ADOSTASUN ETA DESAKORDIOAK
Ikusirik dugu aurreko atal batean hiribildu desberdinak sortu aurretik bazela “Hernani Eskualdea”, han-hemenka lurralde zabal batean barreiaturiko hirigune eta leku desberdinez osatua, eta gero, hainbat herritan banatu zena. Denboraren joanean Hernaniren barrunbea murrizten joan da tartean gertatu desanexioak direla kausa beste herri batzuk sortzen joan direlarik. Bi kasu nabarmenenak, mende askotako aldearekin baina, Urnieta eta Lasarte-Oria izan dira. Ez dakigu Urnieta berezi zeneko data zehatzik, baina Getariako Batzar Nagusietan 1399an dagoeneko “kolazio” gisa ageri zaigu Urnieta herri izatera iritsi ez bazen ere, eta horrek autonomoa zela esan nahi du neurri batean edo bestean. Urnieta, 1615 arte, “Aiztondoko Udaletxe Nagusia”ri atxekirik zegoen, Asteasu, Larraul, Sorabilla eta Astigarraga bezalaxe.
Hernaniko biztanlegoari buruzko lehen datuak, hara, XV. mende azkenetakoak dira: orduan zera esaten da 200 familia inguru bizi zirela gure herrian, eta 4,5 kide ematen badugu bataz beste 1.000 bizilaguneko herria gertatzen zaigu.
Jadanik 1606an badakigu Hernaniko herrian 900 pertsona bizi zirela garai hartan “komuniozkoak” esaten zirenak, hots, adinez nagusiak[68], eta kopuru honi haurrak gehitzen bazaizkio milakoaz aski goiti ageri zaigu. Alabaina, mende horren azkenetan herriko apaizek kexu ziren sobera lan bazutela salatu baitzuten, adieraziz, oraino urte asko ez zela 500-600 bizilagun izatetik 1.800 izatera iritsi zela herria baitzioten[69]. Hau egia izanik —gure ustetan itxura gutxikoa izan arren— Hernaniko populazioa bikoiztu egin zen 1606 eta 1685 urteak bitarte.
Nolanahi ere, hauek eta lehen emaniko beste zenbait datu, estatistikak oinarritu nahi izanez gero behintzat, zuhurtzia handiz behar dira hartu.
Hara, 1831an baziren Hernanin: “175 etxe, 347 familia, 1.059 komuniozko pertsona, 96 konfesiozko eta 212 haur”. Guztira, 1.367 lagun[70]. Handik 45 urte geroago 419 etxe ziren eta hauetarik 11 aterpe edo ostatu, zifra hau 1910ean 525 izatera iritsi zelarik lehenengo kasuan eta murriztu bigarrenean, eta 1920an, ordea, 620 edifizio ziren.
— 1490: 900 (inguru)
— 1606: 900
— 1685: 1.800
— 1773: 1.687
— 1842: 2.744
— 1846: 2.251
— 1857: 3.641
— 1877: 3.532 (1.892 gizon eta 1.646 emakume)
— 1886: 3.325
— 1887: 3.529 (1.727 eta 1.802)
— 1900: 3.672
— 1910: 4.326
— 1920: 5.405
— 1925: 5.466
— 1928: 5.821
— 1929: 5.944
— 1930: 6.282
— 1936: 6.651
— 1940: 7.093
— 1950: 8.577
— 1960: 13.080
— 1970: 23.338
— 1975: 28.010
— 1981: 30.272
— 1987: 19.120 (Lasarte banandu zenetik)
— 1991: 18.512
— 1996: 18.489
Hernani eta Lasarte auzoarekiko harremanak liskar eta gatazkaz beteriko gertaeraz osaturik daude zenbait alditan. Auzo horrek halako pisu demografiko eta ekonomiko bat hartu zuenean, hasi ziren diferentziak bertako herritar eta ordezkariekin. Hara, 1863an, Hernanik Lasarteko jendeari hilerria auzolanean txukundu zezatela aditzera eman zien, eta alkateordeak Udalari gutun gogor bat zuzendu zion, adieraziz, kanposantua ez ezik herriko iturri bakarra zenak ere bazeukala txukuntzeko premia ederra. Izatez, udalaren eginkizunak ziren, zeren eta Lasartek urteko 12.000 erreal ordaindu, bai, baina ezer askorik ez zuela ordainez bereganatzen, soilki diru-kopuru horren erdia aski omen Lasarteko beharrei erantzuteko. Eta jarraian gauza gogorrago bat jaulkitzen zuen:
“Lasarten bi urtean gutxienez sendagilerik gabe bizi izan gara, zeren eta Hernaniko sendagileak eta laguntzaileak Lasarteko zerbitzua egitera beharturik dauden arren, urruntasunagatik edo, zerbitzua ez zen iristen gaixoak behar heinean. Eta gaur sendagilea baldin badu, herritarrek bere sakelatik ordaintzen dutelako dugu”.
