Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 Orduko Hernani | JOSE JUAKIN ERROIZENEA INTXAUSPE “TXABOLATEGI” | JUAN BAUTISTA BELAUNTZARAN ZABALA “PATXI BAKALLO” 

 

bertsolariak

JOSE JUAKIN
ERROIZENEA INTXAUSPE
“TXABOLATEGI”

 

1769-02-03, Ereñozu

 

Ereñozuko Txabolategi baserri zaharra. Hemen jaio zen bertsolaria.
Argazkia: Unai Agirre.

 

Gaur egun Osiñagako Txabolategin bizi dira
Jose Maria Pagola Alberdi Erroizenea eta Mirari Pagola aita-alabak,
Txabolategi bertsolariaren ondorengoak.
Egilea: Unai Agirre.

 

Osinagako Bortoluene Borda, bertsolariaren bizileku izandakoa.
Argazkia: Unai Agirre.

 

 

TXABOLATEGI ETXEA

 

      Abillas gaineko Txabolategi baserrikoa zen. Gero Bortoluene Bordara esposatu omen zen, Osinagatik bastante gora, Oindira goazela Perrapa baserritik goraxeago dagoen baserri zahar handi horretara. Baserri horri Txabolategi deitzen diote (bertsolariak eramandako izena hartu baitzuen), baina ez da hala.

[Fernando Erroizenea]

 

      Jose Maria Pagolak gogoan du nola burdinazko ohe bat bazen baserrian gurpil eta guztikoa, eta aitak nola esaten zion: “hau bertsolariarena huan”.

[Unai Agirre, Hernaniko Urtekaria 2007/08]

 

 

ARTOAREN GOARDIAN

 

      Txabolategi baserrian jaio eta gaur bertako etxeko jauna dan Telesforo Oiarbide’k, onela esan digu: «Or, arunzko aldean, bada arkaitz bat, eta arkaitzaren azpiko aldean soro bat, eta an egiten zuten artoa. Eta, gerra-denboran, Txabolategi egoten omen zan gabean, laputxako eskopeta batekin, arkaitzaren atzean, artoaren goardian. Auzotikan, gabean, artoa ostutzera etortzen omen ziran. Laputxako eskopeta zuan, kañoiaren muturretik kargatzen zana.»

      Zer gerra ote zan? Gure iritzirako, erderaz Guerra de la Convención deritzana (1793-1795), edo, bestela, frantzestea (1808-1814). Bigarrengoa izateak itxura geiago du. Soldaduak ere, bai alde batekoak eta bai bestekoak, tokian tokiko gauzak janez mantentzen ziran. Ala, ikaragarrizko gosetea zabaldu zan alderdi guzietara. Orduko gorabera izango da, beraz, Txabolategiren artoaren goardia.

[Antonio Zavala, Txabolategi, Elkoro eta Leunda bertsolariak]

 

 

KARABINEROEI

 

      Karabineroek alto eman omen zioten Txabolategiri, eta honek:

 

Buenos dias esanaz jaunak

erantziko det txapela

inposible da gauz horrengatik

preso sartuko nautela

poltsan dirua bainan hobeto

da patriketan papera

pasian ordez emango diet

komonioko txartela*.

 

      * Elizan, Komunioa egiten zutenean, txartel bat ematen omen zuten. Aitak kantatuta dakit bertso hori, mutil-kozkorretan ikasi nuen.

 

[Florian Oiarbide]

 

 

ARANOKO EHIZTARIAK

 

      Antonio Zabalak idatziriko liburuak biltzen ditu Ereñozuko Jose Oiarbide zenaren ahotik jasotako Txabolategiren bertsoak. Dirudienez, Aranoko mendietan otsoren batek ardiak hiltzen zituen, eta ehiztari mordo bat bildu eta otso ehizara irten zuten mendira. Tartean bi apaiz ere ba omen ziren, besteek baino eskopeta dotoreagoekin. Bidean Txabolategirekin topo egin zuten nonbait eta bi bertso dotore hauek bota omen zizkien:

 

Aranoko ehiztariak

urumiatarrak,

kolore biñakuak

zenituzten armak:

zarrallak beltxak eta

kañoiak nabarrak

ederragua zeukak

Belaundia jaunak

dezente egon bihar dik

hola joango danak.

