Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

INDUSTRIA BAINO LEHEN

 

      Hernaniarren langile izaera eta bere ekoizpenen mendetako kalitatearen ospea dira herriak izan duen garapen garrantzitsuaren oinarri, eta honen jatorria, berehala ikusiko dugun bezala, industrializazioaren azken eztanda baino askoz lehenagokoa da. Hori guztia, ahalegin eta sakrifizio-izpiritu nabarmena, auzokoen arteko harremanak arautzen zituen eguneroko liberalismoa eta kultur mestizaia aberasgarriarekin batera, gaur egungo Hernani nolakoa den definitzeko balio dezaketen zantzuak dira.

      Joan den mendetik aurrerapen industrial itzelak, Hernanira ekarri zuen ospe eta ongizatea, Erdi Aroan geureganaturiko tradizio manufakturatzaile baten ondorioa izan zen. Burdinolak dira, hots, materiala burdin bihurtzen zen lekua, industriaurreko aroan burutzen zen lan espezializatuaren adierazgarririk handiena, Urumea ibaiaren ertzetan aurkitzen ziren errota andana alde batera utzi gabe noski, probintziako onenen artean, edota XVIII. mendean Hernaniri hainbesteko ospea eman zion aingura-fabrika.

 

 

BURDINOLAK ETA ERROTAK

 

      Esan beharrik, IX. mendean agertu zirela lehen aldiz Europan burdinola eta errota hidraulikoak, baina Euskal Herrian, bigarren milurtekoan sartuz geroztik hasi ziren ugaltzen gure ibai bazterretan, zeintzuk ur-ekarri baldin baziren, ekoizpen-konplexu handiak eraikitzeko aukera eskaintzen zuten, burdinola eta errota barne.

      Urumea ibaiak eta bere ibaiadarrek eskaintzen zuen potentzial energetiko itzelak, burdinola handiagoak eta txikiagoak instalatzeko aukera eskaintzen zuen, eta hala, aurrerago ikusiko dugun legez, gure lurraldea burdin-industriaren lehen adierazpen bilakatu zen. Gipuzkoa osoko ekonomia, eta Urumea bailarakoa batez ere, burdinolen jardueraz baliatuko zen, eta Luis Migel Diez de Salazar eta Maria Rosa Aierbe irakasleen esanetan, XIV eta XV. mendetan, gure probintziako eskulanaren %40 edo 50a zuzenean edo bidenabar burdinaren alorrean enplegaturik zegoen[144].

      Eta XV. mendearen lehen erditik aurrera, erret zerga bat sartu zen indarrean burdinoletan, bertan ekoizturiko burdin kintal bakoitzeko (70 kilo inguru): “hamarreko zaharra” edo “burdinaren gaineko alkabala” zena. Probintzia gogor azaldu zen honen aurka baina ez zuen ezer egiterik lortu. Zerga hauen bidez lortutako dirua erregeak zenbait gipuzkoarrei ematen zien eskerronez edota eginiko mesedeen ordainetan[145].

      Ez da hau gai erakargarri honetan gelditzeko unerik egokiena, baina itzuliko gara honetara astiro bere garaian; halere, Hernani langile eta industrialaren taxuketan duen garrantzia ikusita, ezin dugu gure honetan aurrera egin zenbait zertzelada adierazgarri eman gabe. Arlo honetan biztanle asko elkarrizketatzen eta bibliografia aztertzen lan zehatza bezain zabala egin ostean, Hernanin zeuden burdinolen zerrenda bat eman dezakegula uste dugu. Etorkizunean edonork egin dakizkigukeen ohar eta salbuespen guztiak kontuan izanik, honako zerrenda hau aurreratuko dugu (burdinolak ibaiaren ibilgua jarraituz sailkatu ditugu, Nafarroaren mugan hasi eta porturaino):

 

— Aparraingo burdinola (Urumea ibaiaren eskubialdean)

— Pagoagako burdinola (ezkerraldean)

— Pikoagako burdinola (eskubialdean)

— Urruzuno edo Olazarko burdinola (ezkerraldean)

— Olaberriaga edo Olaberriko burdinola (ezkerraldean)

— Huerratuako burdinola (egungo Ubarrato, eskubialdean)

— Abillasko burdinola (eskubialdean)

— Lasako burdinola (eskubialdean)

— Ereñotzuko burdinola (eskubialdean)

— Fagollagako burdinola (eskubialdean)

— Epelako burdinola (eskubialdean)

— Zeagako burdinola (eskubialdean)

— Osiñagako burdinola (ezkerraldean)

 

      Alde batera utziko ditugu Urnietan zeuden burdinolak, bere garaian Hernaniri atxekirik baldin bazeuden ere, baita 1450az geroztik dokumentatua zegoen Lasartekoa ere[146].

      Arrasaten, 1559ko azaroaren 24an eginiko Batzarrean, Gipuzkoako batzarkideek zera erabaki zuten, merkatarien ezagupenerako, gure lurraldean eginiko burdin guztiek derrigorrez ezaugarri bat eramatea, egungo labelaren antzeko bat. Jakinaren gainean jarri ziren hartutako erabaki honetaz Gaztela, Andaluzia, Portugal, Galizia, Lisboa, Oporto, Pontevedra, Muros, Labrisuata hiria (sic), Corufia, La Rochelle, Londres, Bristol eta, oro har, gure metala erregularki salerosten zen portu guztiak[147]:

 

      “Berebat, Urumea bailaran Donostia eta Hernaniko herrien eskumeneko lurraldean eta Lasarte, Azelain, Agarauz, Urrilondoko burdinoletan, eta Leizaur, Amasaola, Inturia burdinoletan landu eta Donostiara eramaten den burdin mota orok, ola guzti horietakoak eta aipatu Urumea bailarakoak ‘S’ hizkiaren marka eraman dezala”[148].

