—gaiak—
GERRAKO BERTSOAK
SAN INAZIO LOIOLA’KOAREN ALABANTZAK. TXABOLATEGI
Bertso auek, Aita Jose Inazio Arana’ren bildumatik ditugu. Moldiztegi-izenik gabeko bertso-paper bat da. Beste bertso-paper bat, Azpeiti-an: Pablo Martinez-en Moldizteguian argitaratua, iru tokitan arkitu degu: Getari’n, Balentziaga apaiz jaunaren eskutik; Oxford’ko Bodleyan Library’n; eta Chicago’ko New Library’tik, Bonaparteren paperetatik. Chicago’ko paperak oar auek ditu eskuz erantsita: «S. Inazio-ren zillarrezko talluaren condaira». Eta: «1828-aldean baserritar batec egin, eta berriro molderatutaco itz neurtu amarrecoac».
Bertsoak noiz jarri ziran edo aurreneko aldiz noiz argitaratu ziran adierazteko, paper batean 1816 urtea ageri da, eta beste batean 1828.
Nor izan ote zan bertso auen egillea? Aita Arana’ren bilduman azaldu dan moldiztegi-izenik gabeko paper ortan, izenburuaren gaiñean, eskuz idatzita, iru itz auek irakurtzen dira: »Del famoso Chavalategui».
Bertsoak ulertzeko azalpen historikoak
Konbentzioko gerra 1793’an asten da. Urrengo urtean, frantzesak Loiola’z jabetzen dira, eta jesuiten etxean soldadu-talde bat uzten dute. Gipuzkoa’ko Diputazioak agindu bat ematen dio orduan ixilka Elgoibar’ko Pedro Larrunbide’ri: Loiolam indarrez edo al duan moduan sartu eta ango gauzarik baliotsuenak ateratzeko. Larrunbide, soldadu eta boluntario berreun gizon artuta, Loiolam sartzen da eta amabi kaja betetzen ditu. Oietako batean, San Inazioren irudia, desarmatuta. Elgoibar’era eramaten ditu kaja oiek, eta andik Madrid’era. Frantzesak, mengantzaz, Larrunbideren etxea sakeatzen dute.
Frantzia eta Españia’k 1795’ean egiten dute pakea. Andik bi urtera, 1797’an, jesuitarik ez baitago eta berak gerra ortan beren Urdazubi’ko etxea galdu baitute, Loiola’n bizitzeko baimena lortzen dute premonstratenses izeneko prailleak. San Inazioren irudia ere badator Madrid’tik, eta Loiola’ko aldare nagusian jartzen da. Urdazubbko beren etxe ori berritutakoan, 1806’an, ara dijoaz erlijioso oiek; eta Loiola’ko zaintzalle Migel Pizarro gelditzen da, Extremadura’koa bera, bere bi seme Pedro eta Joserekin.
Loiola ondoan, eguzki aldera, bada beste etxe aundi bat, sei arkupe dituana. Gaur egunean gogo-jardunak egiteko erabiltzen bada ere, garai batean ostatua zan. Ostalaria, berriz, Fernando Erauskin zeritzan. Bertsoak bentero deitzen diote. Anai bat ere bazuan, Juan Bautista izenekoa. «Bernardo txikia eta hermano Bautista» esaten die laugarren bertsoak, leenengoaren izena aldatuz. Bi anai oiek eta beste bi lagun izan omen ziran irudia salbatu zutenak, laugarren bertso orrek dionez. Baiña beste iru esan bearko luke, Pizarro aita eta bere bi seme izan baitziran. Irugarren bertsoak onela dio:
Orain bidaltzen dute
kausa apuntean,
ori guardatzeko
leiaiak nor ziran
Ain zuzen, Loiola’ko artxiboan bai omen da berrogei ta amabi orrialdeko memoria bat, Migel Pizarro’ren seme gazteenak, Josek, idatzia, gertaera auek danak kontatuz. Ori izango da dalako apunte ori.
Frantzesteko gerra asi zanean, 1808’an, Pizarro orrek, bere bi seme oien eta Erauskin bi anaien laguntzarekin, San Inazioren irudia eta beste gauza asko pareta-zulo batean sartu zituzten, pareta berri batekin dana estaliz. Orixe da bigarren bertsoak aitatzen duana.
1
Aita San Inazio,
zure milagroa
urte gutxiz onoztik
orain igaroa,
lengo guziyak baño
au da geiagoa.
Ni zure alabantzak
esatera noa,
basta da zaitugula
probintzianoa.
2
Santu glorioso au
pareten artean
kolejiyoan gorde
zuten presentean.
Gero pentsatu zuten,
andik irtetean,
para obeko zela
kajatxo batean,
bestela gaur Frantzia’n
egon zitekean.
3
Aita San Inazio,
sarturik lurpean,
frantzesaren bildurrak
dago iru urtean.
Orain bidaltzen dute
kausa apuntean:
ori guardatzeko
leialak nor ziran.
Zu nai zinduztekenak
badira Nortean.
4
Bernardo txikia ta
hermano Bautista,
beste bi ere fiñak
ziran zure gisa.
Emanagatik ere
milla topaitza,
kontuz aterako da
zuen autik itza,
gauza delikaduak
isillik bebiltza.
5
Aguztuko egunean,
illaren iruan,
parisiyua franko
badu inguruan.
Ustez egonagatik
toki seguruan,
ez geiegi fiatu
oraingo munduan,
galdutzeko lau beatz
falta etzenduan.
6
Aita San Inazio,
zure relikia,
benteruak gordeta
maitero irukiya.
Frantzesak orren billa
ainbeste porfiya,
infame traidoreak
zuten urrikiya,
etzutela billatu
zu zeunden tokiya.
7
Asko trabajatu da
bentero Bernardo,
lagunak billaturik
santu orren bando,
frantzesai bere botuz
ez diote emango.
orrek merezi luke
zerbait agirando,
munduan pasa dezan
bere zartzia ondo.
8
Bernardo saiatu da
bere auzo legean
santu au guardatzen
gau ta egun pelean,
minuto guzietan
frantzesen mendean.
Arkitu diotela
etsi du azkenean,
susto bat aztuko da
galdu eztanean.
9
Difuntu glorioso
Hugarte-mendia,
Patriyari ziyona
amoriyo andiya.
jakitera etorri da
kontu oin berria,
bazuten aspaldian
norbaiten premia,
Bernardori galdetu,
ark daki egiya.
10
Zeruko santu eta
santen egunean,
ditxoso au zugana
etorri zanean.
Jakitea zeneukan
zere poderean:
ondotxo gorderikan
usotegipean,
kajan enterratuba
sarturik lurrean.
11
Mendizabal jeneral
fama aundikoa,
Españia’n bada ta
gizon benditoa.
Rezibitu degu
orren abisua:
Bilbao’ra pasatzeko
dala prezisoa,
gabatxoen artetik
agudo bijua.
12
Aita San Inazio,
guazen igesi,
ez gaitezke Loiola’n
deskantsuban bizi.
Sinplemente galtzia
ez luke merezi,
badaki dirala orain
frantzesak nagusi,
etsaien eskuetan
bere burua utzi.
13
Telleria jauna ta
letradu Arizpe,
allegatu dirade
santu onen eske.
Gauzarik onena
disponi bezate:
Bilbao’ra pasatzeko
arren jai edo aste,
peligroan dagoala
frantzesakin uste.
14
Lenbiziko irteera
zuen Azkoiti’ra,
korrejidore jauna
dagoen tokira.
Probintziako buru
orain berok dira,
beste lekutan baño
emen obeki da,
eramateko asmoak
dituzte urrutira.
15
Beste mobimentua
zuen Motriku’ra,
karretero triste bat
leial ibiltu da.
Santuak izan arren
illaren itxura,
beti eska zaiozu
fortuna on dizula,
berak sartuko zaitu
zu paradisura.
16
Motriku’tik Bilbao’ra,
andik Santanderra,
agudo Coruña’ra
pasatzea obeko da.
Gu baño gutxiago
bildurtzen zan bera,
zergatik probatua
dan lenago gerra,
Cadiz’a juan ezkero
an seguru zera.
17
Abisatu bekio
San Inaziori,
bere probintziara
nai badu etorri.
Luzitu bear badu
komentuak ongi,
au bere parajian
beti da konbeni,
gaizki esaten badet
galdetu edozeiñi.
18
Aita San Inazio,
esperatzen det nik
lagunduko dirala
seguru zerutik.
Soldadu pasa zuben
ainbeste bat pais,
fuertea izandu zen
kanpañetan agitz,
etzeukan onore au
faltsoa izan balitz.
19
Azpeiti’ko seme bat
badator ontzian,
alako mariñelik
ezta probintziyan.
Errezibituko da
jaun au Donostiya’n,
engañatzen ezpanaiz
nere iritziyan,
baña eskatzen dute
joan zan tokiyan.
20
Aita San Inazio
barkuan mariñel
frantzesaren beldurrak
ara non dabillen,
oraingoan Cadiz’en,
lengoan Madrid’en.
Mundukoak bagiña
ori bezain fiel...
Etorkizunen berri
orrek bazekien.
21
Iturriaga jauna
zen errezibitzen,
edozeiñ juateak
etzuen serbitzen.
Enpleo andiyetan
nola dan ebiltzen,
erriak argatik du
bedorri epeintzen,
alako prozesio
ederra egin zen.
22
Alako estaduan
santua ekusita,
errezibitu zuten
jaun ori pozika.
Prozesio ederra,
gañera musika,
desonra zeritzaten
nolanai utzita,
ongi egiñak eztu
merezi gaitzika.
23
Alik ere ongiena
errespetaturik,
andetan daramate
soñean arturik.
Boluntariomente
ez du traturik,
ez geiago plantatu
orrentzat barkurik,
eskapo ibiltzeko
eztu pekaturik.
24
Esaten badituzte
egiya justuak,
sei milla erreal beren
badira gastuak.
Prestatu zituztenak
ez daude aztuak,
bueltatzeko denboran
atzera eskuak,
zorra eztu pagatzen
auzoko juzguak.
25
Banderarekin dator
beron Elizalde,
konpañia onraduban,
desluzitu gabe.
Aspaldian ausente
ibilli bada ere,
noizbait egin dirade
Patroiaren jabe,
paraje arrotzian
ezta egon zale.
26
Gizon balientia
Inazio Mari,
konpañia guztian
au da buruzagi.
