Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

ELKARTE BIZITZA

 

      Hasieran, udalbatza ireki edo familiako buruen biltzarra deitu erakundearen bidez eraentzen ziren herriak. Igandeko mezaren ondotik, kanpaia bitarteko, deia eginez (“a campana tañida”) batzarrak aire librean ospatu ohi ziren udan eta etxe handiren bateko atarian edo elizako koruan beste urtaroetan. Ez zen gaizki ikusten batzarrak elizan nahiz eliz atarian egitea Erdi Aroko gizarte hartan (oroit lapurtarrek auzapeza deitzen dutela alkatea, hots, auzoko apeza, eta parrokia deitzen udaletxea). Ohikoa zen, arrazoi larriren bat izan ezean, batzarrera inork ez hutsegitea. Izan ere hor aztertzen ziren herriko arazoak, hor hautatzen urterako karguak: alkateak hartzen zituen epailearen eginkizunak, erregidoreak laguntzaile zituelarik, gaurko zinegotzien pareko ziren hauek (irakurtzen eta idazten jakin beharra zuten). Lehen mailan alkateak kondenatzen zituenak korregidore nagusiarengana jo zezaketen eta, azken batean, Valladolideko Auzitegira.

      Gehiengoaz baliatzen ziren erabakiak hartzeko, eta arautegi idatzirik ezean, ohitura lege bilakatzen zen, euskal zuzenbide pribatuaren ezaugarri berezia den printzipioa. Herri bakoitza burujabe zen, eta soilki erregidorea etortzean —erret agintearen ordezkaria— hasi ziren herriaren ahalmenak mugatzen. Autonomia zabal honengatik hain zuzen, harartean udalbatza irekia zena joan zen udal itxi bilakatzen (bide hau Orella irakaslearen iritziz XIV. mendeko bigarren erdialdean egin zen), aitoren seme handikien eta lurjabeengana murriztuz. Oroit handiki millaristak. Karmelo Etxegarai jakitunak justifikatu egiten du gipuzkoar udalbatzen oligarkizazioa eta faktore bi hauek aipatzen: garai hartako presio demografikoa eta “hain trauskila izango ez zen erakundea” segurtatzearen beharra, egikortasun handiagoko gestio administratibo eta judiziala antolatzeko bidean. Horretarako herriko etxeak eraiki behar izan zuten dependentzia desberdinez horniturik: biltokia, presondegia, artxiboa eta eskola.

      Soilki testuinguru honetan uler daiteke, XVI. mendeaz geroztik, Hernaniko alkateak 9.000 marabedi udaleko diru-kutxan sartzeko zeukan obligazioa. Lasarterako auzo-alkate bat izendatzen zen, herriko alkatearen agintea eta ordezkaritza zeukana. Argigarria da harako liskar hura, alegia Probintziak (lehen erakunde probintziala esan nahi da) korregidoreak 1556an Martin Perez Aierdi, Hernaniko alkatea atxilotu zuela eta: Probintziak bidegabekeria hura salatu egin zuen Valladolideko Erret Kantzelaritzan, argudiatuz ez korregidorea ez eta bere merinoak zirela nor alkate bat atxilotzeko[38].

      Alkateak bi erregidore zituen laguntzaile —zinegotziak egungo terminologian— eta hauek ere 6.000 marabedi emateko obligazioa zuten izendapena hartzen zutenetik. Hauen baitan egoten ziren presondegiko giltzak, kateak eta girgiluak, pisuak eta neurriak, janariak tasatzeko eta arakatzeko ardura zuten, besteak beste.

      Prokuradorea, sindikoa edo poltsazaina zen administrazioaren ardura zuena. Honek eraman ohi zituen kontuak, ordainketak egin eta zergak, errentak eta amandak biltzen ere. Izendapena hartzean 9.000 marabedi ordaintzen zituen herriaren beharretarako. Udalak, bestalde, lau ikuskari izaten zituen, auditore gisako eginkizuna zutenak, zeinak alkatea eta erregidoreekin kontuak aztertzen zituzten, korporazioa aldatzean, udalbatzaren iskribauaren aurrean akta jasotzen zelarik. Azken hau Gorteak izendatzen zuen batzarretara joateko eta akordio guztiak idatzita jasotzeko ardurarekin.