 

      Zuaznabarren zerrendari esker jakin badakigu 1831an oraino Fagollagako hiru burdinoletan ohiki ekoizten zela (udako lehorteetan izan ezik): Pikoaga, Ereñotzu eta Fagollaga, baita antzinako aingura fabrikan ere “langile ugarirekin”.

      Ondorengo orrialdetan, guk dakigunez, Hernanin izan diren burdinola eta errotei buruzko datu garrantzitsuenak emango ditugu. Ziurrenera ere, beste batzuk izango ziren baina ez dago horien datu idatzirik, eta, beraz, gure zerrenda hau ez da erabat osoa izanen, baina oraingoz Jose Inazio Telletxea Idigorasen lan klasikoa osatzen, hots, Ferrerías guipuzcoanas a fines del siglo XV, eta nire Tratado de molinología (Los molinos de Guipúzcoa) lanean Hernaniri dagokion kapitulua laburbiltzen saiatzearekin konformatuko gara[149]. Aurreko zerrenda bezalaxe, honen errolda ere ibaiaren ibilgua jarraituz sailkatuko dugu.

 

      Aparrain burdinola

      Udal-artxibategian 1536ko data duen dokumentu bat kontserbatzen da, bertan azaltzen denez, Luis Cruzar jaunak Donostia eta Hernaniko udalei Urumeako urek eraginda lan egingo zukeen burdinola bat edo bi “Aparrain-ondoa” izenez ezagutzen den parajean eraikitzeko baimena eskatu zien[150].

 

      Pagoagako burdinola eta errota

      Izen bereko auzoan aurkitzen zen, Hernanitik Goizuetarako bidean, zubiaren aurrean.

      Burdinola hau, Abillas-ekoa eta Lasakoa bezalaxe, Martin Perez de Alçegarenak ziren, zein 1475az geroztik eta hamabost urtez “hamarreko zaharra” ordaintzetik salbu geratu zen, berreraikitze-lanen aldeko laguntza gisa[151]. Burdin lana bertan behera utzi bazen ere, errotak berean jarraitu zuen Pagoaga auzoko beharrak asetzeko. Harri pare bakarra zuen, eta eskuinaldetik igarotzen zen Sagarreta-errekako uren eraginez aritzen zen.

 

      Beko-errota

      Pagoaga eta Pikoagako erroten artean kokatua zegoen, bere ezkerraldetik igarotzen zen Sagarreta errekako uren gaineko zubiaren aldamenean. Hemen bizi zen 1890. urtean Martin Bixente Aranburu Artola, 51 urteko nekazaria. Zerga-kontuetarako, errotak “publiko” bezala 1950etik 1963 arte iraun zuen lanean, Kontxesi Rekalde, Aranbururen alarguntsaren izenean. Azken urte honetan, uholde batek aurrean eraman eta bere behin-betirako desagertu zen.

 

      Pikoagako burdinola eta errota

      Izen bereko auzoan, gaur egungo pilotalekuaren eta Urumea ibaiaren ertzeko zubiaren ondoan. Pikoagako burdinolari buruzko datuak 1610ekoak dira. Kontuan hartzekoa zen ainguretako burdina ekoizteko zuen gaitasuna, Francisco de Oquendo jaunak 1752an adierazten zuenaren arabera:

 

      “Verois etxeko Pikoaga. Hauek (Fagollagakoekin batera) aingurak lantzen dituzte, baina burdina eta ikatzetarako mendiak izanez gero, 8.000 Kintal (kintal urtean) landuko lituzkete”[152].

 

      Gure mende honen hasieran, Luis Miner zen errotaren jabea; bertan 800 anega ehotzen zituen urtean, 1.100 arte egin bazitzakeen ere.

 

      Urruzunoko burdinolak

      Bi burdinola zeuden izen honekin: “Urruçuno de Yuso” (goikoa) eta “Urruçuno de Suso” (behekoa).

      Martin Perez de Alçaga zen bere jabea 1450ean, eta “hamarreko zaharra” delako zergaren irabaziak Juan Sanchez de Alduayn, Juan Martinez de Ayerde, batxilerrei, eta Pedro de Pertantyguy-rengana, hirurak ere Donostiako biztanleak, xedatzen ziren biziarteko baldintzaren arabera[153].

      Burdinolan Hernanitik kanpo eginiko sagardoa sartzeagatik (galarazia baitzegoen, herri guztietan berdina zen araua hautsiz, herriko sagardoa amaitu aurretik kanpotik ekartzea) Urruzunoko olagizonak, Sebastian de Yerobi, Urnietako semeak, zigor bat jasan behar izan zuen 1648an[154].

 

      Olaberriagako burdinola

      Olaberriagari buruz daukagun erreferentzia bakarra, kanpoko sagardoaren erosketarekin zerikusia duena da: 1583an olagizonak Urnietatik eraman zuen sagardoa bere burdinolara, ondorioz dukat bateko isuna jarri zioten, eta ohe gaineko estalkia kendu hori ordaindu bitartean[155].

