Balantxa
Nahiko bitxia izena. Hala ere, bi kasu badira Hernaniko baserrien zerrendan, Karabelen bata, Antziolan bestea, elkarrekin zer ikusia dutenak. Ez dakite ziur izena nondik datorkion baina etxeak hiru eustorma edo matxoi ditu eta, antza, balantza egiten zuelako jarriak eta hortik ote datorkion ere esaten omen zuten aurrekoek.
Tranbia bideak Antziola auzoa zeharkatzen zuen bidegurutzetik iparraldera, berrehun metro ingurura kokaturik dago Balantxa baserria, zuhaitzez inguraturiko txoko batean, Arizmendi aldetik datorren erreka koxkor bat ezkutatzen den aldamenean. Etxetik berrogeita hamar metrora Buskando baserriaren atzealdea ikus daiteke ekialdera begiratuz gero, eta Larrabideren aurrealdea ipar-mendebaldera.
Fatxada nagusia hegoaldera begira duela eta sarrera iparraldetik. Hiru eustorma ditu etxeak eta aldapatxo batean egina dagoen arren, ez du mandiorik etxera sartzeko, aitzitik, lurraren arrasean eta halako teilatupe edo ipar-mendebaldeko hotz eta euritatik babesteko aterpe batetik du etxebizitzarako sarrera. Hegoaldera ematen duen beheko aldean dago ukuilua eta goian etxebizitza eta honen gainean ganbara.
Alboan, goiko sarrera ondoan estalpe bat eta behean etxe-ordekoa, dolarea eta baserriko tresnak, uztak, belarrondoak etab. jasotzeko.
Esan behar baita, etxe ondoan hilarri dotore bat daukatela nondik eta nola hara etorria den ez badakite ere, baina, hori bai, ez daukate hola-hola galtzekotan. Inoiz Arantzadi elkartekoak joan dira ikustera, argazkiak atera eta oharrak jasotzera.
Orain ehun urte, 1903an, hain zuzen, etorri ziren Balantxara Joxepa Landa Odriozola eta Anizeto Ezeiza Olazabal senar-emazteak, azken honen guraso eta adimen urriko zen anaia Joxe Ramonekin. Bost seme-alaba denbora baino lehen jaio eta hil zitzaizkien. Hori horrela, bospasei urteko seme-ordekoa hartu zuten inklusatik, Alejandro, buruz oso jantzia ez zena. Ondoren, ordea, bi seme aurrera atera ahal izan zituzten, Andres eta Julian, baina Andresek 11 urte eta Julianek 8 zituela aita hil eta alargun gelditu zen Joxepa. Urte batzuk aurrerago, Aizarnazabalgo Joxe Lizarralde Amutxategirekin ezkondu zen. Andres, semeak, berriz, Basozabal baserriko Zezili Urretabizkaia hartu zuen emaztetzat, eta zazpi seme-alaben guraso izan ziren: Agustin, Manoli, Julian, Joxe Mari, Nekane, Karmele eta Mari Jose.
Duela gutxi Andres senarra hil eta egun, Zezili, alarguntsa, bizi da baserrian Agustin (sendagilea), Joxe Mari eta honen emazte, Mari Jose Uzkudun, errezildarra, eta bi alabekin, Ainhoa eta Janire.
Belaunetatik gaizki eta ibilbidea galduta, etxe aldean, babarruna aletzen eta antzeko lanetan aritzen dela esan digu.
Esnea, baratzea, sagarra etab. izan dira beti Balantxan. Ondo gogoan ditu Zezilik baratzeko patata, porru, babarrun, baba txiki, letxu, aza, sagar eta gainerakoak astoan hartu eta esne-marmitak lepo gainean uztarrian hartu eta nola joaten ziren goizean goiz tranbiaren geltokira, Antziolara, Donostiara saltzera joateko. Lurrak berriz, etxetik gora izaki, idiak izaten zituzten hango lanak egiteko. Sagastia inguruan eta dolarea etxean, bai berentzat baita auzokoentzat ere, eta oraindik etortzen zaizkie sagarra jotzera eta erostera ere, izanez gero.
Gazteak denak kanpoan lanean ari badira ere, badute baserriari eusteko grina eta hogei burutik gora dituzte etxe inguruan larrean, eguraldi txarra edo umea egin behar dutenean etxera biltzen dituztela.