Urruzuno Behekoa
Historiaz beteriko etxea dugu Urruzuno, presa, zentrala, kanala (Abillasko zentralera) eta burdinola, berriz, Urruzuno edo Olazarko burdinola, lehengo garaietan. Iduri du sustraian urrutz (guk urritz esaten) daramala. Zailago dira atzizkiari buruzko xehetasunak.
Etxe kozkorra, errekarriz egina. Bi estalpe zituen ezker eskuin, eta dolarea eskuinekoan, etxe aurrean eskailerak etxebizitzara sartzeko, erdi-erdian ukuilurako sarrera eta gailurraren azpian ganbarako leihoa, zurezkoa hau. Joan Bta. bertako seme eta solaskideak dio galdorra oso-osoko enborra zuela eta zuraje oneko etxea zela.
Gurasoak, ezkonduta Argorri baserrian jarri bizitzen lehenik eta handik etorriak ziren Urruzuno baserrira. Joxe Antonio Iriberri Zabaleta zen aita, leitzarra, eta Maria Bautista Biurrarena Balerdi ama, arantzatarra. Seme-alabak: Pepita, Joxe Mari, Teodora, Hipolita, Joan Bta. eta Sebastiana.
Azkenean Joxe Mari gelditu zen etxean amarekin, ama hil, gerora Joxe Mari ere bai, eta Ugaldetxo etxejabe honen baitan gelditu zen Urruzuno baserria.
Aita, lehenik, basogizon izana zen, Santiago zentralera gero lanera. Ez da garbi oroitzen Bautista asteko, hamabosteko edo hilabeteko zen baina aitak duro bat irabazten zuela bai. Gerra garian aita mendiz ibiltzen omen zen lanera joateko. Ugaldetxoko zubia botata, errepidea beldurgarri. Hala, Urruzunotik Ierolara igo eta handik Pagoagara, eta hau pauso batera zentraletik.
Bi behi eta ardi mordoska bat baserrian. Patata, babarruna eta artoa etxerako. “Oliorik ez gose urteetan eta tipula eta beste esnetan egiten zitun amak. Errotak itxita, artoan zartagian erre, txiki-txiki egin edo xehatu, hau esnetan egosi eta jaten genun”.
Dena errekisatzen zuten, agidanez, artoa, babarruna eta... artilea ere bai. “Alla Kuidados” guarda etortzen zan baserriz baserri, apunteak hartu, neurketak egin artoa eindakoan, eta uzta ona bazan ezpazan, horrenbesteko bat kentzen ziguten edo entregatu behar izaten genun udazkenean”.