Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Pipirita

 

      Josebe Goia (81 urte) bertako alaba dut solaskide. Honek dioenez, aita zena eta beste obraren bat egiten hasita harlandu eta harlauza dotore batzuk atera lurpetik, eta ondorioz, Pinpirin izeneko baserriaren aztarnak ote ziren susmoa izan zuten, agidanez. Hartatik, aita ezkondu eta bizitzen jarri zirenean Pipirita izena etxeari. Aurrez, txabola bat baizik ez omen zen; Lizeaga ahizpena, baserriko lanabes eta tresneria gordetzeko etxe ordeko bezala erabiltzen zutena. Aita hargina, eta hark antolatu zuen baserri bezala, ezkondu eta bertan bizitzen jarri ahal izateko.

      Hilerritik hurbil, San Antonio paradorea izandako eraikinaren atzean, hegi edo bizkargune baten gainean, horixe behintzat pinpirina edo pipirita izena gaizki asmatua dagoenik ezin esan, hortxe kokaturik daukagu Pipirita baserria. Lursail onak, dena etxe inguruan. Hara, paradorea izandakoaren lurzoru horretan sagasti bikaina ezagutu omen zuen Josebek txikitan. “Etxea, itxuraz koxkorra dirudien arren, etzan aldrebesa. Behean sotoa eta ukuilua zituen eta lau gela eta sukaldea goian”

      Gogoan du amona, Joxepa Iñaxi Urbieta. Gurasoak, Joxe Goia Urbieta, oiartzuarra aita, eta Marta Zubiri Narbarte ama, goizuetarra hau. Seme-alabak: Joan, Felisa, Patxi, Kattalin, Kandido, Josebe, Miren eta Rita. Josebe, aita hilik, amarekin etxean. Ezkondu eta senarra Joxe Eguren Otegi, ordiziarra, eta Andoni, Amaia, Xabier eta Koldo.

      Maizter ziren, eta Telleri Gain deitu etxean jarri ziren bizitzen. Makazaga familia egin zen baserriaren jabe.

      Baserrian, behi pare bat, baratzea, oiloak, untxiak eta sagardoa izaten zuten. Sagardoa, bi klase: pitarra eta sagardo ona. Gerrakoan, sagastiak kendu eta soroak landu zituzten, arto eta babarruna ereinez.

      Aita, ofizioz hargina, etxetik urrun, kanpoan lanean urte multzo batean ibilia zen, Bernardino Eleizaran kontratistaren menpeko ari izanik. Espainiako lurretan (Palentzia, Logroño, Eskorial...) hemengo beste hiru harginekin batera. “Ama, bere garaian, lan asko egina zan baserrian”. Beharrik!

      Josebe oroitzen da zapi zuria eskuetan etxe ondotik “mistoa” (trena) zihoanerako aita agurtzera nola irteten ziren. Gogoan ditu baita amaren malko lodiak ere. Urte asko kanpoan, ama eta familia hemen utzita, ibiltzeaz gogaiturik, beste erabaki bat hartzera eraman zuen egoera horrek aita. Joan eta Patxi bi semeekin beren kontura hasi ziren, aita hargintzan eta bi semeak igeltsero.

      Gaiaren haritik at, beste gauza bat aipatu dit sumindura apur batez. Nola Telleri Gain parean, errepidez bestaldetik, orain autobusaren geltokia dagoen puntu horretan, garai bateko labe koxkor bat, teilak egostekoa noski, bazela eta badela, baina hormatzar eta harri mokorren atzean ezkutaturik orain. Penagarria deritzo benetan, eta neroni ere halaxe gertatzen zaidala esan diot. Gera bedi puntu hau geroko historiarentzat lekuko besterik ez bada ere!

      Ororen buru, honako hau ere gaineratuko dut. Hilerritik hurbil Pipirita baserria, gerra garaian Hernaniko hilerrian Frankok eraildako “hainbat” jenderen eta ekintza izugarri hartako lekuko bizia edo bizidun lekukoa, orduko neskato “kuxkuxera”, dugula Josebe solaskidea. Beste batean, luza gabe, elkarrekin gai hau jorratzekotan utziz batak bestea agurtu dugu.