      Karguen zerrenda osatzeko juradua edo kartzelazaina aipatu behar da, presondegiaren ardura zuen eta alkatearen zigor-xedapenak burutzearena. Batzar Nagusiek 1552an agindu bat eman zuten probintziako herri guztiek presondegi publikoa eta pikota izan zezaten gaizkileen jendaurreko laidoztapenerako[39]. Hernaniko pikota gainean zintzilikatuko ziren seguraski Pedro de Guernica, lapurtzat salaturik zena, zeina Joan Martinez de Ayerdi Ermandadeko alkate zelarik (ikusia dugu XIV. mendean sortutako kargua zela hau) gure herri barrunbean atxilotua izan zen 1557an, eta garai hartan ohi bezala belarriak kendu zizkioten[40].

 

Plaza Nagusia eta Udaletxea.

 

      Azkenik, zerbitzari publikoen zerrenda mezularia zeritzonak osatzen zuen, herritarrek zuzenki izendatua zena eta lanbide hori uzteko aukerarik gabe gainera, 20.000 marabediko amandaren mehatxupean. Hau zen mezu ofizialak igortzeko arduraduna.

      Erret Zedula baten bitartez, 1717ko irailaren 18an Madrilen datatua, Hernaniko herrian karguak hautatzeko moduari buruz, hautaketara herritar guztiak azaltzeko obligazioa finkatzen zuen, 10 dukateko amandaren mehatxupean. Beste Zedula bat, 1735eko abuztuaren 30ekoa hau, ahotsa eta bozkarik ez zutela udalbatzaren bilkuretan izango erabakiz, herriarekin auzitan daudenak eta udal zerbitzuen alokatzaileak (hornidura, elurtegi, errota, etab.) edo hauen fidatzaileak[41].

      Plaza Nagusian kokatzen da (Gudarien Enparantza egun) Hernanin herriko etxea, elizaren ondoan, eta hirigunearen zentro neuralgiko bilakatzen da, zeina, Domingo de Lizaso historiagilearen teoria jarraiki, Altzega etxearen inguru antolatu zen. Ez dakigu noizkoa zen lehen herriko etxea, baina segurki Hernanik oso goiz izan zuen udalbatza ireki haietarikoentzat biltokia. Erreferentziarik zaharrena 1551koa dugu, herriko etxe berri baten fatxada zaharraren leku berean, elizatik hurbil, eraiki zenean, Domingo de Olozaga maisuaren egitasmoaren arabera[42].

      Herriko etxe honek eginkizun desberdinak kunplituko zituen, herriko artxiboa esaterako eta zerga-bildegia eta defentsarako arma-gordailua, zeina zeregin horretarako urtero izendatua izaten zen herritar baten zaintza eta ardurapean egon ohi zen. Armamentu hau Mendekoste bigarrenean ospatu alardean erakustera ematen zen, inguru herrietako jendea ere erakartzen zuelarik ikuskizunak, bertan zenbait ariketa eta tiro-lehiaketa burutuz.

      Joanes de Lecumberri sarrailgileari 132 erreal ordaindu zitzaizkion 1628an herriko etxeko erlojua zaintzeagatik eta beste 7 gehiago armak garbitzeagatik[43]. Zenbait alditan gerlatu zen ez zuela inork ardura horiek biak batera hartu nahi, eta bereiztuz esleitu behar zirela, 1632an gertatu zen bezala[44].

      Dokumentuen artxiboari buruz ardura handia erakutsi zuen beti udalbatzak. Ez daiteke bestela uler Hernaniko herriak pairatu behar izan dituen inarrosaldi guztien gainetik —gerra, sute, arpilatze, eta are, edifizio osoaren erauzketa— nola gorde ahal izan den probintziako udal artxiborik aberatsenetariko bezala. Oroitzapenen gordailu honekiko sentiberatasun hau argi ageri zaigu jada 1608ko irailaren 23an, udal gobernuak honako erabaki hau hartu zuenean, alegia, artxibotik dokumentu bat ateratzeko beharrezko zela herriko letratuari eskabidea luzatzea, eta horrek aztertuko zituela eskatzailearen argudioak, beronen berri udalbatzaren hurrengo batzarrean kontu emango zuelarik[45].

