Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

OROITZEKO HERNANIARRAK

 

 

Martin Perez de Alcega (XIV. mendea)

 

      Probintziako zaldun nagusienetako bat eta Gaztelako errege Henrike II.aren zerbitzarietako bat izan zen XIV. mendearen erdialdera.

 

 

Martin Perez de Alcega (XIV. mendea)

 

      Aurrekoaren semea da eta Martin Perez de Alcega “bigarrena” bezala ezagutzen dena. Gaztelako erregeen zerbitzari izan zen hau ere. Bere alaba bakarra, Maria Lopez de Alcega utzi zuen oinorde legitimotzat. Miguel Lopez de Amezqueta y Lazcano, Amezketako oinetxe eta jauregiko jauna izan zen, horrela bi leinuak elkartuz.

 

 

Juan Lopez de Amezqueta y Alcega (XV. mendea)

 

      Amezqueta eta Alcega titulu komunaren aurreneko oinordekoa; oinaztarren bandoko ahaide nagusietako bat izan zen, eta horregatik Henrike IV.ak haren dorretxe zaharra lurreratzeko agindu zuen, zeina esaten denez Hernani bera sortu baino lehenagokoa baitzen. Geroztik zerbitzu handiak egin zizkion koroari.

 

 

Gonzalo de Percaiztegui

 

      Datu bakarra daukagu pertsonaia honetaz eta ez da batere baztertzekoa; Aita Larramendik dioenez, hauxe izan zen penintsulan artoa sartu zuena[289].

 

      “Artoa (garia baino) egokiagoa da Gipuzkoan; Indietatik ekarri zen aurreneko aldiz probintzia honetara, eta Gonzalo Percaiztegui, Hernaniko semeak ekairi zuen; gero hemendik beste probintzia batzuetara komunikatu zen”.

 

 

Martin Ibañez de Hernani (XVI. mendea)

 

      Juan Ibañez de Hernaniren ondorengoa, eta Portuetxea edo Portuzabaleko oinetxeko jauna. Indietan aberastu zen eta ezkongabe hil zen bertan. Veracruz-en (Mexikon) egin zuen testamentua 1544ko uztailaren 11an; agindu zuen memoria bat fundatu behar zela Oñatin dontzella umezurtz edo alargunak ezkontzeko, eta beste obra piadoso batzuk ere fundatu zituen, 3.000 dukaten onurak banatzeko.

 

 

Juan de Urbieta (? — 1553)

 

      Hernaniko seme guztietan ospetsuena Juan de Urbieta izango da apika. Pertsonaiarekin gogo beroturi, lerro batzuetan zimborrotu zuen haren biografia Lope Martinez de Isastik, bere aurretik izan ziren kronistek idatzitakoa bilduz[290].

 

      “Hiri honetan jaio zen Juan de Urbieta kapitain famatu hura, Frantziako Errege Frantzisko Paviako batailan (Lombardian) atzeman zuena, hantxe elkartu baitziren bi armada handiak, Karlos Bosgarrena enperadorearena eta Frantzisko Errege aipatuarena. Frantzisko Erregea, garaitua izanik eta inork ezagutu gabe erreka batera erretiratzen ari zela, Juan de Urbieta (orduan gerra-gizon zena) iritsi zen harenganaino beste espainiar batzuekin eta zaldia hil zioten, eta nor zer antz eman ziotenean, berehala errenditu zen eta preso hartu zuen Urbietak; zabalago ageri da hau erregearen ziurtagirian, zeina erromantzera itzulirik honela baitio:

      ‘Frantzisko, Jainkoaren graziaz Frantziako Errege naizen honek: jakitera ematen diegu tokatzen zaien guztiei, ezen Juan de Urbieta, D. Hugo de Moncada jaunarena, izan zela, nire arriskuan aurkitu ziren aurrenekoetakoa, gu Paviaren aurrean preso hartu gintuztenean, eta bere ahal guztiarekin lagundu zigula bizia salbatzen, obligatuak baikaude horregatik; eta orduan eskatu zigun askatasuna eman geniezaiola aipatu Hugo Jaun bere nagusia zenari; eta hau egia delako, gure eskuz izenpeturik eman genuen idazki hau. Pizquetos-en 1525eko Martxoaren lauan. Frantziskok’.

      Armarriaren pribilegioa Enperadoreak eman zion Boloñan, 1550eko Martxoaren 20an, pergaminoan ageri den bezala, non esaten baita, ezen Joanes de Urbietak Italian eta Napolesko Erreinuan gerretan zerbitzu ziolako, bere burua edozein arriskutan jarri eta benturatuz, eta batez ere bere armadak Frantziako Erreinuan 1525eko urtean izan zuen Paviako batailan (Lombardian baita hori); non bere gogoko izan baitzuen Gure Jaunak bere armadari garaipena ematea, Frantziako Erregea preso gelditzen zela, eta hilak eta preso beste Printze asko ere, eta une hartan D. Hugo de Moncada kapitainaren konpainiako gerra-gizona izaki eta haren jada hildako kontseilukoa; Frantziako Errege hori errendiarazi eta preso hartu zutenetako bat izan zen; eta esaten du, horrela jakin zuela berak, horretarako bide izan zituelarik, haren eskuz sinatutako ziurtagiria, aipatu Enperadorearen aurrean aurkeztu zuena. eta bere armadakoak izan ziren kapitainen gutun eta informeak, eta horretaz guztiaz ondo ere ondo informatua zegoen; eta zerbitzu horiek guztiengatik armarritzat ematen zion, ezkutu bat bi partetan partitua, eta bertan erditik behera inguraturik zaldi-erdi bat erditik aurrera, kanpo berde batean, koroa bat lepotik sartuta duena, lilihori bat bularretan eta erditik gora beso armatu bat, ezpata eskuan duela, erreka baten bazterrean, eta ezkutuaren goikoaldean, kasko bat bere lumajeekin, eta tinbretzat arrano inperiala.

