Sagastitxo
(Potrokilo-Enea)
Sagasti polit bat omen garai batean ukuilua kokatzen zen estalpearen alboan. Handik eta harat sortu da, beraz, Sagastitxo izena. Alberro sagardotegia pasatu eta Santa Barbarako bidean aurreraxego dago edo zegoen Sagastitxo baserria, gaur egun guztia etxez hornitua, baratze eta belardi batzuk izan ezik.
Lehen-lehenik estalpea baino ez omen zen Sagastitxo, eta hor behiak eta zerriak aski baldintza eskasetan, ingurua soro, baratze, belardi edo sagastiz osatua bazegoen ere. Familia Zinko-Eneko aldamenean bizi izan zen, harik eta etxea eraiki eta aldi berean lehenagoko estalpe zaharra, terraza egoki bat bilakatuz, ukuilu bezala birmoldatu zuten arte.
Bertako aiton-amonak, Jose Domingo Arbide Aristizabal eta Maria Valle Aristizabal izan ziren, eta sei seme-alaba: Juliana, Joxepa, Bixenta, Anselmo, Manuel eta Karmelo. Hauetarik, Anselmo gelditu zen etxerako, Iñaxi Garaiar Alberro, Aranburu baserriko alabarekin ezkondu eta hiru alaba izan zituztelarik: Maria, Pepi eta Bixenta (hau hilabeteetakoa zela hila).
Pepi gelditu zen gurasoekin, Hipolito Arregi Iraolarekin, Oianeder baserriko semea, ezkondu ondoan. Bi alaba izan dituzte: Maite eta Rosa Mari.
Potrokilotarren artean Anselmo izan zen pertsonaia nagusia. Egia esan, Potrokilo, Potrokilo-Enekoak, etab. ez-izenez askoz ere ezagunagoa izan da familia hau. Iduri du aitona Jose Domingo aski patxadako gizon lasaia izan zela eta harengandik zetorkiela Arbidetarrei, antza, delako izengoiti hori, baina Potrokilo izengoitia Anselmok eraman zuen ongien bizkar gainean.
Sagastitxon bospasei behi, zekorrak eta zerriak izaten ziren. Artzaina neguan, Amezketako Etxeberriatarrak hirurogeita (60) gehiago urtetan zehar, uda Aralarko larreetan pasatu ondoan. Esan behar da ez zutela zorte handirik izan artzain hauekin lehen bi familiako belaunaldiek behinik behin. Aitona, azken karlistadakoan ardiekin larrean mendi hegalean zebilela Santa Barbarako gotorlekuan guardian zeuden soldaduek tirokaturik hil baitzen; aita, aldiz, ardientzat lizar hostoa biltzen ari zela zuhaitz gainetik erorita.
Anselmok eta ama-semeak, uda osoa ekainak 15-irailak 15 bitarteko guztia Donostian Kontxako hondartzan pasatzen zuten. Hor, bi kabinaren jabe ziren. Ama bainuzaleen jantzi-erantziaz arduratzen zen. Anselmok, berriz, gerriraino uretan sartu eta udatiarrei ur gainean ibiltzen eta igeri egiten irakasteko eginkizuna zuen.
Izaera gogorreko gizona zela Anselmo diote ezagutu zutenek eta “sakatrapu” samarra, tratularia, etab. negoziante bizkorra ere bai. Harrigarria, ia batere eskolarik ez, eta zenbait mendi, etxe eta etxalderen administrari izan zen bere denboran. Udan zehar, gainera, txangoak antolatzen zituen. Tranbian atzeko “jardinerak” deitu kotxeetan (irekiak hauek) udatiar handikiak hartu, bera gidari, Hernaniko herria erakustera ekarri ohi zituen, azken xanpa, Sagastitxon sagardoa edo erreberoa edanez amaiera izaten zutelarik.
Emazteak bitartean, emakume sufritu eta eraman handikoa, lanik asko izaten zuen agidanez. Goizean 5:30etan esneak bildu eta esnearekin kalera; laguntzaileren bat bai, baina beraren ardurapean baserria. Edozertarako gai zela diote emakume hau: behiak jetzi, sega, belar ontze, soro lanerako, etab.
Gerora, Pepi alaba eta Hipolito suhiaren gain gelditu zen Sagastitxo baserria, beti ere fabrikako lanaz aparte. Duela 14 bat urte, adinak ez baitu barkatzen, beste era batera moldatu zituzten baserriaren lokalak eta lurrak.
Orain, senar-emazteak, alabarekin nahiko osasun onez bizi dira Sagastitxon.