Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Sagastia

 

      Hasteko, Baserrien zerrendan Sagastiaga bezala daukagun arren, “Sagastiya” dela dio Jesus Artola (80 urte) etxeko nagusi nire solaskideak, jendearen ahotan bezalaxe. “Sagastiya” baita ere etxearen eskrituretan (1918). Sastia, aldiz, Lope Isastik (1625) jauretxeen zerrendan; Sastiga Hamarrenak zerrendan (1610) eta Sagastiya halaber Nomenclator zerrendan (1870). Hauek horrela, ondorioa zera da, Sagastia dela oinarrian jatorrena berari dagokion izena seguraski, eta ez Sagastiaga.

      Gero, Jesus eta Joana aiton-amonak eta hirurok inguruko erdal izen horiek jorratu ditugu elkarren artean, hala nola Florida, Montebideo, Buenos Aires, La Cumbre, etab. Jesus nagusi zaharrak ezagutu omen zituen “La Cumbre” horretako etxetxo horiek eskeletoan teilatua ezarrita zeudela eta Sagasti Berriko Estebanek aita zenari esan ziona ere gogoan du “Illarramendik (etxegilea) sonbreroa jantzi lezakek etxeak bota ez dizkionean”. Sekulako haize bortitzak izan omen ziren sasoi horretan.

      Inguru hau nola ote zen bere umetan galdegin diodanean, beste hau ere jaurtiki du nire solaskideak “Garai batean hala esaten omen zuten, Santio Mendin baserri bat eta Etxerreaga bestea zen garaietan, “aldetxo elkarrekin ondo izateko”. Gaur ikusi besterik! Eta hariari jarraiki, aitona zenak esaten zuen beste hau gogora ekarri didate: “Hemengo terrenoak laster bide huts eta etxe huts”. Hau, behintzat ez daiteke uka nioen nik neure baitan.

      Familian zenbait alditan aitonari entzunda, erre omen zen behin etxea tximiniatik su hartuta. Aitona Epele Errekara joana. Norbaitek abisua etxea sutan zegoela. “Ez nintzan nahi ordurako etorria handik”. Hauek horrela kontatu arren, iduri du erreketa hori aurreragokoa dela, non eta bi alditan gertatu ez bazen behintzat, zeren eta 1702ko urriaren 23an etxeak alboan zuen San Martin ermita eta ermitarekin etxea erre zeneko aipua bai baitago (Ik. Hernani eta Hernaniarrak, A. Agirre Sorondo, 136 or.) Etxe egokia izango zela esan beharrik ez dago. Ikusi besterik bere kantoi-harri mokorrak, leiho ertzak eta ate gainak. Handiki-etxea nolanahi ere. Hernaniko jauretxeen zerrendan ageri zaigu, gorago esan dugunez.

      San Martin ermitari buruz ere jardun dugu. Komentua edo izan zela diote berek. Mojak ere bazirela bertan. Eliza izan zeneko oinarriaren harlauza handiak baziren (lehen gehiago) eta badira oraino, eta baratze zabala horma sendo batez inguratua kontserbatzen da aski egoera onean.

      Garai batean, bizitegi bakarra izana, gero Manuel eta Eduardo Miranda bi anaiak ezkontzerakoan bitan banatua izan zena, eta gerora, erre ondoan, hirukoitz buakatua, agidanez. Hona hemen hiru familiok:

            —Miranda-Artola familia (mendialdetik, goikoan)

            —Miranda-Vitoria familia (erdikoan)

            —Garmendia-Olaziregi familiak (hegoaldetik, behekoan).

 

MIRANDA-ARTOLA Familia

      Eduardo Miranda eta Joxepa Anttoni Artola senar-emazteek haurrik ez eta iloba Joxe Mari hartu zuten semetzat. Eta hala, denborarekin hau, Joxe Mari Artola Eizmendi, Usategieta baserriko semea, Beatriz Urrestarazu Zelarain Meloi (Aiete) baserriko alabarekin ezkondu zen, eta seme-alaba hauek izan: Jose Luis, Maria, Jesus, Inazio, Enkarna, Joxe Mari eta Joana. Hauetarik, Jesus etxera, Joana Narbarte Zubillaga, Domiñazpi (Goizueta) baserriko alabarekin ezkondu eta hiru seme dituztelarik: Xabier, Jesus eta Joan Joxe.