Agradatzen zitzaion
jende guztiari,
bertso oik argatika
nai diozkat jarri,
orra zure santua
komentura etorri.
27
Agur, Loiola’kuak,
biba Azpeitia,
santuak arkitu du
leneko tokiya.
Etzuen biaje au
agitz egokia,
desluzitua dakar
berniza guztia,
ezta gustora ibilli
beron nagusia.
[Antonio Zavala, Frantzesteko bertsoak II, Auspoa 213]
BORDEL DONOSTIAN SOLDADO (1823)
Bertso auek Jose Maria Satrustegi jaunak argitaratu zituan, bere Bordel bertsularia liburuan, Auspoa’ren 45-46 zenbakian. Berak nundik zituan adierazteko, onela esaten du: «Pedro Lizarraga’ren bertso papera. Eskuz idatzirik dago. Asieran esaten du: «Cantiac formatiac luzaiden Juan Echamendi zenak zorci eun eta lauetan ogoiyan». Orduko hila zen bertsularia, 1879’ko mayatzaren 30’ean. Behar bada Lizarragak bere «kopia» atera zuen urtea izango da asieran duena. Pedro Lizarraga Bordelen denborakoa zen eta, berez, maistrua. Luzaiden, Karrikaburuko semea, paper asko utzi zuen galdu ta erre ez balira».
Leenengo bertsoak dionez, 1823 urtean Bordel bertsularia «Donostia hirian» zan, «zerbitzuan» (soldaduskan), «liberalitateko bandera berrian».
Gerra artan, «San Luisen eun milla semeak» deitu zitzaien soldaduak etorri ziran Frantzitik, realistei liberalen kontra laguntzera. Bidasoa ibaia 1823’ko apirillaren 7an igaro zuten. Donostiak, ordea, arpegi eman zien; eta naizta inguru guzia frantzesak artua egon, etzuan amor eman iraillaren 27a arte. Egun artan errenditu zan.
Frantzesak kanpotik ziran, beraz. Bordel eta bere soldadu lagunak, berriz, erri barruan. Frantzesen aldera pasatzea erabaki zuten bederatzi lagunek. «Desertatu» alegia, berak leenengo bertsoan esaten duanez. (Bando batetik bestera pasatzeko komeriak kontatzen ditu sorta honek).
Jose Maria Satrustegi, Bordel bertsularia liburuaren egilea.
Iturria: http://www.euskomedia.org
1
Mila zortzi ehun eta
ogei ta irurian
zerbitzuan ginauden
Donostia hirian
liberalitateko
bandera berrian,
hartarik desertatu
inozentkerian,
miserable erori
etsaien erdian.
2
Hura zen ekainaren
amabigarrena,
gauazko bederatziak,
partitzeko orena;
konda ahala bana
gehiago du pena;
sofritzia ere ahal da
hala dabilena,
etsaiaren esklabo
munduko abilena.
3
Murraila pian sartu
bederatzietan,
kanale bati barna
atera errestan;
bederatzi baginen
konpañia artan,
zenbaitek malezia
zuten beren baitan,
deklaratzera nua
aski doloretan.
4
Murrailatik atera
ondoko segida
errepartitu ginen
oro, bana bida:
seinale garbia zen
ez ginela fida,
guardiak erne zauden
azantzer begira,
kontent ginen bizirik
heltzia zubira.
5
Zubira ginenian,
oro elgarrengana,
presentatzeko lotsa
guardiarengana;
batek, berak juaiteko
hartu zuen plana;
gu bida gibeletik
beldurrez engana:
arribada hunian
sartzeko orena.
6
Arribada baneza
ongi manifesta,
lastima ez laitenik
konpañian ezta:
bi aldetarik tiroka
gure errekesta,
kosta aize bateki,
lur barna tenpesta,
han ikusi ginuen
terribleko besta.
7
Bestaren erretoria
dolore tristia,
miletan aisago da
orai erraitia:
ingurina guzia
etsaiez betia,
miserable zen gure
estremitatia,
ez ginuen dudatzen
an desegitia.
8
Parlamenduko bida,
tristeziareki,
etzanik konserbatu
biziak uroski,
gero frantzesetara
juntatziareki,
nezesario zela
juaitia, preziski,
jeneralarengana
gure arrazoineki.
9
Prinzipal hari nion
eskatu grazia:
«jauna, otoi barkatu
gure ausartzia!
Konpañia badugu
gibela utzia;
desiratzen ginuke
harat laguntzia
konbeni balitzaizu
gutan fidatzia».
10
Errepostua fite
prinzipalak neri,
oben egin liola
bere graduari.
«Jauna, urrikal zite
gure manerari,
biziaz nahi dugu
berme jarri
deus gerta balakio
zure armadari».
11
Soldaduak an ditu
manatzen berehala,
konpañiarengana
lagun gintzatela;
zenbaitek uste zuten
hilak gintuztela,
alegerarik zauden
herioa bezala,
otoitzak guretako
eginik zaudela.
12
Fite konsolatzeko
gaizki abiatu,
desfortunak holako
seinaleak ditu:
gu ere guardiara
zortzi arribatu,
gidari berriekin
bidiari lotu,
jeneralari behar
zela presentatu.
13
Jeneralarengana
arribatzen gira
pasaporten artzera
Tolosa hirira;
bi jendarmen artian
atseko Ernanira
an sala polizian
alojatzen gira,
miserabliak, odre
onaren begira.
14
Tolosara arribatu
biharamunian,
ilaren amairu
garren egunian,
zuzenak ginelakotz
opinionian
dekret bat eman zuten
umore hunian
esplikatu gabe zer
kausaren gainian.
15
Dekretatu zenian
Tolosan konpleta,
sententzia emaile
ba zen fornimenta;
nigar iturrietan
iru madamita,
guri ordenatziaz
ainbertze tormenta;
bainan bertzek ereman
ontsa lotu eta.
16
Utzi ginuenian
Tolosa gibela,
segur da bihotzian
pena ginuela;
ordenatzen zaguten
heriotze krudela,
anitz pikarderia
egin ginuela,
Michelenaren plaza
behar ginuela.
17
Billafranka herrira
hurbiltzen pausia,
begien bistan daukat
hango presentzia:
lehenbiziko pena
zepuan sartzia,
bigarrena, esperantza
galtzeko bizia,
hobe zela Jainkoari
bihotza altxatzia.
18
Bertze bi egunetan
gero Mondragora,
irugarrena pausan
dezagun ohora;
gau erdiko jeikirik
bidiari gora,
guri beti bezala
hiltzia gogora,
nonbaitereko ditxa
gabeko denbora.
19
Salinasko mendira
gira arribatzen,
unibersalak hasi
gure arrobatzen:
ez diru ez arropaik
etzaigu baratzen,
bertzen zaharrak ditu
soinian paratzen,
halako pobrerikan
ez da paseatzen.
20
Unibersal horiek
zer kaballeruak!
Gerla bertzek egin ta
soldadu beruak;
gizon mañifikuek
dituzte graduak
Herodesen pareko
salbai borreguak.
Legerik ez dakiten
jende barbaruak.
21
Bitoria aldera
berehala martxe,
uste ginuen hiltzen
ginuztela hantxe;
gure kontra espantuz
hango dama beltxek,
presentatu ginela
sobera berantxe,
barkamendurik etzela
guretzat oraixe.
22
Gobernadoriaren
gana arribatu,
gure manerak oro
hari deklaratu;
kristauaren legian
harek errezibitu,
bai eta kordetarik
guziak libratu,
nola bere semeak
harek konsolatu.
23
Konsolatu ginituen
kaesa beruan,
eta menbro guziak
paratu libruan;
despatxa gintzazkela
etxerat lerruan,
balitz gure eremuko
zonbaiten graduan:
gure tribunalia
zela Nafarruan.
24
Nafarruako seme
kreatu mundura,
probintzian penetan
ibili ardura;
arribaturik ere
gure eremura,
mila barbaridade
eta arrangura:
purgatoriotarik
sartu infernura.
25
Infernu bat in daike
españolezkua,
ez dute ikusi nahi
presuna justua;
nola zerbitza diron
jendiak gustua?
Beti errespetatzen
dute injustua,
lur huntan dugulakotz
gobernu gaistua.
26
Goberniaren kontra
erreklama naite,
behar den erregela
ez dutela maite;
jende miserablia
arrobatzen dute,
pena da irautia,
erran ahal daite
afer mantenatzen da
sobera tunante.
27
Tunantekeriako
arraza guzia,
damurik utzi behar
munduko bizia!
Odolian dutela
beren noblezia,
negoziatzen dute
mila malezia,
larrutu nahi dute
jende buluzia.
28
Nafarruako serbil
lepondo gorriak,
Luzifer lotsa diro
haren koloriak;
montañesak girela
oro traidoriak,
martier finitzeko
emanez odriak.
Arrasatu balitu
enperadoriak.
29
Zortzira, ehun palo
ordenatu zauten,
duda niz halakuek
arimarik bauten;
ez dakit nehork ere
sinetsiko nauten,
zenbat purgatorio
erakutsi zauten!
Bihotza trankilago
bizi gira aurten.
30
Gure libertatia
ongi etorri dela!
Lehen ikusi dugu
denbora krudela,
estima dezagula
gure amodio fidela;
pena duten guziak
konsola ditela,
atsegin duteneri
egin guri bezala.
[Antonio Zavala,
Karlisten leenengo gerrateko bertsoak.
Auspoaren Sail Nagusia]
ANDOAIN (1837)
Bertso auen gaia, Andoainen, 1837’ko iraillaren 14’an gertatu zan burrukaldia da. Egun ori, Gurutze Santuaren festa da. Orren aitamena, leenengo eta azken bertsoak egiten dute.
(Liburu berean “Pirala kondairalariak” erderaz narratzen duen bertsioaren arabera, horra bertso jarri hauek kontatzen duten gertakaria):
Hernanialdean, liberalen tropen komandante O’Donell jarri zuten. Karlistena, berriz, Uranga. Liberalak gehiago ziren artilleriaz eta soldaduz, eta Hernanin zeukaten oinarritik abiatuta, Urnieta eta Andoain hartu zituzten. Karlistek atzera egin behar izan zuten, Oria eta Leitzaran ibaiak zeharkatuz. Liberalek, batez ere ingelesek, herriak hartu ahala, bidean aurkitutako baserriak erre egin zituzten, ehun eta hogeitasei, eta herritar hauek oso haserre eta bengantzarako gogoz geratu ziren.