Baina irainen zerrenda ez da hemen amaitzen: alkateordeak aurrera jarraitzen du, esanez, duela gutxi arte eskolarik ez zegoela, uraren eskasia aipatzen zuen —delako herriko iturri horrek ez baitzuen behar hainbat ur uda sasoian eta neguan berriz ibaiko urak hartzen zuen iturria—, argirik ere ez zutela, ez herriko erlojurik, ez eta lur zati bat plaza izan zitekeena bertan herriko jaiak San Pedrotan ospatzeko “Errege Bideko hautsartean” egin ordez, Lasartek ez zuela pilotalekurik ez pagatzeko dirurik.
“Danbolinjole bat, jaiegunetan gazte jendea erakartzeko, aski egokia litzateke, besterik ezean taberna zulora jotzen baitute gazteek”.
Eskutitza, Hernani hiriguneko jendearen baldintzekin konparatzeko deia luzatuz amaitzen du. Egoera honek ez zuen konponbiderik izan epe laburrera, edo behintzat ez zuen espero zitekeenik izan, eta hala, handik bost urtera herritar batzuek elkarturik “Lasarte udal independentea” aldarrikatu zuten beren aldetik. Hartan, 1868ko azaroaren 22an deuseztatu egin zuen Gobernadore Zibilak delako “Lasarteko Udalbatza” hura, jarraian Urnieta eta Hernaniko alkateordeak bakoitzari zegokion auzorako izendatu zituelarik.
Erantzun gogor honetaz aparte, Diputazioak inkesta bat burutu zuen bertako bizilagunen artean, honako emaitza honekin: 54 familiburuetarik 37 azaldu zirela desanexioaren alde, guztiak fabrikako langileak nekazari bat izan ezik eta bi pertsonen ofiziorik ez da aipatzen, eta aitzitik 17 nekazari kontra azaldu ziren. Dena den, herritarren desanexio-gogo irmoaren gainetik, ez zen aurrerabiderik egin, seguraski berehalako batean lehertu zelako Bigarren Karlistada deitu gerra. Hala, lasartearrek mende oso bat itxaron beharko dute, harik eta 1986an beren nahikundea kunpliturik ikusi ahal izan eta udal berria Lasarte-Oria izenez eraiki arte, Hernani, Urnieta eta Usurbilek laga zizkion lurren gainean[71].
Oro har, bestalde, Hernani ez da hain gaizki konpondu izan inguru-herriekin. Hiriburuarekin akordioak aski goiz, 1379an, sinatu zituen, eta 1461ean baietsi. Lehenari buruz, 1379ko abuztuaren 2an diktatu ziren Urumea ibarraren erabilpen eta gozamenerako arauak, alegia, edozein herritarrek ibaiaren alde batean nola bestean burdinolak ezar zitzakeela eta horretarako libreki mendi, larre eta egurraz baliatu ere, baldintza batekin: horietan landutako burdina Donostia edo Hernanin barna behar zela salerosi, dena galdu nahi ez bazuen[72].
Herri-lurrak edo zilegi-lurrak deitzen ziren haiek etekin handiak zekartzaten herrientzat. Oharturik hauek elkarrekin banatzeak ekartzen ahal zutela gatazkarik, noizbehinka hiri bietako ordezkariak Oriamendiko oinean biltzen ziren, 1594an San Joan eta San Sebastianen izenean eraikitako ermitan hain zuzen, elkarren berri jakin eta emateko.
Bestetik, Iruñeko katedralak delako mendi horietan 22 saroe zituen, hauen gozamena urteko 11 dukat nafarren truke alokatzen zielarik Donostia eta Hernaniko herriari Halaxe dago idatziz jasota 1516ko agiri batean[73]. Udal ekonomiaren hartzekoen artean, besteak beste, ikatza egiteko egurraren salmentaren etekina zegoen. Hernaniko herriak, zilegi-lurrez aparte, bazituen bere mendiak ere, urtero enkantean jartzen zituen zuhaitzak. Esaterako, 1628an 43 haritzondo zeuden markaturik mugarretu ahal izateko, eta beste 23 mozteko koskorrak eta askorik balio ez zutenak[74].
Akordio berri bat 1671ko udaberriaren lehen egunean sinatu zuten hernaniarrek eta donostiarrek, non ezartzen baita zilegi-lurren banaketa berria Donostia, Hernani eta Urnietaren artean bederatzi zati eginez: lau Donostiarentzat, hiru Hernanirentzat eta bi Urnietarentzat, eta hori egin ondoan mugarriak ezarri ziren[75].
