Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997
 HERNANI FESTATAN | HALAKOAK IZANGO GARA, HALA IKUSTEN BAGAITUZTE | OROITZEKO HERNANIARRAK 

 

HALAKOAK IZANGO GARA,
HALA IKUSTEN BAGAITUZTE

 

      Valois-ko Isabel erregina, Felipe II.aren emazte gaztea, 1565eko apirilean gure probintziatik zehar Baionara, Katalina de Medicis bere ama, Frantziako erreginarekin elkar-ikuste bat egitera zihoala, egundoko iraultza eta lo-galtzeak sortu ziren probintzian, erregin-jarraigoari behar zen bezalako harrera adiguritsua egiteko. Batzar Nagusiek, hainbat bileratan, giza mobilizazioak xedatu zituzten eta munta handiko gastuak ere bai; ordena eman zuten jendea gariz, haragiz eta bestelako janariz horni zedin, eta gainera zenbait konponketa ere egin beharrak zeuzkaten herrietan, galtzada eta bideetan[281]. Elkar-ikustearekin Katalinak espero zuen, berreskuratuko zuela Felipe II.aren konfiantza, izan ere, gorte frantsesak ez baitzuen erreprimitu nahi izan heresia kalbinista eta ez baitzituen efektibo egin Trentoko Kontzilioaren dekretuak ere (1565). Zoritxarrez Baionan ez zen ezertxo ere konpondu eta beste pizka bat gerotxoago beste erlijio-gerra bat lehertu zen, hugonoteena; honek lehen baino gehiago urrunduko ditu bi erreinuak, eta areago konplikatuko zen oraindik egoera, Doña Isabelen heriotza goiztiarra zela medio (1568ko urriak 13).

      Gipuzkoako Batzarrak jarduteko protokolo zorrotz bat ezarri zuen eta seinalatu, eskualde bakoitzetik zenbat bizilagun armatuk joan behar zuten harrera egitera. Hala, Hernanik konpainia bat antolatuko zuen “gizon aukeratuekin”, Asteasuk 24 gizon jarriko zituen, Aiak 60, Urnietak 10, denak arkabuzeroak, munizio eta morroinekin. Agintzen da, ez dezatela banderarik eraman, baizik eta bandera bat entregatuko zaiela probintziako sinboloekin; aldi berean, komisarioak izendatzen dira, egiaztatzeko, eskualde desberdinetan egon dadila behar hainbat behi-azienda, ardi— eta ahuntz-azienda, urdai, zezina, ogi, garagar, olo, lasto, baba; bitartean beste delegatu batzuk galtzadak, bideak eta zubiak aztertzen arituko ziren, eta konpondu egingo zituzten hala behar izanez gero. Ostalariek ordena hartu zuten, izan zezatela arropa ugari, ona eta garbia, eta pertsonentzako janaria eta zalditeriarentzako pentsua[282].

      Urte batzuk geroago, Felipe III.ak zeharkatzen du gure probintzia mugara bidean, han bere alaba Ana Austriakoa, 14 urteko infanta, entregatzeko; hau Ludovico de Borbon-ekin ezkonduko zen, geroko Luis XIII Frantziakoarekin; honek ere beste mobilizazio bat sortu zuen, honi ere harrera egin eta adiguri zerbitzeko. Errege-jarraigoa Leintz Gatzagatik sartu zen 1615eko urriaren 30ean; han agintariak eta aitoren semeak zeuzkaten zain. Handik Arrasatera pasatzen da, eta burdinola bat bisitatzen du; ilunabarrean Juan Ibañez Hernanikoak aterpetu zituen Oñatiko bere etxean gaua pasatzeko. Hurrengo egunean, Santu Guztien eguneko mezaren ondoren, Urretxuraino egin zuten bide, eta hurrengo bi bidaldietan Ordizia eta Tolosaraino. Erregearen taldea Hernaniko Agustinen komentuan geratu zen bazkaltzeko, non Iruñeko gotzaina atera baitzitzaien ongi etorri ematera. Arratsaldeko 3etan Donostiara abiatu ziren[283].

