Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

...IN CORPORE SANO

 

      Esan daiteke ia XVIII. mende arte, heriotza Jaungoikoaren Borondatearekin lotuta zegoen fenomeno bat kontsideratzen zela, eta hori egoerara arras burutsu egokitzea zen, garai hartako ezagutza mugatuak eta medikuntzaren baliabide txiroak kontuan hartzen baditugu.

      Osasun publikoan izugarrizko aurrerapausoa suposatu zuen herriko medikuaren figura sortu zen arte, urri ziren sendagileak bazterretan eta hauen zerbitzua maila handiko jendearen eskura bakarrik heltzen zen. Hernanin mediku “ofiziala”ren lehen datua 1553ko maiatzekoa da, data honekin, Donostian bizi zen Galapanzo doktoreak astean behin Hernaniko biztanleriaren osasun-beharrak asetzera etorriko denaren hitza eman zuen. Premiazko kasutan, eta aldez aurretik zinegotziren batek egiaztatu ostean, sendagilea bertara etortzera behartua zegoen kontsulta-egunera arte itxaron gabe. Gaixo bakoitzak 2 erreal ematen zizkion bisita bakoitzeko eta udalak 20 dukat urteko soldata, erdia San Migel egunean eta beste erdia kontratua sinatu eta handik urte betera[119].

      Hamarkada batzuk geroago, 1631n, Pedro Castro doktoreak, urtean 500 errealeko saria jasotzen du hamabostaldiro herrira etortzeagatik. Are gehiago, etxera egiten duen bisita bakoitzeko gaixoak 4 erreal emango dizkio, 6 Lasarte eta mugako zonaldetara eramaten badute, eta 8 erreal “Hurumea bailaran” bizi direnek[120].

      Honenbestez, 1672an aurkitzen dugu Hernanin bizi den lehen sendagilea: Tristan Navarro doktorea, Udalak urtean 120 dukat ematen dizkio soldata gisa, zer esanik ez desplazamendu bakoitzeko kobratzen zuenaz, hots, zilarrezko erreal bat herribarruko eta inguruko gaixoengandik, bi erreal gaixoaren etxea legoa erdi batera baldin bazegoen (2,7 kilometro), eta 4 erreal Lasartera edo Fagollaga baino haratago eginiko bisita bakoitzeko[121].

      Pasadizozko gertaera benetan Agustin Zabala medikuaren kasua, 1695eko egun batez Usurbila bisita profesional bat egitetik itzultzerakoan bere emazte Catalina de Sasoeta eta bere koinatu Joseph Antonio de Sasoeta, parrokiako benefizioduna, etxetik joan zirela ikusi zuenean, beraiekin altzari, bitxi eta oheko arropa eta alkandorak ere eramanez. Zorigaitzeko doktoreak benefizioduna salatu zuen Iruñeko gotzaindegian, bere emaztea ezkontza-egoitza uztera bultzatzeagatik. Katalinak bere aldetik ezkontza banantzea eskatu zuen, Agustinek “hitzez eta egitez zakar tratatzea eta hortzak atera arte kalte egitea”, eta neskameekin oheratu izana salatuz. Azkenean, ordea, urak bere onera itzuli eta bi aldeek adiskidetzea erabaki zuten (ez dakiguna da zenbat denborako izan ote zen)[122].

      Hernanik, 1916. urtean, hiru sendagile (bat Lasarten) eta bi botika zituen biztanleak artatzeko. Data berean, Gipuzkoak, orotara, 196 sendagile eta 59 botika zituen.

 

 

EBAKETARIA

 

      Osasuna medikuen esku zegoen, eta hauek “bizargin-ebaketari-kirurgialari-haginlari-odol ateratzaile” delakoen laguntzaz baliatzen ziren, hau da, ebaketari edo zirujau izenez ziren haietaz. Ebaketaria arduratzen zen ebakuntza txikiak egiteaz, haginak ateratzeaz, eta “soldatapeko mediku titularra” zenaren aginduz, gaixoari odola ateratzeko izainak jartzeaz. Lanbide edo ofizio honetan hasten ziren mutilak, hiru eta bost urte bitartean aritzen ziren ikasle edo aprendiz gisa “bizargin-ebaketari-haginlari-odol ateratzaile” batekin.