Hau dena gertatu bitartean Uranga Nafarroan zen, eta jakin zuenean Tolosatik barrena etorri omen zen, Andoain berreskuratzera.
Karlisten tropak gutxiago izanik, tranpa jarri zieten liberalei, eta hauek frente egin ezin eta nola hala erretiratu beharrean aurkitu ziren. Karlistek labankadaz hil omen zituzten liberalak, batere kupidarik gabe: koartelera preso eraman beharrean, karlistekin zihoazen herritarrek erretako baserrien bengantza hartu zuten, eta hau oihukatzen omen zuten: “ez da kuartelik su ematen dubenentzat”.
Hernaniko harresietan babestu ziren liberalak, karlistei herriko ateak itxiz. Berriro Urnietara jo zuten liberalek eta bertako eliza eta ia herri osoa erre zuten eta karlistek aurre egin zieten ostera. Gorabehera hauetan 620 liberal hil ziren, hauetatik bi herenak ingelesak. Karlisten aldetik, berriz, ehundik behera hildako izan omen ziren. O’Donellek besteren zaldiz eta bidean trikornioa galduta alde egitea lortu zuen.
O’Donell, liberalen komandantea.
Iturria: http://www.zumalakarregimuseoa.net
Uranga, karlisten komandantea.
Egilea: Isidoro Magues. Iturria: https://commons.wikimedia.org
1
Orain abiatzen naiz
paratzen kantuak,
kobardiatu dute
kristino tontuak;
karlistak a cuchillo,
an ziran kontuak;
milagroa egin du
gurutze santuak.
2
Seko gelditu dira
zortzi eun da piko,
zuzen ibilli balira
etzituzten ilko;
etxerik erre gabe
ez dutela utziko,
orañ pagatuko dute
larrutikan pijo.
3
O’Donnell jeneralak
zuela agintzen,
panparroia zebillen
etxeak erretzen;
solamente jaun ori
ez da gaitz izutzen,
kapela galdurikan
Ernanin sartu zen.
4
Kapela galdu zuen,
gañera zaldia,
beste batena artuta
itzuri abia;
gezurrik gabetanik
esan det egia:
traidorea da baña
kobarde andia.
5
Merezi duen gisan
ari naiz ondratzen,
alegiña badabill
bazterrak ondatzen;
mundu guziak daki
gauza ori nola zen,
orren gerra guzia
etxeak erretzen.
6
Orrenbeste bat pena
nekazariari
eman gabe zebillen
Dn. Gaspar Jauregi;
gogor abiatu da
O’Donnell jaun ori,
besterik ezin du-ta
jende komunari.
7
Zer asi duen ongi
ez daki lan ori,
len amar kontrario,
orain dauzka amabi;
jendeak ikasi du
tiratzen armari,
ez geiegi fiatu
abarkadunari.
8
Enemigorik ez den
lekuan baliente,
mundu guztian gaizki
juzkatuko dute;
gero nonbait karlistak
kontra egin dute,
kanpamentuak laja
etxearen truke.
9
Ainbeste kanpamentu
asko zabalduak,
uste ortan etziran
araño biralduak;
aiek guztiak ere
dituzte galduak,
zer zirala uste zuten
probintzianuak?
10
Laguntzalle ez txarra
gañetik naparra,
esan geiago baña
batalloi bakarra;
tirorik egin gabe
baioneta kala,
laister izutzen dira
kristinuak ala.
11
Jainkoak daki zenbat
urdai eta baba,
beste portziyotxo bat
arroza ere bada;
berentzako asmoan
eramana ara,
gu deskantsuan jaten
orain ari gera.
12
Bakallua eta illarra
eta barbantzua,
utzirikan juan ziran
beren arrantxua,
zergatik etzitzaien
eman deskantsua;
aientzako kaltea
gure probetxua.
13
Kantidadez zapata,
arropa ta zaldi,
pozik uzten zituzten
dan guztiak geldi;
arrapatzen zanari
burua bi erdi,
zergatik egin zuten
ainbeste pikardi.
14
Andoaingo elizan
olioa ugari,
arin iriki diye
karlistak beltzari;
dan guztiak utzita
juan ziran itzuri,
bastimentua eraman
diote ontzari.
15
Orra amabost bertso
aspaldiko partez,
aditzera eman det
noski orrenbestez;
aziyo bat polita
eman da nere ustez,
gurutze santuaren
obraz ta birtutez.
[Antonio Zavala,
Karlisten leenengo gerrateko bertsoak.
Auspoaren Sail Nagusia]
MUÑAGORRIREN KANTAK. AGUSTIN ITURRIAGA
(Muñagorriren kantak III) Muñagorriren aldeko kantak ditugu auek ere.
Bertso auek, Gregorio Mujika zanak argitaratu zituan bere Ernani’ar ospetsuak liburuan, Iturriaga’ren esku-idatzietatik artuta, idatzi oiek berak nun arkitu zituan esaten ez badu ere.
Bertso-paperetan inprentatu eta zabaltzeko asmoarekin moldatuko zituan Iturriaga’k bertso auek. Baiña ala egin ote zuan ez dakigu, bertso-paper oietakorik bakar bat ere ez degu iñon arkitu eta.
Bertso auek Iturriaga’renak badira, arenak izango dira, dudarik gabe, onen aurreko bi saillak ere (Muñagorriren kantak I eta II). Aita beraren umeak dirala ematen du, gure iritzirako beintzat.
Auspoa’ren 71-72 zenbakian argitaratu genituan guk bertso auek; Iturriaga’ren bertso-lan guzien bildumarekin prestatu genituan liburuan, alegia.
Jose Antonio Muñagorri, Berastegin jaioa, Tolosako eskribaua zan karlisten leenengo gerratearen denboran. Gerraz asperturik, agiri bat zabaldu zuan —leenengo bertsoak proklama esaten dio—, euskaldunen bandera pakea eta fueroak izan bear zutela, eta besterik ezer ere ez.
Eskutitz bat ere bialdu zion Don Carlosi:
«SEÑOR: La felicidad de mi país, la felicidad de España, me han prescrito un deber sagrado. Ambas me impelen a buscar los medios de poner termino a la guerra civil (...). Treinta mil familias han desaparecido de nuestro suelo, otras cien mil se hallan reducidas a la más horrorosa miseria.
Esta desolación, estas desgracias nos han venido por vos. (...) V.A.R. conocerá fácilmente que le es preciso salir de estas provincias. Vos y vuestros consejeros las habéis convertido en un desierto; habéis sembrado en ellas el luto y hacinado a montones los cadáveres. Abandonadlas, pues, cuanto antes.
(...) Si tenéis derechos a la corona de España, nosotros no nos opondremos a ello; pero sabed que esta no es una guerra de personas y que nosotros, navarros y vizcaínos, no hemos reconocido jamás otros reyes que nuestros fueros y nuestros privilegios.
¿Vos queréis reinar? Marchad, pues, a las provincias que os puedan reconocer por rey; (...) Que decida la espada entre vos e Isabel, entre vos y todos los demás pretendientes; pero no contéis más, en adelante, con los esfuerzos de las provincias exentas.
Abandonad el suelo de Navarra; marchad, señor; nosotros queremos paz.
(...) Cuartel general del ejercito independiente. En Verástegui, 19 de abril de 1838. Firmado: I.A. de Muñagorri. A S.A., el infante D. Carlos».
Agiri eta eskutitz auetan esanak bertsoetan jarri arazi zituan, beraz, eta Euskal Errian zabaldu.
Muñagorriren egiñalak alperrikakoak izan ziran. Berak ere azken txarra izan zuan: Elorrio txapelgorriak il zuan, gerra bukatu ta gero, 1841’eko urriaren 14’an, Erasungo Zumarrista izeneko lekuan.
[Antonio Zavala,
Karlisten leenengo gerrateko bertsoak.
Auspoaren Sail Nagusia]
Muñagorri Berastegin: Independentzia, Pakea eta Fueroak aldarrikatzen.
Iturria: Zumalakarregi museoa.
Muñagorri, emaztea eta alaba Tolosara atxilo eraman zituztenekoa.
Iturria: Zumalakarregi museoa.
Muñagorriren kantak I
1
Muñagorrik diona
bere prokiamian:
gerrak ondatzen gaitu
bostgarren urtian;
igaz jarri zan Karlos
Madrilko bidian,
bultza zuten atzera,
gerra bere oñian.
2
Agintari onenak
preso daduzkate,
euskalduna izatia
du bakoitzak kalte;
Tejeiro ta Maroto
guzien alkate,
zer gizon oietatik
espera gentzake?
3
Karlos agertu ezkero
probintzi aubetan,
beti bizi gerade
neke ta penetan;
maiz kendu guk duguna,
beñere ezer eman,
bost negar egiteko
nunbait jaio giñan.
4
Semiak soldadu ta
preso gurasuak,
eziñ pagaturikan
kontribuziuak;
trintxera lanetara
gañera auzuak,
dolorezkoak dira
gaur gure pausuak.
5
Kordoiz inguraturik
kostatik Ebrora,
trabaz josirik gaude
bera eta gora;
atzenikan frantzesak
itxi du frontera,
gerrak ez dakar onik
iñundik iñora.
6
Atiak itxi eta
ogia garesti,
artua ere ai da
igotzen poliki;
diruba ezkutatzen da
egunero emendi,
nola bizi geraren
arritutzen naiz ni.
7
Bost urte badijuaz
ta nekian beti,
ia bear ditugu
begiak idiki;
karlistak Ebroz gora
motel eta gutxi,
aien esperantzetan
ez gaitezen bizi.
8
Ainbeste odol ixurtze
ez da doloria?
II da probintzi auetan
gaztien loria;
Patria defenditzea
litzake onoria,
anaia anaien kontra
txit gauza tristia.
9
Oraiñ seieun urte
gutxi gora bera,
Gaztelako reinura
unituak gera;
Gaztelan zein buru dan
ura guk artzera,
fueroak gordezkero,
egin zan papera.
10
Disputarikan bada
zeiñentzat korua,
erabaki bear da
Gaztelan pleitua;
errege edo erregiña
gure deretxua,
beti gorde digula
garbiro fuerua.
11
Zertan sartu gerrara
juez iñorentzat?
Madrilen da tronuba
gaztelaubentzat;
an koronatzen dena
guztion burutzat,
fueroa gordezkero
ona da guretzat.
