Ierola Behekoa
Ierola Goikoa da, agidanez, etxe nagusia, etxe oinarria. Ondo eta bidez, Ierola Berri edo izango litzatekeelarik behekoa. Uste horretan dago nire solaskide Joxe Zapirain “Enporru” aitona (90 urte).
“Enporru” hori nondik norakoa duen galdegin diodanean, ez dit batere aurpegi txarrik ipini; izan ere, edonork eta edonon denek Enporru edo Joxe Enporru esan edo deitu omen.
Agidanez, Hernaniko kalean, garai batean, orain “Cuevas” farmazia eta “Banco Guipuzcoano” dauden tarte horretan, baserria zen, dolare eta guzti, eta hor bizi ziren enporrutarrak. Eta hor bizi zirela, bertako osaba, txalekoa alderantziz jantzita (forrua agerian) azaldu eta lagunartean enporru ezizenez deitu. “Horra nondikakoa degun enporru hori”.
Bi bizitzako etxea omen Ierola Behekoa ere. Agirretarrak bizi omen ziren iparraldeko etxebizitzan, eta hauek beste Agirre bati, Joxe Kruz Agirre (Urnieta) deitzen denari saldu. Honek sagasti eder bat dauka aspaldiko urteotan baserriko lurretan landatu eta ustiatzen duelarik.
Hegoaldekoa, aldiz, Lizeagatarrena (Pagoaga), hauek saldu eta Joxe Enporruk erosi, poliki-poliki baserriari lehendik ez zegozkion lursail berriz osatu duelarik. Orain Joxe Zapirain aitonaren izen-deitura bereko biloba bizi da bertan Pili emaztea, eta Axier eta Ixiar seme alabekin, etxea egoki moldaturik.