 

      Huerratuako burdinolak eta errota

      Gehinetan, burdinoletako jabeek, olagizonak kontratatzen zituzten sutegiaren ustiaketa aurrera eramateko. Esaterako, 1567an Juan Lopez de Aguirrek, “Hurruatxo”ko bi burdinolen jabeak, eta Miguel Veltran, Aranoko bizilagunak, kontratu bat sinatu zuten ondoko puntu hauen arabera:

      1.— Olagizonak burdinoletarako behar den beta guztia garraiatuko du Ereñotzuko portutik, eta landutako burdin guztia burdinolatik porturaino eramango du. Erreal bat eta laurden jasoko du (berrogeita bi marabedi t’erdi), landutako eta portuan bertan pisatutako burdin kintal bakoitzeko.

      2.— Juan Lopez de Aguirrek, Hurruatxo etxeko gela eta sukalde nagusia utziko dizkio Migeli, bertan kontratuak irauten duen bost urtetan bere familiarekin bizi dadin. Halaber, etxeak duen baratzea ere utziko dio, eta bildutako alea burdinolak duen errotara ehotzera eramandakoan, besteek ordaintzen dutenaren erdia ordainduko du.

      3.— Juan Lopezen kontura izango da beta portuan jartzea, inoiz faltako ez den eran.

      4.— Garraioaz gain, Migelek bere idiekin tresnak, materialak eta sutegian behar diren beste gainontzeko pieza guztiak eramango ditu (mazoa, burukoak, mesukarilagunak), jabeak ordainetan bi erreal t’erdi emango dizkio idi-parearekin egiten duen lanegun bakoitzeko, eta hiru erreal zamari bakoitzeko.

      5.— Beta egosteko, Migelek askatasun osoa izango du burdinoletara xedaturiko mendietatik egurra har dezan.

      6.— Berarekin lan egiten duten mazolariei, Migelek ogi egosia eta Juan Lopez hernaniarraren kupeletako sagardoa, eta ez beste inongoa, eman beharko die, tarifa ofiziala kobratuz.

      7.— Larunbat iluntzean, igande eta jaiegunetan, olagizonak bazkaltzera eta afaltzera gonbidatuko ditu burdinoletako mutilak (bazkari bakoitzeko 12 marabedi eta gosari bakoitzeko 6 ordainduko dizkio jabeak)

      8.— Era berean, burdinolan konponketak egiteko Juan Lopezek eraman zitzakeen arotz eta beste ofizialei zintzoki ordaintzeko hitza ematen du, langile bakoitzeko egunean erreal bat eta laurden ordainduz.

      9.— Azkenik, Gabonetan kapoi-pare eder bat, eta Garizumako Bazkotan urteko bi antxume, bere etxean haziko balitu, emango dizkio. Errentaren epea amaitutakoan, txahal-parea entregatuko dio “gizalegeko” eskaintza gisa[156].

 

      Abillasko burdinola

      Pagoagako burdinolaz hitz egiterakoan esana gelditu zen bezalaxe, Martin Perez de Alçega zen Abilla eta Lasako burdinolen jabea 1497an, zeina hiru bosturtekotan hamarreko zaharra ordaintzeaz salbu geratu zen eginiko lan handien ordainetan[157].

      Hara, 1577ko auzi baten dokumentazioan “Abillasko burdinolaren arragua” aipatzen da Aginagako barrutian, eta bertan, “Herri-Lurrak” delakoei atxikirik ote zegoen ala ez eztabaida zen[158].

 

      Lasako burdinola

      Honi buruz daukagun datu bakarra 1475ari dagokiona da.

 

      Ereñotzuko burdinola eta errota

      Henrike IV. erregeak, 1465ean, Juan Martinez de Ayerbe batxilerrari eta Pedro de Pertantyguiri “Herrenoça”ko “hamarreko zaharra edo alkabala” ematen die.

      Martinez de Isastiren esanetan, Ereñotzuko etxeak bi burdinola zituen, aitzitik, Francisco de Oquendok 1752an dio, Estrada Dukearen bi seme gazteenen aingura-fabrika zela. Bere gaitasuna, 8.000 kintalekoa omen zen, ikatza aski izanez gero behintzat.

      Burdinaren lana alde batera utzi eta, 1895ean, Alberto de Larralde “hiritartasun frantsesa izan eta Miarritzen bizi zen” bere jabeak, 4.000 litroko ur-hartunea ipintzeko baimena eskatu zuen. Errotaz gain, tramankulu hidraulikoak egurra ebakitzeko zerra mekaniko bat eta inguruko industrietarako argi indarra ekoizten zuen sorgailu bat eragiten zuen.

      Jose Maria Soroa zen 1928an bertako arduraduna, eta urtebete beranduago jaso zuen alta “irinerrota publiko” bezala Joakin Orayenen izenean. Oraino 1963an, bere titular Ricardo Orayen Saint-Pierrek, alea ehotzen jarraitzen zuen Urumeako urek eragindako bere bi harri-pareekin. Baina handik gutxira ehotzeari behin-betirako utzi zion, urte batzuetan elektrizitateko planta sorgailu bezala jardun badu ere.