12
Adiskide maiteak,
ona klaro gauza:
bakarrikan fueroak
dira gure kausa;
aiek defenditzeko
deretxua dauka
probintziko semiak,
ori eziñ uka.
13
Relijio santuan
guk elkar arturik,
ez du gure artean
izango kalterik;
len bezela egiñikan
gure funtzioak,
elizetan sermoiak
ta prozesioak.
14
Zori onez berentzat,
gure aurrekoak
beti gorde zituzten
leialki fueroak;
urtero mudaturikan
diputazioak,
Juntan ematen ziran
orduban kontuak.
15
Etzan lapur famarik
diputazioan,
ez da beste soñurik
oraingo denboran;
deitu gabe Juntarik,
illunpe moduban,
artu eman garbirik
ez oi da munduban.
16
Juntak eta apaizak
elkar artu ezkero,
noren beldur gera gu
ez orain ta ez gero?
Gerrak idiki ditu
guztion begiak
unitzeko, ez bagaude
burutik jausiak.
17
Legea autsi ezkero
bizi gera penaz,
legea osa dezagun
laster eta benaz;
pakea etorriko da
ondoren txiterraz,
Muñagorrik diona,
kontentuz ta pozaz.
18
Muñagorri, zu zera, zu,
zorionekua,
bandera altxatu dezu
gure bakekua.
Potentzi ongilleak
emanik besua,
laister egingo degu
bake ditxosua.
19
Probintziano gazte
onorez betiak,
bandera bakekora
guazen guziak;
soldadu, ofiziale,
orobat jefiak,
danak izango ditu
gradu ta agintiak.
20
Potentzi indartsubak
eman dute itza,
egiteko bakiak
prestuak dabiltza;
probintziak bakean
daduka bizitza,
nork ez du bere amaren
sendatu nai gaitza?
[Antonio Zavala,
Karlisten leenengo gerrateko bertsoak.
Auspoaren Sail Nagusia]
(1874-XII-8)
KARLISTEK URNIETA HARTU ZUTENEKOA
Bertso auek, 1874-eko abenduaren 7 eta 8-an karlistak Urnietan lortu zuten garaipena kontatzen digute.
Ez da egillearen izenik esaten; ezta moldiztegiarenik ere.
(Aita Zavalak, Altzoko Imazek jarriak izan zitezkeela dio liburuan)
Hernaniko plaza 1875ean.
Txistulari eta dantzari artean daramatzate gerrako erituak.
Istribillo
Era, era, Tolosa aldera,
Loma, bizirik
sartuko etzera.
1
Milla zortzireun irurogei ta
amalaugarren urtean,
Ama Birjiña Konzepzioko
zan señaladamentean;
zer pasatu dan esango ditut
beltz ta karlisten artean,
Donostiatik abiatuta
Anduaña bitartean.
2
Ernani ortan egin dituzte
beltz oiek juntamentuak,
karlistak sarri menderatzeko
zituzten tratamentuak;
aurrera samar paseak noski
buruzko pensamentuak,
bañan atzean gelditu zaizte
obrazko pulamentuak.
3
Leku danetan gelditu ziran
beltz jende oien ondarrak,
txit penatuak zeuzkan lenago
isillik egon bearrak;
egun oietan azi zitzaizten
mingañetako indarrak,
sustrai gaiztoak edozeiñ garaiz
ematen ditu adarrak.
4
Beltz kasta oiek guziak zeuden
arrotu eta jarriak,
itzez aietan nonbraturikan
aiuntamentu berriak,
oien mendean gobernatzeko
beren gustora erriak;
buruz aurrera, ankak atzera
dabiltza parragarriak.
5
Tropak zabalduazi nai beltzak
diru asko aginduta,
ordaindutzeko geiagorekiñ
gero karlistai kenduta;
gisadu ori etzedukaten
ustez gaizki konponduta,
tripako miñak aundiak oraiñ
ori eziñ logratuta.
6
Donostiatik asi ziraden
artan umore onean,
kanpanak joaz Anduaindaño
lenbiziko egunean;
an lo eginda Tolosaraño
gero biaramonean,
probintzi dana konkistatzeko
gerozti nai duenean.
7
Asmo oietan asi zitezten
beltzan tropa alzan danak,
ta Urnietan karlistak topo,
an izandu ziran lanak;
asko ill eta franko eritu,
iges egiñ al zuanak,
zer kontatua badadukea
bizirik juan ziranak.
8
Biba Egaña,jeneral ona
euskaldunen arterako,
jendea ondo ideatzen du
atakean asterako;
jefe onari mutil flojoa
nekez zaio aterako,
are animo geiago dauka
oraiñ beste baterako.
9
Premia ere bazegoan da
orra jenerala ona,
merezi du ta eman daiogun
onra, fama eta sona;
azioetan ezagutzen da
nolakoa dan gizona,
bildurrez eta ikaran dago
kontra juan bear zaiona.
10
Biba Mogrovejo Egañarekiñ,
biba Karlos da mutillak,
a cuchillo juan aurrera eta
an izan ziran naspillak;
atake ortan ikusi dira
karlistak batek bost illak,
kinto txarrai konpondu zaizte
baionetakiñ kostillak.
11
Beltz jende oiek ugari ziran
mendi guziak betean,
goizetik arro noranai juango
ziradelako ustean;
gero igasi ibilli bear,
asko izana kaltean,
kinto jendeak eztu balio
euskaldunaren artean.
12
Loma jaun ori agintzen zuten,
ura txit grabe eritu,
aiudantea eta soldadu
asko illda ta gelditu;
ikaratu ta igasi asi,
karlistak berriz segitu,
modu artako gizon Ultzerik
ezta iñun suzeditu.
13
Alegiñean gizonak illtzen
moduak dira ikusi,
tiroaz franko botatzen ziran,
asko baionetaz josi;
ezpalirade arropak eta
koartoak kentzen asi,
Donostiraño grano bat ere
etzan juango igasi.
14
Modu batera penagarriak
onelako desgraziak,
lur estalia mutill illakiñ,
amak neketan aziak;
gaizto batzuen pikardiatik
etorri dira guziak,
ill al balitez lau aldiz ere
or badira mereziak.
15
Donostiako beltzak kapoiak
jan nai Eguarrietan,
ez ona gutxi, irureun pare,
etzan txorakeririkan;
bañan etzaie aien ezurrik
jarriko eztarrietan,
gero jakin da karlistak kendu
an dabiltzela dietan.
16
Ostentazio orra beltzena:
kapoia jan nai lukea;
bestetatikan eraman bear,
lanik asko dadukea;
kinto oriek arbia ere
pozikan al balukea,
bai ortzetako miñagatikan
nai aña baledukea.
17
Biba Egaña, txit fiña dala
jendea da oartua,
karlista oraiñ argati dago
bere grandeza artua;
ikara berriz beltz guzietan
ezurretara sartua,
modu askotan degu bentaja
gizon ori agertua.
18
Ea, Egaña, onelaxe fiñ
guziok saia gaitean,
Jaungoiko ona fabore degu
eta arekiñ batean;
Karlos septimo jarri dezagun
al dan lenena Kortean,
deskansurikan ezta izango
ori logratu artean.
19
Sujetatzea ezta komeni
beltz oien Gobiernoan,
ez dute beti ibilli bear
drogan eta trastornuan;
Karlos errege jarriko degu
Españiako reinuan,
an egongo da danoi agintzen
tokatzen zaion tronoan.
[Antonio Zavala,
Karlisten bigarren gerrateko bertsoak,
Auspoa]
HERNANI DAGO PENOSO (1875)
Askok dakite nola nik
luzaro egun bat onik
ez daramala Hernanik;
beti tiroka granadapian
dauka Santiagomendik;
gaitz da libratzen argandik,
kaltiak dirade haundik,
egiten diranak handik.
Bala bat lehertzen kalian,
bestia berriz aidian,
beti badira bidian;
lo ez dagonak maiz aitzen ditu
tiro soñuak aldian:
egunaz hala gabian,
beti etxietan bian
egon bihar da gordian.
Urbietaren herria,
lehenaz etzana berria,
alperrik galdu da ia;
galbai zahar baten itxuran dago
granada zuloz josia;
Kontzejua da hausia,
joan zan aidian guzia,
frankok galdurik bizia.
Gerra zan ezkeroz hasi,
izan da zenbait desgrazi,
gaitz asko dira ikusi;
jende asko da gelditu pobre,
herria berriz itxusi;
horla izate ta guzi,
sufritzen diranak bizi,
plazik eztute nahi utzi.
Hernani dago penoso,
beti tiropian preso,
hartzen du zenbait balazo;
lenaz gain beste bateria bi
berriak dizkate jaso;
hoiek harturik eroso,
gogor diote eraso,
puskatu nahi dute oso.
Bonbakin granadak nahaste,
karkak lehen ere bastante
tira izandu dituzte;
baldin herria purrukatuta
hartzia badute uste,
beste makiña bat urte
pasa biharko dituzte,
eta hartuko eztute.
Bigarren gerra karlistatik du Hernanik soinean invicta titulua. Plaza liberala eta Donostiaren maskor hautsi ezina, karlisten granadapean iraun zuen hilabete luzez herri honek. Mende eta laurden geroago, herio haren lekuko errimatua ekarri dugu hona. Bertsolari ezezagun batek gerrako sufrikarioak islatu zituen, odola bete taupada diruditen zazpi bertsorekin.
Bertso hauen egilea zein den ez dakigu, sinadurarik ez baitu, eta hortaz, anonimoa da. Hernaniri! izeneko titulua darama eta ez da zaila asmatzea bigarren gerra karlistaz ari dela, 1872tik 1876ra Euskal Herria bitan zatitu zuen hartaz, alegia. Zazpi bertsotan gure herriak jasandako zoritxarrak eta liberalek egindako balentriak nabarmentzen ditu egile ezezagunak, aro klasikoko Atenas baten epopeiaren antzera. Hernani liberala zen, eta Donostiaren zentinela lanak egin zituen karlistak erasoan hasi zirenean. 1874an setio ikaragarria jasan zuen herri kaxkoak: bonbardaketak, blokeoa, gosea, beldurra... ondoko bertsoek egun lazgarri haietara garamatzate zuzenean, silabaz-silaba eta doinu ezagun baten airean.
