—bertsolariak—
SAIBURUTARRAK
JUAN JOXE LUJANBIO “SAIBURU”
1874an jaioa Hernaniko Sahatsain baserrian
1954an hila Errenterian
Juanjo Uria:
“Saibururen aita eta Txirritaren aita anaiak
ziren, Lujanbio. Aitak Abilakoak ziren”.
Saiburu baserria Zamalbiden dago. Taberna zuten, oraingo Mugaritz den hori. Errenterian zen tabernarik zaharrena hura omen zen.
[Antonio Zubiarrain]
BATAIOA
Saiburu jaio zenean, orduan izaten omen zen hiru egunen barruan bataiatu beharra. Ama mando gainean jarri, umea besoan hartu, eta aita aurretik oinez mandoa eutsita. Traka-traka-traka, Sahatsaindik Usategietara atera, eta hor baserritarren batek esan omen dio “hi, Lujanbio, nora hoa!”, “umea bataiatzera niek, hiru egun baditu eta...” “Ez hadi Hernanira joan, sutan zegok eta!” Pin-pon-pin, kristoren tiro soinuak “sua eman ziotek, zera zebiltzak, karlistak eta liberalak!”. Jira, hartu mandoa eta Aranora. Eta Aranon bataiatu!
[Antonio Zubiarrain]
TXAPELKETAN
1936ko Txapelketan finalean kantatu zuen.
TXIRRITAREKIN KANTUAN
Txirritarekin Ereñozura kantatzera asko joaten zena bat zen Saiburu.
[Antonio Zubiarrain]
Gure osabak esaten zuen Saiburu ez zela bertsolari izugarria. Hark lehengusu izan behar zuen Txirrita, eta horrela asko defendatu zela, haren anparoan joaten zela plazetara. Orduan dirua ere ateratzen zuten. Gogoratzen naiz ni mutil-koxkorra izebarenera etorri eta leihoaren atzean nengoela, eta Saiburu leihora atera eta nola kantari ari zen.
[Florian Oiarbide]
Basarrirekin.
Iturria: http://www.guregipuzkoa.net
Iturria: http://www.guregipuzkoa.net
Bein batez, Txirrita Saiburu baserrira etorrita, bi lengusuak kantuari ekin zioten, ta amalau egunean ia ixildu gabe jardun omen ziran. Amabosgarrenean, Txirrita, oso zaartu ta baldartuta baitzegoan, gurdi gañean jarri ta Gazteluene’ra, bera bizi zan baserrira, arrebaren etxera alegia, eraman zuten.
[Antonio Zavala, Iru anai bertsolari, Auspoa 73]
ELIOREKIN
Bi puntu ditut gogoan Saiburu eta Eliorenak.
Saiburuk:
Ameriketan badet anai bat
diruaz bete-betia
pentsatutzen det airoplanu bat
hartuta hara juatia.
Eliok:
Juan Joxe ez dezu gauz onik eingo
lantegi hortan hasita
putzura ia erortzen zeran
katxarru hori hautsita.
[Pedro Joxe Mujika “Anatx”]
TXIRRITA BERANDU
Txirrita berandutu da eta Saiburu eta Telleri Txiki zain. Etorri da noizbait ere.
Saiburuk:
Hamar t’erdiak dirade nahiko berandu
meza nagusia ere
aspaldin eman du
nik ez det ikusi baino
jendiak hala esan du
Txirrita ez omen dala
mezetan izandu.
Txirritak:
Gizon honen jokera
beti akziuan
hola saiatzen bada
bere negoziuan
zu leheno kapitan zinan
kongregaziuan
orain zertan sartzen zera
gure soziuan.
[Antonio Zubiarrain]
ZEPAIREKIN GOSEAZ
Ereñozun bertsotan aritu ziren. 1943 urte ingurua zen, eta kristoren gosea zegoen. Ez ogirik, ez oliorik... Atera zuten bertsotan gose kontua eta:
Saiburuk:
Nagon tokitik esango’izutet
jaunak oraintxe egia
Zepai jauna’re ez dago oso
lodia eta nagia.
Gure jainkuak itsas gainian
egiten badu zubia
San Antoniok Argentinatik
ekarriko dik ogia.
Zepaik:
Gose galantak pasatzen ditu(gu)
gorputzarentzat kaltian
pazientzia hartu dezagun
ta lasai egon gaitian.
Baldin gosiak ez bagera
hiltzen bien bitartian
ogirik jateik ez zegok hemen
Franco bizi dan artian.
Haiek parrak! Kartzelara eramateko ere!
[Antonio Zubiarrain]
Zepai eta Txapel.
Iturria: http://www.eke.org
MUTILZAHARREI
Bein batez, Oiartzun’en, bertsotan ari ziran bertako Zurko baserriko Kaskazuri, Prantsez Txikiya —onek Pedro zuan izena—, Txirrita ta Saiburu. Au izan ezik, beste irurak mutilzarrak ziran. Alako batean onako bertso au kantatu zien Saiburuk besteai:
Ezkongai daude Kaskazuri ta
Pedro ta Txirrita zarra,
beti juzkatu izandu dana
oso iruko azkarra;
nik banakike neska aundi bat
itxusiya ta baldarra,
ontaz aurrera irurentzako
basta da ura bakarra.
[Antonio Zavala, Iru anai bertsolari, Auspoa 73]