsolariaren semea dan Jose Maria Lujanbio’k emanak ditugu:
1
Bertso berriyak jartzera nua
euskera eder batian,
gizon batekin piatu nitzan
anbat neretzat kaltian;
etsai gaiztuak Kristo bezela
lotu niñuten katian,
ixtillu txarrak ikusi ditut
andik libratu artian.
2
Lanak artuta anparo billa
zan neregana etorriya,
lendabiziko prestatu nizkan
bei-paria ta gurdiya;
aitatik ere eztet kobratu
baliyo zuten erdiya,
asto bat ere il ziran eta
ara naiko pikardiya.
3
Astua il da gurdiya ausi,
egun tristiak orduan;
beiak lanian purrukatuak
urrikaltzeko moduan;
gaiztuak milla karkulaziyo
ibiltzen ditu buruan,
sujeto ori ezagutu det
denbora juan da onduan.
4
Oiek orrela ondatu eta
eskatu dizkit iriyak,
eder askuak prestatu nizkan
bastante tirakariyak,
espalda-ezurrak eta kostillak
etzauzkitenak eriyak;
aiekiñ ere izan ginduzen
zelebrezko komeriyak.
5
Nere iriyak Frantziya’rako
gogo txikiya daukate,
bire erditik bueltatu ditut
nola baitagon aparte;
gobernatuko luke erriya
ori balego alkate,
zernai pikardi berak eginda
beti besterik kulpante.
6
Jose Maria Mujika daukat
apellidu ta izena,
pena gogorrak sufritzen ditut,
ez nago oso gizena;
nere denboran etzat aztuko
lagun zar batek esana:
badago zeñek zurrupatua
deskuiratzen dan gizona.
7
Zerbait eskaka asi dan arte
prestua eta umilla,
bañan beria egiñ ezkero
arrotutzen dan mutilla;
iñor iñondik etortzen bada
orren informian billa,
Santiyo-mendi’n bizi naiz eta
ni gana etorri dedilla.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
FRANTZES EUSKALDUN BAT
1
Frantzes euskaldun bat etorri zait
ipiñitzeko bertsuak,
deklaratuaz aren etxian
gertatu diran kasuak;
danak ez dira errexak baño
esango ditut batzuak,
argitasuna ematen badit
gure Juan amorosuak.
2
Nere barrengo sentimentuak
nai ditut adierazi,
zer estadutan gelditu naizen
iñork nai badu ikasi;
izarra baño ederragoko
andria juan zait igasi,
oraiñ bi urte aldegiñ ziran,
geoztik ez det ikusi.
3
Ogei ta amar urte daukazkit,
oraindik franko gaztia,
eta andriak bi gutxiago,
au bizi-modu tristia!
Ark neri egiñ dizkidan gauzak
esatekuak eztia,
txurrero batek engañatuta
eraman dit emaztia.
4
Biar bezela funzionatzen
ez dago errex fabrikan,
lau urte pasa alkarrekiñ da
ez degu izan aurrikan;
alegiñ egiñ-faltan ez daukat
kontzientziyan zorrikan,
orañ Paris’en txurruak saltzen
an omen dabill korrika.
5
Bi gona motz ta kamisa zar bat
besterik ez det ikusi,
ziran diruak arrapatuta
aldegiñ ziran igesi;
baita toxa bat ederra ere
bere tabako ta guzi,
jayian aita gonbidatzeko
ez ninduen gaizki utzi!
6
Alaxen ere desio dizut:
izan zazu osasuna;
non ote dago garai bateko
gure aiskiretasuna?
Etsai gaxtuak au da burura
zuri bialdu dizuna,
orañ andriak bi toxa eta
bat ere gabe gizona.
7
Txurrerua’re lan senzillua
da asko irabazteko,
orrek biñipiñ ez du egiten
mantendu eta jazteko;
andriarekiñ alkar artuta
ni modu ontan uzteko,
bi kristau gaxto naikuak dira
baztar guztiyak nasteko.
