Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Epele Borda | Epele Errota | Epele Torre

 

Epele Errota

 

      Joana Ugalde Altuna (76 urte) dut solaskide. “Aberats aireko etxe polit baten aurrean nagoela (lau isuritakoa) uste dut”, esanez agurtu dut etxekoandrea. Baietz, halaxe dela erantzunez, xantxa bezala hartu ditu irribarrez nire hitzak.

      Epele Errota etxearen gain-gainean kare eta hidraulika egiteko ola zen garai batean. Bidea ere hor eteten zen, zeren Añoa Berri eta Epele errekan gorako bidea mendialdetik baitzen.

      Etxeak behean ukuilua eta errota zituen, goian bizilekua eta hemen gela bat telefono eta guzti fabrikaren bulego zena.

      Joanak ezagutu zituen amaren aita eta ama, Perropa baserrian eta aitaren ama ere bai. Aita Ramon Ugalde Gorrotxategi eta ama Joakina Altuna Garin, Perropa (halaxe esan dit) baserriko alaba, ezkondutakoan jarri ziren hemen bizitzen. Aurrez Oraiendarrak hemen. Aita herreroa (errementaria) zen, Argintxu deitzen omen zioten, Argintxu-Enea Atzieta kalean bizi izana, nonbait.

      Hona hauen seme-alabak: Gilermo, Joana, Anjel, Joxe Mari eta Patxi. Joana gero etxean eta Antonio Pikabea Gonzalez, lesakarra, senarra. Bost seme-alaba izan: Kepa (kartzela batetik bestera dantzan, orain Madrilen), Ramon, Anjel (Osny-ko espetxean, Frantzia), Joxe Mari eta Rosario.

      Orain amona Joana, Rosario eta Izaskun senar-emazteak bizi dira etxean.

      Aita ofizioz herrero, burdingintzan ezagutu zuen beti Joana alabak. Artetsua omen guztiz edozein tresna burdinez egiteko, etxerako nahiz lantegietarako, gai omen zen. Harrobietako pistoletak egin edo zorrozten ari izaten zen gehienbat.

      Behi pare bat amaren garaian eta honen egitekoa soro lana eta errotakoaren ardura, Joanaren laguntza zuelarik.

      Gerra garaian errota itxita, komeria franko ibiltzen zutela dio. Zenbait alditan, hala ere, seme-alabak etxe gainean guardia egiten eta amak irina bitartean. “Egun batean ama irastorra ebakitzera joana, Imugo lepoaren azpira eta nik abisua amari Mandazubiko itzainaren bitartez guardia zibilak zetozela eta”.

      Bitartean joana ere, gaztetxoa artean, baina ez zen lo egon, errotarriak (ama askotan ikusia nola) garbi-garbi egin zituen. “Guardiak etorri zirenean ez zuten seinale izpirik aurkitu” dio Joanak.

      Antonio eta Joana senar-emazteak errotari, asko ez bada ere, jarraitu zioten. “Nola jarraitu, hiru urte eta erdian lau seme izanik? Denak saski batean sartzeko zozo kabian bezala gertatzen nintzan. Denak etxean izan nittun, Felisa hernaniar erizainaren laguntzaz. Bularra hilabete apurretan eman eta ahal zan bezala... ibili nintzan. Bat gobernatzen hasi eta besteak negarrez, halako desesperaziorik! Behin baino gehiagotan amorru bizian negarrari eman nion neronek ere horrelakoan”.

      Beharrik ama hau, aita ere bai (Elektrokimikan lanean) aurrez ondo hezitako jendea zen. Gero ere, semeak hazita, bereak eta bi pasatutakoak dira. Etxean ziren hiru seme eta hirurak iheslari, ihesari eman behar izan ziotelarik. Aita eta ama adineko eta anaia zaharra gelditu ziren soilik etxean.

      Gainera, duela bost urte, senarra otsailean eta anaia apirilean hil ziren: “Ama honen kalbarioa ere ez duk motza” esan dut nire baitan eta jarraian azken egunotakoa kontatu dit nola txapel okerrak etorri, “nahi zuten guztia egin, harrapatutako guztiak eraman, gu etxez kanpoan lau ordu edukita gero”.

      Ene ustez, apur bat nekatua aurkitu dut gure amona kuraiatsua. Harritzekoa al da, bizitzak hainbat eta halako maneran zafratu izanik?

      Nondik atera duen halako kemena galdegin diodanean hauxe izan da erantzuna: “Zer esango dizut? Estuasunean Gure Jaungoikoa esan eta aurrera beti”.

 

Epele Borda | Epele Errota | Epele Torre