Urnietaco doñuba
Gerra karlistetako bertso gehientsuenak bezala, honakoak ere misterio bat dira. Zeinek idatzi zituen? Zein motiborekin? Nork jaso zituen? Galdera askotxo bat-batean. Egilearen berri ez dugu, baina bertsoen lorratzari jarraituz galdera horietako batzuen erantzuna aurki dezakegu. Esaterako, peskizan hasiz gero, segituan ohartuko gara 1875ean idatziak izan zirela eta Peña y Goñi musikariak harmonizatu zituela. Ordainetan, Hernaniko udalak erloju batentzako kate paregabea erregalatu zion musikariari: «como remate lleva (kateak) una granada y en ella ‘bombardeo, año de 1875’ constituyento en su conjunto una magnífica obra de arte» esan zuen haundiki Diario de San Sebastián egunkariak, opariaren motiboa azalduz. Dena den, bertsoak ez ziren 1893 arte publikatu, Ecos de Vasconia izeneko liburuxkan. Kantu bilduma honen egileak Jose Maria Echeverria lasartearra eta Juan Guimon donostiarra dira. Bildumak oihartzun handia izan zuen garai haietako adituen artean, Agur Jaunak kanta ezaguna ere bertan jaso zuten, beste zortziko askoren artean, Hernaniri! izeneko gure bertsoak barne. Hernaniri buruzko bertso hauen ondoan doinua ere irakur daiteke: “Urnietaco doñuba” jartzen du paperean. izena ez da ezaguna, airea aldiz bai (Elizanbururen “ikusten duzu goizean...” bertso ederren doinu berbera da). Baina doinua bertso horiek baino zaharragoa da. Zein da jatorria? Zergatik aipatzen da Urnieta? Badirudi doinuaren benetako izena “Horra nun dan Urnieta” dela, eta lehen gerra karlistan sortu zela, Muñagorri karlista disidentearen bertso batzuk musikatzeko.
Oriamendiko batalla. Egilea: Hornbrook, Thomas Lyde.
Iturria: http://www.zumalakarregimuseoa.net
Kronika belikoa: herri barrutik bertsotan
Beraz, egile enigmatikoaren baimenarekin, neurri bereziko doinuan jarritako bertsoak leitu edo abestu ditzakegu gaur egun. Lehenengo bertsotik giro dramatiko batean sartuko gara: “...luzaro egun bat onic / ez daramala Hernanic...” esaten da bertan, eta Santiagomenditik botatzen zizkieten granadetaz ondo akordatzen da bertsolaria. Ez zen egoera erosoa. Don Carlosek 1874ko maiatzean erabaki zuen Hernani menderatzea, Bilboko porrotaren zauria itxi nahirik-edo. Horretarako artilleria mordoa ekarri zuen, Oriamendi, Buruntza, Antonenea eta Santiagomenditik gure herria bonbardatzeko. Hernaniko liberalek, aldiz, Santa Barbarako fuertetik erantzun zieten. Bonbardaketak maiatzaren azkenetan hasi ziren, eta karlistek, ikusirik herria ez zela errendituko, biolentzia izugarriarekin jaurti zituzten granadak: “...galbai zar baten ichuran dago / granada zulos josia...” dio hirugarren bertsoak. Deskribapena ezin egokiagoa da, hiruzpalau egunetan 1.000 granada baino gehiago jaso baitzituen herriak (Atzietako etxe bateko horman sartuta bi burni puska ikus daitezke gaur egun, gerra hartako granadak omen dira). Setioa ekainaren 2an amaitu zen, karlistek atzera egin zutenean. Horregatik, ekainaren 2a festa handia izan zen urte luzetan Hernanin, liberalena lehenik eta errepublikarrena gero. Baina maiatzeko erasoaldi frakasatuaren ondoren, karlistek ez zuten etsi eta hilabete luzez jarraitu zuten herri liberala zigortzen. Horretarako bateria gehiago jarri zituzten inguruetan: “...lenaz gain beste bateriya bi / berriyac dizcate jaso...” gerra luze zijoan eta sektore askotatik bakerako deia egiten hasiak ziren. Hain zuzen, sorta honetako laugarren bertsoak ondo erakusten du gerraren etsipena. 1875ean Espainiako Gobernuak invicta izendatu zuen Hernani, karlisten erasoari eusteagatik, eta azken bertsoak dioen bezala tituluba ta diruba eman zion horren truke. Horrela amaitu zen Atenas txiki honen epopeia handia.
Bertso-paperak: XIXgarren mendeko propaganda
Bertsoen jatorriaren enigma, paradigma bihurtzen zaigu kasu honetan, normala baita bertsolariaren daturik ez izatea. Bertso-paperak propaganda eraginkorra ziren gerrate karlistetan, baina egileak ez zuen bere izena inon agertzerik nahi, etsaiaren errepresioaren beldurrez. Jakin badakigu, eskuartean dabilkigun bertso sorta bertsolari liberal batek egin zuela, karlisten euskalduntasunaren topikoari muzin eginez.
[Urko Apaolaza, Hernaniko Kronika, 2007-07-29]
Hernaniri eskainitako beste bertso batzuk badira, autore ezagun batek eginak gainera. Serafin Barojak, Pio Baroja idazle ospetsuaren aitak, zortziko bat eskaini zion “garaitu gabeko” herriari, eta honela dio lehen bertsoak: libertade maitea bandera santua, itxu eskergabeak, abotan artua, ez gerade eroriko, egon segurua, ur-meko inguruan zaude landatua. Serafin Barojak idazlan ugari argitaratu zituen euskaraz eta San Sebastian martxaren olerkia ere berak idatzi zuen. Izan al zitekeen Hernaniri eskainitako zortzikoa, gure herriko martxa kuttuna? agian. Baina patuak ez du horrelakorik nahi izan, eta kapritxo historikoetatik kanpo geratu zaigu, ahanzturan.
[Urko Apaolaza, Hernaniko Kronika, 2007-07-29]
“ERNANIRI” ZORTZIKOA. SERAFIN BAROJA
Libertade maitea,
bandera santua,
itxu eskergabeak
abotan artua,
ez zerade eroriko,
egon segurua,
Ur-meko inguruan
zaude landatua.
Baldin
iñoiz libertadeko
izarren argira
odei arre illunak
bildutzen badira,
oju bat entzungo da
gabaren erdira
deitzen: Ernaniarrak
ta Ernani nun dira?
Zutik, Zutik!
Gora! Gora!
Deadarra dijua
gora, gora,
egan mendiz mendi,
erriz erri, esanaz:
Zutik! -anaiari-.
Gora, bada, guziyak!
Zutik dago Ernani
berriz biziya eskaintzen
libertadeari!
Ta ernaniarrak
eskañiezkero
beren biziyak
nai badira,
azkeneko arnasea,
azkeneko zaña
ustu ondoren
bizirik gabe
eroriko dira.
Libertade maitea,
bandera santua...
Bertso edo itz neurtu auek, beren izenburu eta ondorengo adierazpenarekin, Jose Manterola zanaren bilduman arkitu ditugu. Eskuz idatzita daude. Emen Ernaniko erriari goralpenak egiten zaizkio, bonbardeoa aitatu gabe ordea.
[Antonio Zavala, Karlisten bigarren gerrateko bertsoak]
(1875-IX-28) BERTSO BERRIAK
1
Publikatzea deseatzen det
bertso batzuek berriak,
biotz oneko karlista danak
konsolatzeko jarriak;
beltz oiek oraiñ izan dituzte
galera izugarriak,
umildu eta juanak dira
arrotuta etorriak.
2
Milla zortzireun irurogei ta
urte amabostgarrena,
ogei ta zortzigarren eguna
agorreko illarena,
beltz da karlistak Txoritokitan
batalla egin duena,
laguntza izan dute karlistak
gure Jaungoikoarena.
3
Nazionalak, beltz orienak,
goizeti balienteak,
karabiñeroz eta kintoaz
eskiñe danak beteak;
iskanbilla ta arrokerian
aurrena mikeleteak:
sarri artuko dituztela, bai,
karlista txarren fuerteak.
4
Beltz jende oiek Ergobiatik
asi ziraden aurrena,
San Marko aldera Txoritokitan
mikeleteak urrena;
Oiartzundikan sarrera berriz
gero soldadu zarrena,
refuerzoa Renteriati
aitzenean zetorrena.
5
Erdi mozkortu zituzten eta
iskanbilla ta karrasi,
Tragala joaz ekarri zuten
indarra añe pantasi;
gero karlistak tiroka eta
baionetarekin asi,
guziak illko ez baziraden
sarri ziraden igasi.
6
Lurra betean beltz oietati
dira illda geldituak,
lanikan asko bazuten berriz
eziñ jasoz erituak;
egun onetan eztira izan
gustora ibilituak,
jipoi ederra guregandikan
daude errezibituak.
7
Goizean galak zeuzkaten eta
arratserako lutoak,
Tragala-rikan etzuten jotzen,
musikak ere mutuak;
Muerzak bidean berriz tiroka
ondo akonpañatuak,
modu orretan bizi diranak
dira erretiratuak.
8
Beltz jende oiek itxituetan
pantasi asko daukea,
morallak eta artilleriaz
ematen dute nekea;
kanpo librean onelakoa
maiz bagendu atakea,
kinto txar oiek akabatuta
sarri genduke pakea.
9
D. Eusebio Rodríguez degu
gure jeneral berria,
zorionean Gipuzkoara
garai ontan etorria;
orrek eman du beltz oien kontra
batalla izugarria,
berrizko ere bildurrez dago
aren aurrean jarria.
10
Biba Rodríguez jeneral ona,
ontzat bear dit aditu:
balientea berori eta
mutillak ere baditu;
maleziarik ote dabillen
beti kontuz atenditu,
sentitzen bada justizi egiñ,
betiko bertan gelditu.
11
Ernanin berriz gertatu zaie
komeria bat polita,
itzgai ederra bersoetako
baldiñ baneduka dita;
txoro aizeak karlistaegatik
burlagiten ibillita,
gero ederki nozitu due
kastiguak etorrita.
12
Orra karlistak granadaren bat
tira dute Donostira,
leertu ez ta nolakoa dan
jarri zaizkio begira;
nunbait txikia iritzi eta
burlatzen ibilli dira,
leran sartuta eraman due
berak nai duen tokira.