      XVI. mendean Hernanik bazuen bere soldatapeko ebaketaria. Hori garbiro atzeman daiteke udalagirien liburuan jasotzen den 1549ko azaroaren 9ko erabakiaren arabera[123]:

 

      “...mintzatu ziren herri honetan zegoen bizargin baten beharraz eta premiatsuki behar zela probintziaren barne bilatzen hasi. Eta orobat ados jarri ziren Udalak ardura berezia ipini eta benetan ahalegindu behar zuela ordainsari egokia emanez bizargin ofizial bat ekartzen”.

 

      Joan Martin de Sasoetak 1595eko Santu Guztien egunean sinatu zuen bere kontratua Hernaniko ebaketari bezala. Bost urte beranduago, herriko zinegotzi kargua betetzen ikusiko dugu[124]. Deitura berdina du 1624ko ebaketariak ere, Sebastian de Sasoeta, zeinak Martin de Sasoeta hartzen duen aprendiz gisa (bere iloba edo senitartekoren bat ziurrenera), hiru urteren buruan odola ateratzen eta bizarra mozten ikas dezan. Ordainetan, maisuak 6 dukat eta gari karga bat, eta beste 6 dukat kontratuaren amaieran agintzen dizkio. Baina morroiak epea amaitu baino lehen lagatzen badu, ebaketari-maisuak beste ofizial bat hartuko du ordezkatzeko, eta honen soldata Martinen aitak ordaindu beharko du[125].

      Sebastian berak, 1636an, elizako apaiz eta benefiziodun Jose de Percaizteguiri, Ayçarna etxea erosi zion parrokian zuen hilobi eta guzti[126].

      Eta 1739an Antonio de Bengoechea ebaketariarekin eginiko kontratu batek dioenez, biztanleak egunez bezala gauez ere artatzeko derrigortasuna ezarri zen, beraz, edozein arrazoi medio, herritik joan beharrean aurkituz gero, ordezko bat izendatuko zuen[127]. Argi geratzen da lanbide honek gizarte tradizionalean zuen garrantzia.

      Lehen, gaur egun baino gehiago behar bada, ofizioen artean ustezko kapaeretasunez nahasturiko jatorrizko hierarkia-maila bat zegoen, eta inguru hauetan ere, gehienek bakoitzak beretzat eskatzen zuen. Hala pentsa daiteke behintzat Urnietan jaio eta Hernanin bizi zen Maria Manuela de Huizi koitaduari gertatutakoak; izan ere, Joseph de Arizcun “ebaketari mutila”k haurdun utzi baitzuen gure emakumea. Hasieran mutilak ezkontzeko hitza eman zuen idatziz, baina aldarera igotzeko garaian atzera egin zuen, eskolako maisuak engainatuta 15 urte besterik ez zituela sinatu zuela argudiatuz; are gehiago, Aitoren seme ospetsua dela dio, Maria Manuela harakin baten alaba baizik ez den bitartean, ofizio erdeinagarria bateon bat izatekotan. Bere erantzunean neskatxak dio Arizkunek ez zituela 15 urte 19 baizik, eta aurrekoak mandazain izanak zituela gogorarazten dizkio, bereak aldiz, Goizuetarrak zirela eta guztiek ere kaperatasuna gozatzen zutela. Halatan bada, 1760ko epaiak, ebaketari laguntzailea Maria Manuelarekin ezkontzera kondenatu zuen[128].

      Francisco de Zaragiieta —oihartzun jaso eta handiko deitura gure herrian— XVIII. mendeko hirugarren hamarkadan bere odol ateratzaile tailerra zeukan kale Nagusiko Pepe Toledoren etxean, Gregorio Sorbet laguntzaile zuela[129].

      Hara, 1876rako Hernanik bere praktikante propioa du, ofizio honek antzinako odol ateratzaileebaketari-bizarginaren ezagutzak jaraunsiko ditu eta oraino bizargin-haginlariarekin batera ihardungo du, hau bere kurrikak zintzilikatu eta guraizetara bakarrik ematen ez den bitartean (gure mende honetan gertatuko da hori).

 

 

BOTIKARIA

 

      Hernaniko Udalak, 1638ko abenduaren 17an eginiko batzarrean Juan de Lizardi botikariak emandako ultimatuma eztabaidatu zuen, honek Donostiara itzultzearekin mehatxatu zuen ez bazitzaion soldata finko bat ezartzen. Herriak botikaririk gabe geratu ezin zuenez, zinegotziek urteko 30 dukat ematea erabaki zuten[130].

