—gaiak—
BERTSO PAPERAK
ERBIAREN BERTSOAK. SANTA KRUZ
Ama Birjiña Kontzezioko egun batez, bere terrenoai buelta ematen zijoala, sagasti batean erbia lotan zegoala ikusi zuan. Etxera etorri, bere pistoizko eskopeta artu ta sagastira joan zan berriro, ixil-ixilik. Erbia lengo tokian arkitu zuan, lotan oraindik ere. Tira dio, bañan su artu ez... Tximinetaren otsarekin, berriz, erbiak esnatu ta alde egin zuan, tximista bezin azkar, eiztaria esku utsik gelditzen zala.
Andik, naigabea kentzera-edo, sagardotegira joan zan gure bertsolaria. Erbiarekin zer pasa zitzaion lagunai kontatu zien, da auek, gertaera arek bertsoak jartzea merezi zuela, da arren da arren jartzeko asi zitzaizkan. Baita jarri ta paperetan inprenta-arazi ere. Lenengo txandan, 1.000 paper atera zituan. Ta oiek artuta, Donostira joan zan seme zaarrena, Jose. Paperak, bosna xentimo ematen zituan, baita egun artan bertan, guzi-guziak saldu ere. Orduan, beste 1.000 paper inprentatu zituan, da Tolosara joan zan saltzera. Baita emen ere guziak saldu. Zoritxarrez, ordea, bi milla paper oietatik ale bakar bat ere ez da gure eskuetaraño etorri.
Bertsoak, emen jarri degun eran, Tolosa’ko Baleriano Mokoroa zanak eta Pedro Santa Cruz’en semeak, Gregoriok, buruz zekizkiten bezela daude, bien artean sailla osatuta, bertso baten erdia izan ezik, irakurleak ikusiko duanez.
1
Para biar nituzke
zenbait bertso berri,
Adunan zer pasa dan
itzegiñez garbi;
nola peatu didan
erbi batek neri,
jakiñ nai dituena
atenditzen jarri.
2
Birjiña Kontzeziyoko
arratsaldian,
rejistruan nebillen
nere sagastian;
erbi bat ikusi det
sasi-bazterrian,
lo etzanda dagola
patxara ederrian.
3
Etxera joanda ekarri
nuan eskopeta,
baita ustez erbiyari
ederki apunta;
be ankai tira niyon
ta ederki salta,
surikan ez dit artu
pistoia ez lertuta.
4
Tximenetaren otsa
entzun duanian,
denbora asko ez du
pasa sasi-pian;
beldur enemigon bat
ote zun gañian,
gutxienaz salta da
larogei oñian.
5
Lurra jo duanian
ai aren abira!
junturak bigun zeuzkan
itxurak badira;
aldapai gora ekin
diyo ensegira,
etzan luzaro egon
atzera begira.
6
Sagastian jetxita
laster zan soruan,
golde bat lur pasa du
lenengo saltuan;
gero boteka asi da
a pie-ka juntuan,
“ez natxiok iretzat”
ark bere goguan.
7
Alako martxarikan
zuanik erbiyak,
sinistuko ez nuen,
orra esan egiyak;
arin zeramazkiyen
anka ta ipurdiyak,
laster ein ditu nere
bistako aldiyak.
8
Itxoiteko esan nion
bañan etzan jira,
errespuesta eman balu
utsa zan sikira;
ni mogitu baño len
joan zan urrutira,
ez agur ta ez ariyo
egin dit partira.
9
Erbi ura ez dago
nigana koleran,
sano utzi deralako
oraingo bolaran;
ark esango du: “Pedro,
zer gizon ona dan!”,
ain gaizki tratatua
apenas juana dan.
10
Neri suak utsegin
eztu egin negarrik,
ondorian atera
bai salto ederrik;
belarriak erne dauzka,
listo anka gorrik,
San Gregorioi ez dauka
promes in biarrik.
11
Arrapatu ezkero
balitzake nork jan,
ai zer kazuelakada
ederra dadukan!
.....................
.....................
12
Orra amabi bertso
para erbi bati,
iltzia uste nun baña
sano da nigati;
zerri aulak ezkurra
amets oi du beti,
jan nai genduan baña
egin digu tati!
