—gaiak—
ORBEGOZO AURREKO HERNANI
Iturria: http://guregipuzkoa.net
Nik ezagutu dut 5.000-6.000 biztanleko Hernani. Herritarrok denok ezagutzen genuen elkar. Andre kalea eta kale Nagusia ziren. Eta inguruan, Atsegindegiko etxe handi hura. Oraingo Caserio taberna hori, “Orpoxikinenea”, Arrozpidetarrena. Aurrera joanda orain Dori kafetegia den horretan, lehen kale horretan bi etxe zeuden. Gora aldera beste bi edo hiru etxe. Kito, hor ez zegoen ezer gehiago. Estazio aldera papelerak. Inguruan villa bat edo beste (gu Villetako auzoan bizi ginen, Gure Borda villaren aurrean). Latxunben etxe handi bat zen, beste ezer ez. Guria kafetegia dagoen horretan (Urbieta kalean), eskola profesionala zegoen lehenago. Eta eskola profesionala baino lehenago, zinea zegoen. Haren aurrez aurre Pepe Adarragaren tolarea eta azpiko aldean pastelak egiten zituen tokia. Aurreraxeago joanda Setien obispoaren etxea, gero eskola publikoak eta akabo, hor ez zen etxerik ez ezer.
[Inaxio Mari Zubeldia]
Ni mutil koxkorra nintzala, Urumea inguru ortan, ia danak bertsotan aritzen ziran, tabernara joan ezkero. Afizio izugarria zan. Orduan barrio alaia zan gurea. Gabean, goiz aldera arte, sagardotegian kantari.
Garai artan asko tabernan bertsolari; baiña plazetarako bertakorik etzan. Txirrita, Saiburu, Prantzes-Txikia ta oiek etortzen ziran.
[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela]
Ba al dakizue ze arau izaten ziren? Ereñozura joan, eta mahaian jarri eta botilardoa atera. Porroi handia hartu, botilatik hara ardoa bota eta gainetik limonada. Denei bertso bana bota arazten genien, eta bota nahi ez zuenak hura pagatu behar izaten zuen! “Baina nik ez zaukat ideiarik!” “Igual dik, bota ezak gaizki edo ondo!” Eta zenbat eta okerrago bota orduan eta barre gehiago egiten genuen!
[Antonio Zubiarrain]
Azurmendiren tabernan juntatzen ginen eta bertso ederrak kantatzen zituen Eltzekondok. Boza motz motza, lodi lodia zuen baina...
[Antonio Zubiarrain]
SAIOAK
(Ereñozuko festetan) Goizean kantatu eta bazkaria izaten zen Hirubidietan, eta bazkaltzean berriz bertsoak. Txirritak 5 duro ez dakit kobratzen zuen, eta gureak (Paulo Txikiak) eta batere ez!
[Antonio Zubiarrain]
San Juanetatik urrengo ostegunean Ernanin izaten giñan. Urte askotan izan naiz an ere.
Lenbiziko urtean gerra asi baño len izan giñan: Txapel da Zepai; irugarrena ez dakit zein izango zan: Mandiolatza edo Saiburu, bitan bat izango zan; da bestea ni. Lau bertsolari giñala badakit.
Gu orduantxe giñan, ba, bertsolari berriak, eta orduan estimazio izugarria izaten genduan. Aurreko San Sebastian bezperan Donostin izan giñan txapelketan, eta jendeak orduan ezagutuak, ni beintzat; eta andik urrengo San Juanetara bost illabete daude danak ere, eta orduantxe gu Ernanin. Ori lenbiziko urtea zan. Gerra ondorenean ere urtero joaten giñan, Zepairekin eta Basarrirekin, Pablo zapateroa ta Mitxelenarekin, eta gero atzenean Lasarte eta Arozamenarekin eta Azpillagarekin, oiek danakin kantatu izan det nik Ernaniko plazan. Makiña bat modutako bertsoak kantatuko giñuzen, Ernaniko plazak izketan baleki.
Beti plaza batean ez genduan kantatu ere egiten, baña lenbizi, luzaro, ganadu-peria egiten zan leku artan; orain ez dago peria egiteko moduan baña. Gero, berriz, tiloetako plazan urte askoan. An kantatzen genduala, ganaduen premioak ere izaten ziran. Gero, Txantxillako kanpoan ere bai. An egiten genduanean, beste pestaren batzuek zeudelako izango zan. Garziarena ta Ernaniko uztargillea ere antxe ikusi giñuzen aizkoran, bentaja emanda. Ez dakit zenbat bentaja izango zan, baña uztargilleak irabazi zuala bai beintzat.
