Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Arkaizpe

 

      Joxe Olasagarre Elizondo, bertako semea (85 urte) izan dut solaskide. Bere adinaren berri jakin dudanean eta sasoikoa ikusirik, zera galdegin diot:

      —Joxe zer egin behar da horrela kontserbatu ahal izateko.

      —“Hara, esango dizut. Bezperan, oheratu aurretik, hurrengo egunerako zeregina pentsatuta edukitzea, ez da besterik nere ustetan. Ni gaur goizean ere zazpietarako ukuiluan ari nintzan ilobari laguntzen”.

      Zertarako, nion neure baitan, hau baino filosofia hoberik bizitzari buruz.

      Arkaizpe etxearen izena begi bistan dago, izen toponimiko edo leku-izen garbia dela. Harkaitzaren behean edo barrenean dagoela esan nahi du, ez du beste misteriorik edonorentzat ere.

      Santa Barbara mendiaren handik aldean eta Harkaitzaren babespean (Lasarte aldera) kokaturik den bi bizitzako baserri bitxia dugu Nonahitik begiraturik ere, gaztelu zuri baten airea erakusten du. Bi mendion artean, Arrikarte deitzen den, bidegurutze bat dago. Urnieta, Hernani, Donostia eta baserrietako bideak gurutzatzen diren lekua. Eta Harkaitzaren mendebaldean beste bat (Urnieta, Lasarte, Hernani, baserriak). Hortik heldu da aipatu Harkaitz horrek Bidegurutzetako Harkaitza izatea bere jatorrizko izena eta “ez Monte Torcido azken gerratekoan sortutako izen traketsa, kaleko jendearen ahotan entzun ohi dan bezela”, dio Joxek.

      Santa Barbara bailara dute helbide bai Arkaizpe, bai Ilarratsuetak dakigunez. Irizpide egokiagoa da mendiz handik aldekoak Jauregi bailarakoak izatea.

      Garai batean, angeluzuzen luzexka omen zuen eitea baserriak eta bi bizitza orduan ere, bakoitzak lehorpe bana zuelarik, batak iparraldera, hegoaldera besteak. Hauek lehena erauzi eta berria altxa zuten, lauki zuzena emanez eta dorre zabal baten eitea, lau isuritan, etxeari ezarriz.

 

OLASAGARRE MERCADER Familia

      Joxe Olasagarre dugu etxe honetako seme eta adinekoena gaur egun. Bi ahizpa omen ziren garai batean, Donata eta Dolores, bertako alabak, Urnietako Sapal baserriko bi anaiekin (Basilio eta Iñaxio Mari Olasagarre) ezkondu eta etxe banatan bizitzen jarri zirelarik. Joxe honen aiton-amonek, Dolores eta Basiliok, hiru seme-alaba izan zituzten, zaharrena Laureano, Ameriketara gaztetan joana, Migel eta Manuela. Migel Olasagarre Loinaz, Joxeren aita, Maria Elizondo Añorga, Oria Bentako alabarekin, ezkondu eta bost seme-alaben guraso izan ziren: Joxe, Joana, Sebastian eta Laureano (garrotiloarekin mutikotan hila hau) eta Joan Bta. Hargina omen ofizioz aita eta hargintza eta baserriko lanen ardura izan ohi zuen bere gain. Aita kanpotik zebilenean, ordea, aitona, ama eta biloben baitan geratzen zen baserria.

      Gero, Joana, alaba, ezkondu zen etxera. Senarra, Ramon Mercader Altuna, Astigarragako Usategieta baserriko semea. Lau seme-alaba izan zituzten: Anjel, Luis, Mikel eta Pili. Orain, osaba Joxe, Luis eta honen emazte Begoña Soroa bizi dira Maite, Asier eta Iñigo seme-alaba gazteekin baserrian.

      “Orduan baserrian burutu beharrekotzat ematen tzan zeregin normala egin ohi gendun” dio Joxek. Artoa eta babarruna, garia (golde bat urtero), arbia, ganaduen jatekoa eta azpigarria... “Bost behi inguru izaten genittun. Ama, Donostiara egunero asto gainean tratua harturik. Aurrerapen galanta izan omen tzan astoa, izan ere bitartean, amona zena (bi ahizpak) buruxextera kargaturik eta burutea buru gainean harturik oinez egiten zuten Jauregi eta Goiko Galtzadatik barna Donostiarako joan-etorria, beste urnietar eta auzoko batzuekin batera. Bidegurutzean, Arrikarten, elkartzen zan taldea. Zenbait alditan arrosarioa errezatuz joaten omen ziran”. (Beste arrosariorik ere izango zen dudarik ez dago). Eta... “puntua egiten etxerakoan”.

      Arrazoi hau eman dit Joxek, Donostiara zergatik eta Hernanira zergatik ez esnea eta barazkiak hurbilago izanik? galdegin diodanean. “Hernaniko kalean, garai hartan baserria eta sagardotegia besterik ez zalako, nik uste”. Joxe bera ere kanpoan lanean ibilia dago, 19 urtean zehar “Papelera del Norte” deitu lantegian, erreleboan eta oinez baserritik joan-etorria eginez.

      Arropa, beheko errekan (Zaltzateko erreka) garbitzen omen zuten, etxean kuela deitu hiru hankako barrika zuti batean lixiba egin ondoren. Xaboia garbigai bakarra eta errauts pixka bat, sutako hautsa, bahean pasatu ondoan, arropa zuriarentzat.