      Bere Maiestatearen kapitaina izan zen, 1532an pergaminoan emandako beste pribilegio batean jasota dagoenez. Pribilegio hauek bere eskutan zeuzkan hasiera-hasieratik, Erregearen aipatu ziurtagiriarekin batera, Dª Marta Alzarizagakoak, Sebastian de Urbieta kapitainaren alargunak, Madrilen bizi baitzen, eta berak erakutsi zizkidan. Kapera propioa dauka Donostiako Santa Maria elizako klaustroan. Espainiako historietan oroitarazten da Gipuzkoar ospetsu hau, eta batez ere Karlos Bosgarrena Enperadoreari buruz Sandoval Gotzainak idatzi zuen hartan, eta gero D. Juan Antonio de Verak horrentzat idatzi zuen Epitomean; eta hori baino lehen, Doktor Gonzalo de Illescas-ek Historia Pontifikalean egin zuen haren aipua hitz gutxi batzuetan, esanez: aurrena iritsi zirenek eta berak esaten dute, Diego de Avila eta Juan de Urbieta “vizcaino”a izan zirela, eta bereziki Alonso de Pita de Aveiga gailegoa, Sarria markesaren etxekoa, zeinari armatzat eman baitzitzaizkion, amapola bat eta gurutze bat Lignum Crucis-arengatik, gurutzea Erregeak berak eman zion. Esteban de Garibaik (Probintzian jaioa zen arren) inolako berotasunik gabe kontatzen du gauza nola izan zen. Hala dio Errege honetaz ari dela:

      ‘D. Hugo de Moredaren konpainiako armagizon batek atzeman zuen; Juan de Urbieta zuen izena, eta Hernanin jaioa zen, Gipuzkoako Probintziako hiribildu batean. Bataila honetan ia espero ez zen garaitzearen ospe eta gloriarik handiena, Aquino-ko D. Fernando de Avalos, Pescarako markesari zor zaio, inoiz behar bezala goratua izan ez den kapitaina baita hau, lerro maskulinotik D. Ruy Lopez de Avalos, Gaztelako Condestable izandakoaren birbiloba, etab.’.

      Kasu hau, hala ere, Garibaik baino luzeago, Juan Martinez de Zaldivia Batxilerrak, Tolosan jaioa zenak, idatzi zuen urte batzuk lehenago, bere Suma de las cosas Cantábricas y Guipuzcoanas izenekoan, zeina eskuz idatzirik nire liburutegian baitago, eta 1564ko urtean idatzi zuen oso berri jatorrekin. Eta nola historialarien testigantzak hainbat eta preziatuagoak izaten diren zenbat eta kontatzen dituzten gertaeretatik gertuago egon ziren, horren hitzak berak jarriko ditugu hemen, berak 15. atalburuan ematen dituen bezala:

      ‘Frantziako Erregea, Frantzisko izenekoa (hala esaten du berak), 1525eko urtean Italiako Paviara joan zenean armada handi batekin, eta jende espaiak hainbat eta preziatuagoak izaten diren zenbat eta kontatzen dituzten gertaeretatik gertuago egon ziren, hori zuela; Gipuzkoakoa zen hau, Hernanin jaioa, eta D. Hugo de Moncadaren konpainiako gerra-gizona, eta hala Erregea errendiarazi eta preso hartu zuen, nahiz eta gero etorri ziren beste askok beste horrenbeste nahi izan zuten; baina oraindik gehiagotzat jo behar dena da, ezen, Erregea atzeman zuen momentuan ikusi baitzuen nola bere konpainiako Alfereza inguratua zeukaten frantses askok, utzi zuen Erregea errenditurik, erakusten ziolarik aurrena nola mailatuak zeuzkan aurreko hortzak, eta ausardia handiarekin Alfereza sokorritu zuen eta zeukan arriskutik libratu zuen, eta hala lortu zuen frantsesek estandartea ez eramatea. Eta bitarte horretan etorri ziren beste batzuk, eta estokea kendu zioten Erregeari dena odoletan zegoela. Geroago, Santiagoko komendadore izan zen Juanes de Urbieta hau, eta D. Carlos Enperadoreak, oroitzapen ospetsukoak, mesedeak egin zizkion, eta baita Frantziako Erregeak berak ere, ikustera joan baitzitzaion Juanes de Urbieta, eta erregutu zion gera zedila haren erreinuan; baina hark ez zuen nahi izan eta Italiara joan zen bere Erregeari zerbitzera’.

