Arizmendi
Aski ezaguna zaigu euskal deitura eta etxe izenetan Arizmendi izena, haritza eta mendia hitzez osatua dagoena. Kasu honetan, Hernani herriaren iparraldera aurkitzen da Arizmendi baserria. Antziola auzoko mendi muinoan, haritz ondoan, izenak dioen bezalaxe, Iturmendi eta Buskando baserrietatik gorago, Ergobia eta Astigarraga eta Donostiako parajeei begira eta denekin ere muga eginez.
Etxe errektangeluarra da, teilatua bitan, eki-hegoaldera begira, aurrean lizar handi bat eta atzean haritza dituela. Behean ukuiluak eta eskaileratxo batzuk eta balkoia etxebizitzarako sarreran, batak hegoaldera eta besteak mendebaldera. Goian ganbara. Aterpea etxe inguruan lanabesak eta baserriko gainerakoak jasotzeko.
Maria Zaldua Iturralde dut solaskide, eta esan didanez, aita, Joxe Antonio Zaldua, Astigarragako Urtsula Iturralde, Larrabide baserriko alabarekin ezkondu zen eta lau seme izan: Maria, Joxe Mari, Manoli eta beste bat txikitan hila. Maria, nire berriemailea, Urnietako Legarralde baserriko Joan Joxe Arrietarekin ezkondu eta etxebizitza batean jarri zen bizitzen, ordurako bitan banatua baitzuten anaia eta biak etxe banatan bizitzearren, eta bost alaba izan, neskak denak: Miren, Manoli, Maria Jesus, Itziar eta Lurdes.
Mariaren senarrak kanpoan egiten zuen lan eta duela 30 urte inguru baserria utzi eta Antziola auzora etorri ziren bizitzera, jaiotetxetik oso urruti ez nolanahi ere. Anaiak, aldiz, Astigarragako Santiomendi baserriko Maria Iturralde hartu zuen emaztetzat eta lau haur izan: Mikaela, Joxe Mari, Isidro eta Enkarni. Alabaina, gaztetxo zirela gelditu ziren haur hauek aitarik gabe, zaharrenak dozena bat urte baino ez zituen izango aita galdu zutenean, eta handik urte batera berriz, ebakuntza baten ondorioz edo, ama galdu zuten, eta hantxe gelditu ziren ia gauetik-goizera ez aitarik eta ez amarik gabe. Gauzak horrela, Astigarragako amaren ahizpak seme-alabarik ez eta, haiek hartu zituzten hasieran behintzat.
Joxe Mari, solaskidearen anaia, kanpoan hasi zen lanean eta baserria saldu egin zuen. Bera hildakoan, Martutenera joan zen familia, urte askotan elkarrekin gozatzeko aukerarik izan ez bazuten ere.
Egun, Arizmendi baserria Astigarragako Adurizen esku dago, etxebizitza batean sagardotegia eta bestean behiak larrean dituztela.
Baserriko bizimodua gogorra dela irizten dio Mariak, 9-10 behi, zekor bat edo beste eta idiparea izaten zutela esan digu; hori bai, lurrak oso erosoak, denak etxe inguruan. Gaztaroa, ordea, ez du beti gozo-gozoa izandakoaren oroimenik; izan ere, eskola Hernaniko mojetara etortzen ziren eta bazkaltzera etxera, Arizmendiko puntara. Koxkortutakoan, berriz, Latxera joaten ziren garo bila, goizean goiz aterata. Igandetan zeresanik ez, askotan Hirubidera dantzara eta hangoa ikusitakoan Oianumera eta handik etxera, ”... eta berandu etorriz gero, ez zen giro izaten...! oraingoak baino zorrotzagoak ziren orduko gurasoak, baina ez nahiz damutzen jasotako heziketaz!” aitortu digu.