Orduko Hernani
1876an foruak abolitu zituztenean ondorio nagusietako bat izan zen euskaldunak soldadutza egitera derrigortu zituztela. Kubara 1895ean gerra hasi zenean edo hurrengo mendean, Marokora, gazte ugari kintatan joan behar izan ziren, tartean hernaniarrak. Beste askok ordea hura saihestu zuten Ameriketara ihesean edo profugo joanez; halaxe despeditu zuen Pello Errotak bere semeetako bat Epeleko langan, begiak malkotan.
Foruen galerak euskaltzaletasuna piztu zuen eta abertzaletasunaren hazia jarri. Antoine d’Abaddiek Urruñan hasitako Euskal Jaien bidea indarberrituta iritsi zen XX. mendera. Testuinguru horretan, 1909an Hernaniri egokitu zitzaion Euskal Jaiak antolatzea. Egitarau oparoa izan zuten: ganadu feria, dantzariak eta su artifizialak... Bertsoak entzuteko parada ere izan zen Txirritaren eta Pello Errotaren eskutik; sagardotegi itxurako karroza batean paratu zituzten kantuan.
Sagardotegiaren konpartsak arrakasta itzela izan zuen egun haietan. Egiaz, XX. mende hasieran inguruotako herri guztietan sagastiak ziren nagusi. Hernanin sagardoaren kulturak eta ohiturak tinko biziraun dio denboraren joanari —1931n Gipuzkoako bosgarren udalerri ekoizle handiena zen—. Aitzitik, egoera oso diferentea zen. Mende hasieran kaleko tabernetan ere sagardoa ia besterik ez zegoen; bandoa jotzen omen zen probatzeko sasoian. Urteen poderioz baina, sagardoaren inguruan biltzeko ohitura dolare-sagardotegietara mugatzen joan zen.
Ardoaren gisan, “aurrerabide” gehiagok hernaniarren bizimodua aldatu zuten. Donostiatik Hernanirako tranbia 1903an inauguratu zuten eta oso ezagun egin zen tximist gurdi ezizenez. 1916an berriz, Leokako labadero zaharra berritu zuten eta egun duen itxura eman zioten. Leokak beti izan du ur gardena eta osasuntsua emateko fama; 1885ean kolerak herria jo zuenean, garbileku hura lehenetsi zuen Ruperto Erize alkateak: “Arkitzen det neurririk onena bezela, bezino guztiyari konsejuba ematia ez dezatela naiz erateko eta naiz beren etxeko biarretarako usatu erri barrunbeko iru iturriyetako urik, baizikan usa dezatela guztiyak Leokako iturriko ura”.
Txertoaren zabalkunde masiboak zenbait gaitz desagertzea ekarri zuen; agian horregatik sortu zen halako iskanbila 1918an baztangadun gaixo batzuk herriko Benefizentzia etxera ekarri nahi izan zituztenean. Iraganeko gaixotasunen itzulerak ikaratuta edo, herritarrek aurre egin zioten erabaki horri, emakumeek batipat: “Zaarrak eta gaztiak / neskatx ta andriak / andre txit aberatzak / baita ere pobriak”. dio Joxepa Zubeldia “Barbaxenekoak” jarritako bertsoetako batek.
Aldaketarik nabarmenena ideietan sumatu zen. Inguruko herrialdeetatik jende mordoa etorri zen Hernanira bertoko fabriketan lan egitera, eta ideia ezkertiarrak aisa zabaldu ziren, baita bertakoen artean ere. Maiatzaren 1eko ospakizunak egundokoak izan ziren 1936ko gerra arte. Bestetik, abertzaletasunak ere indar handia hartu zuen urte gutxitan. Bi ideia horiek defendatzen zituztenen arteko talka gertatu zen gerra aurrean, batez ere Bigarren Errepublikaren garaian. 1934ko urrian, adibidez, UGTko militante ugari tiroka irten ziren kalera eta haietako 39 auzipetu zituzten iraultzak porrot egin zuenean. 1936ko San Jose egunez Joxe Aranburu jeltzalea tirokatu eta hil zuten Plaza Berrian.
Bigarren Errepublikak herritar askori ekarritako abantailei eta zerbitzuei —hezkuntzan, osasungintzan...— muzin egin eta espainiar eskuindar eta karlistek kolpea jo zuten. 1936ko uztailaren 18an hasi zen gerra zibila. Lehen egunetako beldurraren ostean —Loiolako koarteleko borrokaldiak tarteko— nolabaiteko normaltasuna itzuli zen herrira. EAJren ingurukoek eskuindarrak babesten jardun zuten batez ere, sozialista eta komunistek aldiz, lubakiak egin eta gerra fronterako prestatzen. Lehen bonbardaketak abuztuaren amaieran hasi ziren; herritarrak sinesgaitz ziren abioiek kalte handirik egin zezaketenik, ikusi zuten arte haietatik jaurtitako bonbak etxeak goitik behera txikitzeko kapaz zirela. Hainbat lagun hil ziren gisa horretara.
Enegarren aldiz Santa Barbarako fuertea Hernaniren babesle handiena suertatu zen, baina gerra karlistetan ez bezala, oraingoan ezin izan zuten bertatik herria defendatu eta irailaren 13an faxistak eta erreketeak sartu ziren Viva Cristo Rey! oihukatuz. Orduan, urte asko iraun zuen gau iluna hasi zen. Joseba Tapiak musikatutako Joxe Zapirain errenteriarraren bertsoek ederki asko deskribatzen dituzte etxe askoren tristurak eta negarrak:
Adierazi bear dizutet
esango dizutet ziñez,
Tristura ontatik iñola ere
apartatu al bagintez;
atenziyua izan biagu
errezo asko egiñez;
bi seme illak, beste bi preso,
beste bi non dan jakiñ ez,
nere biotza tristuran dago
ezin sendaturik miñez.
Milagru ezta pena aundiya
izatia biyotzian,
negar-malkuak saltatzen zaizkit
iñoiz gogoratutzian;
ezeren mantxik eta batere
kulpa gabiak il zian,
beste bi preso Ondarretatik
San Kristobala joan zian,
zer kontatua izango dute
elkarrengana biltzian.
Urko Apaolaza Avila