      Nola garai hartako Europan hain ahaltsua eta harrotasun handikoa zen Errege frantsesa, atzemateak egundoko eztanda egin baitzuen Europa osoan, eta glorialdirik handiena ekarri baitzion hura errenditu zuen kanpeoi (txapeldun) bulardetsuari, ez diogu kalterik egin nahi Hernani haren sorterriari, Sandoval Gotzain Jaunaren testigantza osoro isilean pasatuz. Zesarren beraren kronista zen gotzain hori (horra eragorri baikaitu gorago gure autorea) eta bere Historiaren bigarren argitalpeneko 1. aleko 12.31 liburuan honela esplikatu zuen kasua:

      ‘Arkabuzero batek hil zion zaldia, eta bera atzematera zihoala D. Diego de Mendozaren konpainiako arma-gizon bat heldu zen, Juanes de Urbieta izenekoa, euskalduna bera, Gipuzkoako Hernanin jaiotakoa, eta hura hain apartekoa ikusi zuenean, berarengana joan zen zalduna erortzen zen bitartean, eta armen arteko tartegune batean estokea jarriz, esan zion errendi zedila. Erregeak bere burua hiltzeko arriskuan ikusirik, esan zion, bizitza, Erregea naiz-eta. Gipuzkoarrak ulertu zuen, nahiz eta frantsesez esan zion, eta errenditzeko esaten ziolarik, hark erantzun zion: ni Enperadoreari errenditzen natzaio. Eta hau esan zuenean, Gipuzkoarrak jaso zituen begiak eta han gertuan bere konpainiako Alfereza ikusi zuen, frantsesez inguraturik arriskuan zegoena, estandartea kendu nahi baitzioten; Juanesek, soldadu jatorra zenez, eta bere bandera sokorritzearren, bahirik, edo errenditu izanaren seinalerik, eskatzea ahazturik, esan zion: zu Frantziako Erregea baldin bazara, egizu zin. Erregeak esan zion, zin egiten ziola. Orduan (Erregeak) kaskotik gora bista jasoz, erakutsi zion mailatua zegoela eta goikoaldean aurreko bi hortz falta zitzaizkiola, eta esan zion: bada honetan ezagutuko nauzu. Eta hanka bat zaldiaren azpian zeukala lurrean utzirik, bere Alfereza sokorritzera joan zen; eta hain ederki egin zuen lana, ezen bera etorriz, estandartea frantsesen eskuetara joatea galarazi baitzuen. Bitarte hartan Granadako beste armagizon bat, Diego de Avila izenekoa, heldu zen Erregea zegoen tokira, eta Erregea halako apainduriekin lurrean ikusi zuenean, berarengana joan zen errenditzeko esatera. Erregeak esan zion nor zen bera, eta Enperadoreari errenditua zegoela. Eta galdetu zionean ea bahirik eman zuen, erantzun zion, ezetz. Diego de Avilak bahia eskatu zion eta Erregeak estokea (ondo odoldua horratik) eta manopla bat eman zizkion. Eta Avila lurrera jaitsirik, hura zaldiaren azpitik ateratzen ahaleginak egiten ari zela, beste gerra-gizon bat, sortzez galegoa, iritsi zen; Pita zuen izena, eta hark lagundu zion. Eta altxatu zuenean, lepoan kate txiki batean zekarren San Migelen ordena kendu zion; Zaldun-Ordena da hori, Frantziako zaldunek ekarri ohi dutena, Enperadorearen zaldunek toisona ekarri ohi duten bezala. Sei mila dukat eskaini zizkion erregeak horregatik, baina hark ez zuen nahi izan, baizik eta Enperadorearengana eraman nahi zuen’. Eta ohar bat idazten du marjinan idazle ospetsu horrek: ‘Joanes de Urbieta honek izugarrizko indarra omen zuen, ezagutzen dut, hura proba eta erakustaldi harrigarriak egiten ikusi zuenik’”.

 

      Hernaniko parrokiako aldare nagusiaren oinean hobiratu zuten; baina haren hilobia bortxatua izan zen gerra napoleondarrean.

 

 

Fray Juan Esteban de Urnieta (?-1595)

 

      Telesi-ko gotzaina izan zen Italian, Aita Santu Sixto V.ak izendaturik. Madrilen hil zen 1595eko azaroaren 6an, eta Illescas-ko Frantziskotar Oinutsekoek zeukaten San Kosme eta San Damianen monasterioan izan zen hobiratua.

 

 

Luis de Echezarreta (XVII. mendea)

 

      1615ean humanista handi bezala dokumentaturiko autorea, Oñatiko Unibertsitateko katedraduna, Salamankako hiruhizkuntzadun kolegiala eta poeta.

 

 

Antonio Alcega eta Errazu (XVII. mendea)

 

      Garai hartan Okendo Almiranteak manatzen zuen Ozeanoko Errege-Armadako kapitaina. 1635eko irailean, Tromp itsasgizon holandesaren flotaren kontra La Manchan egin zen konbate tragikoan bizirik gelditu ziren apurretakoa.

 

 

Antonio de Araeta (XVII. mendea)

 

      Kapitain gisa eta 120 hernaniarrekin Hondarribiari laguntzera joan zen, 1638an hura Conde-ren armadak setiaturik zegoela. Ekintza horrek balio izan zion Francisco Xedler-ek haren alde idatziz testigatzea, hau izaki Gobernadore eta Orden de Alcantarako Zalduna eta Marques de Mortara-ren tertzioko kapitain eta Sarjentu nagusia.

 

 

Joanes de Orcolaga (? — 1672)

 

      Orcolaga oinetxeko Jauna, hainbat aldiz Hernaniko erregidore eta Probintziako juntero izandakoa. Gipuzkoako Historia bat idatzi zuen, eta Errenteriako Juntetan aurkeztu zuen 1672an. Erakundeak agindu zuen, kopiak bidal zitezela Juan de Idiaquezi, Madrileko San Jeronimoko Prioreari eta beste historialari batzuei, beren iritzia eman zezaten. Urte horretan bertan hil zen autorea eta obra argitaratu gabe gelditu zen.

