Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Agerreburu | Aize-Eder (Buztintxulo) | Arriguren (Arrigoain)

 

Aize-Eder

(Buztintxulo)

 

      Zenturion-Enea izenez azaltzen da etxearen eskritura agirian. Ez dakite honen zergatiaren berri ematen, aurrekoren bat gizaki lerden eta tantairen bat ote zen ustea daukate. Dena den, gero Bustintxulo izenez azaltzen zaigu baserria kalean. Egun ere buztintxulotar deituraz ezagunagoak dira.

      Orain Iruntxi-Berri taberna dagoen lekuan zegoen Buztintxulo baserria, Andre kalea orduan, Kardaberaz kalea gaur. Esan behar da Hernaniko kaleek beren baitan ezagutu duten azkeneko baserria berau dela. Esan didatenez 5-6 behi izaten zituzten han eta aberea (zaldia), ganaduentzat jatekoa ekarri eta pisa, simaurra... soro eta belardietara garraiatuko baziren. Abere honek herriko beste zerbitzu bat ere gauzatzen zuen Praixku (aitona) zenaren garaian: hiltegitik harategietara okela eta haragia garraiatzea.

      Aski gogoan dute etxe aldaketa, kaletik irten, ganaduak eta altzariak hartu, eta Aize-Eder deitu etxe berrira pasatu ziren eguna: Munduko Txirrindu Txapelketa burutzen zenekoa (1965. urtea). Ongi oroitzen dira egun hartan zirkuituko errepidea zeharkatzeko izan zituzten oztopoez.

      Ezinezko jokabidea zen jada kalean jarraitzea: pisaren usaina, abereen ukuilurako sartu-irtenetako oztopoak, automobilen bozina hotsa... Ez zuen inolako zentzurik kalean eta kaleko puntu horretan baserriaren izateak.

      Hala-hala, Buztintxuloko lurretan, nonahitik ageri den gaintxo batean eraiki zuten Aize-Eder baserria, herritik eta Santa Barbarako bidean Sagastitxo pasatuta eta ezkerrera Agerre baserria baino lehentxeago. Etxeak etxe polit baten airea du. Bi isuri eta bi plantako etxe tentea, ataria eguzki aldera begira, saihetsean hiru-lau meta-belar ondu eta oraingo meta moderno bi plastikopean. Atzean, ipar-mendebaldera terraza eta azpian ukuilua. Aurrean, gainera, metro asko gabe Institutua eta Biteri eskola kokatzen dira, ez du beste inolako oztoporik. Etxekoandreak dioenez, eskolak eraiki eta lehen urteetan benetan gogaikarriak gertatzen ziren orduko haur eta gaztetxoak (harriak tiratzen, iseka eta iraina baizik ez baserritarrei...) Orain bestelako heziketa ematen zaien seinale garbia dela dio. Etxea ormigoiz egina eta karez ongi zuritua dute. Aize-Eder izena zinez ongi asmatua dela esan zait: alderdi guztietako haizeak (hegoa, mendebala...) jotzen omen du etxea, ongi jo ere.

      Aipaturiko Praixku zenaren seme ezkonduak, bere familiarekin estreinatu zuen Aize-Eder etxe berria. Alde batetik, senar-emazteak: Joxe Mari Garmendia Garin eta Joana Aizpurua Arruti, jaiotzez Aiako alaba hau, eta Joan Joxe eta Patxi semeak. Alboan, etxebizitza biko etxea denez, Joana, Joxe Mariren arreba eta Joxe Esnaola Muxika senar-emazteak, Lukainkategi (Añorga) baserriko semea hau.

      Gaur, Joana, alarguna, Patxi semea eta Joxe, koinatua, alarguna hau ere, bizi dira AizeEder baserrian.

      Ganaduak, 6-7 behi eta 4-5 zekor eduki ohi dituzte, horrek suposatzen duen guztiarekin; esaterako, ganaduen jatekoa: belarra, artoa, arbia... Esnea eta haragia dira hauen produktu nagusiak: zekorrak hazteaz aparte, gogotik saiatzen dira esnea biltzen. Esne putzu polita, gaur goizean neure begiz ikusi dut, Iparlateko kamioi zisternari etxe azpiko bidegurutzera atera diotena. Etxekoandreari esan diodanean alde ederra Hernaniko kaleetan eskailerak gora eta behera ibili orde. Erantzuna ere halakoxea izan da.

      —“Alde ederra litroko 90-100 pezeta hartu ordez, 50 pezeta ozta-ozta Iparlaten eskutik hartzea ere, eta, hori koipea eta beste, esnea ongi analizatu ondoren!”

 

Agerreburu | Aize-Eder (Buztintxulo) | Arriguren (Arrigoain)