      Ereñotzuko auzoan zegoen, gaur egungo plaza txikiaren aldamenean. Egun ez dago aurri batzuk besterik.

 

      Fagollagako burdinola

      Jakin ahal izan dugunez, Juan de Ysasaga, Ochoa de Usasagaren semeari eman zitzaion burdinola honetako alkabala edo hamarreko zaharra, 1478ko urtarrilaren 10ean[159].

      Baina 1636an izandako uholde izugarriek kalte handiak eragin zituzten burdinolan.

      Sutegi honen berezitasun bat zera da, bere maizterra burdinolaren goialdean zegoen elurzulotik (lurrean elurra pilatzen zen zuloa) herria elurrez hornitzera konprometatzen zela. Hala, esaterako, 1703an Juan Bautista Alorburu, Domingo eta Martin de Amosorrain eta Juan Bautista de Zuaznabarrek zortzi urtetarako errentan hartu zuten, baina 1706an Juan de Galardi azpikontratatu zuten, zilarrezko bi ezkutu eta burdinolak zituen lur eta fruiten erdiak lagatzearen alde, elurraren horniketaz ardura zedin[160].

      Herriak, burdinolaren jabe zenez, Juan Bautista de Iriarte y Juan Ignacio de Izaguirre harginak kontratatu zituen 1743an, Joseph de Lizardiren proiektua jarraituz, antepara edo depositua berreraikitzeko[161].

      Eta 1750etik aurrera, ospe handiko aingurafabrika bilakatuko da burdinola hau, baina horretaz aurreragoko atal batean arituko gara.

 

      Epeleko burdinolak eta errota

      Agirietan izen bereko bi burdinola azaltzen dira: “Pela de Suso” (behekoa) eta “Pela de Yuso” (goikoa).

      Lehenengo erreferentzia edo aipamenak 1401. urtera garamatza: Hernanik kontratu bat egin zuen Garcia Ramirez de Enciolarekin “Araynibar” parajean kokaturiko burdinola eta inguruko lurrak erabili ahal izateko eta, ondorioz, sagasti, mahasti eta gainerakoak aldatu ahal izango ziren; errenta “urrezko 4 franko” izango ziren, etxea konpontzeko eta burdinolarako egurra ebakitzeko eskubidea barne, baina ez mea egosteko, ezta etxerako edo ikatzetarako ere. Burdinola ixten baldin bazen, eraikina eta lanerako tresnak aipaturiko Garciarentzat izango zirela aurreikusi zen, ez ordea lurrak, hauek berriro udalari itzuliko baitzitzaizkion[162].

      J. Inazio Telletxea Idigorasi zor diogu erret emakida bati buruz egiten duen aipamen interesgarriaren datu bat; antza denez, 1468an Martin de Alquiça hernaniarrari eman zitzaizkion Andoaingo Urriolondoko eta Hernaniko Errotaran eta “Pela de Suso” burdinoletako eskubide eta irabaziak. Epeleko dorretxearen datuak ere (Epele Torre) 1610ean agertzen dira, burdinola Juan de Martinez de Ayerdiren eskuetan zegoenean[163].

      Irakurleak gogoratuko du, 1599an herriko maisuaren soldata —zeinari zenbait ordainketa zor zitzaizkion— Epela burdinolako errentarekin ordaintzea erabaki zela; garai hartan, Joanes de Ysasa zen bertako maizterra.

      Rocaverde Markesak burdinola erosi zuenean, irin-errota zaharra konpontzeari ekin zitzaion. Hau 1900ean izan zen, eta urtean 1.400 anega eho bazitzakeen ere, 1.000 egin ohi zituen, % 10eko laka kobratuz.

      Oraino 1956an, Hernaniko Joxe Joan Etxeberria Lizeagak errota konpontzea lortu zuen, baina hurrengo urtean itxi zuen. Ramon Ugalde izan zen bertako azken errotaria.

 

      Ceago edo Eziago burdinola eta errota

      Eziago auzoan, Zikuñagako ermitaren azpian zegoen, bere ezkerretatik igarotzen ziren Urumeako urek eragiten zuten tresna hidraulikoa. Burdinaren ustiaketa alde batera utzitakoan, errota bezala aritu zen, bertako lurretan Biyak-bat papelera eraiki zen arte. Gaur egun hau ere itxita dago.

      Gure esku izan dugun agiriaren arabera, errota hau 1416an eraiki zen. Bi urteren buruan, udala eta Juan Martinez de Ayerdi azaltzen dira errota honen eta Errotaberrikoaren jabe. Hernaniko bizilagunak alea ehoko bazuten, hona etortzera behartuak zeuden, eta gau bat eta egun bat igaro ostean euren aleak oraino ehotu gabe baldin bazeuden bakarrik joan zitezkeen beste errota batera[164].

      Dakigunez, 1556an, udala, Maria Juan de Arbiza eta Juan Martinez de Ayerdi dira bere jabeak. Eta data horretan eraberritze-lan izugarriak egin ziren ekoizpena areagotzeko.

      Baltasar de Nobleza, bertako errotariak, eta Domingo de Alçega, Errotaberrikoak, betebehar zaharra berriro indarrean jartzea eskatzen dute 1568an, hau da, Hernaniko biztanleak beren errotetara joatea. Handik laster, 1587ko urtarrilean izandako uholde ikaragarriek kalte handiak eragin zituzten eta inbertsio garrantzitsuak egin beharrean aurkitu ziren berriro bi errotak lanean jarriko baldin bazituzten.