      Lanbide honetan garai bat markatu zuen pertsonaia Francisco de Herauso edo Erauso izan zen, hogeita hamar urtez, XVII eta XVIII. mendeen artean, Hernaniko botikari titularra izandakoa, eta ondorengoen maisua. Hara, esaterako, 1680an 14 urteko Antonio Ansa hartu zuen bere ardurapean, eta lau urte t’erdiz lanbidea erakutsi zion, mantenduz eta jantziz, 200 errealeko ordainaren truke[131]. Oraino 1702an, Udalak 10 peso ordaintzen zizkion urtean ospitalerako egiten zituen sendagaiengatik[132].

      Kapitulu honetan aipatzekoa da antzina zenbait gaixotasun sendatzeko oso ohikoa zen elementu bat, hots, izaina. Udala arduratzen zen hauen hazkuntzaz ere, herriko sendagileak 1851ko abuztuaren 10ean alkateari zuzendutako gutun bitxi honek adierazten duen legez[133]:

 

      “Duela urte batzuetatik hona ibai hori (Urumea) hurbileko familia batzuek ehiza egitearren ahatez beterik daukatela eta garbiro ikusten dela beste inon baino kalitate hobeko diren gure izain hauen kumeak ahateek garbitzen dituztenez, Lehendakari jaunari gomendatzea baita galera hau ekidin dezan ahateak hor ibiltzea eragotziz”.

 

 

OSASUNEMAILEA

 

      Amorru izenez ezagutzen den gaixotasuna, antzinatik ezagutu eta Aristoteles, Celso, Galeno eta beste batzuk azaldutakoa, nerbio-nahasdura, espasmo-uzkurdura eta hidrofobiarekin adierazten den infekzio septikoa da, eta listuaren bidez kutsatzen zaie beste animalia eta gizakiei. Amorruari aurre egiteko osasunemailea zegoen; pertsonaia hau oso estimatua zen nekazari munduan eta erremedio anitz erabiltzen zituen ezagutza zerutiar edo enpirikoa sineskeriarekin nahasiz[134].

      Honela bada, 1635ean, Hernanik Alegiako Diego Perez de Navarro kontratatu zuen osasunemaile bezala, eta kargu horretan iraungo zituen ia hamar urte. Bi bisita egiten zituen urtean, bata martxoan eta bestea irailean, eta 1.700 marabedi kobratzen zituen[135].

      Eta 1647an Inazio Altubek ordezten du “soldatapeko osasunemaile” gisa. Honen lanari buruz, honako hau esaten da Udalaren 1647ko ekainaren 23ko akta batean[136].

 

      “...berorrek alkateak beroriei esan zien behar zutela jakin: nik neuk duela zortzi Inazio Altube osasunemailea izatez gabiriarra herri horretako bizilagun batzuen bidez beraren berri jakinik gurera ekarrarazi nuen, Hurumea aldean abere eta zenbait etxetan amorrua deitzen den pozoia sarturik zegoelako. Etorri zen bada, delako sendatzaile? hori eta gaitza sarturik zegoen Hurumea aldeko etxeak eta baserriak bisitatu ere bai, langintza horretan egindako egun horien ordainez zilarrezko berrehun erreal jaso zituelarik, eta hitzarturik gelditu urtero bisita egingo zuela sendatze-lanak egiteko herri honetan eta beronen eskumeneko lurraldean Ekaineko San Joan eguna baino zortzi egun lehenago. Hala-hala, herriak hamar beloi-dukat zilarrezko emango zizkiola urteko eta hori adierazten ziela nola jokatu jakin zezaten. Eta arazoa aztertu eta zilarrezko erreal horietaz mintzatu ondoren guztiek beren adostasuna erakutsi zuten, esanez, sendatzaileari eman zitzaion ordainsaria zilegi-lurretako (herri-lurrak) etekinetatik ematekoa zela eta herriko bizilagunen artean banaketa egiteko garaian heltzean diru hori deskontatua izan zedila. Eta horixe da berorrek alkateak aurrera begira bartu erabakia eta betetzeko bidean jarri zuena”.

 

      Argien mendea deiturikoan, ordea, osasunemailearen lanbidea goitik-behera eroriko da; are, bere atzetik ibiliko dira 1755eko abenduaren 24ko Erret Agirian ikusi daitekeen legez[137]:

 

      “Hemendik aurrera ez dadila Errepublikaren (Herria, Udala) ondasunetatik ezein marabedi ordaintzeko biderik egin sendatzaileari, ez ordainsari modura eta ez beste inola, bestela zinegotziei eta herritarrei ezarriko baitzaie zama hori”.

