Ibarluzea
Ez du inolako zailtasunik, toponimo edo leku izen garbia baita “Ibar” + “luze” izan ere. Nafarroarako errepidez eskuinera, ibai ertzeko lautada eder batean kokaturik zegoen Ibarluze baserria, lur eta etxe bikaina.
Bi bizitzako etxea zen Ibarluze Zaharra. Lujanbio familia etxejabe eta maizterra alboan. Bi isuridun etxe luzexka eranskin zenbaitekin, dolarea, etxe-ordekoa eta garai batean sagardotegia.
Duela sei urte erauzi zen eta ordainez Ibarluze izeneko industrialdea dago orain bere lur hauetan, zeren errepidez ezkerreko hegalean baitute orain etxea, Ibarluze Berri, lehenari jarraiki baratze ederrez (negutegi eta guzti) horniturik. Egia esan, txalet itxura areago du lehengo baserriaren lanabesak oro etxe inguruan dotore kontserbatzen dituzten arren.
Aiton-amonak ezagutu zituen Gabriel (71 urte) etxeko nagusi eta nire solaskideak, Antton eta Joana. Gurasoak, aldiz, aita, Laxaro Lujanbio Beldarrain, etxeko semea eta Maria Etxabe Etxeberria, Lastaola Goikoa baserriko alaba. Seme-alabak: Joxe, Gabriel, Manoli, Joana, Martina eta Anjeles.
Gabriel etxerako, ezkonduta Pakita Errazkin Izagirre, eta honako seme-alaba hauek: Gabriel Mari, Ana Mari (23 urtetan Jakako mendietan istripuz hila), Laxaro, Beatriz eta Ixiar. Gurasoak bizi dira etxe berrian eta Laxaro semea.
Hamar bat behi izaten zituzten eta baratze ederra beti. Behiak uztarrirako eta lan gogoren bat egiteko, idiak kanpotik ekartzen zituzten.
Tratuarekin (esnea eta barazkiak) San Martin plazara egunero, tranbian lehenik eta etxeko furgonetan gero, bai ama eta ondoren Pakita emaztea. Sagarra poliki bazuten etxerako sagardoa egiteko eta sagar puska bat saltzeko. Baserriaz aparte, Laxaro aita aski ezaguna zen zerri tratalari bezala inguruko baserri eta herrietan, Joxe seme nagusia lagun zuelarik.
Izeneder aldetik azpigarria etxeratzen zuten, eta orduan bai kanpoko idi parearen beharrean gertatzen ziren.
Gabrielek dioenez, hiru alditan behintzat, uholdeak, urak erabat hartuta ibili omen ziren, eta kalteak ordainduko zizkiotela eta “paperak betearazi bai, baina sosik ez sekula ikusi”.
Herriko eskolara joaten omen eta bazkaltzera etxera, joan-etorria 5 km egin ondoan eta hamar guztira egunero.