—bertsolariak—
AGUSTIN PASCUAL
UGALDE ITURRIAGA
“AGUSTIN ITURRIAGA”
1778an Hernanin jaioa
1851n hila
Agustin Pascual Ugalde Iturriaga.
Iturria: Auñamendi Entziklopedia.
Hernaniko bilerak Zuaznabartarren etxean egiten ziren
batzuetan, Iturriagarenean ere bai aldian behin.
Iturria: http://guregipuzkoa.com
LAU GERRA BIZITAKOA
Lau gerra-aldi bizi izandakoa dugu Iturriaga: Konbentziokoa lehenik (1793-95); Independentziako gerra (gure artean Frantsestea esan izan dena) gero (1808-13); “Trienio Liberal-konstituzional”-ean (1820tik 23ra) erregezaleek egindako altxamendua hurrena; eta, azkenik, gure herriaren historia hain sakon markatu duen Karlistada: Lehen Karlistada (1833-39). Hamasei urte luze bizi izan zen Agustin, era batera edo bestera, ekintza armatuen erdian.
ETXE ONEKOA ETA INGURUA
Etxe onekoa zen Agustin: “zezakeen jendea” ziren Pascual Iturriagatarrak. Zezaketenak eta, herrian zein Probintzian, zezakeen jendearekin harreman estua zutenak.
Gipuzkoako jende ikasiarekin, Hernaniko eta Donostialdeko jende ilustratu eta, oro har, liberal famakoarekin bildu ohi zen sarri Agustin.
Donostiako bilerak Fermin Lasala Collado “Mandasko duke”aren gurasoen etxean egiten ziren, askotan. Gipuzkoako gizarte-hierarkian goi-mailan zegoen jendea biltzen zen Hernaniko eta Donostiako bilera horietara. Jende ikasia, ilustratua; gizartearen esparru instituzionalean, ekonomikoan edo kulturalean goi samarrean zegoena edo gorabidean zihoana.
Euskaltzale eragilea zen Agustin, eta bere moduko kezka-gogoak ageri zituzten gipuzkoar eta euskaldun gehiagorekin harreman estuak izan zituen. Deigarriak dira, alde horretatik, Juan Inazio Iztuetarekin izandako harremanak, bai gutunez eta bai aurrez aurre. Aieteko parean, “Oriyamendiko gañean” egin ohi zituzten elkarrizketak, zenbaitetan behintzat. Euskara aurrera nola atera, hori izaten zen itxuraz “goi”-bilera horietako solasgai nagusia. Lagunarte dotorea eta euskaltzale-taldexka bizia: horiek izan zituen bere harreman-sarearen oin biko oinarri.
Pedagogo ona izateagatik dugu Iturriaga batez ere ezagun. XIX. mendeko bi iritzi-joera handietako batetik, pentsaera ilustratu-liberaletik, zetorren Iturriaga: hori zuen etxeko giroan eta lagunarte jasoan gidari, eta bide horri eutsi zion, bere gorabeherekin, bizi izan zen artean.
Gatozen, azkenik, Iturriagaren etsaietara. Horrelakorik ere askotxo izan zuen Iturriagak bere bizian. Denetan agiriena, jasotako datuak zuzenak baldin badira, Hernaniko “beste” irakaslea: Mariano Arizmendi. Etsai okerrenak badirudi, halere, paperetan ageri ez direnak, edota hala seinalaturik ez daudenak, izan zituela. Herrian bertan izan zituen, itxuraz, etsairik gogorrenak. Uste izatekoa da, apezpikuak herritik desterratu zuenean erabaki horren xaxatzaileak ez zebiltzala batere urruti.