      Honenbestez, 1901ean G. Lino Miner zen bertako arduraduna, urtean 20.000 anega egiteko gaitasunarekin, bere batezbesteko ekoizpena 15.000koa baldin bazen ere. Honen neurriaz ideia bat egiteko, aski dugu Pikoagako burdinolak lantzen zituen 800 anegak gogoratzea, edo Epelekoaren 1.000 edo Osinaga errotakoaren 1.200 anegak.

 

      Osinagako burdinola eta errota

      Txonkuaenea edo Errotaran erreka bere eskuin aldetik igarotzen zen, Osinaga auzoaren erdiz-erdi.

      Hara, 1388ko otsailaren 28an, herriko alkatearen, burdinolako jabearen, eta Sancho Martinez de la Camara eta Irazurdiren lurretan kokaturiko Errotaran orubearen oinordekoen artean eginiko kontratu baten arabera, hauei maizter gisa burdina lantzeko eta burdinolako konponketak egiteko nahiz mea egosteko behar zuten egurra, jurisdikzioko mendietan, ebakitzeko baimena ematen zitzaien, baldin eta haritz egurra errespetatzen eta ikatza egiteko erabiltzen ez bazuten. Ordainetan, lau urte baino gehiago jarduera geldituko ez zuenaren hitza eman zuen olagizonak; bestelakoan herriaren jabegora igaroko zen. Are gehiago, olagizonak urtero 4 kintal burdin eta Frantziako erregearen diru-moldeko urrezko 4 franko ordainduko zituen[165].

      Ikusi dugun legez, 1468an, Henrike IV.ak Martin de Alquiçari eman zizkion burdinola honetako, eta Hernani eta Andoaingo beste batzuen, eskubide eta irabazi guztiak.

      Errota bezala, “Osinaga”k (izen honekin azaltzen da XVII. mendean sartuta ere) 1556tik utzi dizkigu idatzitako testigantzak. Garai hartan San Agustinen Monastegiari atxikirik zegoen, zeinak ehoturiko 14 lakari gari monastegi berean entregatzearen alde alokatzen zuen.

      Eta 1890ean, Ramon Larburu Iurramendi, 71 urteko nekazariak, eta bere anaia Julian, 44 urteko errotariak, bizitegi gisa erabiltzen zuten euren familientzat. Hamaika urte beranduago Ramon Labaienek urtean 1.200 anega ehotzen zituela aldarrikatu zuen, 400 gehiago egiteko gaitasuna baldin bazuen ere. Hala, Julian Larburu zen 1904an honen jabea. Eta 1927an, Ogasunean erregistratu zen irin-errota bezala, Luis Berrondoren izenean.

      Errotak 1974an utzi zion lan egiteari, Hernaniko biztanleriaren beharrak asetzeko errekako urak desbideratu zirenean. Balentin Berrondo izan zen azken errotaria.

 

      Karabeleko errota

      Informazio gutxi geratu zaigu Karabele auzoan zegoen jabetza pribatuko errota honi buruz; badakigu bai, Urumearen ezkerraldean eta antzinako txatartegi baten aldamenean zegoela, eta bere eskuinaldetik igarotzen zen Portuko errekatxoko urek eragiten zuela.

      Bertako azken errotaria zendu ostean, Eustakio Telletxea, 1945 inguruan, sagarra txikitzeko erabiltzen omen zuten, auzoko bizilagun batzuen ahotik jakin ahal izan dugunez.

 

      Frankoko errota

      Portu auzoaren erdi-erdian, gaur egun etxebizitza multzo bat dagoen lekuan zegoen Franko errota, berari buruzko biografia (dokumentuetan behintzat) 1546an hasi zelarik. Udalarena izanik, errenta bat ateratzen zen aldian-aldian. Garai batetik aurrera, Udalak eta Donostiako San Bartolomeko Ama Agustindarren kongregazioak elkar banatzen dute bere titulartasuna.

      Urumeak sarritan gainezka egiten zuenez, kalte handiak eragiten zituen eta hainbat inbertsio egin beharrean aurkitu ziren 1599, 1636, e.a.

      Mendizabalen desamortizazio-garaian jabetza kendu eta salgai jarri zen. Juan Antonio de Miranda azaltzen da jabe bezala 1901ean. Urtean 1.800 anega ehotzeko gaitasuna bazuen ere, ez omen 1.300 baino egiten. Bere bizitza urte gutxi batzuk beranduago bukatuko zen, paraje horietan inolako aztarnarik utzi gabe.

 

      Errotaberria eta Beko-errota

      Bi errota gehiago izan ditu Hernanik bere lurretan: Errotaberria, Garmendia-Olarra sendiak

      1995ean egoki eraberritua, gaur egun Urnietako lurretan baldin badago ere, gure udalerriari atxikia egon zen XVII. mendera arte. Eta Beko-errota, egun Lasarte-Oriako lurretan.