      Felipe V.a 1701eko urtarrilaren 24an iritsi zen Hernanira; D. Juan Antonio de Leizaur-en etxean hartu zuen ostatu, ordu batzuetan atseden hartzea beste asmorik gabe. Baina egundoko euriteak izan baitziren, hiru egun gelditu beharrean aurkitu zen gure artean.

      Eta 1599ko maiatzean, gortera zihoazen bi estudiante aleman, zorte txarrak eraginda, espioi ingelestzat jo zituzten Hernanin, eta bertako bizilagun batzuek proposatu zuten, ezen egia jakiteko modurik onena zela, berekin zekarten morroi asturiarra torturatzea. Hala kontatzen dute, bere albiste idatzian, “Iornany”-n sartzekoan izan zuten trago txarra[284]:

 

      “Baina gero, Brunzo deitzen den erreka (Urumea alegia) pasatu ondoren, Donostiara doan erreka da hori, eta pixka bat mendian gora igo ondoren, hautematen dugu jende asko datorrela gure atzetik deiadarka. Guk ez baikenekien zer nahi zuten, itxoin egin genuen pixka batean, haiek iritsi arte; eta nekazari eta baserritar batzuk ziren, alkatea eta Klerikoa, eta Justiziaren makila erakutsiz, galdetzen zuten, ea zer jende-modu ginen gu, zein estatu eta ofiziotakoak ginen eta zer negozio genekarren inguru hauetan; eta bestela nahiko enkargu genekarrela gure herritik, gure nagusien baimenarekin joan ginela Espainietara eta beste mila jakingarri; eta argi eta garbi aditzera eman ziguten, haien ustez, ingelesak eta traidoreak ginela gu, eta horregatik nire morroia torturatu nahi zutela aurrena. Asturiarrak (morroiak) erantzun zien, bera espainiarra zela eta orain Flandestik hona zetorrela, eta gu estudiante alemanak ginela, eta Espainiako Erregearen gortera joan nahi genuela hari zerbitzera eta gure ahaideekin hitz egin nahi genuela, alegia Espainiako Erregina Doña Margarita Austriakoarekin etorri zirenekin. Klerikoa orduan latinez hitz egiten hasi zitzaien, eta gure bidaiaren arrazoia galdetzen zigun; nik erantzun nion, Salamancara joateko asmotan ginela, han denboraldi batean estudiatzeko, eta Lisboan eta Sevillan ziren Merkatari Alemanentzako truke-gutunak erakutsi nizkion, eta gure arrazoiak ikusirik libre utzi ziguten bideari jarraitzen”.

 

      Artois-ko Kondeari, Frantziako Erregearen anaia, eta geroago bera ere, Karlos X. izenarekin, errege izango zenari festa-omenaldi handi bat egin zioten 1782an Hernanira iristean[285]. Hain ostalari garaiarentzat eta horren jarraigoarentzat Zarautz eta Getariako arrantzaleei eskatu zitzaien arrain freskoa, eta nekazari-produktuak eta haragia Astigarraga, Andoain, Urneta eta Tolosari. Logelak prestatu ziren herriko bizilagunen etxeetan, ondo-ondo garbitu zen plaza, girlandekin eta bizilagunek utzitako altzariekin apaindu zen Udaletxea, eta are bigantxa-korridak ere egin ziren. Kondeak sarrera handiosoa egin zuen apirilaren 14ko egunaren arratsaldeko 8etan, aurretik zituela, kasu hartarako kontratatu ziren ezpatadantzariak, musikalariak eta klarinak, bitartean eskopeta-tiroak botatzen ziren eta kanpai bueltakoak jotzen. Doña Rosa de Aragorriren jauregira pasatu zen afaltzera, eta gero, kontzeju-etxetik, apaindua baitzegoen sego eta oliozko kandelekin, dantza-erakusketa bat ikusi zuen. Ahalegin ekonomikoa izugarria izan zen, Hernanik 13.938 erreal xahutu behar izan zituen[286].