ESKOLA BERRITZAILEA
1817an, gizarte-giroan aldarte politiko egokia izanik hartarako, bere anaia Cayetanorekin eta herriko maisu eta organo-jole Manuel Larrarterekin “casa de educación” edo ikastetxea zabaltzea pentsatu zuen Agustinek. Ikastetxe pribatua zen berea, herri-kaskoan lehendik zabaldurik zeuden beste biak (Herriko eskola eta Mariano Arizmendiren pribatua) osatzera zetorrena. Tramite guztiak amaitu eta 1818an zabaldu zuen Iturriagak ofizialki, bere ikastetxea. Berritzailea zen ikastetxe hori, alde batetik baino gehiagotatik. Zigorra debekatua zegoen eskolan, eta ikasgai osagarriak eskaintzen ziren: kultura-giro osoan txertatuz erakusten ziren hizkuntzak, bere hutsean irakatsi ordez. Famatua egin zen ikastetxea, eta ikaslez gora egin zuen berehala. Hernanitik ez ezik Gipuzkoa osotik, eta are Nafarroatik, etortzen omen zitzaizkien ikasleak (Barnetegi moduan funtzionatzen zuen, besteak beste, ikastetxeak).
Lan horretan hasi eta handik gutxira, Gipuzkoako eskoletan hizkuntza kontuan gaizki jokatzen zela konturatu zen Agustin: gaztelaniaz erakusten zitzaien irakurtzen, erdaraz ezer gutxi zekiten edo tutik ere ez zekiten umeei. Etxetik euskaldun izanik ikasle gehienak (eta horietariko asko elebakar), irakasle lanak probetxu onik aterako bazuen alfabetatzea lehen-lehenik euskaraz egin behar zela ikusi zuen Iturriagak.
GIPUZKOA OSORAKO IKASMATERIALA SORTZEN
1820an, Madrilen gobernu-moldea aldatu eta liberalek agintea eskuratu zuten. Eskola-sistema berritu nahian hasi ziren Probintziako agintari berriak. Eskola kontuan eredugarri zelakoan, Iturriagarekin akordatu ziren 1821ean eta beregana jo zuten. Eskola kontuetarako aholkulari hartu zuten berehala. Gehiago ere bai: Gipuzkoa osorako ikasmaterial egokiak presta zitzan eskatu zioten, 1821eko urte-amaieran. Handik berehala, bere apaiz- eta irakasle-lanak alde batera utzi gabe, Aldundi liberalaren enkarguz ikasmaterial elebidun egokiak sortzen hasi zen buru-belarri.
ESKOLA ITXIARAZI
Ez zuen luze iraun, ordea, kontuak. 1823an erori egin zen aginte liberal-konstituzionala, burrundara bizian, eta gauzak asko itsustu ziren Iturriagarentzat. Bai beretzat eta bai bere eskolarentzat. Hasteko, ikastetxea itxi edo itxiarazi egin zen kolpean. Bestetik, susmagarrien zerrendara pasa zen Agustin. (...) Bere kontrako epaiketa hasi zen. (...) 1824ko sententziak zera erabaki zuen: errege-indultuaren barruan gelditzen zela Iturriaga eta, beraz, 206 errealeko kostak ordainduta libre gelditzen zela eta bere apaiz-lanean jarrai zezakeela Hernanin. Baina debekatua zuela, handik aurrera, irakasle-lanean jardutea. Hori izan zuen Agustinek bere biziko kolperik larriena: 1823tik aurrera ez zuen Iturriagak irakasletzan jarraitu ahal izan.
EUSKARA INDARBERRITZEKO PLANA
Une batez, 1830ean, deia jaso zuen Gipuzkoako Batzar Nagusiek eratu berria zuten Sustapen batzordetik. Euskara gainbehera zetorrela, zerbait egin beharra zegoela ikusten zutela Batzar Nagusietan, eta euskara indarberritzeko plan bat egitea erabaki zela. Plan hori idatzi eta aurkeztea eskatzen zitzaiola berari, Agustin Iturriagari.
Esan dezagun baiezkoa eman zuela Agustinek eta (...) enkargu horri erantzun nahirik joan zitzaizkiola Iturriagari bizpahiru urte. Iztuetarekin eskuz esku jardun zuen horretan. Horretantxe ari zen, 1833an Lehen Karlistada lehertu zenean. Han bukatu ziren, aldi baterako, Herri-aginteen enkarguak eta enkargu-ondoak.