8
Andria iges juan zanian
arren anaiak esana:
«Nere arreba dek, Patxi, baña
etziak trapu zuzena».
Ni naiz orduan ajustadore
Baionan ari nitzana,
zuk orañ dezun txurreru ori
ez bezelako gizona.
9
Ni emaztiak utzi ninduan
estadu triste batian,
beste batekiñ aldegiñ ziran
anbat beretzat kaltian;
txurruak janaz ederki dabill
diruak aitu artian,
zer esan biar ote dit neri
Josafatara juatian?
10
Gauzik onenak eta diruak
arrapatuta juan zian,
nuen trajerik onena ere
ostu ta eraman zian;
gosiak zeon txurreru ori
jarri da taju-antzian,
orañ Paris’en bizi omen da
trapero baten etxian.
11
Ez det milagro edukitzia
malkoz beteta muxuak,
kabi ta guzi iges egiñ dit
tamañ ortako uxuak;
nik berriz iñon ikusten badet
adituko du gaxuak:
Non ote dira garai bateko
gure izketa goxuak?
12
Txurreru ori zer gizona dan
sinistu entzun deguna:
lana egiteko gogua falta
eta mingaña leguna;
bedeinkatua izan dedilla
aldegiñ zuten eguna,
gizarajuak arrapatu du
bere moduko laguna.
[Txirrita, Bertsolariya aldizkaria, 11 zenbakia, 193 ln]
PROPORZIO BAT IZANDU NUEN...
1
Mixiolari baten moduan
juan dan lau illabetian
nabil ejemplo onak ematen
inozentien tartian;
txorakeriyan ibilli giñan
sasoi genduen artian,
allegatu naiz irurogei ta
amabigarren urtian,
zer lastima dan ezkondu gabe
sartu biarra lurpian!
2
Proporziyo bat izandu nuen
erdi zartu ta gero’re,
neskatxa batek: «Txirrita, biyok
esposatuko gerade;
ditudan gauzak eta diruak
zutzat izango dirade,
edo bestela azken fiñian
penetan illko zerade
gurasu zarren mobimentua
nola dan ikasi gabe».
3
Esan bezela neskatxa orrek
eman ziran albistia,
errespuesta aditu arte
larri egon zan tristia:
«Alde batera pena artzen det
zu modu ortan uztia,
baña zartu naiz, ezta posible
lan oriyetan astia;
borondatia istimatzen det,
eskerrik asko, gaztia».
4
Serio xamar letu omen du
bautismoko liburuan
ogei ta zortzi urte dauzkala
San Migelak inguruan.
«Zartu baño len asi zaizkizu
ille txuriyak buruan,
nerekiñ ere etzera asi
oso leku seguruan,
gax’orrek egon biarko dezu
beste askoren moduan».
5
«Bi oi ta bost milla errial dauzkat
amona zarrak utziyak,
milla pezeta arraia saltzen
neronek irabaziyak;
ankak listo ta eztarri ona,
mobimentuak biziyak;
nik dedan ditxa ez dadukate
munduan diran guziyak,
mixeriyarik ez dadukagu
Jaungoikuari graziyak».
6
Mutill zar eta neska zar asko
gelditu giñaden, baña
gure partiak eta geiago
badago zeñek egiña,
sortzen ditugun labore-puskak
aisa kastatzeko diña;
ogei pezeta anea artua,
lau duro t’erdi iriña,
berrogeitaño iritxiko zan
danak ezkondu bagiña.
7
«Ama-alabak bakarrik bizi,
mantenu ona mayian,
esposatzeko egon banitzan
ipiñi nazu gayian;
oinbeste diru sobratuba ta
senarra artu nayian;
eziñ billatu baldin badezu
Donostiya’n ta kayian,
Txomiñenian billera da ta
zuaz urrengo jayian».
8
Aiskide batek esan dit neri
Donostiya’ko partian:
«Iya lazuan sartu ziñuzten,
etzabiltza apartian;
neskatx orri ez kasorik egin,
utzi zaiozu pakian,
goizero an da botillarekiñ
Amueneko atian,
litro erdi bat patar biaute
ama-alaben artian».
