—bertsolariak—
JOXE MANUEL LUJANBIO RETEGI
“TXIRRITA”
1860an jaioa, Ereñozuko Latxe baserrian
1936an hila Altzako Gazteluene baserrian
Iturria: Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak.
Gurasoak, Bautista, ernaniarra, eta Juana Josefa, oiartzuarra, izan zituan. Aitaren aldeko aiton-amonak, Pedro Lujanbio eta Paskuala Ganborena, biak ernaniarrak; amaren aldekoak, Inazio Retegi, oiartzuarra, eta Frantziska Iraola, errenteriarra.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
ETXEZ ETXE
Latze’n bizi izan zan Txirrita, amairu bat urte bete arte. (...) Fabrika batek artu zituan, ordea, Latze’ko soro eta lurrak. Au dala-ta, bertako familiak alde egin bear izan zuan andik, eta Errenteri’ko Txirrita baserrira aldatu zan. Dalako fabrika ori, izen onekin ezagutu da ia oraintsu arte: Hijos de Jaime Puig - Destilería de Leñas y Fábrica de Productos Químicos. Baiña gaur itxita dago.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
NIRI BERTSOTAN ERAKUTSI
Ernani’ko 1860 urteko Padrón Municipal’ean esaten danez, Txirrita jaio zaneko urtekoan beraz, Ereñozu’ko Txabolategi baserrian, Txabolategi bertsolariaren jaiotetxean, Domingo Erroizenea izeneko etxekojauna bizi zan. Ereñozu’ko Jose Oiarbide’k, Domingo orren aditzera bazuan, leengo zaarrei entzunda. Bertsotan zer edo zer aritzen zana omen zan, eta Txirritak, artean zortzi edo bederatzi urteko mutikoak, onela esaten omen zion:
— Neri bertsotan erakutsi bear didazu, Domingo.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
Txirritak ba al dakik zergatik eraman zuen hura (Paulo Ttikia) Ereñozura, lehen plaza egitera? Txirritak esaten zuen: “Joxe Miel Otxotorena, (Pauloren aitona) zen nire profesorea, eta nik profesore egingo dut orain Paulorena!”.
[Antonio Zubiarrain]
Txirrita baserria San Markos mendiaren azpiko aldean dago,
Errenteri’tik Astigarraga’ra dijoan kamiotik eskubira,
kaletik kilometro ta erdira.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua].
Iturria: http://www.blogari.net
Txirrita artaburuak aletzen Gazteluene baserrian,
1930 aldean (bertan bizi izan zen azken urteetan, arrebarenean).
Ezkerretik eskuinera: Marcial eta Bernardo Erauskin Arrieta,
Txirrita eta Fermina Erauskin Lujanbio.
Iturria: http://www.flickr.com
BERTSOTAN PLAZAZ PLAZA
Txirritak urtean 11 plaza egiten omen zituen, zeukan famarekin!
Joaten zen lekuan, lehenbiziko tragoa egiteko dirua bazuen, hortik aurrera seguru; bertsotan hasi eta erronda denak ordainduak zituen.
[Florian Oiarbide]
“Izugarri bertsolari ona zan. Bi aldeta zekien hark, mozketan eta laguntzen. Itzein ere bertsotan eiten zun eta haren inguruan jendea beti parrez eta algara batean egon oi zan. Boza ere halakoa, nik ezagutu dedan onena”.
[Paulo Ttikia, Bertsolari, 1991ko iraila]
Boza ikaragarria zuen. Lodia. Petxua ere handia zuen, eta a zer indarra ematen zion. Txirrita karroan eramaten zuten Goizueta aldera. Doinua bakarra ibiltzen zuten. Serio aritzen bazekiten, baina gehienean zirika aritzen ziren. Edan? Txirritak ez zuen asko edan beharrik zirikan hasteko. Umila zen bertsolaria oso. Baina burla pixka bat egiten bazioten...