 

 

AINGURA FABRIKA

 

      XVIII. mendearen erdialdera, ontziolak jauzi nabaria eman du eta dagoeneko gai da duela gutxi arte burutik pasa ere egiten ez ziren neurriko ontziak ur gainean jartzeko. Horrek, ordea, zenbait elementu lagungarri behar berrietara egokitzea eskatzen du, eta horien artean ontziak finkatzeko aingurak. Asko dira armadarako aingurak hornitzeko eskaria bereganatzeko lehian sartzen diren burdinolak, baina Hernani da urak bere errotara biltzea lortzen duena: 1750ean Hernaniko Udalak, Josefa Gregoria de Beroiz eta Jose Ignacio Duque de Estrada, Fagollaga, Pikoaga eta Ereñotzu burdinoletako jabeak hurrenez hurren, elkartu eta kontratu bat sinatu zuten Gortearekin; beran, urtean 20.000 tona aingura lau urtez zerbitzeko konpromezua hartzen dute, eta ordainetan, mendietako lehengaiaz baliatzeko kreditu eta pribilegioak jasoko dituzte. Erabaki hau, Erregeak, Francisco Antonio de Oquendo jauna eta Juan Fermin de Guilisasti maisua, fabrikako ikuskari izendatuz osatzen da.

      Urte bereko azaroan hasi ziren fabrika berria eraikitzeko lanak egiten, eta urtebeteren buruan, neurri guztietako aingura-eskariak betetzen zituzten, bere esportaziorako Urumean barna Donostiako kairaino garraiatuz. Produktuen kalitatea eta instalakuntzen perfekzioa, mirespen-arrazoi izan zen Europako hainbat jakitunentzat.

      Aiabaina, handik bi urtera arazoak sortu ziren. Ferrolek aingura partida bat igorri zuen, eta zorren metaketak medio, arazoak daude Gabonetako soldatak ordaintzeko; horrek, jakina, egonezina sortu zuen olagizonen artean. Antonio Gonzalez Marroquin, ontziaren kapitaina, sartu zen ikuskari lanak egitera eta Okendok hornitzaile kargua hartu zuen (administrari orokorra).

      Hala, 1753an, Somorrostroko mearekin eginiko 24 aingura erraldoi, bakoitza 72 kintalekoa, entregatu ziren. Baina egoera ekonomikoa ez zen erabat konpontzen, eta Okendok bere ondasunak saltzea erabaki zuen, ordainketei aurre egingo baldin bazien. Madrilek, emaniko materialaren hein handi bat zor bazuen ere, isilik jarraitzen zuen, eta 1754an fabrikak bere jarduera bertan behera utzi zuen. Okendok Ensenada ministroarengana jo zuen eta ordainketak desblokeatzea lortu gainera. Azaroan arazorik gabe pasa zuen 24 aingura handi eta 100 txikiren ikuskapena, baina zorrak areagotzen eta fabrikaren izen ona erabat galtzen zihoan[166]. Hurrengo urtean Okendo zendu zen, bai, eta zorigaitza ia erabatekoa izan zen.

      Baina 1832an berriro lanean hasi zen Fagollagako burdinola Vicente de Ayesta maizterrarekin.

      Horretan jarraituko du 1835 arte, orduan, Ramon de Ariztik hartuko baitu.

      Ondasunen desamortizazio lege berriak zera Udala ateratzera behartzen du, eta 1863ko urriaren 23an Probintziako Aldizkari Ofizialean halaxe iragarri zen. Azaroaren 18ko errematean, Belauntzako Bonifacio Guibert-ek erosi zuen 72.000 errealen truke. Modu honetan bizi zuen, gure herriko garapen ekonomikoaren “bandera-ontzi” batek bere azken kapitulua[167].

      Burdinolen beherakada eta desagerpena ezari-ezarian gertatu zen Euskal Herrian. Autore batzuen arabera, faktore batzuk izan ziren krisi honetan zerikusia izan zutenak, lehengaiaren garestitzetik hasi, ikatza, XIX. mendearen hasieran gure herri-ontzi asko (horietan ateratzen baitzen nagusiki egurra zuloetan ikatza egiteko) gerrako gastuak ordaintzeko saldu baitzituzten, eta sutegiaren eta honen mantenimendurako hain beharrezkoa zen eskulanaren kostu handiak barne. Are gehiago, burdinolek aldizka bakarrik lan egin zezaketen, ez baitzen ura urte osoan izaten, eta horrek nabarmen jaisten zuen bere errentagarritasuna. Barneko aduanak 1841ean kendu izanak, kanpoko materiala prezio oso lehiakorretan sartzea ekarri zuen berekin, eta laster ezarriko zen merkatuan gure ekonomia goitik behera aldatuko zuen teknologia siderurgiko berria: labe garaiak. Boluetako Santa Ana labeek (Bizkaia) 1848an eta Beasaingoak 1861ean, markatzen dute Euskal Herriko burdin industria itzelaren hasiera[168].

 

 

MEATEGIAK ETA HARROBIAK

 

      Bigarren iraultza industrialak mearen sukarra piztu zuen eta Hernanin ere nabaritu zen, ustiategi ugari irekiz, eta bertan langile anitz zuzenean edo zeharka lanean okupatuz.

      Lehenengo gertakizuna 1833an izan zen. Frantziatik etorritako injineru talde bat “harrikatz-meatzeak” bilatzen ari zela, Fagollaga burdinolako inguruak aztertzeari eman zion. Ordutik aurrera hasi ziren ondoko meategi hauek ustiatzen: San Emilio de Anciolas (1850), Arrieta baserri ondoan (1857), Rosario meategia, antrazita onekoa, Marieluts Txikiko gaztainadian (1859), eta La Ventura, Jauregi baserriko lurretan (1863).