Estatuaren finantza-krisia eta ideia liberalen aurrerakada izan ziren, zenbait arrazoiren artean, Karlos IV.aren agintealdian eta 1794 eta 1808 urteak bitarte horretan lege desamortizatzaile desberdinak diktatzera eragin zutenak. Lekuko agintariek, Ataun, Eibar, Azpeitia, Zarautz, Azkoitia eta beste batzuen jokabidea jarraiki, herri-lurrak saltzeko erabakia hartu zuten iragan berria zen Konbentzioko Gerrak (1793-1795) eragin kalte eta gastuei erantzuteko. Gai honen garrantzi historikoa eta halako dokumentazio ugaria dago honetaz, non azterlan sakon eta zabalagoa eskatzen baitu, beste baterako uzten dugu.
Baina dena ez zen adostasunetan gelditu. Bestelakoak ere baziren, liskar, baztertze eta kanporatzeak esaterako. Hara, 1572an erresumako gobernuak “juduak, mairuak eta agoteak” probintziatik at botatzeko erabakia hartu zuen eta probintziako herri guztiei aditzera ematen zaie gutxiengo hauek behartzeko sei hilabete baino lehen kanpora joan zitezen. Erabakia kunplitzearren, Hernanik Pero de Ezpeleta, beronen seme-alabak, eta Pedro de Azparren agoteak iraitzi zituen herritik[76].
Agoteak madarikatutzat hartuak ziren gure kulturan, judu, mairu edo beltzen pareko ikusiak, halako maneran non Baztango zenbait herritan, Arizkun esaterako, ate berezia zeukaten elizan sartzeko eta aparteko lekua elizaren barne. Alabaina, lehen agindu hau eman zenetik eta hamabost urtera hernaniar ordezkariak zera azaldu zuen Batzar Nagusietan, bazela gizonezko bat herrian izen desberdinak erabiltzen zituena eta azkenekoa Joanes de Aguirre de Ezpeleta erabiltzen zuela, “eta gauza jakina zela agoteen kastakoa zela”, nahiz eta exijitu zitzaion kaperatasuna frogatzeko ez zuela jaramonik egiten. Bere aginteaz baliatzeko eskatu zion Batzarrak herriko alkateari, eta aurrerago 10 dukateko amandaren mehatxua luzatu alkatea ez zela mugitzen ikusita. Azkenik, azaroko hilabetean burutu zen ekintza. Aldi berean, Domingo de Arriaga Urnietako alkateari galdegin zitzaion ea delako Agirre hura agotea zen ala ez, eta honek 1589ko urtarrilaren 25ean baietz erantzun zuen, halaxe zela, eta ondorioz, probintziatik kanpora iraitzia izan zen 1572ko agindua kunplituz. Urnietako alkateak 12 egunetan zehar aztertu zuen arazoa eta 10 dukat hartu zituen ordainez[77].
Oker gaude gizarte-babesa eta solidaritzako sistema oraingo gauza dela pentsatzen badugu. Duela mende asko edo aspaldidanik baziren behartsuei laguntzeko mekanismoak —nahiz eta xede eta medio askoz apalagoekin—. Hona adibide bat: Martin de Hugusquiça, Graçia de Macaçaga, Juanes de Marcotegui eta Maria Lopez de Arriaga hernaniarrek beren etxeak galdu zituzten 1550eko sutean, eta Batzar Nagusiek bakoitzari 414 marabedi emanez lagundu zien[78]. Hala berean, Elorribia baserria, Joan Martines de Hereñoçu-rena zena eta San Agustin monastegiko lekaimeen eskuetara pasa zena, erre egin zen 1556an, eta hauek ere jaso zuten delako 414 marabediko laguntza Batzarrak emanik[79].
[68] O.P.A. III. atala, 1.018. leg., 39. fol.
[69] O.P.A. III. atala, 1.255. leg., 76. fol.
[70] J.V. Op.cit. 465. or. eta hurr.
[71] AGUIRRE SORONDO, Antxon. Año 1868: Un intento de desanexión de Lasarte. Lasarte-Oria aldizkaria, 14. zk. Lasarte, 1990, 2-3 or.
[72] H.U.A. C/5/1/1/1
[73] H.U.A. C/5/1/1/3
[74] O.P.A. III. atala, 1.042. leg., 2. fol.
[75] H.U.A. C/5/I/3/7/6. Gai honi buruz Juan Carlos MORAren ikerlan interesgarria dago: Los Montes Francos del Urumea. Altza aldizkaria. Donostia, 1996, 37. or. eta hurr.
[76] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M. AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit., V. alea, 335 eta 360 or.
[77] Ibidem. X. alea, 174, 313, 355 eta 402. or.
[78] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit. I. alea, 88, 104. or.
[79] Ibidem. II. alea, 323. or.