[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]
(1889) “DESGRAZIA BAT SUZEDITU ZAT...” PATXI BAKALLO
Bertso auek Argentina’n inprenta-arazi zituan Patxik. Kanta-papera, Isaak Lopez-Mendizabal jaunak bialdu zidan andik. Onako moldiztegi ontan argitaratua da: “Tipo. Lito. La Nueva Central Piedad 1041“.
1
Milla zortzireun larogei eta
beatzigarren urtean,
desgrazia bat suzeditu zat
Buenos Aires’ko partean;
egun aretaz oroituko naiz
biziya dedan artean,
mediku ona ez banu izan
sartua nitzan lurpean.
2
Alanbre batek enredatuta
makur bota det pausua,
kosta zitzaidan nere gorputza
lurretik ezin jasua;
espalda atera bi tokitatik,
ausia neukan besua,
asko pentsatzen ez nuen bañan
zer ordu lastimosua!
3
Pedro San Martin deitzen dioten
mediku kuranderua,
ez da posible arrapatzia
gizon bat leialagua;
puñu azkarrak, jakintsua da,
kariñoz ere berua,
nere partetik bizi bedi ongi,
iltzen danean zerua.
4
Lastimatuta dagon gizonak
dauzka alderdi laburrak,
Don Pedro jaunai abisatu diot
ausi ditudala ezurrak;
alde batera etortzia nai,
bestetik berriz bildurrak
pasa bezela kontatzen ditut,
oiek ez dira gezurrak.
5
Etorri eta abiatu zat
“Zer dezu, Patxi?” galdezka.
“Len zuzen zeuden ezur pobriak
ona nun dauden trabeska.”
Ikusi eta kontestatu dit:
“Ez ikaratu, deus ezta.”
Nere goguan: “Naiago nuke
atzo bezela baneuzka!”
6
Pedro San Martin famatua da
Amerikako lurrian,
neonek prueba ikusia naiz
nere begien aurrian;
probatu eta jakiten dira
mediku azkarrak nor dian,
zenbait lekutan gertatu banitz
ez negon leku txarrian.
7
Akordatzeko moduan ditut
egun artako pausuak,
sufritutzeko sortua naiz ni
samiñak eta gozuak;
ez izan arren prezisamente
terreno peligrosuak,
uste ez diran parajietan
badaude estrapozuak.
8
Arras batian gertatu banitz
beste askotan bezela,
testimonioz sortuko zuten
Bakallo mozkorra zala;
egun argitan suzeditu zan,
lanian ari nitzala,
ordu gaiztuan allegatzetik
jainkoak guarda gaitzala.
9
Bertutiaren indarrak dira
gugandik diperentiak,
ori sinisten ez duten denak
dirade inozentiak;
naiz izan bitez gizon azkarrak,
igual komerziantiak,
gure jainkoak nai duen artean
gerade balientiak.
10
Esan dirade alanbre orri
eskapatu izan banio,
... zi galduak izaten ditu
edozein erremedio;
datorrenari ongi etorri,
dijuanari adio,
pazientzia artu biarko det,
bestenaz eztu balio.
11
Bestek jana eman, bestek bestitu
lotuta nagon lekuan,
geienaz ere ala jartzen da
lapur andi bat zepuan;
besua ausita, triste burua
nenguan klase bajuan,
iñoiz aisago kaminatu det
Buenos Aires’ko kanpuan.
12
Amaika salto ibiliya naiz
errioan ta legorrez,
askok bezela banidaderik
ez det izandu indarrez;
franko manejuz gobernaturik
gorputza obeto biarrez,
familia dena aunditua det,
ez daukat aurrik negarrez.
13
Berrogei ta emezortzi urte
kunplitzen zaizkit Urrian,
asko ikusteko sortua naiz ni
mundura larru gorrian;
ni gertatu naiz mendian eta
igual plazaren erdian,
nik ainbat kopla botatakorik
gutxi da Euskalerrian.
14
Ezurra ausita lastimosoa da
gizon zarraren erida,
ni bezela iñor gertatzen bada
egon zaitezte begira;
istanpatian atrasatu det
bizimoduko segida,
paseak pasa, konforme nago,
orain sendatzen ari da.
15
Paper batian ortxen dabiltza
amasei bertso berriak,
marka aundirik ez lezake egin
gizon beso-elbarriak;
bestela etzuten ikasiko ere
parientien erdiak,
izenetikan jakin dezaten:
Patxi Bakallok jarriak.