      Alkatearen ekimenez, Antonio de Miner lizentziatuak, 1673ko ekainaren 26an hartu zen herriko etxe berria eraikitzeko erabakia[46]. Edifizioaren traza Villa Alcazar kondeak diseinatu zuen, eta eraikuntza Juan de Zavala Garagarza eta Juan de Lizarraga hernaniar hargin maisuon ardurapean burutu. Urte batzuk geroago, Maria Juan de Berrasoeta, lehenaren alarguntsak, eta seme-alabek 8.532 erreal eta marabedi bat galdatu zuten diru-kopuru hori zor baitzien udalak aita zenak eginiko lana ordaintzeko. Eta 1700eko abuztuaren 9a arte ez zen kitatu zorra[47].

      Juan de Lizarragak 1685ean aditzera ematen du oraino fatxada amaitzeke dagoela[48]. Baina jakingarriena zera da, udal artxiboan diligentzia bat kontserbatzen da, hamar urte aurreko data duena, Juan de Lizarraga honen kontra burutu zen aiztokada misteriosoa aipatuz, genero beltza delako hoberenaren istoriorik jatorrena dena[49].

      Eraikuntzak zuen buruhorma handiosoaren gainean, Martin de Zalduak, “Loiolako Erret Ikastetxe eta Etxe Santuko maisua”, armarri bikain bat moldatu zuen[50].

      Egungo edifizioaren hegoaldeko fatxadan armarri bat ikus dezakegu 1709 dataduna, zeina suposa daitekeen hernaniar udaletxe zaharrarena dela.

      Eraikuntzaren dorre bien estaliak akabatzearekin, 1694an, Francisco de Uerecoetxea donostiarraren obra, amaitutzat ematen dira obrak. Are zehazkiago esanik, itaute batzuk ezabatu eta erregidore edo zinegotziek euririk ez zela sartzen egiaztatu ondoan[51].

      Obra aurrera zihoala, 1685eko urriaren 19an —lehen dependentziak erabiltzen hasi ziren garaian agian— etxe berrian kokaturiko artsenalaren inbentarioa egin zen, ondoko emaitza honekin[52]: bandera bat bere hagarekin, azkon bat bere zinta beltzekin, Indietako kanaberazko bi lantza motz zilarrezko ertzak dituztenak, bi alabarda, urrezko erremateak dituen erredola bat erdian San Migelen irudia duelarik, 83 moskete beren kaxa (bolbora) eta guzti eta baketaz horniturik (honek zera esan du, aurrekargakoak zirela), moskete-kanoi bat (ez kaxa ez baketa), mosketeentzat 84 flasko handi eta 82 txiki eta 84 flaskoeramaile antezkoak, mosketeentzat 8 urkila (tiratzeko momentuan euskarri izateko), 3 arroa bi libra gutxiago bolbora bi tapa eta uztaidun barrikan, 66 libra metxa, bi barrikatxo balaz beteak eta 46 astamakil.

      Ia mende bat geroago, 1766an, beste zerrenda bat egin zen eta honi esker jakin badakigu zer bilakaera jasan zuen armateriak, aurrekargakoak zirenak baztertu eta pisu gutxiagoak zirenez urkila beharrik ez zen orain, beste aldaketa batzuen artean[53]. Hona hemen inbentario berria: bandera bat bere poltsarekin, 111 fusil hauetarik 71 giltza zaharrekin eta 50 berriekin, 94 baioneta beren zorroarekin, 6 alabarda, 31 moskete-kanoi, 54 kartutxera uhalez eta erregidoreen kartutxerak forru urreztatuz hornituak, kalibre desberdinetako balak, farol handi bat, brokel bat. Zerga-bildegiko ontziei buruz honako hauek aipatzen dira: kobrezko neurriak, bost likoreak neurtzekoak, lurrezko kankarro bat ura ekartzeko, burdinazko haga bat, gaitzurua neurria, eta lakaria, lakari-erdia, txila, barra-neurgailua balantza eta burdin-gurutzea (erromatarra), lau librako, biko eta batekoarekin, laurdena, bi ontzekoa, bat eta erdikoa, eta halaber beste pisu erromatar berria. Edifizio berean zegoen presondegiaren gela desberdinetan sei girgilu pare zeuden eta bost eskuburdin, sei giltzarrapo eta beste bat zepoak daukana, brontzezko kaldera bat, errondako linterna eta enkanteetan erabili ohi den beste bat eta bi kantinplora.