[Antonio Zubiarrain]
BIZIMODUA
Nekazaritza utzi eta argintzan asi zan. Seguru asko, etxetik urruti gabe ikasiko zuan langintza ortan, San Markos’ko fuertea egiten ari zirala-edo. Lana sortzen zitzaion tokietan jarduten zan. Geienetan, Errenteri’n, Ernani’n, Irun’en eta alakoetan. Baiña urruti samarrera ere joan izan zan: Zaragoza’ra, Prantzi’ra... Donosti’tik Bilbo’ra dijoan burnibideko paretak jasotzen ere ibili zan. Eta lantegia zuan errian etxeren batean ostatuz jarri eta orrela bizi izaten zan.
Egun batean galdetu zioten:
— Txirrita, nun ago ostatuz?
Eta Txirritak:
— Ementxe, irabazi-ala gastatuz.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
Jakiña, Txirritak ere, langille beroa izateko, nagusi askotxo ezagutu zituan, nola euskaldun ala erdeldun. Danak berdintsu errespetatzen zituan, parranda egin bear zuanean. Poltxikoan dirurik etzuanean, gizon bezela portatzea gustatzen zitzaion lantegian. Baña dirua zuanean, sagardotegiko etxekoandrearentzat ere kupitu egiten zan, ark ere norbaiten diru laguntza bearko zuala pentsaturik eguneroko ogia etxeratzeko, eta geienean bertara jotzen zuan. Nagusi erdeldunarekin lanean ari zala, gertatu omen zitzaion ondoren idatziko dedan au.
Orduan ere parrandak egiten omen zituan, baña astearen aurreneko egunetan lanera zintzo joaten omen zan. Ostegunean jai erdia egokitu nunbait; eta, norabait bertsoak kantatzera joan da irabazitako txanponakin, ostiral egun guztian parranda egin omen zuan, eta berriro ere larunbatean zintzo lanera, ez noski lanerako gogo geiegirekin, baña lanean pasatako egunak kobratuko baziran joan egin bear.
Nagusiak, illunabarrean, kontuak egiterakoan, onela esan omen zion:
— Txirrita, usted ayer medio día ¿no?
Eta Txirritak:
— ¡Qué medio día! ¡Todo el día, sidrería, Rentería!».
[Sebastian Salaberria, Txirrita liburua]
Pareta egiten ari zen, eta harekin laguntzaile mutil koskorra. Patrikan eskua sartu eta txanpona aurkitu eta mutilari esan omen zion: “hi, ni hor goitik erortzen banauk hau besteren batek gastatuko dik, eta joan hadi, horrako baserrian sagardoa bazegok, eta hartzak ontzi hori eta ekartzak sagardoa”. Hara joan da, eta ekarri sagardoa eta trago batzuk egin dituzte, eta “beno, orain ni horra gora joan eta behera jaisterako, hau (sagardoa) belztua zegok. Eta hau bukatuta igo behar diat”. Izorra ezak hura! Hark bertsotan egiteko kristoren kaja zuen.
[Florian Oiarbide]
Egun batean, ala omen zion:
— Duro bat duan gizonak lanera joan bear al du? Nik duro bat badet eta batere ez nijoa lanera.
Urrena lanera bildu zanean, lagunak ala esan zioten:
— Oraingo ontan botako au nagusiak lanetik, Joxe Manuel.
— Ez natxiok botako.
— Bai. Botako au. Irekin asper-asper eginda ziok.
— Ez. Ez natxiok botako, maite natxiok eta.
Baietz eta ezetz, ezetz eta baietz, apostua egin dute pitxar bat ardo.
Nagusiarengana urreratu eta bat-batean, aurrea artuz alegia, ala esan zion Txirritak:
— Txintxurreraiño nazka eginda niok emengo lantegiaz eta ekatzak kontua. Ez diat geiago irekin lan egiterik pentsatzen. Apostua irabazita zeukan: bera atera zan lanetik; etzuan nagusiak bota.
