Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Don Fermin-Enea | Elizalde (Txintxua-Enea) | Belamendi (Elola)

 

Elizalde

(Txintxua-Enea)

 

      Ez dakigu zergatia baina Elizalde da baserri honen izena, jatorrizkoa, noski, herrian eta jendearen ahotan “Txintxua” izenez ezagunago bada ere. Deituraren batetik sortuko zen ustea dugu Elizalde izena, izan ere ez inoiz entzun herriaren alderdi horretan edo bederen ermitaren bat izan denik.

      Muniskue edo Onddirako bidean Altuna baserria ezkerretara utzi eta aurreraxeago hegal edo bizkar batean kokaturik dago Elizalde baserri. tentea.

      Funtsean, bi isuritako etxea, urrunetik ere aski garbi ageri da etxe zuri tantaia. Ukuilua behean, bizilekua lehen. solairuan eta ganbara goian. Hegoaldera, eraikuntza koxkorrago eta apalago bat, bi isuritakoa mandiotik sarrera duena; iparraldetik etxe-ordeko estalpea, mendebaldetik eranskin bat belar-zulo dena, eta terraza zabala ekialdetik. Sarrerako horma eta bazterretan baserriko lehengo lanabes eta tresneria poliki ipinita.

      Iñaxi Etxabe Oiartzabal, amona alarguna (80 urte) Lastaola Goikoa baserriko alaba da, ezkonduta bizitzera hona etorria. Senarra, bertako semea, Anjel Arregi Alberdi zen eta seme-alaba hauek izan zituzten: Tomas, Joxe Mari eta Maria Dolores. Bera etorri zenean aiton-amonak bizi ziren oraino.

      Tomas, seme nagusia, etxera ezkondu, Izaskun Aranburu Etxabe zizurkildarra ematetzat hartu eta bi seme dituzte: Iñaki eta Xabier. Gaur egun, senar-emazteak, bi semeak eta amona Iñaxi bizi dira baserrian.

      Bost behi, zekorrak, astoa eta oilategia izan dituzte baserrian. Hernaniko plazara egunero tratuarekin, etxeetara esnea banatuz, 30 urte eta gehiagotan. Anjel aitak, baserriari lotuta egin zuen bizimodua bere denboran.

      Dolarerik ez baina sagarra poliki izaten zutela dio amona Iñaxik, eta sagastiak ondo gobernatzen zirela orduan, sagarrondoak aitzurtuz eta simaurtuz.

      Belar ontze eta azpigarria biltzeak aski lan ematen omen. Belarrez eta irastorrez meta belar andana izaten zuten etxe ondoan. Oraino ere zutik daude hor bi meta belar. Irastorra edo azpigarriaren lana izan ohi zuten lanik gaitzena, Erreka Gaizto aldetik (Satsain aldean) garraiatu beharra zuten eta.

      Nola Elizalde edo Txintxua, hala Altuna eta Belamendia baserriek Otxarramendi deitu zulora joan behar izaten zuten arropa garbitzera edo uraren bila. Zulo itsusia nonbait esaera hau aintzat hartzen badugu: “Otxarramendin Jainkoa bera abarkekin azaldu zela”.

 

Don Fermin-Enea | Elizalde (Txintxua-Enea) | Belamendi (Elola)