9
«Diru ta oiak baziñuela
amona zarrak utziyak;
ni engañatzen ibilli ziñan,
gezurrak dira guziyak;
zuek bi aizpa omen ziñaten
ama gaxuak aziyak,
zurrut geiago egitiatik
arraia saltzen aziyak,
zuk ez baño arrek merezi ditu
eskerrak eta graziyak».
10
Ardua ere kastatzen dute,
ez aguardienta bakarrik,
bazkalduta’re kaferik gabe
ez da artutzen patarrik;
ez Donostiya’n jaiotakorik,
aiñ gutxi goierritarrik,
bere buruba ola ofrezitzen
ez dabill neskatx jatorrik;
baño gaxuak nere kontura
etzuen busti muturrik.
11
Leio-zulotik beiratzen zuen
gu ari giñan lekua,
anima salbo antzarran gisa
luzaturikan lepua;
berak pentsatu zuen bezela
egiñ bazuen jokua,
ni izandu naiz alako batek
merezi bezelakua:
lenago iru baldin badira
ai zer nolako laukua!
12
Eziñ sinistu izandu nuen
neskatxa orren esanik,
ta berak ere etzekiyen ni
zurruterua nitzanik;
alkarrengana bildu bagiña
etzan gurekin gauz onik;
jende geiegik jakiñ ez dezan
ez det esango izenik,
oraindik ere soltera dago,
etzuen artu gizonik.
[Txirrita, Bertsolariya, 1932-01-24]
NESKAZAHAR BAT TENTATZEN
1
Dozenatxo bat bertso
nai nituzke jarri
jayetan kantatzeko
entretenigarri,
nere publikatzia
izango da sarri
alabantzak emanaz
zenbait neska zarri.
2
Neska zar bat tentatzen
asi naiz lenguan
izan ere alako
pollita zeguan;
umill eta seriyo
itz egin genduan
baño gusto guziyak
ez dira munduan.
3
Izketan asi giñan
biyak goxo goxo,
ezkontzeko mandatu
egin diyot atzo:
leyotikan ujuka
ama ta bi atso;
—Ez dek arrapatuko
uste bezin mantso.
4
Ama preparatu zait
asarrez betia,
lenbiziko ujuba:
—¿Zenbat dek dotia?
ainbeste kostatako
alaba maitia
lastima izango dek
iri ematia.
5
—Nere fameliyari
errespetoz eldu,
inozente daudenak
ez ditezen galdu,
diru truka alaba
nai zenduke saldu,
¿lenago gustokorik
ez altzayo azaldu?
6
—Nere jakinduriya
ari da azetzen
errex dala uste du
zenbaitek ezkontzen;
promesa on bat egin da
ezpazera ontzen
lanak izango dira
zurekin konpontzen.
7
—Ez dezu sinistu nai
egiya esandare,
zintzua nai genduke
pobria izandare,
gure baztarrak baño
obiak nun dare
alabari sasoya
pixka bat juandare?
8
—Bere alabarentzat
orrenbeste fama
nik ez det sinistatzen,
aiziak darama,
zure baztarrian nik
egitia lana,
izan liteke baña
ez det uste ama.
9
—Ez aldala uste dek
orren errespuestik?
atarramendu onik
mutill zarrak ez dik,
nere alabak ez dauka
ezkontzeko kezkik
i ez bezelakua
nai ezta dakazkik.
10
—Itz bat esan biar det
nere borondatez,
ez banau iñork lotzen
grilluz edo katez,
ezkontzeko ideak
banituan ustez,
ardua maitatzen det
andriaren partez.
11
—Mutill malizioso
deabruz betia
ez dizut zabalduko
geyago atia,
beñere etzaitut izan
biotzez maitia,
nigatik libre zera
or konpon zaitia.
12
Orra amabi bertso
oraingo berriyak
bere andregayari
Txirritak jarriyak,
eman dizkit desgusto
ikaragarriyak;
negar egin lezake
nigatik arriyak.
[Txirrita]