Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Bakero

 

      Hernanitik Urnietarako errepidean, gaintxo batean kokaturik dago Bakero baserria, bi herri hauen arte dagoen muga (Mandazubi muga) baino lehentxeago. Hernaniko hego-saihesbidea egin denean, aurre-aurrean ipini diote, sukaldeko leihoaren azpian esaterako, borobil horietarikoa. Honelaxe Vaquero izena gaztelaniaz idatzita dauka fatxadan, nahiz eta ez dakiten nondik eta nola irabazia duen etxeak izen hori.

      Bi isuriko etxea da eta bi bizitzakoa. Biak baserri, bi familia teilatupe berean: Urruzolatarrak eta Arbizatarrak. Angeluzuzeneko eitea du. Luzexka. Errepide aldera dagoenak albo batera etxeari ezarrita dauka estalpea; mendialdekoak, aldiz, etxetik at etxe-ordeko polit bat, garaje eta ganbara dituena. Ederki kostata egina dela dio Joan (80 urte) nire solaskide etxeko nagusi zaharrak. “Hori eraikitzeko blokeak etxean egin genittun, Mandazubiko errekatik, etxean urik ez eta barrikan ura ekarriz”.

 

URRUZOLA Familia

      Urruzolatarren etxeak behean du ukuilua eta lehen solairuan bizilekua, bertako sarrera kanpotik eskailera batzuen bitartez duela. Lehen, hondarrez eta karez egina omen zen etxea, erreka harria eta harrobikoa nahasian eraikia, arrunt horma kaxkarrak zituena, harik eta aurpegia garbitu, zarpeatu eta erabat txukundu zuten arte. Orain, alde batetik errepide berriak bere jarraipena nondik izango duen zalantzak, eta bestetik, “baserria erauzi” eta inguru guztia etxe berriz beteko den hotsak buruhauste edo penarik aski ematen diote aiton-amona hauei. Hainbeste ian eta izerdi ipinitako baserria ezkutatzea ere...!

      Aurrekorik, gurasoak baino, ez zuen ezagutu Joanek. Ama, Natalia Aranburu Arizala, bertako alaba eta Agustin Urruzola Intxauspe, Txabola baserriko semea, izan zituen guraso, eta Joan, Monika, Iñaxi, Frantziska eta Jesus haien seme-alabak.

      Etxerako zaharrena, Joan, gelditu eta hau Eujeni Leunda Elola, sortzez Albizturkoarekin ezkondu zen, honako seme-alaba hauek izan zituztelarik: Agustin, Jose Mari eta Marian. Bakero baserrian aita eta ama adinekoak bizi dira orain eskuinekoan.

      Hiru edo lau behi beti izan dituzte, baina baratzeak izan du garrantzirik handiena baserri honetako bizimoduan. Amona egunero herriko plazara tratuarekin eta ama Eujeni ere ia orain arte. Ofizioz hargina zuten aita, “Bakero hargina”. Honek burutu zituen, esaterako, Santa Barbara ermita berriko hargintza lanak.

      Joan, senide nagusiak, soldadu joan zen arte baserrian jardun zuen. Han (Tetuanen) hiru urte egin ondoren hasi zen fabrikako lanean, “Champion” bateri lantegian, hain zuzen. Baserri lana aldi berean burutu ahal izateko errelebo lana nahi, eta lekualdatu egin zen: Mendia paper fabrikara joanez. Gero, Mendiaren argindar zentralera (Abalotz) egunero Bakerotik Lasarten barna, joanez ibili zen. Bizikletaz, lehenik, hainbat urtetan, motoan gero eta autoz azkenean.

      Eujeni ama, behar da esan, 13-25 urteak bitarte neskame egona zela. Neskametzari buruz zerbait galdegin diodanean, zera esan dit:

      —“Ez dut batere damurik; izan ere, besteren menpe egoteak asko erakusten baitu, burua makurtzen eta hortzak berdintzen batik bat”. Hileko soldata, azken urteetan hori, ez aseguru eta ez ezer, 125 pezeta izan omen zuen.

      Gaur, Joan aspaldian jubilaturik (80 urte ditu) familia hazita, joanak joan, ongi bizi direla diote. Gainera, orain jada ez, baina azken urteetan, jubilatuekin, harat eta honat bidaia franko egin dutenaren poza daukate.

 

ARBIZA Familia

      Arbizatarren familian Martin bertako semea izan dut solaskide. Etxea berritua eta eroso jarrita dauka Martinek.

      Aiton-amonak ezagutu zituen Jose Antoniok, Joxe Antonio Ieregi eta Joana Gorostegi, Bakeroko alaba eta hauen seme-alabak: Joxepa, Domingo, Joakin eta Joxe Mari. Joxepa etxerako, Hernialdeko Anjel Arbiza senartzat hartuta, eta honako seme-alaba hauek izan: Martin, Manuel, Euxebi eta Miren.

      Martin oroitzen da ume-umea zenetik zortzi behi, hiruzpalau zekor, zerri, oilo eta untxiak izaten zirela baserrian. Egunero, amona, edota izeba, esnearekin herriko plazara joan ohi zirela ere.

      Aita, bere garaian Mendia paper fabrikan lanean ibiltzen zen harik eta 36an, gerrakoan, Andoaingo kanposantuaren atzean “afusilatu” zuten arte.

      Ama, alargun, zerua goian eta lurra behean lanik askorekin gelditu zen. Martin, seme zaharrenak 12 urte, eta Manuel, Euxebi eta Miren txikiagoak. Martin, zaharrena zenez, hau gertatu zen eskolarako aukerarik gutxiena izan zuena. Ama alargun izan arren, aita bestaldekoa izan zenez, soldadutzara beharturik izan ziren bai Martin eta bai Manuel.

      Aita, erail eta urte pare batera aitaren lantegi berean lanera sartzeko egokiera izan zuen Martinek. Geroagora, Butano lantegira pasatu zen, eta beti ere baserria eta beste lana tartekatzeko modua izan. Azken urteetan, gainera, ganadua larrera bota izan duelarik, bizimodua errazteko bidea egin du.

      Orain bere 75 urterekin aski patxada eta egoera onean ageri zaigu Martin. Duela urte pare bat etxe barreneko errepidea zeharkatzerakoan motor batek bota eta eskuineko zangoa zauritu ziotenetik ez da kalera joan, nahiz eta bere denboran lagunartea eta parrandan ibiltzea benetan gogoko izan dituen. Hala ere, umore ona ez zaio falta.