 

 

Agustin de Cardaveraz (1703-1770)

 

      Hara, 1721ean sartzen da Jesusen Lagundian eta 1729an ordenatzen da apaiz 26 urte zituela. Irakasle eginik gramatika irakasten du Bilbon, filosofia Iruñean eta teologia Oñatiko unibertsitatean, eta gainera eskatzen duten toki guztietan aritzen da sermoilaritzan. Euskararen eskuliburu bat ere idatzi zuen, beste liburu bat San Inaziori buruz, eta itzulpen bat Inazioren gogo-jardunena. Karlos III.aren aginduz Lagundia iraitzi zutenetik aurrera, hara eta hona ibili zen urte batzuetan Italiako lurretan barna (Korsika eta Sardinian), azkenean Bolonian hiltzera bildu zen arte 1770eko urriaren 18an. Haren aldare nagusian hartu zuen kristau-hilobia.

      Eta 1903ko abenduaren 28an ospatu zuen Hernanik solemnitate handiarekin Agustin Kardaberazen jaiotzako bigarren mendeurrena. 1908an, azkenean, bere herrira ekarri ziren haren errautsak, eta hauen parte bat parrokiako ezker-hormaren gaineko nitxo batean jarri ziren; hori zela-eta hainbat elizkizun egin ziren.

 

 

Miguel Antonio de Zuaznabar (XVIII. mendea)

 

      Felipe de Borbon eta Isabel Farnesio errege-erreginen ganbara-laguntzailea zen, eta Asturiasko printzearen jantzitegiko buruzagia ere bai. Hernaniko alkate izendatu zuten 1724an, baina gortean zituen obligazioek ez zioten kargua hartzen utzi. Haziendako errege-kontseilari izatera iritsi zen, eta bere merituengatik saritzeko, Hernaniko parroki elizako patronatua eman zion erregeak. Haren gestioak ezinbestekoak izan ziren aingura-fabrika Fagollagan jartzeko.

 

 

Nicolas de Aristizabal (XVIII. mendea)

 

      Kargu handiak izan zituen Indietan, eta 1726an Hernaniko alkate-titulu ohorezkoa jaso zuen, herriaren alde gortetik egin zuen guztiaren esker onetan. Felipe V.aren dekretuetako idazkari eta haren idazkaritzako ofizial nagusi bezala jardun zuen.

 

 

Juan Baptista de Ansa (XVIII. mendea)

 

      1735ean, Guachi-ko Santa Rosa de Coro-ko presondegian (Mexikon) behin betiko kapitain bezala aurkitzen dugu, hortik dirutza handiak bidali zituen parrokiko eta ospitaleko obretarako.

 

 

Joseph Ignacio de Arruti (XVIII. mendea)

 

      Apaiza. Puebla de los Angelesetik, Amerikatik, dirua bidali zuen 1735aren inguruan, ongintza obretarako. Hainbat kargu izan zituen hiri horretako katedralean, eta gainera, San Pedro eta San Justoren Errege-Ospitaleko epaile komisaria izan zen, eta San Pauloko Teologoa ere bai.

 

 

Joseph Antonio de Zabala y Sasoeta (XVIII. mendea)

 

      Hona dirutzak egin zituen beste indiano bat. 1750ean 23.000 peso zilarrezko bidali zituen Perutik, zeintzuk erabili baitziren alargun pobreak sokorritzeko, dontzellak ezkontzarako dotatzeko edo parrokian eta ospitalean egin behar ziren konponketak edo berritu-beharrak egiteko.

 

 

Antonio de Oquendo (? — 1755)

 

      Antonio de Oquendo fragata-kapitainak hainbat bidaia egin zituen Ameriketara bere karreran zehar. Doña Lucia Felix de Beroiz-ekin ezkondua egoki, senar-emazteek Santa Maria Madalenako Ospitaleko kontuhartzailetza eduki zuten 1735etik 1755era bitartean, eta hainbat hobekuntza egin zituen garai horretan. Aingura-Fabrikako Ikuskatzaile, hornitzaile eta sustatzaile handia izan zen eta horri eusten eman zituen bere azkeneko urteak. Hiltzean hainbat agintza utzi zituen.

 

 

Jose Agustin de Zuaznabar (XVIII. mendea)

 

      B.M.aren Kontseiluko idazkaria izan zen, “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas”ko zuzendaria 1754an eta Donostiako kontsula 1774an. Konbentzioko Gerrak sortu zuen aparteko gastutik jariatutako krisialdia arintzeko, informe tekniko bat idatzi zuen, guztiz interesgarria. Horrena da berebat Plan de reglas y providencias para la mejor admmistración y régimen de los propios y arbitrios de la Noble villa de Hernani, Consejo Real y Supremo de Castilla-k 1805eko maiatzaren 22an onetsi zuena.

 

 

Agustin Pascual de Iturriaga (1778-1851)

 

      Hernaniko apaiz eta hezitzailea, ikastetxe bat fundatu zuen eta ondo merezitako fama lortu zuen bere teknika pedagogikoengatik, esan ere egiten baitzen harengatik, gauza zela hura “berak zekiena baino gehiago irakasteko ere”. Espezialista zen autore latinoetan; baina poeta euskalduna ere bai, eta hainbat fabula euskaratu zituen gero Ipuiak izenarekin argitaratu zituenak; Virgilioren I. eta III. eglogak itzuli zituen. Harena da San Inazio Martxaren letra, eta nekazaritzari buruz prosan idatzitako Diálogos vasco-castellanos ere bai. Hernanin hil zen, 1851ko martxoaren 30ean, bere ondoren produkzio literario handi bat utziz.

 

 

Jose Aramburu y Miner (? — 1804)

 

      Hau 1802an brigadier bezala ageri da Armadan. Cadizen hil zen 1804an.