      “Orain baino lehen etxe atzeko iturritik sarturik genun ura etxera”, dio Joxek, gasolinazko motor baten indarrez. Orain, ordea, Urnietako herriko ura daukagu. Alde ederra garai batetik!”

      Gaur egun, esnea eta haragia dauzkate etekin nagusi eta bizibide. Iparlat-ek eramaten die esnea. Garrantzi gehiago ematen omen honi haragiari baino. Haragiak baino (hogei bat zekor) esneak zertxobait gehiago uzten duelakoan daude. Belardi eta bazter ederrez jantzia dago baserria. Luis, aita, eta Joxe, osaba, dira gehienbat baserri lanetan ari. Begoña, ama, ordu batzuetan kanpora joaten da etxerako sos batzuk bildu ahal izateko eta ikasketak egiten dihardute seme-alabek.

 

URRUZOLA Familia

      Esanik dugu Donata, amona, beste etxekoaren ahizpa, Iñaxio Marirekin ezkondu zela. Seme bakarra izan zuten, Joxe Olasagarre, gerora Maria Insausti Urnietako Txokolateneko alabarekin ezkondu zen, baina familiarik ez zutenez, Elutsetako ahizparen semea, Joan Joxe Urruzola, zortzi urteko iloba hartu zuten semetzat.

      Joan Joxe hau gerra aurretik soldadukoa eginik izan arren, gerrakoan berriro soldadutzara deitu zuten eta halako zortea izan zuen, non elbarriturik etxeratu zuten. Besaburuan zuen balazoa, bai, eta betirako iharturik gelditu zitzaion eskuineko besoa. Hala ere, segan (aparatuarekin) eta aitzurrean ere ongi moldatzen zen. Gero, ezkondu (1945ean) 31 urte zituela. Joxepa Izagirre Genua, Saretxo edo Marraka-Eneko alaba, hartu zuen emazte, hiru alaba izan zituztelarik: Beni, Agustina eta Maria.

      Duela berrogeita hamabi urte, etxea oso zaharkitua zegoenez, obra egin beharrean gertatu ziren. “Eskerrak aita lehendik Mendia Papeleran atezain bezala lanean ari zan zorrak pagatu ahal izateko”, diosku amonak. Baina 11 urte bi lanetan jardun ondoan, fabrika utzi eta baserrira bildu zen, baserri lanetara osoki dedikatzeko.

      Hiru alabak, bazkaria kapaxoan hartuta, Jauregiko eskolara lehenik, eta Lanbide Eskolara gero. Lehenengoetariko emakumezkoak izan omen eskola mota honetan. Dena den, haurrak eskolatzea estimu handiko gauza zen guraso hauentzat. Hirurak ere eskola aski ona hartuak dira (jostun profesionala zaharrena eta delineatzaileak beste biak).

      “Bost edo sei behi izaten genitun. Esnea, arrautzak, fruta eta barazkiekin, astoa kargatu (astoa, egun batean batena eta bestean bestearena) eta Arkaizpe bietako etxekoandreak elkarrekin jaisten ginan goizero Hernanira. Etxea izebaren ardurapean gelditzen zan” (aita lanera, ama eskailerak gora eta eskailerak behera, hiru alabak eskolara joan ondoan).

      “Bigarren alaba Agustinak 18 urte zituela, astoa utzi eta 4 L bat ekarri gendun, eta hala, alabak hartu zuen esneak partitzeko lana, Urnietako Vegasa altzari fabrikan lanera sartu aurretik”.

      Badute bizimolde hartako oroitzapen aski onik. Negu garaia aipatu dute ama-alabek gogoan, “elur egunak zein atseginak izaten ziren, artoa zuritu edo aletzen jardunez eta zepoarekin txoriak harrapatu ondoan kazuela goxo bat janez”.

      Urtean behin hiltzen zuten zerria. Txokoko Pedro hiltzaile. Festa handitzat daukate egun hura. “Zerria hil bezain laster beraren puskarik samurrenak auzokoekin batera lagunarte ederrean jan eta inguruko etxeetara txerrimoniak eramatera. Inguruko baserriek ere jokabide bera bakoitzak bere aldian”.

      Artoa ereiteko egunak ere amesgarri zaizkie. “Arto asko ereiten zan garai haietan. Hiru baserriak elkartzen ginan auzolanean: Arkaizpe biak eta Ilarratsueta. Gizonezkoak zuloak egin eta zuloak tapatu, tartean emakumeak eta gaztetxoak hazia bota, eta ondoren soro bazterrean, elkartasunik hoberenean, kontu kontari, arratsaldekoa, gazta eta ogia edo txokolate puntaren bat sagardo eta ardoz bustirik”.

      Bigarren alaba, Agustina, ezkondu zen etxera. Baserriaren ardura hartzekotan, Vegasako lana utzi behar izan zuen. Senarra Migel Etxarte, izatez nafarra, Mañeru herrikoa eta hiru seme-alaba izan zituzten: Kristina, Luis eta Joan Joxe.

      Gaur egun, belardiak alde batera aldamenekoari eta artzainari (neguan) emanik dauzkate. Amona Joxepa (81 urte), alaba Agustina alarguna eta bi semeak bizi dira baserrian, oiloak eta baratzea zainduz eta fruta pixka bat bere garaian bilduz.