 

      Alabaina, euren aurka aldarrikatu ziren probidentzia guztien gainetik, Pablo Gorosabelen esanetan, bere egunetan oraino, joan den mendearen erdialdera, Gipuzkoan zenbait osasunemailek jarduten zuen[138].

 

 

OSPITALEAK

 

      Erdi Aroko ospitale gehienak, eta geroxeagokoak ere, hirutan banandutako gela xume bat izaten zuten: bata gizonezkoentzat, bestea emakumezkoentzat eta hirugarren bat egoitza gisa. Behe oinean. gehienetan, kapera zegoen, bertakoek euren erlijio-betebeharrekin kunplitu ahal izateko. Gaixotzen ziren erromes, eskale, gudari edo merkatariak ospitalean edo lazaretoan artatzen zituzten, non egunero platerkada bat zopa ogi pusketa batekin ematen zitzaien, eta arto-zurikinez eginiko koltxoia lurrean atseden har zezaten. Han geratzen ziren Jainkoak beren etorkizuna erabakitzen zuen arte.

      Hernanin lehen ospitaleari buruz ditugun berrietatik zera atera dugu, Santa Maria Madalena zuela izena eta kale Nagusiaren bukaeran zegoela, San Agustin komentu inguruan. Gelak goiko solairuan zeudela eta behean kapera, zurezko kapera txiki bat eta eskailera-maila batzuen bidez igotzen zela presbiteriora. Lehenengo aipamenak 1529ko data du, Maria Lopez de Galarretak bere alde dukat bateko dohaintza egin zuenekoa[139] eta 1679. urtean berreraiki zen[140].

      Madalena ospitalea udalaren babespean zegoen, beraz Udalari zegokion ospitale-zaina izendatzeko ahalmena. Ermita zenbaitetako serora haien antzera, ospitale-zaina kale guztiak igarotzen zituen arratsaldero bere dunba edo zintzarriarekin, hildakoen alde otoitz bat eta ospitalerako limosna eskatuz[141]. Hala, 1685eko urriaren 16an, Santiago de Alçegak ospitale-zainaren postua eskatu zuen, bere emazte eta alabarekin bertan bizi ahal izateko baldintzarekin, eta ohitura zen bezala, herriak egurra eta gastuetarako sos batzuk segurtatzearen alde[142].

      Herriaren beharrak dagoeneko ezin zituela bete eta, 1866an Udalak lursail bat erosi zuen ospitale berria egiteko, eta hori behin eraikitakoan, Santa Maria Madalena ospitale historikoa saldu zuen[143].

      Ospitale berriak 40 lagun artatzen zituen 1916an. Gerora zaharren egoitza bilakatu zen eta horretan dirau gaur egun.

 

 

 

 

[119] O.A.P. III. atala, 915. leg., 7. fol.

[120] O.A.P. III. alala, 1.071. leg., 30. fol.

[121] O.A.P. III. atala. 1.195. Leg., 378. fol.

[122] Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa (A.D.P.) 988/1 eta 2. leg.

[123] H.U.A. A/1/1/3

[124] H.U.A. A/1/3/1, 59. fol. eta hurr.

[125] O.A.P. III. atala, 1.065 Leg., 80. fol.

[126] O.A.P. III. atala, 1076. leg., 249 fol.

[127] O.A.P. III. ataia, 1.335. leg., 141. fol.

[128] D.P.A. 1.688/11. leg.

[129] H.U.A. A/14/1/3.

[130] H.U.A. A/1/5, 128. fol.

[131] O.A.P. III. atala, 1.234. leg., 7. fol.

[132] H.U.A. A/1/8, 128. fol.

[133] H.U.A. A/1/15, 144. fol.

[134] AGUIRRE SORONDO. Antxon. Los saludadores. Nafarroako Etnografia eta Etnologiako koadcrnoak, 56. zk. Iruñea, 1990, 308-319. or.

[135] H.U.A. A/1/5 216, 494. or.

[136] H.U.A. A/1/5, 449 fol.

[137] H.U.A. A/6/1/3.

[138] GOROSABEL. Pablo. Noticias de las cosas memorables de Guipúzcoa. La Gran Encidopedia Vasca. Bilbo. 1972 299. or.

[139] O.A.P. III. atala, 910. leg. 61. fol.

[140] O.A.P. III. atala, 1.222. leg., 138. fol.

[141] H.U.A. A/1/5, 11. fol.

[142] O.A.P. III. atala, 1.228. leg., 377. fol.

[143] O.A.P. III. atala, Leg. z/g., 577. fol. 1868. urtea.