 

 

Martin de Barandiran (XIX. mendea)

 

      Granaderoen alferez izatera iritsi zen Regimiento Provincial de Dragones de Michoacan-en eta indio lantzalarien komandantea San Joan de Mexikoko Parcialidad-ean. Obra bat idatzi zuen, Ensayo sobre el origen v remedio de los males políticos que afligen a la Nueva España, eta 1812an inprimatu zen Mexikon.

 

 

Jose Maria Zuaznabal y Francia (XIX. mendea)

 

      Nafarroako Errege-Kontseiluko ministroa izan zen Zuaznabal. Aita Santu Leon XII.ak baimen berezi bat eman zion 1826an, bere etxean oratorio pribatu bat eduki ahal izateko, baimenean sartuz oratorioan ekitaldi liturgikoak egiteko eskubidea.

 

 

Gregorio de Arrue (1811-1890)

 

      Idazle euskalduna; hainbat legenda itzuli zituen eta Santa Genobebaren bizitza euskaratu zuen. Urte askoan maisu izan zen Zarautzen, eta bertan hil zen 1890eko apirilean.

 

 

Juan Arana (1822-1892)

 

      Juan Arana, 1849an probintziako mikeleteen gorputzean sartzen da eta karlisten kontra borrokatzen du bigarren gerra zibilean. Famatua izan zen hark 1870ean egindako ekintza, lau mikeleterekin bakarrik lortu baitzuen desegitea 600 karlistako partida bat, Oiartzunen armetan altxatu zena. Ondorioz, gorputzeko bigarren buruzagiaren titulua ematen diote teniente koronel graduarekin. 1872an eta 1873an errege-nahiaren kontra borrokatzen du Seguran, Mañarian, Araotzen, Alegin, Villabonan eta Izaskunen eta beste herri batzuetan. Parte hartzen du Tolosako setioan. 1874an Irungo gobernadore militar izendatzen dute, eta hiriaren setioa altxatuko du bertan.

 

 

Joaquin Fernandez Ayarragaray (1822-1900)

 

      Arkitekto aipagarria eta Sevillako Arte Ederretako katedraduna. Horrenak izan ziren XIX. mendearen bigarren erdialdean Sevillan eraiki ziren eraikuntza garrantzitsuenetako batzuk, hala nola, Roma Hotela, Madrid Hotela, Conde de las Atalayas-en etxea, Portilla Jaun-Andreen etxea, eta San Lucar de Barramedan Montpensier-eko dukeen jauregia, eta Villamanrique-n Parisko Kondeena. Baina agian haren proiekturik handiena Sevillako katedralaren zaharberritzea izan zen, zeina hamar urtean gidatu baitzuen, heriotzak harrapatu zuen arte.

      Haren talentuari zor zaio Hernaniko udaletxearen konponketa, bigarren Gerra Karlistakoan ikusi zuen hondamendiaren ondoren. 1899an bukatu zen. Doan egin zuen proiektua, bere sorterriaren maitasunak eraginda, arkitekto bezala bere karreraren erpinean zegoela.

 

 

Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (1860-1936)

 

      Txirrita, Hernaniko Latxe-Zar baserrian jaio zen 1860ko abuztuaren 14an; inoiz ezagutu den bertsolari buru-zorrotzenetako bat izan zen. 1936ko urtarrilaren 19an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, txapelketa irabazi zuen bere garaiko bertsolaririk handienen kontra (Dargaiz, Txapel, Uztapide, Zepai, etab.en kontra). Handik lau hilabetera, Goizuetako festatan bertsotan ari zela, atake bat izan zuen eta hark ekarri zion heriotza 1936ko ekainaren 3an. Hainbat plaza eta kale dira gure probintzian haren izena daramatenak.

 

 

Joan Migel de Orkolaga (1863-1914)

 

      Zarauzko bikarioa oso meteorologiazalea zen eta gabinete koskor bat ere bazeukan bere azterketak eta hautemateak egiteko. Haren popularitatea eta ospea jaio ziren, ekaitz handi baten etorrera, 1900eko azaroaren 14koarena, lau ordu lehenago iragarri zuenean, galera handiei itzuri egin baitzitzaien horrela. Bere iragarpenetan sakontzeko behatoki meteorologiko bat jarri nahi izan zuen. Hasiera batean interesaturik agertu ziren ideiarekin Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioak, baina non ipini behar zenaz adostasunik ez zegoelako, azkenean Gipuzkoako Diputazioak bakarrik jarraitu zuen aurrera proiektuarekin. Orkolaga izan zen (Donostiako) Igeldo mendiko behatokiko lehen zuzendaria, eta hortik abisatzen zen telefonoz herri guztietara, ekaitz bat inguratzen zen bakoitzean. 1914ko irailaren 22an hil zen, bere proiektuen jarraipena bere anaia Pedroren eskutan utzita gero. Horrela sortutako behatoki hau bera da gaur egun ere probintziako garrantzitsuena.