[Sailburu, Txirrita liburua]
Joxe Oiarbide “Ttanttua”, Txirritarekin ere aritu omen zen. Txirritaren heriotzaren 50. urteurrenean liburua atera genuen, eta jende guztiari entzuten nion Txirrita alferra zela, eta alferra zela... pentsatzen nuen “baten bati atera behar diot langilea zela...” eta Joxerengana elkarrizketa egitera joan nintzenean galdetu nion “aizu, Joxe, Txirrita horrelako alferra al zen?” “Txirrita alferra? Mundiala!”
[Juanjo Uria]
LIBURUA IDATZITAKOA
1930’garren urtean, liburutxo bat atera zuan: Txirrita’ren Testamentua. — 117 bertso bere denboran jarri dituan obenak- 1930, Imp. Macazaga, Rentería.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
Komentarioa egin zidan Olanotar batek: harremana zeukan Koldo Izagirre idazlearekin, eta hark errieta egin omen zion “gezurra zirudik, Txirritaren 50. urteurrena bazetorrek, eta inork ez dik idatzi letra bat ere!”. Ni ordurako ari nintzen ordea, eta handik hilabetera edo aterako zen liburua. Barre pixka bat egingo zuen Koldok hori ikusita.
Idaztea nire gauza izan zen. Informazio pixka bat bildu, eta nire iturri nagusia Antonio Zavala izan zen, gehigarri batzuekin. Bukaeran herritarren bertso jarriekin osatu genuen liburua.
Txirritaren liburuxka publikatu eta Diario Vascon karta bat etorri zen niri zorionak emanez, zein ausarta izan nintzen liburuaz gain konkretuki Txirritaren bertso gordin xamar batzuk publikatzeko, lehen argitaratu gabeak zirenak: “lehendabiziko tirua xuxen sartuko nizun beltzian” diotenak.
[Juanjo Uria]
TXAPELDUN
1935ean, Lehenbiziko Euskal Herriko Txapelketan, bigarren egin zuen. Basarrik jantzi zuen txapela.
1936ko Txapelketa, berriz, Txirritak irabazi zuen.
HERIOTZA
1936 urteko maiatzaren azkenean, Goizueta’n zerbait festa bazala-ta, Txirrita deitu zuten, bere lengusu Saibururekin bertsotara joateko. Goizeko bederatzietan automobil bat etxeraiño billa etorriko zitzaiola. Txirrita garaiz prestatu eta zai jarri zan etxeko atarian. Goizueta’ra aillegatu eta amaiketakoan gazta miña jan bear zuala esaten zuan.
Atarian egon da egon, denbora aurrera eta automobillik etzan agertzen. Koñaduaren anaia, Saturnino Erauskin, bertsolaria bera ere, atarian zebillen eta onela esan zion:
— Bazaude, baiña etzaizu gaur automobillik etorriko.
Txirritak bertso batez erantzun zion. Zoritxarrez, illobak ez dira bukaeraz baizik oroitzen:
Zu aixa ari zerade emen
ijua eta marrua,
baña ez apuratu, Saturnino,
etorriko da karrua.
Goizueta’n, tabernan-edo, besterik kantatu ez bazuan, au izan zan Txirritaren azken bertsoa. Noizbait bear eta azaldu zan automobilla. Automobillean sartu eta Goizueta aldera abiatu ziran. Goizueta’ra allegatu eta amaiketakoan, Loiarte’renean ain zuzen ere, gazta miña eskatu zuan. Bai gustora jan ere. Jan da gero, maitik altxatzean, onela esan zuan:
— Nere eun da berrogei ta amar kiloak bapo jarri dituk orratik oraintxe.
Bearbada, oiek izan ziran bere azken itzak. Ori esan eta kanpora abiatu ziran danak, bertso-saioa asteko. Loiarte etxetik irten eta plazara zijoazela, Txirrita bide bazterrean zegoan arrizko aulki batean exeri zan. Orduan konturatu ziran lagunak zerbait bazuala. Atakearen asiera zan.