13
Leran jarrita batek aurreti
ganaduari elduaz,
ezin tiratu balitz bezela
balenkakiñ lagunduaz;
jende guzia parraz begira
burlatutzeko moduaz,
txoro aizeak eskarmentatu
gabeak zeuden munduaz.
14
Urrengo egun berean berriz
Ernaniara tiratu,
ta Kontzejuan bolborak zeuden
parajean allegatu;
danak su artu, etxeak puskatu,
jendeak ill da ondatu,
berreun baño geiago beintzat,
orra jaunak kastigatu.
15
Biba Don Karlos, biba Rodriguez,
biba karlista guziak,
ez ikaratu, lagunduko du
Jaungoikoaren graziak;
ondo bagabiltz ark ez gaduzka
bere eskutik utziak,
penatu arren guk eramango
beltz oiekiko auziak.
Bertsoen egillea nor zan ez da esaten. Bertsoak ere ez dute ori somatzeko biderik ematen. Baiña aurreko sail batean, auen antzeko bertso batzuen egilletzat Altzoko Imaz bertsolaria jotzen zan. Auena ere ez al da bera izango?
[Antonio Zavala, Karlisten bigarren gerrateko bertsoak, Auspoa]
KUBAKO GERRARENAK. TXIRRITA
Espainiako soldaduak Kubako gerran.
Iturria: http://elviajedelahistoria.blogspot.com
Kubako ejerzitoa. Argazkia: Otero y Colominas, Habana.
Iturria: http://hojassdeprensa.blogspot.com
1
Milla zortzireun irurogeita
amaseigarren urtian
ekaitz gaisto batsartu zitzaigun
Kantabriyako partian;
lenago etzan kintik tiratzen
gure sor leku maitian,
elementu au nondik sortu zan
ongi entera gaitian.
2
Kintak jarrita ondorenian
beste ogei bat urtian
zenbait amaren seme onradu
Kuban sartu zan lurpian
guraso askok negar egin du
ura saldu zan artian,
geyenak lutuz jantzi giñaden
Kantabriyako partian.
3
Aberats askok pagatzen zuen,
soldadu juan zenbait pobre
legi ori jarri ez bazan ere
arlotiarentzat obe;
atzenerako extranjerua
egintzan islaren jabe,
len ere Kuba saldu ziteken
oinbeste gizon ill gabe.
4
Oraiñ Errege juan zaigulako
askok biyotzian mindu
ez antziña oin portamenak
ondo letuko bagendu;
aitak biyotza gogorra zuen
orri etzayo bigundu
orañ ederki bizi liteke
naiko dirua egin du.
5
Urte batzuek pasa zituen
erreino ontan nagusi,
Donostiyara bueltak egiñaz
bere fameli ta guzi;
puska ederrak saldu zituen,
etzun ezer erosi,
naikua bildu, duen garayan
Frantzira juan da igesi.
6
Zori gaistuan sartu ziraden,
oyek korteko atian,
lege berriyak jarri zituzten
Euskaldunaren kaltian,
lenago libre bizi giñanak
lotu ginduzte katian.
oraingu ortan ere ez dakit
nola portatuak dian.
7
Milla zortzireun irurogeita
zortzigarrengo urtian.
Urriko illak ogei ta zortzi
zien egun batian,
garai orretan gure Fueruak
sartu zituzten lurpian
errespetua guardatu zuten,
amona zegoen artian.
8
Garai orretan aldegiñ eta
andikan zortzi urtera
doña Isabelak bialdu zuen
karta zorrotz bat kortera,
letu zazuten Bergaran dagon
konbeniyoko papera,
Euskaldunak zer deretxo duen
ortik kontuak atera.
9
Zure amona zenbat egiya
munduan esandakua
ogei ta bederatzi urtian
Erregiña izandakua
orrek altuan zeukan konduta
jetxi nai zuten bajua
emen Fueruak ez galtziatik
aldegiña, da gajua.
10
Lengo gizonak kortiari eta
lege berriyak non nai
esanaz: Ara emen biria,
ortik barrena jon ari.
Amaika burla egiten diyo
jende gaistuak onari,
jeniyu oyek ez dituzu zuk
ikasiyak amonari.
11
Gure errege izandu ori
portatu da oso noble,
gerrik onena baño pakia
badakit degula obe,
orañ Alkala Zamora dago
Españiko jaun da jabe
nolabait ere konpondu dira
odolik ixuri gabe.
12
Semiak lana akabatu du,
beraren aitak asiya,
gizon justua nola atera
oyen tartian aziya?
gure Fueruak kendu zituzten
Abana orla utziya,
len Kantabriya ondatu zuten
t’orañ Españi guziya.
[Jose Manuel Lujanbio “Txirrita”, Bertsolariya]
MELILLAKO GERRA.
NIKOLAS LUJANBIOK ANAIA ANJELI
Bertso auetan aitatzen dan Anjel ori, Nikolasen anaia zan, senideetan gazteena. 1907’garren urteko kintakoa zan, bañan libre gelditu zan. 1909’garren urteko udaran Melilla’ko gerra asi zan; Anjelek soldauzkan bear zuan garaian, beraz. (Argentinatik jarritakoak).
1
Bertso bi jarri bear
dizkat Anjeli’re,
beltzak Marrokian
etzaudek aiskire,
asarretu zaizkigu
bastante guri’re,
ez baintzan atera
kintotzatik libre,
oien igesi laister
emen intzan i’re.
2
Izugarriyak dituk
moro oien ontziyak,
laguntzen omen ziek
aieri Frantziyak,
pasatzen omen zizkak
armak ta jantziyak,
sarri bi milla urte
judasek utziyak,
erdibana dituzte
nunbait ganantziyak.
[Antonio Zavala, Saiburutarrak, Auspoa]
LEHEN MUNDU GERRA, TXIRRITA
Bertso auek 1914-1918’ko gerrari buruz jarri zituan Txirritak. Amaikagarren bertsoan onela esaten du:
Gerra gaizto au eman zutela
au da bostgarren urtia...
Gerraren azken urtean jarriak dira, beraz. Txirrita guka ari da bertso auetan; bera frantzesa balitz bezela alegia. Zergatik ote? Beste sail bateko bertso batean onela dio Txirritak:
Españi ontan bizi izan naiz
iñoizka juanaz Frantzia...
Joan-aldi oietan ain frantzes-zale biurtu ote zan, beraz? Ala Bidasoa’z beste aldeko euskaldunen batek jarri arazi zizkion bertso auek? Ez dakigu zer erantzun, eta galdera oiek bere ortan utzi bearko ditugu.
Baiña aleman-zalerik ere bazan bertsolarien artean, eta bertso auek ordaiñak izan zituzten. Errenteri’ko Jose Ramon Taberna bertsolariak amairu bertso atera zituan; emengo Txirritaren esanei oso gogor erasotzen die.
Iturria: http://forum.paradoxplaza.com
Field Marshal Foch, bertsoetan aipatzen den generala.
Iturria: http://commandperformanceleadership.wordpress.com
1
Zori gaiztoan fundatutako
Alemaniya’ko gerra,
aixa nai zuten eskuperatu
gure erreino ederra;
oraindik ere bada Frantziya’n
diruba eta indarra,
len zan bezela ipiñitzeko
izango degu biarra.
2
Beljika’tikan galdetu zuten
lendabiziko pasua,
jakiñik nola zeguen Paris’a
andik bide erosua;
aitatik ere artubak dira
uste etzan erasua,
porrakatu ta puskatu zuten
naziyo txiki gaxua.
3
Ogei ta amar milla milloiko
asi zitzaigun eskaka,
otso gaizto bat zirudillela
artaldiari oskaka;
jeneral Foch’ek bialduba da
Holanda aldera eskapa,
orain lau urte ainbat erronka
garai onetan ez dauka.
4
Amorratubak ziruditela
etorri ziran Frantzia,
orain esaten errezago da
orduko gure trantzia;
jenerak Foch’ek eman diyote
uste etzuten partxia,
mereziko du diamantezko
estatua bat jartzia.
5
Beren joera Paris aldera
egin ziguten aurrena;
ango etsiyak artu zituzten,
Verdun’a berriz urrena;
sei illabete sutan pasa ta
etzian sartu barrena,
ezta andikan gustora juana
Kaiser’en seme zarrena.
6
Ernegatuta jarri giñuzten
zerbait egin biarrian,
zergatik gerra eman ziguten
arrazoi-bide txarrian;
jeneral Foch’ek artu zituben
danak guziyak aurrian,
gaur iru urte ainbat aleman
ez da Frantzi’ko lurrian.
7
Lenbizi oiek pentsatzen zuten
ilko giñala guziyak,
bañan oraindik gure kuadrillan
bagera gizon biziyak;
indar aundiko armak dauzkagu
soñian ondo jantziyak,
Alemani’ko buru arruak
bajatu ditu Frantziya’k.
8
Aleman batek neri esana,
biyok geundela kafian:
«Kaiser agintzen ikusiko da
laister Parisko kortian».
Zepelinakin aidetik eta
sumarinuak ur-pian,
disgusto asko eman digute
jun daneko lau urtian.
9
Zepelin zarrak bonbaz betiak
goiko oroian tartian,
millaka minak itxasoan da
sumarinoak ur-pian;
oiek sumatzen ibilli dira
berrogei ta lau urtian,
Kaiser Parisen ez da sartuko
Wilson bizi dan artian.
10
Orrek etzuben errespetatzen
legorrik eta urikan;
sententzi txarra emango zaio,
ortan ez dago dudikan;
orrek nai zuben amenazatu
Frantziko errepublika,
berriz Parisen ez du egingo
len bezelako burlikan.
11
Gerra gaizto au eman zutela
au da bostgarren urtia,
oiek besteren interesakin
artu nai zuten partia;
inglesa eta amerikano
gu bezin jende fuertia,
alemanaidi eman diyote
izugarrizko golpia.
12
Laguntzalliak nundik dituben
ezagutu du Frantziyak;
geren setari eutsi diyogu,
ez giñan dudan asiyak;
biba gerra ontan gure fabore
ibilli diran guziyak,
nere partetik ematen diztet
eskerrak eta graziyak.
[Antonio Zavala, Txirrita]
1936KO BERTSOLARI TXAPELKETAN. TXIRRITA
Aldi ontan ere Basarriri utziko diogu itza:
«Aurreko urtean bezela, agurketako bertsoen ondoren, epai maiekoak ezarri dute gaia. Artean «atomikaren» aztarnik etzan arren, esan ziteken gizon aiek etorkizuna ikusten zutela. Gerra, guda, ipiñi zuten mintza-gai.