      Eta nolakoa zen bidaiari noble frantsesek aurkitu zuten Hernani hura? Garai bateko ohiturak argiro ezagutzeko bide bat udal-mandatuen bitartez egiten dena izaten da; elkarbizitzako erregelamenduaren gisako bat izaten zen hau, udalak, urtean behin, urtarrilaren 1ean, aztertzen eta zuzentzen zuena, gero, aurreneko igandean, meza nagusitan ematen ziren argitara jendaurrean pulpitutik (euskaraz eman ere, denek uler zitzaten, nahiz eta notario aurreko eskritura gazteleraz egiten zen), eta horregatik ordainsari koskor bat jasotzen zuen erretoreak. Mandatu berak, eta prozedura berarekin, Lasarteko auzoan argitaratzen ziren. Conde de Artois-koaren bisita baino urte batzuk lehenago, 1766ko urtean, honako hauek izan ziren Hernaniko manuak[287]:

 

1. Inor ez da ibiliko arrazoirik gabe gauez kalean, eta irrintzi egiterik ere ez da egongo arimetako kanpaia jota gero (iluntzean), 500 marabediko eta hiru eguneko kartzela-zigorraren azpian.

2. Inork ez du arma, labana eta antzekorik eramaterik izango.

3. Tabernariek eta ostalariek kontzejuan fielatutako neurriak (hau da ikuskatutakoak) erabili behar dituzte ardoa eta sagardoa saltzeko; ez dute salduko “queda”ko kanpaia jota gero (ilunabarrean egiten zen hori), ez dute jokorako kartarik utziko, eta ez dute ardo edo sagardorik salduko meza nagusia, bezperak, prozesioak eta arrosarioa bitartean. Agindua ez betetzeagatik 500 marabediko zigorra ezarriko da aldiko.

4. Ez da inor ibiliko pilotan, kartatan, eta bola-jokoan meza ematen, eta bezperak, arrosarioak edo prozesioak egiten diren bitartean, dukat baten eta bi eguneko kartzela-zigorraren azpian aldi bakoitzeko.

5. Jaiegunetan inork ez du lan egingo, behi eta idi uztartuekin, edo beste era batera parrokoaren baimenik gabe.

6. Bete egingo dira lutoari eta jantziei buruzko errege-ordenak.

7. Zilarrezko bi erreal t’erdirekin zigortuko da elizan edo leku santuetan ilea lotuta sartzen dena.

8. Ogi-labariek ohizkoa kobratuko dute beren lanagatik, eta okinek legezko pisuarekin egingo dituzte ogiak, eta ondo erreta aterako dute labetik, bestela zigortuak izango dira.

9. Ez despopulatuan eta ez baserrian joko da danbolin edo bestelako musika-instrumenturik, alkate jauna presente egon gabe, Bere Maiestateak agintzen duen bezala.

10. Ardoa edo pattarra salgai daukanak ez du aterako “queda”-ko kanpaia jota gero, baina emango du herriko medikuak edo zirujauak aginduz gero.

11. Gogora ekartzen da Probintziako Foruetako 27. atalburua, zeinak esaten baitu, meza berri, hileta eta ezkontzetara gonbida daitezkeenak, hirugarren mailarainoko ahaideak bakarrik direla, bataioetara gonbida daitezke, aitajauna, amandrea eta beste sei pertsona gehienez ere.

12. Udal barruko mugapean inork ez du arbolarik eta adarrik moztuko eta egurrik ere ez du inork txikituko kontzejutik kanpora erabiltzeko, udalaren baimenik gabe; eta horrelakorik egiten duena salatzen duenari saria emango zaio.

13. Kontrabandogileei edo errege-errentak iruzurtzen dituztenei ez bekie inork aterperik eman, eta beren etxeetara joaten bazaizkie, abisua pasatuko diote justiziari.

