Portuetxe
(Indiano-Enea)
Indiano-Enea aski izen hedatua da inguru guztian, baina Portuetxe du jatorriz izena etxe edo baserri honek. Aitonak esan ohi zuenez karlistadakoan bere aurreko aitona ihesi Ameriketara joan eta handik sos batzuekin etorri eta etxea birmoldatu omen, eta hortik Indiano-Enea.
Herritik Portu eta Osinagara doan bideak eta Karabele aldetik datorrenak elkar topatzen duten puntuan kokatzen da Portuetxe baserria eta puntu horretan zubi bat dago, Urnietako urak eta ur zikinak (Akan, Trankatx, Haitzalde) dakartzan errekaren gainean.
Etxea soil-soilik hartuz gero, koadroko etxea da gurutzean beraren teilatuak lau isuritara ematen duelarik. Lau isuritakoa izatea handiki etxe izatearen seinale deia diote. Bi eranskin bata bestearen jarraian Lonja deitu etxearen aldetik. Sarrera bi halaber, ekialdetik bata eta Osinagako bidetik, nagusia dena, bestea. Bi bideok elkar topatzen.
Joxe Gabriel Elizondo (54 urte), bertako semea eta etxeko nagusiak ezagutu omen zuen amona: Kontxa Larburu Arrozpide, Berakorte baserriko alaba, baina aitona ez, Joan Bautista Elizondo Galardi. Hona hauen seme-alabak: Kontsuelo, Joxe Gabriel (Ameriketara joana), Migel eta Petra.
Migel etxerako gelditu eta Sofia Kamio Setien, Urnietako Portxeta baserriko alaba hartu zuen emaztetzat. Hauen seme-alabak Mari Lurdes, Joan Inazio eta Joxe Gabriel. Hau bizi da orain Portuetxe baserrian Agustina Ameztoi Elizondo oiartzuarrarekin ezkondurik eta Asier eta Edurne seme-alaba gazteekin.
Erribera lurrak, benetan lur onak dituzte zernahi barazki eta beste lantzeko. Barazkiak eta esnea izan dira Portuetxen ekoizpen nagusiak. Lauzpabost behi beti, baina, oro har, barazkiei garrantzia handiagoa nolanahi ere. Idirik ez du ezagutu, behi parea izaten zuten, ez baitziren batere lur zailak, irastorra edo garoa bera ere aberearen bizkar gainean garraiatu ohi zuten. Duela 30 bat urte sartu zuten etxean traktorea.
Aitak baserriko lanetan jardun zuen bizitza osoan. Semea, Joxe Gabriel, 12 urtetan kanpoan lanean ibilia da. Orain denda dauka Portu auzoan, Elizondo janari-denda. Lehen izeba zen honen arduradun, emaztea orain. Eta bi behi eta zekorren bat edo beste baizik ez dute. Barazkiak bai, baratze ederrik badute etxe aurrean eta inguruetan.
Errepide berria (Hernaniko hego-saihesbidea) Portuzabal baserriko lurretatik barna eraman dute hein handi batean, zutabe lerden batzuetan finkatuz. Oztopo eta buruhaustea franko izan dute berau hasi zenetik eta amaitu arte.