 

Miel Domingo jauna

Don Bitor apaiza,

otsua harrapatzen

duda gabe gaitz-ta;

artzai hoiengandikan

errenkura maiz-ta:

ardia edo bildotsa

jan diela aixa;

dituenari beti

galdu bihar zaizka.

 

[Unai Agirre, Hernaniko Urtekaria 2007/08]

 

 

MANDO BATEN TRATUA

 

      Onako auek ere, Ereñozu’ko Jose Oiarbide’ren aotik jasoak: «Urnieta’n, bein batez, mando baten tratua egin omen zuten ango bi gizonek-edo. Bein zutik jarri ezkero oso ibillera dotorea omen zuan mando orrek, bañan bera bakarrik ezin lurretik altxa. Eta Txabolategi ere an izaki, eta bertso auek kantatu omen zituan:

 

Saltzallia Inazio,

erostuna Pepe,

mando baten tratua

Urnieta’n dute;

ori artu dubenak

beretzako kalte,

sasoi polita zuben

orain ogei urte.

 

Manduari begira

Inazio parraz,

lau lagun ari ziran

zutik ezin paraz;

aide gaiztuen batek

baldartu du gabaz,

neria balitzake

ilko nuke balaz.

 

[Antonio Zavala, Txabolategi, Elkoro eta Leunda bertsolariak]

 

 

ANDRIAK MUDATZEKO ENKARGATZEN NAU

 

      Onako sei bertso auek, Jose Antonio Loinaz-Otaño apaiz jaunaren libreta batetik artuak dira. Libreta onek dionez, Amezketako Zabalak ez, baña Ernani’ko Txabalategik ta Fernandok (Amezketarrak) kantatu zituzten.

 

        Fernandok:

Gizon orrek bide du

puntura artua,

ez dala kantun truka

karga artua;

egiten baldin badu

preziyo altua,

geienian utsikan

da gure zakua;

nere trabajua

ezin billatua,

nago probatua,

nork du sobratua?

au de nere pobreza

gogoratua!

 

        Txabalategik:

Gizon tabernariyak

askok degu lan au:

jai arratsak kanpuan

bostetatik lau;

ezin erretiratu

ez egun ta ez gau;

jan eta kantatu

sakelak badirau;

zurrut eta mamau,

ez danian barau,

okerrena nerau,

badet ezaguera au;

andriak mudatzeko

enkargatzen nau.

 

Fernando Amezketarra.

 

 

HERIOTZA

 

      Harrobian lan egiten omen zuen, baina ez zen etxetik oso aparte ariko, bazkaria alabak eramaten baitzion otarrean. Otarrean botila esne omen zeramakien alabak gainerako jakien artean eta erori eta muturretik hautsi omen zitzaion. Aitak botila hartatik esnea edandakoan kristal izpiren bat ere tragatu egin zuen, nonbait, eta horretatik hil zen. Hil aurrean bertso famatu hau kantatu zuen:

 

Espezia txarren bat

sartu zait barrenen,

bildur naiz nere bila

etorri ote den;

San Pedrok sar nazala

portalian arren.

Hala izan dadila,

biba Jesus amen.

 

[Unai Agirre, Hernaniko Urtekaria 2007/08]

 

Eli Pagola, 2013ko Tabernetako Txapelketan nagusi.

 

      Txabolategiren ondorengoa da Eli Pagola bertsolaria. Berak horrela azaldu du ahaidetasuna: “Txabolategiren alaba bat Aiako Iraola baserriko Pagola batekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituen. Semeetan zaharrena nire birraitona zen, alegia, aitonaren aita.

 

        Fernandok:

Gizonik biarrena

nerau naiz erriyan,

iñor ez det para nai

nere neurriyan;

arrisku gutxi daukat

arto ta gariyan,

ez daukat deretxorik

amarrendegiyan,

orobat primiziyan,

neke ta biziyan,

labore erosiyan,

naiz urte guziyan,

ez nauk aberastuko

nere biziyan.