Goizueta’tik telefonoz abixua bota zuten Altza’ko Martillun deritzaion tabernara. Emengoak, berriz, mutil bat bialdu zuten Gazteluene’ra. Andik ordu betera edo, goizean osabaren billa etorritako automobil ura bera etorri zan. An zetorren Txirrita gizarajoa; baita mediku bat ere ari lagunduz. Artu eta aidean eraman zuten oiera. Automobillak segituan alde egin zuan andik. Telleri-txiki bertsolaria Txirritaren ordez artu eta Goizueta’ra berriz ere, emengo bertso festa galdu etzedin.
Medikuak, Txirritak «hemorragia cerebral» zuala esan zien, eta iru bat egunean biziko zala. Eta ala gertatu zan.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
PRENTSAN ALBISTE
Prentsak eman zuen Txirritaren gaitzaren eta eriotzaren berri. Garagarrillaren 4ean, onela zion El Díak (laburtuta):
Es de suponer el general sentimiento que en Euzkadi entera causará hoy tan triste nueva de la muerte del “txapeldun” del I Día del Bertsolari, que expiró a los 76 años de edad.
¡Descanse en paz el inolvidable bardo euskérico cuya memoria perennemente guardará el pueblo vasco!».
Ondorengo egunetan, Aitzol, Basarri eta abarrek idatzi zuten Txirritaren heriotzaz.
Iturria: El Pueblo Vasco.
Argia astekariak, berriz, honela zion garagarrillaren 4an “Txirrita il da” artikuluan (laburtuta):
Txirrita ezagutzen ez duen euskaldunik ez al da izango. Ain zan ezaguna. Euskalerria batetik bestera bein baño geiagotan igaro izan du, an da emen bere bertsoak entzun nai izaten ziralako. Bertsolari batzaldian lenengo saria beretzat izan zan. Txirrita bezelako bertsolariak gustatzen zaizkate gure baserritarrei: zirikalariak. Eta zirikalarietan bazan ba bat gure Txirrita ospatsua. Irakurle, Aita gure bat Txirrita’ren gogo aldez.
Ernani’ko bertsolari iaioa
Aren ziriak eta batez ere esanaren mamiak etzuten alderatzekorik. Txirrita’k, erriaren filosofi izpiritu zoliaz girotutako jakintza iraultzen zekien bere bertsotan eta bidebatez mintzagairik benetakoena (iñori gogoratuko etzitzaion eran) satira bidetik eramaten zekien, jendeari luze-luze par egin erazirik eta abotan artutako gaiari errespeturik kendu gabe.
(...)
Olakua zan gure Txirrita. Ez gerra edo beste zerbait kondenatzeko, ez iñor goraipatzeko, etzuen sermoi aspergarri eta seriotara jo bearrik. Gauza bakoitzaren muiña iñork ez bezela somatzen zekien eta aietatik ateratzen zuen iritzi sarkorra naiago zuen benetan baiño txantxetan aditzera eman, bere izakera alakoxea baitzan.
Baiñan, Txirrita’ren txantxak egiarik mardulenak gordetzen dituzte bere baitan. Onetxegatik Txirrita’ren bertsoak ez dira ilko euskaldunak bere senari eusten dion artean.
[Yon Etxaideko, Zeruko Argia, 1963-epaillak 24an]
BAKEAN HILA
Gogoratzen naiz nola etorri ziren Oindin behera karlistak. Txirrita fueroen bertsoak jarri berri xamarra zen, Canovasengatik ere jarri zituen, eta bertsotan esaten du: “kastigatzeko beldur ez banintz esango nuke izena”. Karlistek Hernanin sartu zirenean galdetu omen zuten: “Txirrita non bizi da?”. “Txirrita Errenterian bizi zen, baina hil zen”. “Hil al zen?! Bestela gaur bertan hilko zen!”.
Altzan hil zen Txirrita, arrebaren etxean.
[Antonio Zubiarrain]
El Día egunkariak
Txirritaren heriotzaren berri eman zuen.