Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Izoztegi

 

      Izotz eta -tegi tokizko atzizkia, izotz lekua edo laiotza nolanahi ere. Gaztelaniazko nevera adierazteko euskaraz elurtzulo toponimian. Egoki jarritako izena nolanahi ere, toki hozpelean, beheko txokoko erreka ondoan dagoen etxe honi bere garaian ipinitakoa. Honen harira, Asteasuko Sarasolatarrek baserria erosi zutenean, hala esan omen zien herrikide batek baserriaren izena Izoztegi zela esandakoan: “Ez dik izen earra”!

      Lasarterekin muga egiten duen Hernaniko azken baserria, Jauregi-Lasarte bidean, Zelaigain etxearen parean ezkerretara hartu eta beheko txokoan, bide ondo-ondoan dago Izoztegi baserria.

      Bi isuri ditu bi bizitzako baserri honek, bizitza bat ekialdera begira eta bestea mendebaldera dituela. Sarrerak ere berebat. Alde bat berritua eta bestea egora aski onean.

 

ETXEPARE Familia

      Tomas Solanas Bagues dut solaskide (77 urte) eta bere esanetan 1940. urte inguruan erosi zuten baserria bertan maizter zeuden Joxe Etxepare Etxepare eta Nieves Burutaran Biriarte, emaztearen gurasoek. Hiru seme-alaba izan zituzten baina bi gazterik hil eta Mari Karmen bakarrik atera zen aurrera.

      Hala, ordea, Joxe 1960. urtean hil egin zen eta handik urte batzuetara lursail bat utzi eta beste gainontzekoa Irazustabarrena lazkaotarrari saldu zioten. Sagasti ederra eta ondo zaindua, bazterrak garbi eta etxea txukun ikusten dira, baina ez da inor bizi egun baserrian.

      Joxek Diputazioko moldiztegian egiten zuen lan eta handik kanpo baserrian. Emaztea gehiago saiatzen zela eta Donostiara joaten zela esnea eta egin zezakeen baratzeko gauzak saltzera. Astemea omen Nieves amaginarrebak eta horren kariaz aldian behin bere komeriak izaten zituela dio nire berriemaileak.

      Bai, Errekaldera jaitsi eta handik Añorgan barna, Errotaburura joaten omen Nieves. Hemen, bide batez, 2 litro esne uzten zizkion alabari. Behin, ordea, esne-ontzia ostu eta handik aurrera zuhaitz bati lotuta uzten zuten ama-alabek esne-ontzia, eta askotan entzundakoa nola behin kamioi-gidari batek handik pasatzerakoan hori ikusi eta oihukatu zion: “Zer, etxekoandre, esneak ihes egiteko beldurra!”.

 

SARASOLA Familia

      Zinez ez dakigu nortzuk bizitu ziren Izoztegiko alde honetan solaskide dudan Joxe Sarasolaren familia bizi aurretik. Gogoan du berak lau urte zituela erosi zutela baserria gurasoek. Asteasun maizter eta hango nagusiak baserria saltzera atera. Aldapatsua eta kaxkarra nonbait eta beste bati begira hasi ziren Joxe Mari Sarasola Alkorta eta bere emazte Ana Arruti Lertxundi eta Feli, Gabriel eta Joxe, seme-alabak. Han-hemenka begiratu ondoren, Izoztegi erosi zuten 1957. urtean 225.000,- pezetaren truke.

      Honetan, ordea, gazteek baserrirako zaletasun larregirik ez eta, saldu eta kalerako bidea hartu zuten. Handik eta harat, Donostiako Luis Angel Paisanek erosi zuen, baina baserriak ez zuen jarraipenik izan, eta 1995. urtean beste donostiar batzuk, Jose Luis Lertxundi eta Mirari Terradillos senar-emazteek erosi zuten, hain zuzen ere. Soroak inguruko baserritar batek erabiltzen ditu, eta eurek ahaleginak eta bi egiten dituzte bazterrak garbitzen eta sagastiak zaintzen, baina baserrian ez da inor bizi eta euren bizibidea ez dute baserritik ateratzen.

      Berriro ere Asteasutik etorritako Sarasola-Arruti familiaren hariari helduko diot, Izoztegik baserri gisa emandako azken urteak nolakoak ziren jakitearren. Baserria familia batentzat ondo baina birentzat ez omen oso handia, eta Joxe Mari fabrikan hasi zen lanean. Bien bitartean, amak baratze pixka bat, arrautzak, eta San Pedro sagarra batez ere eramaten zuen Donostiako merkatura. “Hura diru gozua, diru ona izaten zan. Sagar goiztiarra eta emankorra, sos politak ateratzen zituen harekin amak”.

      Esan dut Joxe Mari, aita, Hernaniko Orbegozo fundizioan hasi zela lanean, eta badu bere bizitzan ahaztuko ez duen esperientzia bitxi bat. Goizeko 5:30etan Pitikarren barrena lanera ilunpetan zihoala halako argi distira izugarria ikusi omen bere inguruan, bizikletaren atzetik. Ziztu bizian trepeta haren aurretik, Etxerreagako maldan goitik behera, ez omen zen berak nahi ordurako lantegira iritsi. Beste nonbaitetik etorritako ovni edo horietakoren bat zelakoan dago Joxe Mari.

      Alabaina, bestelako kontuak ere bagenituen. Esaterako, “nere arreba Feli gazterik hasi zan Errekaldeko Bianchi fabrikan lanean, baina denbora gutxi iraun zuen. Egun batean, negu partean, goizean iluna eta mutil bat atera zitzaion nonbait bidera. Gaur eraso sexuala esango genuke, eta neska zeharo izutu eta hanka-joko ederrean etorria zan etxera”. Esanik doa, garai haietan ere hainbat beldur eta izu jasaten zutela baserrietako neska gazteek.