Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Ollo | Zabalaga | Jauregi auzoa

 

Zabalaga

 

      Dokumentu batean, Hamarrenak zerrendan (1610) “Casa Çavalaga” izenez azaltzen zaigu. Eta beste batzuetan “Casa Solar de Zabalaga”, jauretxe beraz, eta “Martin de Zabalaga, hijo Mayor de la Casa Zabalaga”. Nolanahi ere, kasu honetan Zabalaga izango zen etxearen izena, eta antzina Euskal Herrian XVI-XVII mende arte gutxienez, etxearen izena izaten zen pertsonen deitura. Esanahiari dagokionean, berriz, zelai, laukune, ordoki edo zabalgune adierazten duela esan beharrik.

      Hernani-Galarreta-Donostiara doan errepidearen eskuinera, Errekaldera iritsi baino kilometro bat lehenago dago garai bateko Zabalaga baserria, egun Txillida-Leku museoa dena. Esan behar, zerga kontuetan Hernaniko Udalerriaren baitan dagoela, Añorga, ordea, elizaz.

      Bi isuritako etxe handi zabala da XVI. mendeko baserri hau. Handia eta zabala, bertan hiru bizitza izan baitziren.

      Domingo Olarra, Anton-Eneko semea eta Joakina Elizegi, Añorgako Belen baserriko alaba ezkondu eta jarri ziren bizitzen Zabalagako bizitza batean, eta honako seme-alaba hauek jaio ziren bertan: Maria, Joxepi, Euxebi, Kontxi, Ramoni, Ezekiel, Joxe Luis eta Euxebio. Alabaina, Kontxi nire solaskideak (80 urte, elkarrizketa hau izandako egun berean) 8 urte zituenean, 1930ean etxetik bidali zituzten. Aieteko Ugalde baserrirako bidea hartu eta han izan zuten bederatzigarren haurra, Ana Mari.

      Aita Añorgako Rezola porlan fabrikan lanean eta orduz kanpo baserrian. Ama Donostiara, Errekalden trena hartuta, orduko gainontzeko baserritarren antzera.

      Esana dudan moduan, ordea, etxetik aterarazi zituzten bai hauek bai beste bi maizterrak ere, inguru horretan halako proiekturen bat gauzatu asmoz, eta horrela egon zen Zabalaga baserria denbora luzez, neguan artzaina eta udan hutsik, duela hogei bat urte inguru Eduardo Txillida eskulturgile donostiarrak erosi eta museo bilakatu duen arte.

      Hara zer irakurri dugun “Hernaniko kronikak” aldizkarian: “Sartu, propio egina dirudien erreka baten gainetik, eta hura paradisua: jardinak, arbolak, burdinak, harriak... denak bat egiten dute han. Arteak ere leku politean alde ederrean ematen du!” (...) “Hau dena eta gehiago da Txillida-Leku, Pakeak ez du preziorik!”

      Baina lehenagoko denboretara itzuliz, ordea, Zabalaga ez zen hain paradisua, ez baitzuen ez urik, ez argirik, ez surik,... “laratza, eta han paziya jarri eta esnea egosten genun; eltzeak beheko brasetan, eta iturria, beheko errekara joan behar ura izango bazan”.

      “Eskola esaten dezu? Zabalagatik 8 urterekin atera nintzela esan dizut, eta artean ez nintzan eskolara joaten. Nire senideek, aldiz, Zabalegin zegoen eskola partikularrera joaten ziran.

      Aita oso eskuzabal eta bihotz onekoa genun. Etxeak etxe-ordekoa zuan eta hura uzten zien ijitoei lo egiteko. Amak sarritan esan ohi zion “egunen batean zerbait pasatuko zaigu” eta aitak “ematen baldin badiezu ez dizute kenduko”. Aitak bazituen horrelako esaldiak, beste hau ere “atetik ematen dezuna, Jainkoak leihotik sartzen omen du”.

 

Ollo | Zabalaga | Jauregi auzoa