14. Inork ez du tabakorik ereingo, ez du parterik hartuko ez tabakoa erosten edo saltzen, ez berdetan eta ez igartuta gero, isunaren azpian.

 

      Gaspar Melchor de Jovellanos, politikari eta idazle famatuak 1791n bisitatu zuen Hernani, Donostiatik zaldiz etorrita. Hango elizaz, esaten baitu baduela katedral izateko adinako duintasuna, honela idazten du:

 

      “Arkitekturazko erretaula, eskulturak oso hala-moduzkoak, presbiterioan. Ebanjelioaren aldean Juan de Urbieta ospetsuaren hilobia, Frantzisko I.a Frantziakoa Pavian preso hartu zuen harena: mihisean idatzitako inskripzioa, benefiziarioak kopiatu zuena, Karlos V.aren zedularekin, zeinetan eman baitzion armarria eta agian testamentua eta beste memoria batzuk”.

 

      Gainera atentzioa deitzen diote, pasealekuak, elizaren atzealdean dagoen arboladi ederrarekin, hango pago altuek, pilotalekuak, plazak eta herriaren atzealdean dagoen erriberak. Hitz hauekin deskribatzen ditu Tolosako merkatura zihoazen gizonak:

 

      “alkandora garbi-garbia zeramaten jantzita, ehunezko edo oihalezko prakak, besogabeko gerruntzea, baietazkoa edo artilezkoa, horrekin txamana bat sorbaldan, inoiz ere ez jantzita, abarkak edo apretak marraga beltzezko mantarrekin eta goaita zuriekin, edo alderantziz; buruan kapera edo montera goiko partean zanpatua, batzuek txano flamenkoa, ehioa, antzinako kaperen gerakina.

      Emakumeak gerruntzearekin, makutsetan, paifiolo-erdi bat bularrean (jeneralean gutxitxo baita), baieta edo oihal pintatuzko gona, Biarnoko mantal tetilladuna, beltza eta gorria, koadrokikoa; buruan, ikusi ederrekoa, pai edo apretak marraga beltzezko mantarrekin eta goaita zuriekin, edo alderantziz; burugarbiak, nahiz eta bizkaitarrak bezain garbiak iruditzen ez zaizkidan”.

 

      Erregina erregentea, Maria Kristina Austriakoa, 1887ko abuztuaren 19an etorri zen Hernanira, azken gerra karlistakoan jasandako kalteak ikustera. Sarreran ohorezko arku tradizionala jarri zitzaion eta garai haietako agintariak atera zitzaizkion harrera egitera. Elizan Te Deum bat entzun ondoren, eskolak eta asiloa bisitatu zituen jarraigoak, eta Barrenetxea Jeneralaren etxea ere bai. 1894ko abuztuaren 30ean egin zuen beste bisita bat Maria Kristinak, eta errege-familia osoak 1900. urtean[288].

 

 

 

 

[281] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit.. IV. alea, VII. or.

[282] Ibidem. IV. alea, 9-18 or.

[283] MARTINEZ DE ISASTI, Lope. Op.cit., 277 or.

[284] Dos alemanes en Vasconia: Mayo de 1599. Gasteizko Aurrezki-Kutxa Munizipala. Gasteiz, 1972. 12. fol.

[285] H.U.A. E/1/1/6.

[286] MURUGARREN ZAMORA, Luis. Hernani, su historia e instituciones. Op.cit., 3. or.

[287] O.P.A. III. atala, 1.371. leg., 1. fol.

[288] BLAS DE ZULETA, Luis. Hernani entre dos guerras: 1872-1936. Medio siglo de vida en Hernani. Hernaniko Udala. 1985. 53. or. eta hurr.

 

 HERNANI FESTATAN | HALAKOAK IZANGO GARA, HALA IKUSTEN BAGAITUZTE | OROITZEKO HERNANIARRAK