Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Oianeder

 

      Zer nolabait garbi dago bere esanahia (oihan (baso) eta ederra, oihanume baso gaztea den bezalaxe. Horrek besterik ere adierazten du. Zera, garai batean inguru guztiok baso ederrez jantziak izango zirela, jakina.

      Osinaga auzoan Portutik eta Harlimurira doan bidearen eskuinera kokaturik daude Oianeder eta Oianeder Txiki baserriak.

      Koadroko etxe handia bi isuritako teilatu zabalarekin. Ibaitik hurbil erreka-harriz eginiko hormak ditu, baina kare harrizko kantoi harri dotoreak erakutsiz bi ertzetan. Duela gutxi obra aski handia egin dute, lehen zuen egitura mantenduz, hala ere. Bi bizitzako etxea da aspaldian (Txurianekoak alde batekoak, Trankatx bestekoak), baina bakarra garai batean, bertako bi ahizpa ezkondu eta bakoitzarentzat etxebizitza bana egin zenez geroztik. Hegoaldekoak etxe-ordekoa dauka aurrean albo batera eta iparraldekoak, aldiz, saihetsean du etxe-ordekoa, terraza zabal baten azpian. Etxetik goraxeago eraikuntza koskor bat, dolarea, nahikoa arrakasta izan zuena bere garaian auzoko baserrien zerbitzutan. Esan beharrik orduan eskuz egin ohi zela bai sagarra jotzea bai eta patsa estutzea. Bolanderak urtero ikusgai San Joanetan herriko plazan.

 

ARREGI Familia

      Nire solaskideak (Hipolito Arregi, 85 urte) ezagutu omen zuen aitona, izenez Iñaxio Mari Iraola, Andoaingo Penabi baserriko semea zena. Begi bakarra zela dio, ardia larrutzen ari zela labana saltatu eta begia galdu zuenetik. Seme-alabak: Inaxi (Otsuane Txiki), Petra (Oianeder), Manuela (Oianeder) eta Martina (Elorribi Etxeberri) eta mutiko bat, hiru urte zituela Osinagako errotan askara erori eta irinetan itota hil zena. Bestetik, gerora, ezkonduta, lau hamarreko deitzen zituzten lau ahizpa hauek, bakoitzak hamarna seme-alaba, ez bat gehiago eta bat gutxiago, izan baitzituzten.

      Manuela gelditu zen hegoaldeko etxebizitzan. Petra, berriz, bestean. Manuela Iraola Berasarte Joan Joxe Arregi Lopetegirekin ezkondu zen eta hamar seme-alaba izan: Matea, Inazio, Maria Petra, Agustin, Paulo, Joan Bautista (azken gerratekoan Teruelgo frontean hila), Joxepa eta Benita (bikiak) eta Hipolito.

      Agustin etxerako, eta gainerakoak bakoitzak bere bidea. Honek Manuela Perurena Zubillaga izatez goizuetarra hartu zuen emaztetzat eta honako seme-alaba hauek izan zituzten: Inazio, Milagros, Mari Karmen, Agustin (Poliziaren eraso batek granadaz eraila), Kornelio (ñañoa, gorputzez txikia bezain buru argikoa) eta Paulo.

      Hau, oraino ezkongai, gelditu da azkenik etxearen kargu.

      Bretxako azokara tratuarekin egunero. Atzeko Estazioa deitu puntuan (Atsegindegi) Donostiarako tranbia hartuta, arbolen bati astoa lotu ondoan. Uraren arazorik ez zuten, ibaia etxe ondoan dutelako. Edateko ura, aldiz, “Potxolondegi” iturritik, Mendipe etxetik aurreraxeago zegoen hau, aski poliki ormigoizko arku batez hornitua zen iturria.

 

ERRAZKIN familia

      Petra jarri zen ezkonduta Iparraldeko bizitzan. Senarra Otsua-Eneko semea, hamar seme-alaba izan zituztelarik.

      Hauetarik, Joxe Julian gelditu zen Manuela Aranburu Etxenike emazte harturik. Seme-alabak: Inaxio, Felix, Petra eta Benito.

      Gaur egun Inaxio dugu bertako nagusi, Zelestina Urdangarin Esnal Urnietako Inbutegi Erdikoa baserriko alaba emazte duela, eta hiru alaba izan dituzte (Amaia, Mari Kruz eta Marian) kanpora ezkondurik daude. Senar-emazteok, biloba batekin bizi dira (Iñaki Lizarralde Errazkin) gaur egun baserrian.

      Bai aita zena eta bai Iñaxio semea, kanpora lanera joan izan ziren beti, baserriko eta fabrikako lana elkarrekin konbinatzen zutelarik.

      Lauzpabost behi izaten zituzten eta amona Petra gauza izan zen arte Donostiara joan ohi ziren tratuarekin.

      Orain, Iñaxio, jubilaturik dago. Behiak larrera bota, eta udan behintzat soro lan puska bat besterik ez. Bi behi dituzte soilik, lurrak ere asko murriztu zitzaizkien eta. Adibidez, Iberdrolaren Ihartza gaineko zentrala, hauei lurrak desjabetu eta eraikia dago, eta gauza bera izan zela edo makurragoa esan behar da Orbegozo enpresarekin gertatua erriberako lurretan (Akerregi). Ez tratu eta ez deus, goizetik gauera bezala, lurrak kenduta gelditu baitziren. Tripako min handienak jasanez, hamar urte luze auzitan ibili arren, alferreko gauza izan zen dena. Hauentzat eta beste batzuentzat.