      La Luz harrikatz-meategia, 1845 hasi zen lanean eta 70 urte inguru aritu zen 1859an ireki zuten La Fe izeneko zementu naturaleko fabrika hornitzen (Donostiako Mirakontxa auzoan kokatua mende hasiera arte), baita Añorga auzoko La Esperanza ere ondoren. Fagollaga zen gure probintzian 1907an zeuden zementu hidraulikozko hamaika fabriketariko bat, bederatzigarren postuan, urteko 2.500 tonako ekoizpenarekin.

      Zilardun berunezkoa zen San Martin meategia Egiluzean (1853) eta Egitxakoa (1871), eta galenazkoak San Eloykoak Mugatz errekan (1858) eta Etxolaberri. Burdinezko mea zuten Txabolako lurretan zeuden La Casualidad (1878), eta Mugarluzeko Adelak (1880); eta “Lur horikoa” zen Usategieta baserri ondoan kokaturik zegoena (1849)[169].

      Hernanin, 1916. urte aldera, kararrizko bost harrobi zeuden: Marieluts, Santa Barbara, Epele-Etxeberri, Etxerreaga eta Bortoloanea. Santa Barbara harrobiko ustiaketa aspaldikoa da, beroni dagokionez parrokiako edo udaletxeko obrei buruz eskritura eta guzti dauzkagun erreferentziak erakusten duten legez. Bertako harriak karea egiteko ere balio zuen: 1584ko martxoaren 4an, Juanes de Sarobek, karobi baten jabeak, Jon Lopez de Aguirre eta Alçega lizentziatuari, gurdiz bere lurrak zeharkatzeko baimena eskatu zion, Santa Barbara harrobitik kararria jaso ahal izateko[170].

      Oraindik orain, 1996an, Hernaniko Udalak deialdi bat luzatu zuen Santa Barbara mendia berreskuratzeko esleipen lehiaketarako. Aurkeztu ziren 22 proiektuen artean, “Omegharri” taldearena atera zen irabazle; honek, aisialdirako eremuak, bidezidor botanikoak, lorategi-begiratokiak sortzea eta herritik hain hurbil dagoen leku pribilegiatu honetan denbora pasako eremuak egokitzearen aldeko apostua egiten du.

 

 

IRATZARTZE INDUSTRIALA

 

      Beste herriek ez bezala, Hernanin industrializazioa bilakaera edo eboluzio-prozesu bat bezala mamitu zen, Erdi Aroan hasi eta XX. mendearen hasieran amaitzeko.

      Lau mila biztanle baino gehiago ez zituen izango Hernanik 1914an, eta halere, ezaugarri eta ekoizpen desberdineko lantegiak biltzen zituen errolda industrial garrantzitsua zuen: Royalta gaileta-fabrika, D. Daniel Pegasse fundizio-tailerra, Figueredo y Cía kare hidraulikoaren fabrika, Marqueze adreilu errefraktatuak, Sansinenea ontzi-fabrika, Villac-Bat paper-orea, Remy almidoi-fabrika, Loinaz, Ubarretxena eta Kia. irindegia (zilindroen bidez lan egiten zuena, egunean 60.000 kilo irin ekoiztuz), hainbat zerrategi mekaniko, Fernando Montes eta Ricardo Toledoren larru-fabrikak eta Gregorio Mendia papelera[171].

      Bi urte beranduago, Hernani gune ekoizle trinko bat zen honako lantegi hauei esker: lau zerrategi eta bi aroztegi mekaniko, kare-labe industrial bat, argizarien planta ekoizle bat, larru-ontzailea, fundizioa, kimika ekoizle bat eta hiru irindegi, baina ez hori bakarrik, baita almidoi, zementu, gaileta, gaseosa, ozpin, puntuzko jantzi, polea eta ontzi-fabrikak, bi adreilu-fabrika, bi “konprimituriko marmola”, bi paper-fabrika eta janzki eta zetazko beste bi. Hori guztia gutxi bailitzan, sagardoa egiteko 12 tolare, hiru irin-errota eta argi indarra sortzeko hamar baliakizun energetiko Urumea ibaian, eta beste hiru Usoko, Epela eta Portuko erreketan.

      Aparteko hazkunde honen parean, Hernani bestelako zerbitzuez ere hornitzen joan zen eta 1915ean esaterako, 15 ostatu zituen bisitarientzat. Eta esan behar da, industri mailan punta-puntako herria izateaz gain, ingurune berezia eta pribilegiatua zuela kronistak baieztatzen zuen bezalaxe[172].

 

      “duela urte batzuetatik hona inguruetako lurretan landetxe politak eraikitzeko joera ikusten da, beren lorategi alai eta guzti hornituz, eta familia askok eta askok horietan igarotzen du udaldia, mendiko aire garbia eta bake-giroa gozartuz”.

 

      Alabaina, hirurogeita hamargarren hamarkadan izandako gainbeheraren ondorioz, Hernanik bere ekoizpen-egituraren hein bat galdu zuen eta langabezi maila handi baten ondorioak ezagutzen eta jasaten hasi zen, zeina are handiagoa izango den 1983an Orbegozo zaharrean eginiko birmoldaketaren ondorioz, honek, zuzenean edo zeharka, hernaniar askori ematen baitzien jaten. Hamar urte beranduago, 1993an Acenor lantegiaren itxierarekin aspaldi iragarritako heriotza iritsi zen. Honekin batera utzi zuten beren jarduera Norteko papelerak, Biyak-Bat papelerak, Roig larru-ontzaileak, Santiago Canero oihal-fabrikak eta zerbait lehenago erre zen Loinaz, Ubarretxena eta Kia. irindegiak, eta itxi almidoi-fabrika, herriarentzat sentimentala izateaz gain ekonomikoa ere zen ondarea.