«Pakerik txarrena obe da gerrarik onena baño» dio lenengo bertsolariak. Pake-denboran sardiña zarrak naiago litukela gerra-denboran txuleta sendoak baño, esan digu beste batek. Mutillak sasoi onenera ekarri, gurasoen laguntza ta itxaropena diran garaian gerrara joan eta geiago ez etxeratze orrek sendietan ekartzen ditun negarrak gogoratzen dizkigu beste batek. Danak an ari dira zein baño zein iaioago ta bizkorrago gerra nundik azpiratuko ta nork geiago gorrotatuko.
Azken aulkian Txirrita dago; amargarren bertsolaria da bera. Zerbait somatu bearrean da, baña gauza berria somatu nai luke. Ainbeste tristuren artean parre-algara sendoak aterazteko zerbait. Bai sortu ere, arranetan! Begira nola:
Zenbat errezo egin izan det
nere denboran elizan,
ta pozik nago ikusirikan
pakian nola gabiltzan;
ni naizen bezin kobarderikan
iñor ezin leike izan,
semeak gerra ez joateatik
mutil zar gelditu nitzan.
Saio ontan beste bi bertso auek ere bota zituen Txirritak:
Asko dirade nai lutekenak
mundu danian nagusi,
pakian bizi diran kristauak
bere soldadu ta guzi.
Orlakuari tira atzetik
joan dedilla igesi,
gerra nai duan gizonak ez du
salbaziorik merezi.
Okasiua ara, jendiak,
nola gerta litekian,
obea degu gerratan baiño
bizi umore onian.
Zenbait bezela ez naiz izaten
fondetan eta kafian,
gerran gosiak baiño naigo det
naikua janez pakian.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
NERONEK TIRAKO NIZKIN. SEBASTIAN SALABERRIA
“Gure agintariak esan ziguten bazegoala beste erri bat
Yurre izena zuana, gure kontrarioen mende zegoana,
eta uraxen artu bear genduala. Agintariak erabaki zuten
gure konpañia zala erri ori artu bear zuana,
eta ala erten giñan gu Yurre aldera.”
Iturria: http://www.arratia.net
(...)
Mayatzaren ogei ta laua zan, eta bero ikaragarria gañera.
Bide erdian bezela, arkitu genduan irurogei ta zortzi edo amar bat urte zituan gizon zar bat, euskaldun bizkaitarra, andikan onera bidez-bide zetorrena.
Kapitanak zenbat eta zer jende zegoan jakin nai zuan, eta asi zitzayon zer edo zer galdetzen. Bañan aitona zar arek etzekien erderaz mintzatzen, eta gure kapitanak ere ez euskeraz, eta ola esan zigun orduan:
— ¡A éste no se le entiende nada! ¡A ver si hay algun vasco que pueda hablar con este señor!
Orduan guk galdetu genion:
— Zer degu, aitona? Nora zoaz?
Eta erantzun zigun:
— Onera zuengana! Or ez dago bizitzerik! Or ez dago bizitzerik!
— Zer ba?
— Zer ba? Beste askori bezela, neri ere ostu dizkidate etxean nituan beyak, txalak, olloak eta gauza guztiak! Aspertu naiz jende orrekin bizitzen eta zuengana nator!
Kapitanak esan zigun galdetzeko ia Yurre erri artan jende asko zegoan, eta gizon zar arek erantzun zigun:
— Ez dago iñor erri ortan! Aldegin dute danak, beren kañoi eta gerrarako tresna.
— Aizu, aitona: ia egia dan zuk esaten dezuna, or ez dagoala iñor erri ortan.
— Orixe! Etzerate piyatzen? Ez bazerate piyatzen nik esandakoakin eta erri ortara bazoazte, neroni jarriko naz zuen aurretik, eta erakutsi eta lagunduko dizuet!
(...) Orrelaxen joan giñan bide guztian: gizon zar ori gu baño amar bat metro aurrerago zala, eta gu fusilla bizkarrean konfiantza osoan.
(...) Erri guzia ixil-ixilik zegoan, eta, errian sartzen asi giñan momentuan, aiton ori rau!, ezkutatu egin zitzaigun erriaren sarreran zegoan etxe batean.
Eta ura ezkutatu zanean, zabaldu ziran erri guztiko leyo-zuloak, eta danak fusillakin eta ametralladorakin ikusi genituan. “Oraintxe egin diagu lan ederra!”, esan genduan.
Ekin zioten alde guztietatik gure kontra tiroka. Balazoak kazkabarra bezela zetozten. Gu danak bistan giñan, eta bakoitzak al zuan tokira ezkutatzen asi giñan.
(...) Batzuk erri inguruan zabaldu ziran, eta beste batzuk berriz etxe baten atzean gorde giñan. Batzuek esaten zuten:
— Emen gaizki gaudek, eta atera egin bear diagu emendik!
Bañan bein andik atera ezkero, etzegoan ezeren babesik, dana garbi baitzegoan; eta ateratzen ziran danak, an il edo eritzen ziran. Eta jakiña: ayek ala ikusi ta besteak bertan gelditu giñan.
Bañan gure sarjentoa ere an zegoan, eta ala esan zigun bere pistola aundia erakutsiaz:
¡Hala, muchachos! ¡Hay que salir de aquí en seguida a luchar!
Ala, pentsaturik antxen izango zala nere azken ordua, Jaungoikoari otoitz egiten asi nintzan:
Jesus, Jesus! Lagun zaiguzu ordu larri ontan!
Ori esanaz atera nintzan ni andik. Ikusi nuan etxetik amabost bat metrora nola zegoan aran-arbol zar bat, eta arentxen ipurdian gorde nuan nere burua. Burua maite, noski!
Nik tiro bat tira nuan, ez dakit nora, bañan oñak nunbait bistan gelditu ziran, eta berealaxen eman zidaten tak! oin batean. Begira jarri nintzan, eta tak! bestean.
Tiro batekin, nola baitzan “bala explosiva” izenekoa, ezkerreko oñaren erdia puskatu eta zintzilik utzi zidaten; beste tiroarekin eskubiko zankoan ebaki edo zauri luze bat egin zidaten.
(...)
(Iruñeko Ospitalean zegoela) Egun batez, gutxiena pentsatzen nuan garayean, nere oyaren gañean exerita zerbait irakurtzen negoala, an ikusten det atean gizaseme bat sartzen dala. Jartzen naiz berari begira, eta zein izango, eta Kaximiro!... (anaia)
Berak ere bereala ezagutu niñun, eta etorri eta eldu zidan lepotik. Asi giñan biok negarrez, eta alkarri zer esan asmatu ezin genduala egon giñan pixka batean, arpegiak pareta baño zuriago eginda pozaren pozez.
Gero noizbait asi giñan izketan, eta galdetu zidan:
— Ze erida klase dituk?
— Ara, motel, gerrak zer aurrerapen ditun: tiro batekin eskubiko zankoan zauri luze bat egin zidateken, eta beste tiroakin berriz ezkerreko oña puskatu eta zintzilik utzi, eta orain moztuta zeukat.
Berriro galdetu zidan:
— Nun eritu iñuten?
Eta nik erantzun nion:
— Yurre izena duan erri batean.
— Yurre-n? Zein egunetan?
Mayatzaren 24-an eguerdiko ordubata inguruan.
Eta gizarajoak, negar samiña egiñez, bizkarretik eldu eta erantzun zidan:
— Orduan ire oiñ oyek jo zituzten balak neronek tiriak izango dituk! (...) Atake artan ni ere an niñuan!
(...)
PASARTEA BERTSOTAN
Askotan oroitzen naiz nere gerra-denboraz. Eta egun batez, ala gogoak emanda, bertso auek jarri nituan:
Mila beatzireun gañera ogeita
amaseigarren urtian,
gerra triste bat sortu zitzaigun
Españiyako partian;
esan biarrik ez dago zala
soldaduentzat kaltian,
ni ere kintak arrapatuta
oro ibili naiz tartian,
amaika amaren seme sartu da
urte auetan lurpian.
Bizkayan Yurre izena duan
erri batian sartuta,
bizirik juxtu atera nintzan
sari ederra artuta;
Mayatzak ogei ta lau zituan
egunian erituta,
kamilleruak jaso niñuten
geyena odol ustuta,
ospitalera ekarri naute
tiruak anka moztuta.
An bi anayak alkarren kontra
giñala guk ez genekin,
inkurriorik gabe alkarri
tiroka fusillarekin;
urrena berriz ospitalian
bildu giñan alkarrekin,
negar egiñaz berak esana
ordun pena ederrarekin:
“Ire oiñ oyek jotako balak
neronek tirako nizkin”.
[Sebastian Salaberria, Neronek tirako nizkin]
ESPAINIAKO GERRA TRISTEARI. SEBASTIAN SALABERRIA
Santa Barbarako harresia.
Iturria: http://meta.gipuzkoakultura.net
1936’garren urtean gerrate triste bat sortu zitzaigun Españia’n; eta, naiz batak bestearentzat gorrotorik izan ez, anaiak alkar iltzen ibili giñan. Gerrate au piztu zanean, nik ogei ta bat urte neuzkan eta soldadu joan bear izan nuan, beste millaka asko bezelaxe. Or ibili nintzan bala tartean larri; eta gero, bi tiro oin bakoitzean bana arturik eta ezkerrekoa moztuta, an arkitzen nintzan Iruñe’n, ospital militarrean, eta denbora pasa bertso batzuk jartzea bururatu zitzaidan gerrate orri buruz.
1
Amaika bider esan izan det
mutil koskorra nintzala:
ogei bat urte nitunerako
gerra urbilduko zala.
Zoritxarrez bai etorri ere
nik pentsatuta bezela,
ezin ukatu bala tartean
larri ibili naizela,
samindurikan diot gauzarik
negargarriena dala.
2
Milla beatzireun ogei ta amasei-
garren urtean ain zuzen,
Uzta-illaren emezortzian
gerra triste au pixtu zen.
Nik ogei ta bat urte neuzkan da
soldadu berialaxen,
agintariak gogor zioten:
“Fusillak artuta goazen!”
Gaur nik bi oñak osorik neuzkan
ori gertatu ez bazen.
3
Neronek ere igartzen nion
iritxi zala denbora,
ta larriturik esaten nuan:
“Soldadu joan bearko da”.
