Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

GERRAK ETA HEROIAK

 

      Oso aspaldidanik zeukan Hernaniko jendeak jende kuraiatsu eta gogorraren fama, bizitzako zailtasunei aurre egiteko prestatua zen jendearena eta edozein jauntxoren aurrean burua makurtzeko aski urguilu bazuena. Izaera hezkaitz eta aldi berean noble honen adierazpiderik argiena Juan de Urbieta ospetsua dugu, Karlos V.aren agindupeko soldadu soil bat izanik ez zuen gupidarik izan Frantzisko I.a, Frantziako errege berari aurpegi eman, mehatxatu eta preso hartzeko Paviako guduan 1525ean. Zaldun handikiagoek kendu nahi izan zioten ohorea (ikus Oroipenerako hernaniarrak atalean beronen biografia), baina alferrik izan zen: pertsonaia epikoek izan ohi duten halakoxe heroismo eta lotsagabekeriaren nahasketa sotil horrengatik sartu zen historian Juan de Urbieta.

      Bestalde, XVI. mendeko urte haiek aintza handikoak izan ziren benetan, baina galerak ere ez ziren txikiak izan. Gertaerarik ezagunena, benetako drama izan zena, harako porrot izugarri hura izan zen Felipe Il.ak Ingalaterraren kontra 1588an bidalitako Eskoadra Menperaezina delakoarena. Lisboa izan zuten abiapuntu 130 ontzi haiek 27.345 gizonekin, eta hauetarik soilki 10.000 itzuli ziren 66 ontzitan. Euskal ontzien galera izugarriaz aparte, 503 soldadu gipuzkoar galdu ziren zorigaitzeko egun hartan, zifra gaitza garai haietan. Jose I. Telletxea adiskide miretsiaren liburu bikaina errepasatuz, zera ikusiko dugu, haietarik 22 hernaniarrak zirela, gisa honetan zazpigarren mailan azaltzen delarik Hernani Donostiaren ondotik (128 gizon), Errenteria (38), Oiartzun (36), Pasaia (35), Tolosa (29) eta Irun (27). Garbiro azaltzen du garai hartan Hernaniko herriak itsasorekin zuen harreman eta espedizio militarretan ordaindu zuen prezioa (idazlan honen azkenean ematen dugu delako gudu horretan hildako herritarren zerrenda)[34].

      Zenbait kasutan bizia salbatu bai, baina askatasuna galdu ere bai. Hala, Domingo de Sarobe herritarrak diru-laguntza eskatu zien 1584an Batzar Nagusiei bere anaia Juan Martinez de Sarobe jaregin ahal izateko, zeina mairuen eskuetan jausi eta preso baitzegoen Fez hirian. Erakunde nagusiak salaketa egiaztatzeko erabakia hartu zuen (batzarrak bazituen kasu hauetarako agente ikertzaileak), eta Donostian 1587ko apirilaren 20an ospatu batzarrean aditzera eman zen nola 150 dukat ordainduz erreskatatua izan zen, erakundeak 50 eta gainerakoa Martin de Arriola donostiar kapitainak ipini maileguaren bitartez. Etxeratu zelarik, berriro eskatu zion laguntza Batzarrari, ez zuela Arriola kapitainari zorra zerekin ordaindu adieraziz. Probintzian barna limosna biltzen ibiltzeko baimena eman zitzaion. Zoritxarreko Juan Martinez de Sarobe 1590ean hil zenean, eta ondasunak bazituenez baino oinordekorik ez eta Arriola kapitainari 9.508 marabedi zor zitzaizkion oraino, Hernaniko alkateari agintzen zaio saltzeko haren ondasunak eta haiekin kitatzeko zorra, eta are, soberakina gertatuz gero, Batzarrari itzultzeko honek aurreratu zuenaren ordainez[35].

      Hernani gerra nagusien eta inkisizio koxkorra franko pairatu duen herria izan da. Behin eta berritan bere kale eta eraikuntzak armen eraginez suntsituak izan dira, eta bertako bizilagunek bortizkeriarik aski jasan beharrean gertatu.

      Oraino ez zen Hernani bere onera etorri bederatzi urte lehenago gertatu zorigaitzeko sute hartatik, non 1521ean frantsesen eraso berriaren aurrean gipuzkoarrek armak hartzera jo behar izan zuten. Hara, 1524an gertatu zen Noaingo gudua, non 3.550 gizon 24 konpainiatan banaturik partaide izan ziren, eta hauetarik hernaniarrak ez gutxi. Andrea Navajero Karlos V.aren aurrean Veneziako enbaxadore zenaren txosten batean zera zioen 1524an, Hernani eta eskualde bereko beste zenbait herri txikituta zeudela frantsesen erasoaren ondorioz.