Sokatirak ere bai, oiartzuarrak an erriko bertakoen kontra. Pultsoan ere bai, zeñek kilo geiago jaso. Orrelaxe, Txantxillako kanpoan ikusi ditugu oiek danak eta geiago. Ni akordatzen ez naizenak, zenbat izango ote dira?
Ernanin, bertsoak entzuteko zaletasun aundia dute bertako jendeak; baña kanpoko jendea asko nastu da orain an ere, eta lengo konturik ez da izango. Garai bateko ango aitonak ikusiko baluteke, orain ibiltzen geran bezela, bertsoak kantatzeko bildurrak, ez dakit zer esango luteken.
Ernanin kantatu ez duan bertsolaririk ez da izango asko. Zinean ere izaten ziran noiznai bertso-saioak, eta zortzi bat bertsolari izaten ziran orduan ere. Batean batzuek eta bestean besteak, beti ganbiatuan izaten ziran. Ernanin badute orretan gustoa, bertsolari danak ikustekoa.
Euskerak naikoa larri ibilli bear du Ernanin ere. Kanpoko jendea geiago jarri da errikoa baño. Oiek ez dute ikasiko euskeraz, eta guk ikasi bearko degu oien izkuntza. Guk ez degu onezkero ikasiko, baña bein erderaz ondo ikasten duanak, euskerari utzi egiten dio; ez litzake ala bear baña. Ala ere, bat ikasitakoan besteari aztutzen uztea ere, zerbait da. Bat ikasi baño lenago besteari utzitakoak ere badira; gure moduan astakeriak esanez-eta derrior erderaz egin bear. Orrela gelditzen dira gero euskaldunen umeak euskeraz ikasi gabe, gurasoak etxean erderaz egiten dutelako, euskeraz askoz obeto egingo lutekela ere.
[Manuel Uztapide, Lengo egunak gogoan]
URUMEA NERE BALLARA
1
Gaur ere poza ematen dida
Urumea’ren izenak,
txoko oi ondo maitatzen degu
bertan jaio giñadenak.
Ni ere ortxe pasea bainaiz
ordurikan goxoenak,
zutik munduan nabilien arte
aztuko etzaizkitenak.
2
Ni mutikoa nintzan garaiko
gauzak daukazkit goguan,
barrio ortan urte batzuek
onak pasatu nituan.
Gaur ez daukagun pake santua
genduelako orduan,
zu bezelako parajerikan
ez da neretzat munduan.
3
Emaztearen naia zalako
orain bizi naiz Lasarte’n,
baiña neretzat obeko nuen
ez banu emendik erten.
Egun batzuek pasa ezkero
biotza asten zait esaten:
Zoaz aruntza, maite dezula
anaiak jakin dezaten.
4
Udaberriko goiz alaietan
eguzkiak berotzean,
kukuen kantak basoan eta
kukuka ibai-ertzean.
Sortu nintzaden txoko ortara
joaten naizen bakoitzean,
bestetan ezin detan gauza bat
sentitzen det biotzean.
5
Urumea da ibaia eta
bi aldetatik mendia,
kristauarentzat zail da aztutzen
bera jaio zan kabia.
Zu izan zera nere zerua,
zuri zor dizut bizia,
ez daukat penik barrio ortan
jaioa eta azia.
6
Dana lantokiz bete zaituzte,
—batzuentzako zer poza!—,
gero pillaka etorri zedin
kanpoko jende arrotza.
Lenago danak euskeraz eta
gaur berriz erdera utsa,
orretxengatik dago mindua
erri zar onen biotza.
7
Mundu ontatik joanak ditut
lagunik maitatuenak,
egunak joan da etorri arren
aztu ezin litezkenak,
aiekin pasa bainituen nik
urterikan ederrenak,
bate neroni oroitu gabe
iges egin didatenak.
8
Oraindik ere gogoan dauzkat
orduko egun goxoak,
Urumea’ko mendietan guk
ematen giñun pausoak:
Epele-errekan ollagorrak il,
Azketa’n berriz usoak,
jaio zirala beste errurik
etzuten txori gaixoak.
9
Orain ainbeste azkartasun da
orain ainbeste talentu,
alare danak asarre gabiltz,
iñor ez gaude kontentu.
Kukuak dira mututu eta
eizak mendian gastatu,
beldur dirade munduak laister
bear duela bukatu.
[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela, Auspoa 190]