Latsa
(hondakinak)
Latsa da izatez. Toponimoa edo leku izena, orain Latxe esaten bada ere. Erreka adierazten du, erreka da bere esanahia eta aski ugaria den deitura, bestetik, esaterako Lasa deitura edo Lasarte herriaren izena, Lasaga, Lasagabaster, Laspiur eta... gehiagorik aipatu gabe ere.
Latxe Zar baserria zegoen hor kokaturik garai batean, orain haren hondakin batzuk baino ageri ez diren arren, sasi edo sastraka artean. Txirrita bertsolariaren jaiotetxea zen hain zuzen hau. Hortxe jaioa zen 1860an Joxe Manuel Lujanbio gure bertsolari sonatu eta umoretsua, nahiz eta hor izpirituak eta ozpina egiteko fabrika eraiki zenean, baserria bertan behera utzi, zazpi urteko mutikoa omen orduan, eta Errenteriara joan beharrean gertatu zen familia eta errenteriar baserriaren izena, Txirrita, izengoitia eramango zuen bere bizitza osoan.
Fabrika eraiki, urte batzuk sasoi ona erakutsiz egin honek, alboan errepidez bestaldetik eite berriko etxe batzuk osagarri zituela, baina itzali zen eta gaur egun baserriaren hondakinak eta fabrikaren itzala baizik ez zaigu ageri Latsa horretan. Etxe horiek izan daitezke salbuespen eta... herritarrek Txirrita ospetsuaren ohoretan eraikitako monumentua bide ertzean, baserri zaharraren aurrean.