      Atal berri bat idatzi zen 1553ko otsailean, Nafarroako erretorde zen Albako dukearen gudarosteek “Donibane Lohizune herria hartu eta arpilatu zutenean”. Badakigu oste honetan hogei hernaniar zirela partaide. Erresumako frontera erasotua izatearen mehatxupean Hernanik 400 gizon bidali zituen “ongi armatuak” Behobiako mugara (orduan Hondarribia) 1579an, gero 1597an errepikatu zen ekintza bera burutzera.

      Luzaro gabe, 1618an Hogeitamar Urtetako Gerra delakoa lehertu zen, zio politiko eta erlijiozkoak izan zituen gatazka Austria etxearen eta frantses koroaren artean. Hondarribia mehatxatua izan zenez, Hernanitik 23 bolondres irten ziren hara abenduaren 28an eta astebete geroago itzuli (“jokaera oneko” ziurtagiri eta guzti), beharrezko militar indarrak heldu zirenean. Fronterako mugalerroa babestearren, probintziak deialdi bat luzatu zuen 1625ean eta 4.000 gizon mobilizatzeko bidea egin, hauetarik Hernanikoak 150. Gure lurraldea baketan sartu beharrean, 1636ko urriaren 23an gaztelau gudarosteek, Bidasoa zeharkatu eta Zokoa, Ziburu eta Donibane Lohizune hartu zituzten: erasotzaileen artean 110 hernaniar aurkitzen ditugu. Arrazoi nagusi bat gazte jendea espedizio horietan parte hartzera bultzatzeko erabili ohi zena zera zen, etsaiaren ondasunak arpilatuz eta lapurtzetik hel zitezkeen etekinak. Hori dela bide, gehienetan aberriaren arrazoiak baino arrazoi ekonomikoek eragin handiagoa zuten.

      Berriro, 1638an eta 1639an probintzia osoa irauli zen Hondarribiko gotorlekuaren defentsan eta frantsesen setiaketa gogor baten aurka. Hernanik 120 gizoneko konpainia bidali zuen armaturik buruzagi eta guzti. Nabarmena izan zen hauen jarduera, han erakutsitako kuraia eta ausartziagatik. Eta oraino 1643an frantsesek Pasaiara sartu eta bertako portuan zeuden ontzi guztiak erretzeko asmotan zebiltzala, 200 hernaniarrek parte hartu zuten xede horien kontra.

      Mendea gainditurik ere Pirinio alderdi bietako monarkien arteko gatazkak gutxitu ez baina gehitu egin ziren. Frantses erretordeak gerra deklaratu zion Felipe V.a Espainiako lehen borboi erregeari, eta bere indarrak fronteran kokatu zituen 1719ko apirileko hilabetean. Luzagabe gipuzkoarrek ere antolatu zuten defentsa: hala presaka batean, gure Luis Murugarren deitoratuak oroitarazten digunez, 100 hernaniarrez osaturik konpainia irten zen, alkatea buru, armak eskuetan... baina munizioa hartzea ahaztu eta Errenterian hornitu behar izan zuten. Dena alferrik izan zen, frantsesek gogor eraso zuten Irun eta Oiartzun deseginez eta... Hernani berriro!

      Bastilla Hartzearen ondotik 1789ko uztailaren 14ko gauean abiatu zen gainbehera kontinenteko monarkiarik zaharrena zena eta beronen azken ordezkariak bere haragian pairatuko zuen monsieur Guillotin-ek asmaturiko tramankulua. Denborak aldatu ahala sistema politikoak berritzen joan ziren, baina guri dagokigunez ez ziren sobera aldatzen joan, zeren eta mehatxu berria gertatu baitzen frantsesen aldetik 1793an gipuzkoarrak beren lurraldea defendatzera bortxatuz. Hernaniko herriari 103.775 errcal kosta zitzaion defentsarako tertzioak osatzea. Lehen multzoa 1793ko maiatzaren 18an irten zen frontera aldera, azaroaren 30ean bigarrena eta 1794ko urtarrilean hirugarrena. Egoera txartzen joan zen eta uztaileko 27-28ko gauean ordara jo zuten: 258 hernaniar hurbildu ziren probintziako defendatzaileen multzora. Gipuzkoa frantses errepublikarrek eraso zutelarik, hasiera izan zuen Konbentzio Gerrak.

      Hala, XVIII. mendetik irten ginen egoera berean sartu ginen XIX. mendean. Napoleonen tertzio heroikoek penintsula eraso baitzuten, Independentzia Gerrak hasiera izan zuen. Probintzia osoki okupaturik gelditu zelarik, gure herritar askok eta askok Arano eta Goizuetako mendietan babesa bilatu behar izan zuten. Herria herri-lur gehienak saltzera beharturik gertatu zen, erasotzaileen gudarosteen mantenurako. Uzkur, gerra galdurik, 1813an erretiratu zirenekoan berriro arpilatu zuten lehen ere lanik aski bazuen Hernaniko herria[36].