      Okerrena igaro da, eta ezari-ezarian antzina lantegi handi haiek hartutako orubeak industria berri, txiki eta dinamikoak artatzen ari dira, gure herrian hain erroturik dauden Orona, Ubis edo Zikuñagako papelera bezalako lantegiek, berrikuntzaren eta euren plantilak handitzearen aldeko lehia horretan diharduten bitartean. Gure ekonomia ekoizlearen elementu sustatzaile eta dinamizatzailerik nagusiena industrialdeak sortzea izan da, hau da, Landare eta Florida, Epela, Eziago, Lastaola, Ibarluze-Lizarraga, Zikuñaga, Martindegi eta Orbegozo, Udala eta euskal erakundeen arteko ahaleginaren ondorioz.

      Galarretako eremuan, 20.000 m²ko azaleran, ia bostehun lanpostu sortuko lituzkeen merkatalgune handi bat ipintzeko proiektua bera, etorkizunari baikortasunez begiratzeko beste arrazoi bat izan daiteke; kontuan izan behar bada ere, nahiz eta dagoeneko horretan ari diren, horrek Hernaniko merkataritza txikian izango lukeen eragina eta kaltea, eta hori nolabait ekiditeko neurriak hartzea. Edonola ere, etorkizunari itxaropenez begiratzera gonbidatzen duten datuak dira eta ezin ukatu, bizi behar izan dugun desindustrializazioaren gau beltz honetan, nolabaiteko argi-izpi bat ikusteko aukera suposatzen dutela.

 

 

 

 

[144] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, Luis Miguel. Ferrerías Guipuzcoanas. Aspectos socio-económicos, laborales y fiscales (siglos XIV y XVI). Kulxa Fundazioa, Dr. Camino. Donostia, 1997, 999. or.

[145] TELLECHEA IDIGORAS. J. Ignacio. Ferrerías guipuzcoanas a fines del siglo XV. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen aldizkaria. XXXI. uitea, 1 eta 2 koadernoak. Donostia, 1975, 102. or.

[146] Ibidem, 81. or.

[147] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR. M.R.. Op.cit. III. alea, 152. or.

[148] Ibidem. I. alea, 528. or.

[149] AGUIRRE SORONDO, Antxon. Tratado de molinología (Los molinos de Guipúzcoa) Barandiaran fundazioa, Eusko Ikaskuntza. Donostia, 1988. 558. or. e. hur.

[150] H.U.A. C.5/III/1/4

[151] TELLECHEA IDIGORAS, J. Ignacio. Ferrerías guipuzcoanas a fines del siglo XV. Op.cit., 81. or.

[152] TELLECHEA IDIGORAS. J. Ignacio. D. Francisco Antonio de Oquendo y la Fábrica de anclas de Hernani. “Estudios Históricos sobre San Sebastián Dr. Camino” Aldizkaria, 9. zk. Donostia, 1975, 72. or. eta 10. zk. 1976, 97. or.

[153] TELLECHEA IDIGORAS, J. Ignacio. Ferrerías guipuzcvanas a fines del siglo XV. Op.cit., 81. or.

[154] H.U.A. E/7III/1/14

[155] H.U.A. A/9/1/1/3

[156] O.A.P. III. atala, 936. leg., 43. fol.

[157] TELLECHEA IDIGORAS. J. Ignacio. Ferrerías guipuzcoanas a fines del siglo XV. Op.cit., 81. or.

[158] A.M.H. C/5/1/1/4.

[159] TELLECHEA DE IDIGORAS, J. Ignacio. Ferrerías guipuzcoanas a fines del siglo XV. Op.cit., 81. or.

[160] O.A.P. III. atala, 1.321. leg. 70. fol.

[161] O.A.P. III. atala. 1.355. leg., 300. fol.

[162] H.U.A. C/5/III/1/2

[163] TELLECHEA IDIGORAS, J. Ignacio. Ferrerías guipuzcoanas a fines del siglo XV. Op.cit., 81. or.

[164] H.U.A. C/5/III/I/3

[165] H.U.A. C/5/III/I/1

[166] TELLECHEA IDIGORAS, J. Ignacio. D. Francisco Antonio de Oquendo y la Fábrica de anclas de Hernani. Op.cit.

[167] MUTILOA POZA, Jose Mª. Guipúzcoa en el siglo XIX. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. Donostia, 1982, 637. or.

[168] BERASTEGUI, Antonio. Decadencia y desaparición de la ferrería de Fagollaga en Hernani a mediados del siglo XIX a través de los documentos referentes a su arrendamiento, 10 eta 21. or. Argilaragabeko lana H.U.A.n.

[169] H.U.A. A/II/1/4.

[170] O.A.P. III. atala, 967. leg., 240 fol.

[171] Album Gráfico-descriptivo del País Vascongado. 1914-1915, 69-70 or.

[172] MUGICA, Serapio. Op.cit., 763. or.