 

Antzinako Plaza Nagusia.

 

      Nahi baino hobekiago azaldu bezala, II. Karlistadan setio ikaragarri bat ezarri zioten karlistek herriari. Eta 1875eko irailaren 16 arratsaldean bonbardatu egin zuten Hernani etxe asko erauziz, hauetarik udaletxea, bertan aurkitzen zen bolborategia lehertzean. Luis Murugarren historiagileak bere Hernani durante las carlistadas idazlanean deskribapen bat egiten du Udaletxea nola izango zen erauzi aurretik aditzera emanez[54]:

 

      “Harlanduz eta haritzezko oholtza, armarria erlojuaren azpian tailaz egina eta oso artistikoa zena eta garrantzi handikoa bere egitura nahiz egiketa onagatik, erliebeen neurriak eta bere lauki ingurunea ikusita. Gainera, burdinazko balkoi eder bat zeukan, metro eta erdiko altuerako hesiarekin eta sei bao gero erabiliko zirenak bikario-etxea uztearekin, zeina baita deseginda gelditu zen, 3,9 m. altuerako harlanduzko zutabe ederrez sostengaturik.

      Eta barnean, Udaletxe batean izan ohi diren gauza guztiez gain, oleozko koadro bat Herriaren historian buruzko alegoria zena, kristalezko argi-armiarma hamabi lanparaz hornitua, sute-ponpa bat bere mahuka ezberdinekin, pisu eta neurri sistema dezimal osoa, eskolako materiala eta hor idazmahaiak, aulkiak eta mapa-bilduma osoa, eta zerbitzuak harraska eta bi komunekin 20 pezetan baloraturik eta aguazilaren gela bere tresna guztiekin”.

 

      Gerra amaitu eta herri-bizitza berriro hastean, ekonomiak horretarako bide eman ahala, ekiten zaio Udaletxearen berreraikitzeari, eta 1885eko maiatzaren 14ko batzar osoan harturiko erabakiaren arabera. Proiektua Joakin Fernandez Aiarragarai arkitektoaren obra izan zen, eta abuztuaren 6an aurkeztu zen hastapenez 134.990,51,- pta. herriko etxearentzat eta 29.405,- pta. beroni ezarrita zegoen bikario-etxearentzat, guztira 164.395,51,- pta. osatzen zuelarik[55]. Gainera, beharrezko zen bikarioetxearen lur zati bat eskuratzea aurreko edifizioaren sei arkuez baliatu ahal izateko, eta horrela, bat gehiago izango zuen udaletxe eta parrokiaren artean.

      Horrelako kasu gehienetan gertatu ohi bezala, obra 1899an amaitu zenean zenbatekoak gora egin zuen, 229.267,- pta. hain zuzen, arkitektoaren eskubideak sartu gabe, zeren eta uko egin baitzien pozik sentitzen zela adieraziz Udaletxe berria eraikitzeko ohorea izan zuelako[56]. Horrek aski garbi azaltzen digu Joakin Fernandez Aiarragarai (1822-1900) jaunaren gizontasunaren berri, zeina arkitekto goren eta Sevillako Arte Ederren Eskolako irakasle zen. Esan gabe doa, beroni zor zaizkiola Sevilla hirian XIX. mendeko bigarren erdialdean altxa ziren eraikuntza garrantzitsu batzuk eta katedraleko berritzapen lanak, hamar urtetan zehar bera zuzendari izan zelarik heriotzak eraman zuen arte.

      Aiarragaraik eraiki edifizio hau oin errektangularrekoa da eta lau altuera dituena, hirigunez kanpoko bi etxelerroak batu eta plaza hegoaldetik itxiz. Elkarturik daude parroki-eliza eta biak eta bere egiturak hirigunearen sarreran arku bat dauka, antzinako Errepide nagusiaren bokale dena. Harlanduz eginak ditu bai basamentua, zokaloak, arkuen dobelak, ate eta leihoen markoak, eta berdin moldurak eta gainerako elementu apaingarriak; fatxadako hormatalak, aldiz, harria zarpeatuz eginak, akabera guztiak haren egitura eta piezaketa hartzen duelarik.