      Lehen Karlistada Gerrak 1833 eta 1840 urteak bitarte iraun zuen. Gerra “moderno” bat izan zen hitz honek duen zentzurik txarrenean, zeren eta hor bi alderdiek beren haserrearen biktima egin baitzuten herri xehea. Zumalakarregiren gudaroste karlisten aurrerakada garaitsua eragoztearren, liberal armadak europar potentzien laguntza eskatu zuen, eta hauek, gatazkan sobera busti gabe, bolondresen partaidetza bideratu zuten. Donostiak, bereziki liberala zen hiria, 1835eko uztailaren 10ean harrera egin zien gudaroste ingelesei. Aldi berean Hernanitik prestatzen da hiriaren asaldura eta azaroaren 23tik hasita setiaketa gogorra jasan beharrean gertatu zen. Liberalek hiria ez entregatzeaz gain, arerioari erasotzeko jokabidea hartu zuten. Azkenik, 1837ko martxoan, setioa hautsirik, Hernanirako jokabidea hartu zuten, bertako jendeak inguruko mendietara ihes egin behar izan zuelarik. Gudaroste karlistak Santa Barbara mendian babestu ziren, eta martxoaren 16an burutu zen Oriamendiko gudu izugarri hura, non bi mila eta hiru mila arteko gizon kopurua galdu zen. Berriro karlistek Donostian babestera behartu zituzten liberalak. Maiatzaren 9an indar berriz horniturik itzuli ziren, bai, eta erasoaren garaipena etorri zen, Oriamendiren ondotik, Hernaniren erorketa gertatu zen, ordurako jada bertan behera utzita zena, eta Santa Barbarako gotorlekua. Azken jazoera Bergaran burutu zen 1839ko abuztuaren 31n, non Espartero eta Maroto jeneralek, besarkada batez, bakealdi ahul bat zigilatu zuten.

      Gipuzkoan oporrak pasatzen ari zen Isabel II. erreginak Frantziara jo behar izan zuen iheska 1868an Prim eta Topete militar aurrerakoien pronuntziamendua zela kausa. Karlistek boterearen hutsuneaz baliatu ez zitezen ehun bolondresek osaturiko batailoi bat osatu zuten 1869ko abuztuaren 18an eta plazan barna desfilea egin. Behar bezala hierarkizatu eta horniturik, kanoi bat ipini zuten elizako dorrean lau gizonen zaintzapean, eta erregularki errondak egin ohi zituzten herri guztian zehar herriko etxea kuartel gisa muntatu ondoan.

      Hara, 1870ean Oiartzunen gertatu zen altxamenduaren lehen agerraldia, baina luzagabe ezarri zen halakoxe baretasun hertsi bat bi urte iraungo zuena. Karlos VII.aren deklarapenek ohiko monarkiaren eta Foruen aldeko arnasa berpizturik, altxamendu berri bati ekin zioten karlistek 1872an. Santa Kruz Apaiz famatua bera, gerra honetako protagonistetariko bat, Urnieta aldean agertu omen zen urtearen azkenetan, eta 1873ko apirilaren 13an elkar jo zuten haren gizonak eta liberal gudarosteek, Ergobiako zubian hain zuzen, bere ihesa eraginez. Beste estualdi batean, apaiz trabukoak herrian sartzea eta treneko estazioa erretzea lortu zuen. Harrezkero, ugaldu egin ziren borroka eta topaketa armatuak, eta artilleria karlistaren zirikadak geroz itogarriagoak bilakatzen dira gure hirigunea barrikadak eta defentsabideak bilatzera behartuz.

      Hartan, 1874ko maiatzaren 30ean izan zuen hasiera setioak Santiomendi, Montebideo, Oriamendi, Zitxar eta Olomendi abiapuntu izanik. Kontraerasoa, aldiz, liberalek herritik eta Santa Barbarako gotorlekua berekin zutelarik. Gatazka amaitu ondoan herriak gortera bidalitako txosten batean zera esaten da, setioak iraun zuen artean 1.368 jaurtigai iraitzi zituztela eta karlistek 2.165 granada, etxerik gehienetan kalteak eginez. Abuztuaren 2an Portu auzotik bizilagunak atera behar izan ziren eta 12an berreskuratu zuten liberalek Ihartza Gaina.

      Gobernadore Militarrak 1875eko maiatzaren 23an udaletxea artilleriaren parke bilaka zedin erabakia hartu zuen: bertako bolborategia airera jaurtiki zelarik irailaren 16an, edifizioa berreraiki behar izan zelarik.

