Tolareta
Zeregin edo lanbide berezi bati loturik, sagardogintza hain zuzen, ageri zaigu etxe honen izena. Garai batean, orain ez, dolarea eduki zutela, askotan entzuna dute etxekoek. “Tolarieta” ipinita dauka etxeak.
Osinaga bailaran Urnieta aldera jo, Errotaran Goikoa pasatu eta Harlimuriko errekara heltzean ezkerreko bidea harturik luze gabe aldapan kokaturik daukagu Tolareta baserria.
Etxearen zati nagusia, bi isuritakoa, saihetsetik ukuilurako sarrera eta aurretik ataria mandioa bailitzan etxebizitzarako atea. Honen gainean ganbara. Alboan, ezkerretik, etxe-ordekoa, etxearekin L hizkia osatuz bezala, bere mandioarekin. Beste estalpe bat etxe aurrean.
Jabier etxeko nagusia (60 urte) dut solaskide. Nagusi hitza aipatzean, hala dio irribarrez: —“Nagusia? Toki onean! Nik oraindik ez dakit nagusi izatea zer dan. Lehen gurasoek agintzen zuten. Orain seme-alabek dute agintea hemen”. Adierazpena ere garbia izan da. Etxe zaharraz goiti oraintsu eraikia dute bi bizitzako berria, baserri zaharraren izenean, jakina, eta agidanez hura egin ahal izateko, bestela baimenik ez ematen, seme-alaben izenera eskubideak pasa behar izan ditu.
Aitona, Paulo Mendizabal Zubeldia, etxeko semea duela gutxi 101 urterekin, mende oso baten gainetik (1899an jaioa) jauzi eginda hil dena; Madalena Lekuona Lekuona, oiartzuarra, amona. Hona seme-alabak: Maria, Teresa, Joxepa, Raimundo, Euxebi, Jabier eta Joakina. Gainerakoak, 13 izan eta txikitan hilak.
Jabier dugu egun Maria Erroizenea Miner, Fagollagako alabarekin ezkonduta Mertxe eta Xabier bi seme-alabekin etxean, etxe berri dotorean.
Hargina zen ofizioz aitona, goizean lanera baino lehen eta arratsaldean lanetik etorrita baserrian jardunez. Nola harrapatu edo zein sekretu izan ote zuen honek ehun eta gehiago urte bereganatzeko, nik galdegin Jabier semeari:
—Ez zen erretzailea izango?
—“Erretzailea? Trailerka bere denboran. Erretzaile porrokatua! Zenbait urtetan etxeko soroan tabakoa landatua zan. Tabakoa txiki-txiki egin eta xurikinez moldatzen zitun zigarroak”. Errainak edo alabak ere Kaldo paketea ekartzen omen egunero kaletik.
Zortzi behi bazituzten, eta amonari ere egokitu zitzaion berea. Esnea kalera eramaten zuten.
Jabier ezkondutakoan, andrearen laguntza zuela noski, baina ganaduak gehitzera jo zuten, horretarako ukuilua berrituz. Anartean astoa izaten zuten esnearen garraiorako, zaldia eta karroa handik aurrera.
Jabier aitak, jubilatzeko gogo bizitan jada, lore eta landare munduan egiten du lan. Jabier semea, kutxara deitu tramankuluarekin, berriz, denak baserriaz arduratzen direlarik.