 

        Txabalategik:

Errentarik ez badek

ofiziyo ontan,

ezin bizi litekek

erregalotan;

konbiatuagatik

noizik bein ardotan,

karga labore gutxi

libratu errotan;

ari gaituk ontan,

nori zer dadukan,

urregutxi poltsan

sartzen dek bertsotan,

ez bada enpliatzen

beste lanetan.

 

        Fernandok:

Manifestuan dago

errenta guria,

kantuz ez dala sartzen

poltsan urria,

ezta errotan ere

karga laboria;

asko estimatzen det

tokante noblia,

nigizon pobria,

ez gauza sobria

etxian gordia,

dedanarekin pasatzen

ni naiz ordia.

 

        Txabalategik:

Amorraia juan da

putzura sariak

iñoiz bota oi ditu

arrantzaliak,

arren orduko lanak

dira debaldiak;

errenta gutxi dakar

aurten ugaldiak;

badaki jendiak

zer diran guriak,

ez poltsan urriak

askotan sobriak;

beti nekatzen gaituk

gizon pobriak.

 

[C. Muxika, Pernando Amezketarra bertsolaria, Auspoa 54]

 

 

TXABOLATEGI BERTSOLARIARI

 

        1

Hernaniko ballara

paketsu batean,

Onyi eta Agiña

mendien artean;

len pagadi ziranak

gaur piñu artean,

baserritxo bat dago

Jaunaren pakean.

 

        2

Horrek “Txabolategi”

du bere izena,

bertsolari bat bazan

txukun ta zuzena.

Antxe jaio ta bertan

bizi izan zana,

etxearen izenez

deitzen ziotena.

 

        3

Txabolategi lengo

gizaldikoa zan,

munduan ibilia

bertsolari gisan.

Sagardotegietan

baita ere plazan,

aren entzute ona

nork ez degu izan?

 

        4

Txabolategirenak

bertsoa ugari,

entzuten nion nere

aitona zanari.

Zergatik il zan ere

ark esana neri,

gaur bertsotan jarriko

dizuet zueri.

 

        5

Lantokira esnea

Txabolategiri,

emazteak eraman

oi zion berari;

bidean zeramala

botilla erori,

lepo-lepotik autsi

baiñan ez ixuri.

 

        6

Emazteak botilla

senarrari eman,

esanaz, nola autsi

zitzaion bidean;

baiñan ardura gabe

ark esnea edan,

eta kristal printza bat

sartu sabelean.

 

        7

Este danak zulatu

kristalaren printzak,

ta ezin asko iraun

munduko bizitzak;

bertsotan jarri zuan

bere eriotzak,

Jesusi eskeñiaz

azkeneko itzak.

 

        8

Bertso eder-xamur bat

guztiz zerutarra,

norbaitek eman zion

artarako indarra.

Itz neurtuzko otoitza

ta azken agurra,

bukatu ordurako

il omen zan, orra!

 

        9

Txabolategi gizon

fede aundikoa,

il zorian Jaunari

kantatutakoa.

Uste det erakutsi

zuala naikoa,

bertsolaria zala

ben-benetakoa.

 

        10

Naiz ta bertsolariak

izan berekiko,

jatorrizko doaia

itz neurtuetako,

ez da lan egokia

nere usterako,

eriotzean dagon

gizonarentzako.

 

        11

Milla eratakoak

naiz sortu mundura,

eriotzari danok

diogu ardura.

Neri sarritan auxe,

datorkit burura,

Txabolategik zuan

espiritu ura.

 

        12

Bukatzera nijoa

asitako lana,

sentimentuak bultza

ta egin dedana.

Euskaldun izar eder

goxo arengana,

bertsolari bizi ta

bertsotan il zana.

 

[Florian Oiarbide, Zeruko Argia, 1976-3-21]

 

 Orduko Hernani | JOSE JUAKIN ERROIZENEA INTXAUSPE “TXABOLATEGI” | JUAN BAUTISTA BELAUNTZARAN ZABALA “PATXI BAKALLO”