16
Azkenerako kalkulatu det
bertso batzuek saltzia,
nai det jendeak zertako diren
abertentzian jartzia;
mediku eta botika eta
sangijuela eta partxia,
bentaja aundia dator neretzat
orrekin pagatutzia.
[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]
BETROIARENAK. XENPELAR (1835-1869)
Bertso berriyak jartzen
orain naiz abiyan,
predikatzera nua
Euskal-erriyan;
betroi batartu nuen
Ernanin feriyan,
galantziya egingo
zuela agiyan;
tristura begiyan,
beti auleriyan,
ez aren premiyan
nere fameliyan;
Senpelarrek dakizki
Errenteriyan.
Ostegun joan danian
amabost Ernaniñ
betroiaren tratua
genduen egiñ;
Inaziyo saltzalle,
erostuna Fermiñ,
emeretzi ezkutu
geniyon eragiñ;
sabelian du miñ,
iñork ase eziñ,
artuari muziñ,
eztu nai edoziñ;
atzetik biar ditu
zazpi medeziñ.
Informe txarrak dira
orrentzat auzotik:
espalda ateriya,
urgun besotik;
eztula ta antziya
ukullo-zokotik,
desterratuko nuke
nik nere bototik;
amarra lepotik,
grilluak orpotik,
makillaz ondotik
jotzen det gogotik;
etzaio ajolarik
ezerengatik.
Oraindik gaztia da:
ogei ta sei urte;
ernari omen ditu
bost illabete;
nik eztiyot igertzen,
ala esan dute,
gezurra baldin bada
engañatu naute;
aragiya aparte,
ezurretan torpe,
zañak dauzki fuerte,
zeñek nai du merke?
zikiro baten truke
emango nuke.
Kara iguala du
aurrian ta atzian,
basurdia diruri
zutik jartzian;
konsuelo bat daukat
nere biotzian:
bizirikan gelditzen
bada Ilbeltzian,
ori umatzian,
esnia etxian,
gazta abatsian,
gazura arratsian;
belarrak gizenduko
du Maiatzian.
Zure arboletikan
datorren loria,
frutua konserbatzen
pare gabia;
umatzen baldin bada
ai zer poderia!
guardatuko diot
bere onoria;
orren koloria
beltza ta moria,
juan zaio floria,
lenago obia;
nere fameliyaren
ondadoria.
Begi bat itxua du,
adar biyak motzak,
krisellua dirudi
aren kokotzak;
ikaratutzen gaitu
eztularen otsak,
burlaka asi zaizka
elizatik ontzak;
sano dauzka ortzak,
agiña zorrotzak,
tristura biotzak,
dantzan dabill otzak;
eztiyo onik egin
leku arrotzak.
Borroka dabillela
juan zaizka adarrak,
eziñ sujetaturik
bere indarrak;
lurrera botatzen du
euliyaren kargak,
talentu onak dauzka
nere betroi zarrak;
jendiaren farrak
ez dirade txarrak;
ganadu elbarrak
juntura igarrak;
burruntziya diruri
aren bizkarrak.
Nere betroiak ez du
auko loalia,
egunero nai ezik
ogi-alia;
alare eziñ jaso
lepoko jualia,
buruba makurtuta
zerbaiten galdia;
aren zaldalia
ezta debaldia,
gauza onen zalia,
bizkotxo jalia;
malezi asko duen
arrantzalia.
Buruba jarri zaio
lurrera begira,
belarriyak zintzilik
ai zer segira!
albaitero guziyak
ikaratzen dira,
zeñek sendatuko du
orlako erida?
bajatzen ari da
irutatik bira;
au nere perdida,
nork nai du erdira;
bañan eztet eman nai
Euskal-errira.
Urtiak gallendu ta
ajiak azaldu,
daukanak obe zuen
artu ezpalu;
etxetikan kanpora
eziñ det bialdu,
joka asten naiz bañan
laister urrikaldu;
aragiya galdu,
larrua ona du,
ezurrak onradu;
frantzesak nai badu,
laban-kirtenetako
obe detsaldu.
Orra bertso berriyak
Senpelarrek para,
askok jakin dezala
nere euskara;
ustez alabatu det
betroiaren kara;
ukulluan eztulka
pasatzen du gaba;
au gure ikara,
sano du ijara,
guziya tripara,
orlakua zara;
desterratu nazazu
gezurra bada.
[Bertso jarriak, Xenpelar. Auspoa, 1969. Klasikoen gordailua]