Eunka mutil gu Donosti’ra,
lenengo Gobiernora;
ardien gisa bildu ginduzten
danak alkarren ondora,
gero emendik sarjento batek
Norte’ko estaziora.
4
Trenean sartu, Aitaren egin,
txorakeriak utzita,
gerrate ontan ilko giñala
baigeunden oso etsita.
Negarrez asi giñan geienok
ezin genion eutsi-ta,
jende guztia kupiturikan
gu ain triste ikusita,
aiek eta gu agurtu giñan
begiak malkoz bustita.
5
Iritxi giñan Iruña’ra ta
geienak infanterira,
larriagoak ziran batzuek
ta aiek artillerira.
Bertan ikasi instruzioak
eta gero Bitori’ra,
gauz auek nola gertatu diran
zuzen datoz memorira,
nola eraman ginduzten danok
Billarreal’ko mendira.
6
Martxoko illaren azken aldera
guk lenengo atakea,
kañoi, egazkin, mortero, fusil,
danak antxe jo ta kea.
Eun bat metro beti aurretik
gure gidari tankea,
egun guztian danok laixterka,
ura orduko nekea!
Pentsatzen gendun berialaxen
egingo zala pakea.
7
Artu genduan Billarreal da
jarraitu Bizkai aldera,
kontrarioak atzeraka ta
gu geienean aurrera.
Bizi giñanak asko zauritu,
iltzen ziranak lurrera;
mendi oietan komeri latzak
ikusiz ibili gera,
ta aizkenean etzan goxoa
Yurre erriko sarrera.
8
Beste aldetik aitona zar bat
etorri zan guregana,
esanaz nola utsik zegoan
Yurre erri ori dana.
An sartu giñan xinisturikan
gezurti aren esana,
burruka gogor ekin genion
ta lurrera iltzen zana,
berialaxen neuri bi tiro
oin bakoitzetikan bana.
9
Lagun on batek atera niñun,
ain negon trantze txarrean,
antzika neure zaurietatik
odol ustu bearrean.
Geroxeago ni Bitoria’n
bi medikuren aurrean,
oña moztuta jarri niñuten
oe zuri ederrean,
ta gaur Iruñe’n arkitutzen naiz
ospital militarrean.
10
Aldamenean dagon batentzat
egoten naiz kupituta,
nor ez litzake urrikalduko
oin biak motzak ditu-ta?
Zutik jartzeko esperantzik ez
orrenbeste sufrituta,
gure Jainkoak bakarrik daki
nola gauden geldituta,
geuren sasoirik ederrenean
betiko elbarrituta.
11
Dotriñak garbi esaten digu,
nai badegu irakurri:
inbiria ta gizon iltzea
nundik zaizkigun etorri.
Kain gaiztoak Abel il zuan,
begira zaiogun orri;
baña oraingo gerra triste au
ezberdiña izugarri:
anaiak bata bestea iltzen
gorroto gabe alkarri.
12
Gure aurreko guraso zarrak
askotan esanak daude:
gerrik onena baña pakerik
txarrena degula obe.
Jesus maitea, ordu guzitan
zure bearrean gaude,
eskatzen dizuz Zu zeralako
zeru lurren Jaun da Jabe:
pake gozoa eman zaiguzu
odolik ixuri gabe.
[Sebastian Salaberria, Nere soroko emaitza, Auspoa 172]
TERUELGO BERTSOAK. PAULO ZUBIARRAIN
Etorri zan gerra; ta ni, lenengo, alde batetik ibilli nintzan, Bizkai aldera joanda. Baiña Bilbao artu baiño lenago, iru izkutatu giñan da etxe aldera abiatu. Beste aldera pasa. Bat, arrapatu ta il-edo egingo zuten. Ez da azaldu geiago. Bestea bizi da. Kalera jetxi ta an ibilli omen zan. Egun batzutan ez omen zion iñork ere kasorik egin. Gero arrapatu zuten. Ni, berriz, illunabar aldean abitu ta gabaz ibiltzen nintzan. Lendabiziko, nere burua Legazpi’n ezagutu nuen Gipuzkoa’ko lurretan. An trenbidera jetxi ta Tolosa’raiño trenbideaz etorri. Ortik Uzturre mendira igo ta Amasa’ko atze ortan barrena etxera allegatu, zutik egoteko gauza ez nintzala. Etxean ez dakit zenbat denboran egon nintzan gordeta, sagardo-upelaren barrenean. Ta gero:
— Nortea artu ditek eta gerra bukatu dek, motell!
Sinistatu ta azaldu nintzan. Bai besteak artu ta ostera gerrara eraman ere. Teruel’go batallan an egon giñan, asi ta buka, elurretan da jeletan. Ederrak pasa genituen. Ordukoak dira bertso auek. Baiñan ez nik bakarrik jarriak. Naparroako Zubietakoa, Joxe Bera esaten zioten bat bazan gurekin eta ura asi zan bertsoak jartzen. Nunbait ezin zituen ondo osatu ta neregana etorri zan, ea lagunduko nion. Orregatik arek asitako bertsoak dira. Pentsatzen asia, ta osatzen edo bukatzen nik lagundu. Mordoska jarri genituen. Arek batzuren batzuk eskribitu zituen. Nik bat ere ez.
...
Gerra bukatuta, batean Zestuan giñan Uztapide ta biok, bertsotara joanda, ta ango taberna batean bertso oiek kantatzen ari ziran. Onela esan nion Uztapideri:
— Ola ta ola guk jarriak dira bertso oiek.
— Bai zera!
— Bai. Zortziren bat baziran, eta orain burutik joanak.
1
Milla urte pasa ta
bederatzireun, (bis)
aurten oi ta emezortzi,
garbi esan zagun.
Teruelen bakarrik
ogei milla lagun
il eta erituak
illabete barrun;
eztakit zer biaje
atera biagun.
2
Jela ta elurtea
zegon Ilbeltzian, (bis)
Naparroko Brigadak
sutan sartutzian.
Sanoak gaixotu ta
eriak il zian,
kontatuko ditugu
nork geren etxian
zer sufritu genduen,
au bukatutzian.
3
Lastimagarria da
emen pasa dana, (bis)
lutoz jantzita daude
zenbait aita ta ama,
baita alargundu’re
makiña bat dama;
soldaduak lan egin,
jefeentzat fama;
kondenatua dago
au sortu zuana.
4
Gizon jakintsu oien
inbentu aundiak: (bis)
fusil eta mortero,
tanke ta kañoiak,
ta beldurgarrienak
dira abioiak;
oien azpian gaude
urrikalgarriak,
kulpik gabe etxetik
iltzera ekarriak.
[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela, Auspoa 190]
GERRAREN OIHU ISILA. UNAI AGIRRE
Hernaniko plaza bonbardatua.
Iturria: MCU. Archivos Estatales.
Argazkiaria: Mario y Otero.
I
Hernani herri bildua;
bizi beharrak zaildua;
lanean korapildua.
Mila beatzirehun hogeita hamasei
triste hartan abaildua;
nahigabean amildua;
uztail beltzak umildua;
tiro hotsek isildua.
II
Gerrako abioi tutu,
lubaki erdi-ezkutu,
elkarren aurka estutu...
Kanposantuko pareta zaharrek
zer ez zuten ezagutu?
Zahar eta gazteak juntu,
bala errazen jo-puntu;
orduan ziren mututu.
III
Herri honen azpi lotsak,
desberdinak guztiontzat,
zer indar dun heriotzak!
Galarretatik Tellerigaina
zeramazkiten hilotzak...
hausten zituen bihotzak,
eta isiltasun hotzak:
gurdiaren negar hotsak.
IV
Herriko jende aparta
lurperatu zen hamarka,
zapata eta abarka;
izeba zenak, izen abizen,
esan zizkidan bakarka...
falangista eta carca
denez oroitzea marka!
ta ni mututzea barka...
V
Suntsitze antolamendu
hau da gordean mantendu,
nahiz ta seguru gauden gu.
Ondarretako kartzela zena
gogotikan ezin kendu!
Urri, azaro, abendu,
itsasoak ekartzen du,
baldin entzun nahi bagendu.
VI
Galdutakoen altzora,
oroigarri eta lora,
jarri duenik asko da.
Hor lurperatu omen zituzten
berrehun gorputzetik gora;
berriz hezurrak kanpora,
eraman ziren gerora,
norbaitek badaki nora...
VII
Kanpandorreko ezkila;
agonian norbait hila,
hiru urtez zenbait mila...
Hernanin hainbat hildako utziz
joan zen Gerra Zibila;
askok jarraitzen du bila,
eskatuz entzun dadila:
gerraren oihu isila.
[Unai Agirre, Argia 2311. alea 2012-02-19]
1997KO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETAN. JEXUX MARI IRAZU
Santa Barbarako harresia.
Iturria: http://www.guregipuzkoa.net
Gaia: Gaztetan eraman zintuzten gerrara. Gaur, zahartuta, gerrako zeure zauriei begira zaude.
Doinua: Habanera.
Goitik agindua eman:
“fusila eskutan hartu”,
gerraren gogortasuna
txikitatikan probatu;
frenteko lehen lerroa
ederki nuen gozatu,
etsaia ala laguna
aurrekoa tirokatu!
Mendian gora ta behera,
han ezin gendun nekatu;
orain begiak malkotan
ta ezin dira lehortu,
nere zauriei begira
begiak zaizkit lausotu,
zauriak ez dira itxi
ta gerra ez da bukatu.
Nahiz barrutikan beldurrez,
itxuraz behar zan trebe;
odola ez zan neretzat
sorpresa ta nobedabe;
Gerran maltzurkeri dana,
ezin da izan herabe,
nere bizia arriskuan
ezin nun utzi debalde.
Nahiz beti zalantzan izan
han gelditu edo alde,
beti onartzen ditugu
kanpokoen hainbat lege;
beti behar ote degu
etsaien zaurien mende?
Ordun zatitu gintuzten
ta oraindik hala gaude.
Nere desioan kontra
aberkide harei tira,
nork murgildu ninduen ni
hainbesteko sarraskira?
Orain hurreratua naiz
jubilazio eztira.
Oraindik gogoan daukat
orduko gauen dizdira;
halare barru-barruan
biharko egunan desira,
begiak itxita goxo
etorkizunai begira,
nere zauriak, badakit,
lurpean itxiko dira,
ojala herriarenak
han itxiko ez balira!