Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Bordatxuri | Erroxali-Enea | Etxeberri

 

Erroxali-Enea

 

      Pertsona izenen artean emakumezko izena dugu Erroxali-Enea. Hernaniko Marieluts Txiki aldetik Jauregi eta Lasartera doan bidearen bazterrean, eskuin aldean, hondar-harrobiaren ezkerrean, eki eta Hernani aldera begira kokaturik zen baserri hau. Aski isolatua, hurbilenekoak Marraka-Enea eta Lopetegi baserriak zituelarik.

      Bi isuri omen zituen etxeak, behean sukaldea eta ukuilua eta goian logelak, komuna eta hauen gainean ganbara zuela. Zuela diogu 1964ko apirilean baserria erabat erre zelako. Baita bere baitan zeukan zurezko dolarea ere. Antzina sagardotegi izana, bolatokia zuen etxe ondoko bidearen beste aldean. Egun, berria eraiki dute bidez beste aldetik, iparraldera begira.

      Joxe Ramon Kalonje Zubillaga eta bere arreba Joxepa izan ziren bertan azkena bizitutakoak. Arestian esana baitugu baserria erre egin zela eta hor bukatu Erroxali-Enea baserriaren bizitza, nahiz orain bertako ilobak berria egina duen. Iloba hau eta bere emaztea izan ditut, hain zuzen, solaskide baserriari buruz galdezka joan naizenean. Agidanez, 1960. urtean, Joxe Irazustabarrena Zubillaga, Zozperri baserriko seme eta Erroxali-Eneko Joxe Ramon Kalonjeren besoetakoa zenak erosi zuen baserria. Aipaturiko Jose hau Donostian bizi zen, eta osaba adinekoa bakarrik eta gaixo ikusitakoan bere etxera eraman zuen. Alabaina, handik egun gutxira goizean jaiki eta osaba falta zela konturatu ziren. Oinez bere baserrira itzulia izaki “jaiotako lekuan hil nahi zula” esanez. Halaxe hil ere, sukaldeko sutondoan beti izugarrizko txotx pila edukitzen omen zuen eta txinparten batekin nonbait su hartu eta ukuiluan behiak ateratzen ari zela suak eta keak hartu eta bertan gelditu zen.

      Halatan, 1985. aldera, bere besoetakoa eta aurrekoaren semea zen Joxe Ramon Irazustabarrena Irazustabarrena eta honen emazte donostiarrak, Mari Karmen Uranga Uranga, hartu eta bidearen beste aldean eraikin berria jaso dute hortxe bizi ahal izateko.

      Ez nuke esan gabe utzi nahi, Joxe Ramon Kalonjeren aita zenak esan eta ilobak nahiz auzokoek oraino gogoan dutena. Agidanez, abioiak pasa behar zutela eta Hernanitik Santa Barbara mendira omen zihoan jendea haiek hurbilagotik ikustearren edo. “Erroxali-Eneko jaungoiko txikia” lanean bururik altxa gabe, eta hala esan omen zien haien intentzioaz galdegindakoan: “Abioiak ikustea? Oaindik ibili behar dezute hoiengandik ihesi”. Bai hala gertatu ere!

      Esan beharrik ez Erroxali-Enean ere, orduko beste askoren antzera, behiak, zekorrak eta baratze pixka bat zela bizimodua aurrera ateratzeko bidea.

      Duela hamabost bat urte inguru, ordea, Mari Karmenek akademian frantsesa eta ikastolan klaseak emateari utzi eta sagardo-sagarra aldatu zuten senar-emazteek baserri inguru guztian. Laster ohartu ziren urte asko behar zutela zerbait ematen hasteko eta ez zela nahikoa zuhaitza aldatzea, hari eman egin behar zaiola ondoren zerbait jasoko bazen. Hala, sagardotakoa atera eta mahaiko sagarra dute orain.

 

Bordatxuri | Erroxali-Enea | Etxeberri