      Orain, gurasoak, Xabier semea, Mari Anjeles emaztea eta Amalur eta lzarne bi alabekin bizi dira Sagastia baserri zaharrean. Erosoago bizitzeko asmotan etxetik goraxeago etxe berria eraikitzen ari dira.

      Baratzea eta esnea ziren oinarri Sagastia baserrian. Zazpi behi, zekor batzuk, zerria etxerako. Bi baziren bestea saldu, gosetean biak etxerako. Gauez, kontrola, kontrabandoan hil behar, ateak ondo itxita. “Zerria erretzen izaten ziran komediak, etxe barruan ezin, zokoren bat bilatu edo antolatu behar”. Joana etxekoandreak hiltzen zituen zerriak eta zerria puskatu, odolkiak egin, txorixogaiak prestatu eta dena berak egiten omen zuen. Eta zer esanik ez, arkumea, ardia eta untxiak hu behar baziren ere.

      Hamar urtera arte joan omen zen Jesus eskolara, “handik aurrera ittaurrera”. “Ukuiluak lan handia ematen zuan orduan, ez baitzan orain bezela larrera bota eta kito egiten”.

      Uraren arazoa Iturmendiko zokoa deitu errekatxotik konpontzen zuten. Hor “arieta” deitu sistema ezarrita zeukaten, agidanez. Gorago presa koxkor bat eta uraren etorriak ezarri presioaren bidez, kolpeka-kolpeka aritzen hau, etxe aurreko askara ekartzen zuten ura. Argindarrez gerora.

      Igande arratsaldetan Ezkiaga eta Irubiden festa eta dantza. Satur “Iyola” soinujole. Hamaiketarako etxera, dio Jesusek, ez beti-beti baina...

 

MIRANDA-VITORIA Familia

      Aiton-amonak Manuel Miranda eta Joana Sarobe ziren. Joana Miranda alaba etxean gelditu eta Alberto Vitoria senarra. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Ixabel, Teresa (moja agustindarra) Joxe Benito eta Rosario.

      Behi batzuk eta baratze ona beti, Sagastiako beste etxe guztietan bezalaxe. Orain Joxe Benito bizi da, ezkonge, etxean.

 

GARMENDIA-OLAZIREGI Familiak

      Garmendia familia zen garai batean Sagastia baserriko hegoaldeko etxebizitzan. Sagasti handiak zituzten Montebideo deitu mendiaren hegaletan. Dolarea etxetik at, etxe ordeko berezian zuten hau (etxebizitzak orain), sagarra sartzeko mandio eta guzti. Upelategia bertan 10 eta 100 kargako barrikak poliki egokitu edo mailakaturik. Benta Berrira sagardoa eta hor trenbideko langileak omen ziren bezerorik onenak.

      Bestetik, baratze ederra beti eta fruta arbolak, udare mota desberdinak (udare beltza, dukesa, San Martin udarea, zakur udarea...) eta hauen pareko sagarrondoak ere. Donostian hoteletara eta San Martin plazan saltzen omen.

      Gero, 1939an Valdes Larrañaga familiarena etxea eta hau diruz urri (gerraostea) Esteban Garmendia aitona baserria erostera deliberatu. Agidanez, garaien batean etxe bakarra izana eta gero hirutan banatua, mendiaren hegala bera (Montebideo), ezkerretik eskuinera, hiru zatitan banatua zen.

      Hartan, “beste erabaki bat hartu zuen gure aitonak, Sagastia baserria alokatu, dio nire solaskideak, (hau ere, aitona bezalaxe, Esteban Garmendia (42 urte) eta euskara landua Langile ikastolan irakasle) eta etxe berria Sagastiako lurretan eraikitzekoa”.

      Orduan sartu zen Sagastian (hegoaldekoan) Olaziregi familia, urteetan baratze ederrik landu izan duen familia hau ere.