 

 

Jose Olaizola Gabarain (1883-1969)

 

      Organista, musika-konpositore eta antzerki-gizona. 8 urterekin hasi zen organo ikasten Hernaniko organistarekin, eta Donostiako Arte Ederretako Akademian jarraitu zuen, non irakasle ere izan zen. 1902an Sekundino Esnaolarekin sartu zen Orfeoi Donostiarrean. 1904an organista izendatu zuten Pasai San Pedroko parroki elizan, eta 1906an lehiaketa bidez irabazi zuen Donostiako Santa Mariako elizan organista-plaza. Gasteizko Elizbarrutiko Organista-Elkartea sortu zuen eta 1928an Euskal Herriko Txistularien Elkartea. Erbestera joan beharra izan zuen gerra zibilaren ondoren; hala ere honek ez zion galarazi zaletasun handi batekin ziento bat obra baino gehiago konposatzea txistu, kantu, piano, ballet, organo eta baita orkestra, koru eta organoarentzat ere. 1946koa da Oleskari Zarra izeneko opera saritua. Erbestearen ondoren bere lurraldera itzuli zen eta Donostian hil 1969ko ekainaren 8an.

 

 

Jose Antsorena Eleizegi (1886-1983)

 

      Txistugile baten semea zen; bera ere danbolinjolea eta bigarren txistularia izan zen, 1909an Hernaniko lehen txistulari bihurtu baino lehen. Osasun-gorabeherak zituela-eta bere anaia Isidrori utzi zion bere postua, eta geroztik oso kasu berezi batzuetan bakarrik jotzen zuen. Isidro Donostiako Txistulari-Bandan sartu zenean, berriro eskuratu zuen Josek bere lehen txistulari egoera eta ez zuen gehiago utziko 73 urterekin jubilatu zen arte; honen ondoren Alfontso X.a Jakitunaren domina eman zioten. Hernanin hil zen 1983ko urtarrilaren 24an.

 

 

Gabriel Olaizola Gabarain (1891-1973)

 

      Musikako aurreneko pausoak bere sorterrian, Hernanin, eman zituen. Sekundino Esnaolaren gomendioz, Orfeoi Donostiarrean sartzen da; 1916an kuarteto bokal solista bat eratzen du, eta gero operari eskaintzen dio bere burua. Donostian, Oviedon, Valladoliden, Milanen, Madrilen eta Bartzelonan abestu zuen, ia beti arrakasta handiarekin. Bakarlari bezala erretiratuta gero, Eusko-Abesbatza koruak sortzen eta gidatzen ditu. 1937an erbesteratu beharra dauka eta Frantzian, Belgikan, Holandan eta Ingalaterran jarraitzen du bere karrera. Etxera itzultzean, 1949an, Schola Cantorum sortu zuen. Haren konposizioen artean, Aurtxoa Seaskan da bere herrikoitasunez gogoangarria. 1973ko apirilaren 13an hil zen.

 

 

Isidro Antsorena Eleizegi (1892-1975)

 

      Joseren anaia, euskaldunen artean sekula izan den txistularirik famatuenetako bat da. 1892ko maiatzaren 15ean jaio zen. Txistu-irakasle izan zen Donostiako Udal Kontserbatorioan; metodo guztiz famatu bat sortu zuen musika irakasteko. Urte askoan aritu zen Donostiako txistulari-bandaren zuzendari gisa, eta mila pieza baino gehiago konposatu zituen txistuarentzat, eta gainera moldaketak eta harmonizazioak ere bai. Hark egindako lanaren esker onetan, Donostiak hiriko zilarrezko domina eman zion 1962an. 1975ean hil zen 83 urte zituela.

 

 

Jose Garcia Goldaraz (1893-1973)

 

      Hernanin jaio zen 1893ko urriaren 24an. Bere gaztetasunean euskaraz landu zuen poesia eta hainbat komunikabidetan argitaratu zituen ber idazlanak. Doktorea zen Filosofia, Teologia eta Zuzenbidean Comillas-eko Unibertsitate Pontifiziotik, Orihuelako kanoniko izan zen 1925ean, eta geroago Rota-ko Auzitegiko idazkari eta Nuntziatura Apostolikoaren aholkulari. Hainbat kargu izan ondoren, 1944an Orihuela-ko gotzaintza hartzen du eta 1949an Cartagena-Murtziakoa. 1953an Valladolideko artzobispo izendatzen dute, eta hantxe hiltzen 1973ko ekainaren 10ean.

 

 

Florentino Goikoetxea Beobide (1898-1980)

 

      Altzueta baserri-sagardotegian jaiotako hamaika umeetako bat zen; guraso izan zituen, Pablo Joakin Goikoetxea (Altzuetan bertan jaioa) eta Frantziska Beobide, Hernaniko Okendoenea baserrikoa.

      18 urte zituela gabarralaritzan lan egiteko sartu zen Inazio Erdoziarekin, sozio gisa batzuen esatez eta patroi gisa beste batzuen ustez. Urteko egun guzti-guztietan, itsasbeherakoan, bizikletan joaten zen Loiolako auzora, gabarra hartu eta “itsasaldira” joateko, hau da Urumeatik hondarra ateratzera.

      Gerra Zibila lehertu zenean, Frantzian babestu zen Florentino. Han beste gerra bat biziko zuen, mundu-gerra, non berak ere aktiboki parte hartu zuen. Haren egiteko nagusiena izaten zen, Frantzia okupatuan erortzen ziren parakaidistak bilatu eta Donostian seguruan jartzea. Bere ibileretan izan zituen kontaezin ahala arrisku gorabehera, bere bizitza eta beste ehunka gizakien bizitzak salbatzea lortu zuen: bat bakarrik galdu zitzaion, eta bera haren ordenak jarraitu nahi izan ez zituelako; alemanek harrapatu zuten preso.

      Egindako zerbitzuen esker onetan kondekorazio ugari jaso zituen Estatu frantsesaren partetik. Florentino berandu ezkondu zen eta ez du seme-alabarik izan[291].

