Portuzabal
(Gorria-Enea)
Aitarengandik datorkio Gorria etxeari izena, dio Agustin Urulain (77 urte) bertako semeak. “Gorria, aurpegiko kolorea hala zuelako izan daiteke, baina iritziz ere hala zen aita, analfabetoa izan arren “aurrean” ibilia zen eta “Portu-Zabal” esaten omen zioten aurrez etxeari.
Orain baino apalagoa zen etxea agidanez eta harlauzez egina, Gregorio Urulain aita zenak altxatu ornen zuen, dio, eta adreiluz, goiko bizitza. Argindegitik Portura jaisten den bidearen eta Osinaga aldetik heldu den bide bi hauen kantoian daukagu Gorria-Enea etxea.
Aurrez, etxe hura, sutegi edo ermendaldegi izana da, gerra aurretik upelategia, eta gero, Agustin, semea, ganadu tratuan hasi zenean jarri zuten ukuilua. Zurezko komuna omen zen, behean gordailu bat zuen, betetzen zenean, tarteka, bi baldetan haga batean dilindaka sorbalda gainean hartuta baratzerako ongarri izaten zen.
Alboko erreka oso garbia zela orduan, esan dit, “kristala bezalaxekoa”.
Agustinek ezagutu zuen aitona, Roman Etxeberria izenez. Gizon alaia, soinua jotzen harat honat ibiltzen zena, “markakoa” zela gaineratzen dit bilobak.
Aita, Gregorio Urulain Larrabide baserrian hazia eta ama, Mertxe Etxeberria Loinaz, Pikoaga Etxeberriko alaba. Honako seme-alaba hauek izari zituzten: Dolores (ama osasun ahulekoa zenez, honek bete izan zuen amaren zuloa), Joxe Antonio, Milagros (petxutik jota 19 urtetan bila), Agustin eta Teresa.
Gaur, Agustin baizik ez da bizi senide hauetatik, eta hau Zaharren Egoitzan. Aski kontent dirudienez.
Aitak Eziagoko “Biyak Bat” papeleran lan egiten zuen. Baratzea etxerako hainbat, txabola bazuten zaldia eta zekorren bat edukitzeko, eta untxi eta oiloak.
Agustin gelditu zen gurasoekin. Aldi batean fabrikan ibilia zen hau, baina lanik gogokoena ganadu tratua izan du bere bizitzan zehar. Baita ere, esan beharrik, aski gogoko izan dituela lagunartea eta parranda puxka bat ere, berak dioenez.