—bertsolariak—
JUAN JOXE ANDOLA
Txirritaren laguna zen (berarekin hargintzan aritutakoa), baita Paulo Zubiarrainena ere. Eta ia ia auzoak, ze Paulo Epelen jaio zen eta gure aitonak (Juan Joxe Andola) Belauntzan jaioa izan behar zuen baina umetan Zikuñagara etorri zen.
Gure aitonak ez zekien irakurtzen: goiz batean joan omen zen eskolara. 9etan joan, 12etan bueltatu eta kito, ez zen gehiago joan.
Aitonak egiten zuen bat-batean, baina gutxi. Segur aski gaztetan kantatuko zuen, eta Txirritarekin eta seguru arituko zela, baina nik Paulo Txikiaren traza berbera hartzen nion: kontalari ona. Euskara sueltoan aritzen zen, bertsotan erraz, burua argi argia zuen... Igande eguarteetan Txintxua tabernara joaten zen, han baserritarrak biltzen ziren, eta 11etatik 13:30etara arte hantxe egoten ziren, hamaiketakoa eginez aitonaren kontuak entzuten.
[Juanjo Uria]
ZALETASUNAREN TRANSMISORE
Gu mutil kozkorrak ginela Aterpen ukuilu txiki bat zegoen. Behiak txapelketetara aurkezten zituen, eta beti garbi garbiak egoten ziren. Ukuilu hark ia ia ofizina ematen zuen. Berarengana jaitsi eta aitona bertsotan aritzen zitzaidan: Txirritarenak kantatzen zituen... Niri bertsoa hortik sartu zitzaidan.
[Juanjo Uria]
Oso bertsozalea, bertso asko zekizkiena, eta mundu horretan piper eta gatza ikaragarri zuena zen, nire aitaren osaba zena, Juan Joxe Andola: zenbat pasadizo, zenbat ipuin, zenbat istorio... Auzoak ginen, eta ni mutil koxkorra nintzela askotan igotzen zen gure osaba hori gure etxera. Ni hura etortzeko amorratzen egoten nintzen, haren txispa eta bizitasuna disfrutatzeko. Bertso zahar asko kantatzen zituen eta Txirritaren gertaerak kontatu.
[Joxe Mari Arrieta]
TXIRRITAREN LIBURUARI ZUZENKETAK
Antonio Zavalak Txirritaren lehen bertso liburua atera zuenean ni berehala joan nintzen erostera, eta aitonak hango bertso horiek denak bazekizkien. Ni hasten nintzaion liburutik kantari, doinuak berak erakusten zizkidan, eta bukatu eta esaten zidan “ez, hori ez dago ondo”. Nola egongo dira gaizki, hau gizon jakintsu batek idatzi du eta! “hori gaizki eskribitua dago, bertso hori ez da horrela”, eta berak bere aldaerak edo zuzenketak egiten zizkidan.
[Juanjo Uria]
TOLOSATIK HERNANI
Behin, igande arratsaldean, etxetik ateratzen ari gara eta aitonak galdetu “zer, nora zoazte?” Futbola ikustera gindoazen eta “aitona, Tolosara goaz, Hernani ikustera” eta aitonak “Tolosara Hernani ikustera? Orkolaga gain horretatik hobeto ikusiko duzue Hernani!”.
[Juanjo Uria]
TXIRRITAREKIN LANEAN
Txirrita ori parrandan askotan. San Martzial batzuetan parranda ikaragarria eginda, urrengo goizean berandu lanera; ordu bete geroago. Joan omen da lanera eta an omen zegoan; trapu zar bat odolez betea Irun’go mataderan artua, eta an omen zegoan kontuak esaten eta lanean asi eziñik.
Andola’k esan omen zion:
— Baiña, Txirrita, asi adi lanean! Nagusia emen da eta asi adi lanean!
— Esaiok miñ artu detela!
— Nola?
— Trapuarekin beatza lotuko det nik, eta ik esaiok miñ artu detela!
Eta odolez beteta zegoan trapuarekin an ari omen zan beatza lotzen eta lotzen; nagusia etorri omen zitzaion eta:
— Zer pasatzen da, Txirrita? Kolperen bat artu?
Eta:
— Bai, aundi xamarra gañera!
— Zer? Arriren batekin?
— Ez, birekin; erdian arrapatu didate-eta!
[Paulo Zubiarrain, Txirrita liburua]
“XOXUA”
Juan Joxe Andolari Xoxua esaten zioten. Serio samarra zen. Besoak atzean jarrita ibiltzen zen, oraindik begien bistan daukat. Morrale-tarrak ere baziren herrian (morralea zakutoa da), eta horietako batek burlaz Xoxuari “danba!” eskopeta imintzioak eginez. Eta besteak berriz “bota baldin baduk sar ezak morralean!”.
[Inaxio Mari Zubeldia]