 

 

Juan Olano (1918-1972)

 

      Gizarte-garapenaren alde eta euskal ohitura eta kulturaren alde egin zuen etengabeko lanagatik, Hernaniko ondare ederrenaren parte da Juan Olanoren oroitzapena eta haren egintzak distiraka daude oraindik herrian.

      Sail ugaritan ibili zen, hasi kiroletan (Herriarteko pilota-torneoaren antolatzailea izaki, Gipuzkoako afizionatuen txapelketa nagusi bihurtu zuen; Mendi-gain mendizale-taldearen suspertzaile ere bazen; eta gestioak egin zituen Lasarteko automobil-zirkuitua biziberritzeko ere), eta musikan (Udal Bandako eta Parroki Koruko kidea zen, arrakastarik gabe saiatu zen Hernaniko Korala antolatzen) eta hezkuntzan (Karmelo Labaka Jaunarekin batera, lehengo parrokoaren izena daraman Lanbide Heziketaren bultzatzaileetako bat izan zen), eta kulturan, hitzaren esanahirik zabalenean (hainbat gauza sortu zituen: El Boletrn aldizkaria, Hernaniko gorabeherei buruz; zarzuela-konpainia bat “por orden gubernativa” deuseztatutakoa; antzerki-konpainia bat Boda Vasca Euskal Herri guztian zehar eraman zuena; Iñudeak eta Artzaiak taldea-eta ...).

      Baina batez ere, Juan Olano eredu bihurtzen duena haren aparteko gizatasuna da, haren bizitzako gauza guztiak bezala, elkartasuna sortuz eta besteentzako sentimendu jator-sakonak erakutsiz azaltzen zena.

 

 

Gabriel Celaya (1911-1991)

 

      Gaztelerak XX. mendean eman duen poetarik handienetako bat Rafael Gabriel Juan Mujika Zelaia izan zen. Hernanin jaio zen 1911n, familia aberats batean. Enpresa bat zeukan familiak herrian, eta nola garai haietan izen txarra zen ahaide artean “poeta” bat edukitzea, sasi-izen bat hartu zuen, Gabriel Celaya.

      Madrilera joan zen Injineru-Eskolan ikastera, bide ematen dio horrek Ikasleen Egoitzan bere garaiko poetarik garrantzitsuenak ezagutzeko (Lorca, Alberti, etab...). Bere belaunaldiari dagokionez, 27ko poetekin lotzen duen arren, espezialista batzuek 36ko Belaunaldiaren buruan jartzen dute Gabriel Celaya, Gerra Zibilak eta ondoko “barne-erbesteratzeak” markatu zuena.

      Celayaren obraren hedadurak (80 eta gehiago liburu dira, poesiakoak bereziki, baina teoria literario, narratiba, antzerki, etab.ekoak ere bai) eta hark zituen erregistro-mordo ikusgarriak, ez dute lekurik uzten “poeta sozial” delako izen usatuaren azpian hura katigu uzteko, ia eskuliburu guztietan egiten den bezala. Gabriel Celayak surrealismoa landu zuen, existentzialismoaren sustraiak aitzurtu zituen eta poesia orfikoa egin zuen. Poesia espainiarrezko mende oso batek aurkitzen du bere espresioa hernaniarraren obran. Gabriel Celayak bere azken egunetan jaso zuen bere literatur eta gizatasun ibilbidearen aurrezagutza. 1986an Letretako Sari Nazionala jaso zuen, eta ikusi zuen, nola urtetan zabaldu ezinik egon ziren bere obrak orduan zabalkundea lortzen zuten.

 

 

Tiburcio Odriozola “Patxi” (1923)

 

      1923an jaioa, ume-umetatik sentitu zuen kanturako zaletasuna eta Parrokiako Koruan jardun zuen urte askotan zehar. Antzerkiaren munduan ere ibili zen aktore gisa eta Luistarren euskal dantzak eta pilota sailetako arduraduna izan zen garai haietan.

      Ildo beretsutik, Santa Agedako Koruen “bultzagile sutsua” eta baita San Joan eta Gabon Gaueko Erronden sustatzaile porrokatua izana da.

 

 

Manuel Oroquieta Valiente (1924-1981)

 

      Fundizioko langile baten semea zen, musikalari, poeta, frantziskotar eta misiolaria. Bizkaian ibili zen herri-misiotan predikatzen. Kuban egon zen luzaro herrialde osoarentzat predikatzen, iraultzak handik bota zuen arte. Orduan Mexikora pasatu zen. Valladoliden hil zen 1981eko martxoan.

 

 

Jose Maria Setien Alberro (1928)

 

      Donostiako elizbarrutiko gotzaina Hernanin etorri zen mundura 1928ko martxoaren 18an. Donostiako Hermanos del Sagrado Corazón izeneko Ikastetxean ikasi zuen batxilerra eta Gasteizko seminarioan sartu zen. 1951n apaiz ordenatu eta uztailaren 1ean eman zuen bere aurreneko meza Hernanin. Gasteizko seminarioan teologi irakasle zela, katedra eta dekanatua onartu zuen 1960an Salamankako Unibertsitate Pontifizioko Teologi Fakultatean. 1972an Donostiako gotzain laguntzaile izendatzen dute, eta 1979an titular izatera iristen da. Beren argitalpenen artean aipa daitezke: Eliza eta soziala, Eliza eta askatasun politikoak, Gatazka kulturala eta kristau elkarteak, eta gainera hitzaldi ugari eta artikulu-mordo bat prentsan eta aldizkari espezializatuetan.