      Ordurako, herriaren defentsaz 1869tik hasita hain ausarki karlisten kontra ahalegindu zen ehun baino gehiagoko bolondres multzo hartatik, soilki 59 bizi ziren. Epe horretan zehar 50 herrikosemek alde egin zuten Kubara bake bila, hain maitagarri baina zoritxarreko zen beren lurraldea bertan behera utzirik.

      Beldurgarria da benetan Bigarren Karlistadaren azken balantzea Hernaniko herrian:

 

— Populazio militarra: 47 hildako eta 146 zauritu.

— Populazio zibila: 16 hildako (4 haur) eta 52 zauritu.

— Hernanik garai hartan zituen 174 baserrietarik 12 deuseztatuak izan ziren, 14 bizitzeko gaitasunik gabe geratu eta soilki hamar ukigabe gertatu ziren.

 

      Zer nolabait jokabide lehiatsu honen ordainez alkateak “Invicta Villa” titulua eskatu zuen, eta Alfontso XII. erregeak eman ere bai 1875ean[37].

      Azkeneko Gerrate Zibilean, 1936-1939 urteak bitartekoa, Hernanik hasiera beretik aitortu zuen gobernu errepublikar legezkoaren aldeko jokabidea. Lehenengo liskar armatuak 1936ko irailaren 5ean hasiera izan zuten Estenega mendiaren hegaletan. Hurrengo egunean Legio Gailegoak bost konpainia falangistaz osatu eta bat ametrailadoraduna, guztira 700 gizon, herrira hurbiltzea lortu bai, baina laster atzera jo behar izan zuen, eta orduan milizianoek hartaz baliaturik Buruntza-Santa Barbara-Oriamendi-Santiomendi lerro hori eraso zuten, nahiz ez zuten helburua lortu. Ez zuten lortu Estenaga mendia erasotzea ere, zeina Molaren gudarosteek defendaturik zegoen. Hilabete horren 8an Hernaniko Epaitegiko idazkaria eta honen emaztea salbaiak bailiran erailak izan ziren. Herritar milizia gogor defendatzen da eta, berriro ere (azkenekoz historian) Santa Barbara gotorlekua defentsaleku nagusi bilakatu zen.

      Irailaren 11 eta 12an eraso gogorra luzatzen dute Hernaniko kaskoak okupatzeko asmotan eta bertako posizio estrategikoen jabe egitearren, azken batean Donostiaz jabetzeko. Harrikarte mendiaz jabetzen dira, eta hurrengo kolpean Santa Barbarako erresistentzia menperatzen dute gudaroste galegoek. Hegazkinek herria bonbardatu eta irailaren 12an indar milizianoak herria abandonatu beharrean gertatzen dira. Ilunabarrean nazionalak Herrian sartu zirenetik gauaz Galarretako ondoan (Estubegi) eta hilerri sarreran hasten dira hilketak burutzen. Egun horietan erailak izan ziren 200 pertsonen artean Jose Ariztimuño Aitzol (18961936) eta Zelestino Onaindia (1897-1936), apaizak biak, euskaltzale porrokatuak eta idazle ezagunak. Hurrengo egunean, irailak 13, erori zen Donostia eta horrek eragin zuen errepublikanoek Santiomendi bertan behera utz zezaten.

      Gerra amaitzearekin batera hasi zen frankismoaren gau luzea, harik eta 1977ko ekainean lehen hauteskunde demokratikoak burutu ziren arte akabatuko ez zena.

      Esperientzia samingarri hauek ekarri ohi duten zama astunaz oharturik ere, Hernani gaur egun herri moderno eta dinamikoa da, irtenbide egokien bila guduka dabilena: gizarte, lana, hezkuntza eta kulturaren aldetik, bertako biztanleen bizimoldea geroz erosoagoa, libreagoa eta solidarioagoa izan dadin. Hori gainera are garbiago erakusten du antzeko edo egoera makurragoan bizi diren urruneko herriekin egin duen anaiarteak: nikaraguar Nueva Guinea (1987), eta saharar Daira Detxera (1997), posibilitateen arabera biei laguntzak eskainiz.

 

 

 

 

[34] TELLECHEA IDIGORAS, Jose Ignacio. Otra cara de la Invencible. “Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones”. Donostia, 1988, 459. or.

[35] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ. L.M., AYERBE IRIBAR, M.R., Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa. Gipuzkoako Poru Aldundia. Donostia, 1990. X. alea, 31, 40, 58, 179, 227. or.

[36] MURUGARREN ZAMORA, Luis. Hernani: su historia e instituciones. “Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones”, Donostia, 1970, 19. or. eta hurr.

[37] Garai honetan interesaturik daudenek MURUGARREN, Luis Hernani durante las carlistadas kontsulta dezakete, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen buletina, 3-4 zk. Donostia, 1981, guk bertatik atera ditugu datu gehienak.