IPARRALDERA ALDEGINA
Gerra luzea eta gogorra izan zen Lehenengo Karlistada, 1833an hasi eta (gure arteanj 1839an, Bergarako Besarkadaz, amaitu zena. Istilu haien artean ez zuten Agustinek, bere anaiek eta beste zenbaitek beren burua batere seguru ikusten. Hori dela-eta herritik alde egin zuten Agustin Iturriagak, anaia Cayetanok eta zenbait lankide zaharrek, 1834an: Donostiara joan ziren lehenik eta Agustinek Iparraldera jo zuen hurrengo urtean. Han egon zen bost bat urtez, harik eta 1840an Hernanira itzuli zen arte.
Non bizi izan zen, Iparraldeko urte horietan? Badirudi hasieran, 1835etik aurrera, Hendaian bizi izan zela lehenik, Zuaznabartarrek bertan zuten etxean, (Ana Batistaren) kapilau moduan. Gero, Ana Batista hil ondoan eta Hernanira itzuli aurretik Milafrangan bizi izan zen, Arrangoitzeko markesaren Larraldeko jauregian Ana Batistaren iloba zen Arrangoitzeko Bernat, Iturriagaren hitzetan esanik “Iruburuko alkate, Baionako Batzarre andian esertzen dan Bernardo jauna”. Larraldeko jauregi horretan ondu zituen Agustinek, azken ukitua behintzat hor eman zien Bernaten beraren laguntzaz, bere Fabula-ipuin famatuak. Jakin badakigu 1840an Hernanin zela berriro.
[Mikel Zalbide, Euzkaltzaindiko sarrera hitzaldia, Donostia, 2007an]
BERNARDO JAUNARI
Arkangoitzko Jauregiko seme, Iriburuko Alkate, Baionako batzarre andian esertzen dan Bernardo Jaunari:
Bernat, joan dan neguan,
biok geundenean
ederki apaldurik
suaren aldean,
egin oi zenduen maiz
eztanda irriaz,
ipui oiek arturik,
zuk irakurriaz.
Nola zerez bait-dezu
belarria fiña,
eta gustoa berriz
da gauza jakiña,
bein baño geiagotan
zure esanakiñ
ipui oiek berriro
oi nituen egiñ.
Ala, onak badira,
zuri zaizkitzu zor,
ez dute, ez, zu beste
jaberikan iñor.
[Agustin Iturriaga, Ipuiak, Auspoa]
SAN INAZIO MARTXA ETA HILERRIKO ESALDIA
Euskarari jendaurreko ekimenetan ordura arte izan gabeko lekua eskaintzen saiatu zen eskolatik kanpora ere. Horrela etorri zen San Inazioren martxa, ordura arte gaztelaniaz kantatu ohi zena, euskaraz jartzea eta errotulazio publikoan euskarari presentzia argia ematen hastea. Hernaniko hilerriaren sarreran dagoen goiburua ez zen, oker ez banago, bere saio horren lekuko bakar gertatu.
Argitalpenak
— “Ipuiak”. Auspoa
— “Alegiak”. Gero
— “Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano, con un diccionario basco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos” (1842an)
— “Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa”(1842an)
EUSKAL-ERRIKO GAZTERIARI
Nere Euskal-Erriko
gazteri ederra,
ez det uste derala
egin lan alferra,
ipuaiak ifintzean
gure zortzikoan,
kantatzeko, nai bada,
arturik gogoan.
Badirade latiñez.
badira erderaz;
ez al ditugu bear
guk ere euskaraz?
Bai, on da jakitea
lengo denboretan
txit omen zekitela
ederki itzketan
txakur eta katuak,
auntzak, azeriak,
itz batean, orduko
abere guztiak.
Ala dio Esopok;
gizon egitia
ote zan, ez dakit nik,
edo gezurtia;
baña ez da dudarik
zala txit txikia,
bizkar makurra eta
jakintsu andia;
eta lendabiziko
onen mesedeak
mintzarazo zituen
ederki abereak.
Aditurikan oien
jardun-erausiak,
egingo dituzute
askotan irriak;
esango ere dezute
egiñikan farra:
«Ez uen orregatik
jende ura narra!»
Ipuien akaballan
dauden sententziak,
agiri da dirala
egia andiak;
eta, sartzen badira
zuen biotzetan,
damutuko ez zazute
zeren egunetan.
Orra Esopo jaunak
nai duen saria,
eta orra nik ere
nai dedan guzia.
[Agustin Iturriaga, Ipuiak, Auspoa]