 

 

Adarraga Elizaran anaiak

 

      Hernaniko atleta-familia; lau anaia ziren:

      — Jose Luis, Espainiako pentatloi-recordman-a eta 4x400 erreleboetako txapeldun nazionala.

      — Juan Bautista, 800 m.ko Espainiako txapelduna 1944, 1946 eta 1948an; urte horretan distantziako record nazionala hautsi zuen, eta geroztik beste horrenbeste egin zuen Londresko olinpiadetan.

      — Bernardino bere anaiaren ondorengoa izan zen pentatloietako recordman-a lortzen; lau aldiz izan zen Espainiako dekatloi-txapelduna, eta beste sei aldiz hautsi zuen record nazionala.

      — Fernando: 17 urte besterik ez zituela, adarragatarren anaia txikiena Espainiako txapeldun izan zen pertika-jauzian; espezialitate honetan bost txandatan nabarmendu zen Espainiako recordman bezala, eta urrezko domina lortu zuen Santiago de Chilen ospatu ziren Joko Iberoamerikarretan.

 

 

Elias Querejeta (1934)

 

      Villa Gurutzen jaio zen 1934ko urriaren 27an, eta hortxe bizi izan zituen bere ume-denborako gorabehera nagusienak. Kimika eta Zuzenbideko ikasketak futbolarekin konbinatzen zituen, eta Donostiako Errealaren lehen ekipoan titular bezala jokatzera ere iritsi zen. Azkenean utzi egin zuen, berak dioenez “aspertu egiten nintzelako”.

      Hernaniko bere lagunen artean egiten dituen emanaldi pribatuetan deskubritzen du bere grina nagusia: zinea. Geroztik, zinemagintzara bideratuko ditu bere ahalegin guztiak. 1957an Madrilera joaten da; 1960an filmatzen ditu bere aurreneko dokumentalak, eta J.A. Bardem-en Los inocentes filmaren gidoian hartzen du parte, produkzio-lanetan Antton Ezeiza zuzendariarekin hasi baino lehen.

      Azken hogeita hamar urteotan berrogeita hamar pelikula baino gehiago ekoiztu ditu, eta saririk nagusienak ere irabazi ditu nazioarteko zinemaldietan. Elias Querejeta bide-irekitzaile bezala kontsideratua dago Espainiako arte zinematografikoetan, eta horren marka garbi ikusten da, ez bakarrik horrekin lan egin duten errealizatzaile nagusien kreazioetan (Carlos Saura, Jaime Chavarri, Victor Erice, Win Wenders, Manuel Gutierrez Aragon, Ricardo Franco, Montxo Armendariz, etab.etan), baizik eta Espainiako zinearen historiak berak duen figurarik nagusienetako bat hernaniar hauxe delako ere bai. Elias, gainera, etorkizun handiko emakume zuzendari baten, Graciaren, aita ere bada.

 

 

Cesareo Gabarain Azurmendi (1936-1991)

 

      Gaztetandik txandakatu zituen bere apaiz-ikasketak bere afizio handiekin, nola diren: musika, poesia eta kirola. Maristen ikastetxeko irakasle izan zen Chamben-en, Madrilen, Teologian, Moralean, Filosofian eta Letratan eta Periodismoan. 23 urte baino ez zituela, erritmo gregorianozko klaseak ematen zituen Madrileko Musika Goi Eskolan. Musika-obra asko egin zituen, eta gainera ehunka hitzaldi eta ikastaro eman zituen musikari buruz Espainia osoan zehar, eta atzerrian (Paris, Erroma, Porto eta New York-en). Ziklismoarentzat zuen zaletasuna zela kausa, Vuelta Españako “Pater”a izan zen hainbat ediziotan, eta saskibaloiko entrenatzaile-titulua atera zuen.

 

 

Martin Zabaleta Larburu (1950)

 

      Hernaniko mendigoizalea, euskaldunen artean Everest-eko tontorrera iritsi den aurrenekoa, 1980an, sherpa batekin.

 

 

Maria Rosa Ayerbe Iribar (1954)

 

      Doktorea da Historian Bartzelonako Unibertsitatetik; hainbat gai irakatsi zituen Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako Fakultatean: Erdi Aroko Historia, Paleografia eta Diplomatika Espainiarra eta Historiaren Metodologia; bera izan zen Deustun dekanotza egikaritu zuen aurreneko emakumea. Gaur egun Zuzenbide-Historiaren eta Erakundeen irakasle titular numerarioa da Donostiako Zuzenbide-Fakultatean.

      Ikerlan ugari idatzi ditu, hala nola, Un Señorío en Guipuzcoa: los Guevara (siglos XIV-XVI), Aportación al estudio del régimen señorial de Castilla (doktoretzako tesia, 1984). Bere senarrarekin batera, zeina baitzen Luis Migel Diez de Salazar Fernández (1990ean hila) eta ikertzailea bera ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek XVI. mendetik hona hartutako akordioen argitalpena ari da gidatzen; dagoeneko 14 liburukote lodi argitaratu dira. Gaur egun estudio sakon bat ari da prestatzen Hernaniko Hereñozutarren familiaz, eta laster aterako da argitara.

 

 

 

 

[289] LARRAMENDI, Manuel de. Corografía o descripción general de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa. “Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones”. Donostia, 1969, 58. or.

[290] MARTINEZ DE ISASTI, Lope. Op.cit., 527. or.

[291] AGUIRRE SORONDO Antxon. Hondartzaileak: Los areneros guipuzcoanos. Eusko Ikaskuntzaren Urtekaria. Jose Migel Barandiaran Fundazioa. Donostia, 1991, 31. or. eta hurr.