      Simetrikoa da fatxada ororen osaketa, eta beheko oinean altuera bikoitzeko arkupe bikaina du erdi puntuko zazpi arkuz osatua eta horien gainean beste hainbeste balkoi pilastra barnean kokaturik eta hauek frontoi baten euskarri oin nagusiaren parean (non baitaude alkatetza eta areto nagusia). Erdiko arkuaren gainean hiru baotako pailadiar multzoa ageri zaigu balkoi erdizirkular bat hornituz.

      Fatxadaren mailatik atzeratua dago goiko oina, salbu bi muturretan, zeintzuk bi dorre koxkor oktogonalak dituzten akabera bezala, eta erdialdean, berriz, arkutegi bat eta erlojua. Gerozkoa da oin honen eraikitzea: 1942an burutu zen, jatorrizko mantsarda eraldatuz Florentzio Mokoroa arkitektoaren egitasmoa jarraikiz.

      Laua da hegoaldeko fatxada, biziki ongi ordenaturiko leihoekin eta neurri handikoak hauek eraikuntzaren garrantziari dagokion bezala.

      Gainerakoan, ona da kontserbazio-egoera, 19831984 urteak bitarte berritzapen garrantzitsu bat egin zenez geroztik batik bat, beti ere jatorrizko eraikuntzaren bereizgarriak eta elementu tipologikoak errespetatuz.

      Herriko etxetik hurbil, eta parrokiaren parean dorre bat zegoen mundu guztiak San Jorge izenez ezagutzen zuena. Herritarrek hala eskaturik, Juan Perez de Zumeta obra-maisu donostiarrak berreraikitzeko lanak hartu zituen bere gain 1612an, zaharra erauziz eta berria zimentuetatik hasita erlojua eta Udaletxeko kanpaiaren pareraino altxatuz. Harria zarpeatuz egina zen, berriz, dorrearen ertzetik elizaren ertzerainokoan eta hor ate bat bere arkuarekin, eta elizaren beste ertzean berdin, Altzega dorretxeari atxikiz, beste ate bat arku berdinez hornitua[57].

 

Leokako iturria.

 

      Bestalde, 1673an Bernardo de Zamora kontratatua izan zen plazaren zorua berriro harriztatzeko, garai hartan 178 ½ estatu zituena (650 metro karratu inguru). Lana amaitzean, Jeronimo de Otaegui eta Martin de Miner hernaniar hargin maisuak arduratu ziren hura aztertzeaz, oso-osoko obratzat eman zutelarik[58].

      Mende beraren hondarretan, etxeetako zikinak kalean agerian joaten ziren. jendeari osasun arazo larriak eraginez. Hala, 1686an zanga bat urratzeko erabakia hartu zen plazaren beste muturreko bokaletik lurpean barna Ogallurreta etxearen azpitik kanpora ateratzeko. Auzi gogorra ekarri zuen arazoak Aierdi etxearen jabeekin, plazari itsatsita zegoen etxea, kalteturik gertatzen zela ailegatzen baitzuten[59].

      Herriak, halaber, garrantzi handia ematen zien edateko uraren iturriei, etxeetan urik ezagutzen ez zen garaian haietara jo behar izaten baitzen eta hauek benetan garrantzitsuak ziren herritarren osasun eta higieneari buruz. Iturri publiko zenbaiten artetik eta hirigunez kanpo —ia baserri guztiek zeukaten beren iturria[60]— dudarik gabe Leoka da aipatuena bertan eginiko kontserbatze eta berriztatze lanengatik, Leoka baita garai bateko hernaniarren jarduera bereziaren lekuko nagusi. Hiru kainu zituen, eta ikuztegia arropa garbitzeko eta aska ganaduak edateko, eta ura gainera soberan suteak itzaltzeko edo garbitasunerako. Hala, XVIII. mende hasieran ipini zitzaion estalia. Honi eta Zilar-Iturrikoari (halaxe deitzen zen oraino 1802an), Orkolaga baserritik hurbil zegoen iturri hau. Horretarako 50 haritzondo moztu ziren. Juan Martinez de Artola zurginak eta Jacinto de Beloqui eta Pedro de Miner harginek, hirurak Hernaniko bizilagunak, 1703ko martxoaren 22an eman zituzten lanak amaitutzat[61].

