Sagasti Berri
Sagastia baserrian oinarria zuen familia izaki, eta gainera, etxea bera Sagastiako lurretan eraiki, Sagasti Berri izena hartu zuen baserriak. Karapote Zaharra eta Sagastia bi baserrion artean, mendiaren oinetan kokatu zuten berau. Nire solaskide Esteban Garmendia (42 urte) eta biok jorratu ahal izan ditugu etxea eraiki zeneko dokumentu desberdinak, familiak aski txukun jasoak dauzkanak. Izena, “Sagasti Berri”, aski garbi azaltzen da proiektua burutu zeneko agirian (1940). Etxerako ura, trenbidearen azpitik pasatu behar eta Santander hirian emaniko baimena (1939, “Año de la Victoria”, eta beronen amaierako agurrean “Dios Salve a España” eta “Viva Franco, Arriba España” bezalako esaldi bitxiak dituena.
Gainera, agiriotan, etxe berriaren eitea eta osagaiak aipatzen dira. Etxearen azalera, 153,60 m2; behean sukaldea eta komuna, sala bat, jangela, gela iluna (janaria gordetzeko), garaje eta almazena eta “ipulategia” (upelategia seguraski), hemen gazi kutxa eta lurpean edaria fresko gordetzeko lekua. Bost gela lehen solairuan, komuna eta albo bietan terraza bana, eta goian ganbara, barrutik eskailerak eta kanpotik mandio gisako sarrera zuela. Ukuilua etxetik at, ondoko eraikin batean, egun baratze ederrez hornitua duen Sagasti Txiki etxea den horretan.
Esteban Garmendia Miranda, Sagastiako semea eta Anttoni Isasa Elormendi, ergobiarra ziren aiton-amonak. Martin eta Anttonita seme-alabak izan. Hau txikitan hil zen.
Martin etxera ezkondu, emaztea Eskolastika Salaberria Berregi, Loiola auzoko alaba, Esteban, Edorta, Mattin eta Arantxa lau seme-alaba izan zituztelarik.
Baserria desagertu zelarik, bi bizitzako etxea da Sagasti Berri orain. Esteban eta Arantxa Vidal senar-emazteak eta hauen hiru haurrok Endika, Agustin eta Stella bizi dira batean, eta Arantxa arreba, senarra Pedro Valle-Lersundi eta Pedro, Gorka eta Elene beren hiru haurrekin bestean.
Baserri bezala ari izan zen Sagasti Berri aitona bizi izan zen artean bederen, eta gero ere bai amonak, morroi bat edo besterekin, jarraitu ahal izan baitzion. Gurasoen garaian,ordea, aita albaitari, oilategiak izan zuen aldi batean garrantzia etxe horretan. Ondoren kalean denda bat antolatzera jo zuten, Amegar izenez, Izpizua kantoian lehenik, Txirrita kalean gero.