Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Otsua-Enea | Otsuane Txiki | Pardiola

 

Otsuane Txiki

 

      Otsuane baserriaren iparekialdean eta hortik metro asko gabe kokatzen da Otsuane Txiki baserria. Antzinako baserri zaharra duela urte gutxi arte. Orain etxe eder eta berria dute, azpian sagardotegiarekin.

      Lehengo hura bi isuritako etxea zen eskuineko hegalaren luzagarri etxe-ordekoa zuelarik. Behean sotoa, majera aurrea eta ukuilua, eta ate bat saihetsetik simaurra, ganaduak... sartu-irten egiteko. Lehen solairuan sukaldea eta etxebizitza, eta ganbara goien.

      Argazkian garbiro ageri da: harlanduz eginiko kantoi harriak, erreka harrizko horma nagusiak, inguru horretako etxe guztiak bezala, eta etxe-ordeko handi bat dituela.

      Garai batean, Joan Bautista Errazkin Iraola bizi zen Otsuane Txiki baserrian. Hura hil eta handik urte mordoska batera, Luis Eizmendi Zabaleta, Fagollagako semea, ofizioz herrero edo ermentari zena eta Iñaxi Etxeberria Zipitria, Otsua-Eneko alaba, senar-emazteak aurkitzen ditugu bertan, Joxe Mari semearekin. Maixa alaba ordurako kanpora ezkonduta zegoen.

      Gaur aita eta ama bizi dira etxean, adinez aurrera eta alabaren laguntza onarekin, zeren semea, Joxe Mari, duela zazpi urte (94-XI-4), ondo gogoan du amak zorigaiztoko egun hura, Iruñetik zetorrela militarren tanke batek jota istripuz hil baitzen. Esan gabe doa, normala, semearen oroitzapen ahantzi ezina duela amak, eta makurrago dena, aitak harrezkero ez duela bururik jaso ahal izan.

      Otsuane Txiki zaharrean familia hau bizi izaten hasi aurretik, ermentari (herrero) lanetan, perratoki eta guzti, ari izan ziren aita-semeak. Geroxeago, horretaz aparte, sagardogintzari ekin zioten, oraino Fagollagan bizi zirelarik. Etxea, arrunt zaharkiturik zegoenez, zaharra erauzi eta berria eraiki zuten. Goian etxebizitza, erdiko solairuan bi sala handi eta beheko oinean sagardotegia nahiz dolarea.

      Bestetik, aski sonatua da egun Eizmendi sagardotegia, alboan daukan Etxeberria sagardotegia biki-lagun ona duelarik.

      Halatan bada, sagarra etxeratu, sagardoa egin, sagardotegiko zerbitzua ematea bere garaian, botilatzea eta banaketa lana alaba Maixaren baitan dago orain.

 

Otsua-Enea | Otsuane Txiki | Pardiola