      Hala berean, Leoka etxeko maizterrari urteko halako sari bat eman ohi zitzaion iturria zaintzeaz arduratzeagatik, edozein larrialditan ere ura segurtatzearren, eta gainera harategia garbitu, kaleetako higienea zaindu eta hilobiak itxi eta irekitzeagatik[62].

      Hernaniko hirigunera 1864an ekarri zen ura Bidaurreta eta Larrabideko iturrietatik, horretarako zangak urratu eta lurrezko tuberia sartu zelarik hasiera batean[63].

      Hernaniko herriak hiru ostatu zituen 1802an eta sei pasealeku herritarrak egurasteko: bata, Donostiara bidean eta besteak Urnieta, Urumea ibarrean eta Lasarte aldera[64].

      Herriko argia hasiera batean olioz ari izan zen eta 1805ean funtzionatzen zuen jadanik sistema honek[65] Zerbitzuaren arduradunari 541 erreal eta 30 marabedi pagatu zitzaizkion 1849an urte horretako hirugarren hiruhilabeteko erregaiari zegokionean[66]. Argindar elektrikoak 1895-1899 urteak bitarte ordezkatu zituen antzinako olio-kriseiluak, Urumea ibaian eraikitako zentral bateko energia erabiliz. Manuel Izeta eta Kia. enpresak egin zuen instalazioa, herriko argia 1898ko martxoaren 13an inauguratu zelarik[67].

 

 

 

 

[38] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit., II. Alea, 299 eta 302. or.

[39] Ibidem. I. alea, 291. or.

[40] Ibidem. I. alea, 515. or.

[41] H.U.A. A/6/1/1

[42] ASTIAZARAN ACHABAL, María Isabel. El Ayuntamiento de Hernani: Un proyecto trazado y llevado a cabo por Juan de Lizarraga. “Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastian Dr. Camino”, 22. zk., Donostia, 1988, 219. or.

[43] H.U.A. A71/6, 101. fol.

[44] O.P.A., III. atala, 1.045. leg., 3. fol.

[45] H.U.A. A/1/4, 39 v. fol.

[46] GASTAMINZA, Salustiano. Apuntes para una historia de la Noble, Leal e Invicta Villa de Hernani. Raimundo Altuna Inprimategia. Donostia, 1913, 71. or.

[47] O.P.A. III. atala, 1.276, 177. fol.

[48] O.P.A. III. atala, 1.228. leg., 358. fol.

[49] H.U.A. E/7/III/2/17.

[50] H.U.A. D/3/1/1.

[51] O.P.A. III. atala, 1.271. leg., 18. fol.

[52] O.P.A. III. atala, 1.228. leg., 373. fol.

[53] O.P.A. III. auila, 1.371. leg., 313. fol.

[54] MURUGARREN, Luis. Hernani durante las carlistadas. Op.cit., 609. or. eta hurr.

[55] GASTAMTNZA, Salustiano. Op.cit., 72. or.

[56] H.U.A. D.3.2.1.

[57] O.P.A. III. atala, 1.027. leg., 146. fol.

[58] O.P.A. III. atala, 1.216. leg., 65. fol.

[59] O.P.A. III. atala, 1.355. leg., 54. fol.

[60] Historiako Erret Akademia. Op.cit., 362. or.

[61] O.P.A. III. atala, 1.318. leg., 3. fol.

[62] H.U.A. C/5/IV/3/7

[63] H.U.A. D/7/1/3

[64] Historiako Erret Akademia. Diccionario Geográfico-Histórico de España (1802). “La Gran Enciclopedia Vasca"ren berrargitalpena. Bilbo, 1968. 362. or.

[65] H.U.A. A/10/1/1.

[66] H.U.A. A/1/15, 72. fol.

[67] H.U.A. 10/1/2 eta 10/2/3.