Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Altzega

 

      Gaur egun, Altzega esaten den arren, “Alçaga” eta “Alçega” ageri zaigu dokumentu zaharretan, hala nola Lope Isasti (1625) eta “Nomenclator” (1870) zerrendan. Ahaide Nagusietarikoa zen Gipuzkoan Altzegako jauna, oinaztarren alderdikoa, Murgia (Astigarraga), Atxega (Usurbil), Jauregi (Amezketa), Lazkao edo Loiolako jaunen pareko. Gerlariak zituen menpean (ikus Altzega dorretxeko armarrian zilarrezko zuhaitz batetik zintzilik pertza) eta historia luzea duen etxea Hernaniko herrian besterik izan bada. Hernaniko parroki eliza nagusiarekin ikustekorik bazuen gerora ere Altzega dorretxeak. Hilobi berezia zuen bertan, gainera. Etxe zaharrean oraino kapera izandako aztarnak bai omen ziren. Mereziko luke azterlan sakonagoa. Bego oraingoz bere horretan.

      Goizuetarako errepidez azpitik, ezkerrera, zegoen Altzega edo Altzea baserria, lursail ederrez inguratua, orain papelerak eta Iberdrolak hartzen dituen lursailak eta baserria zen lekuan leize iduriko zulo itsusi bat baino ageri ez delarik.

      Etxe luze errektangeluarra, hegoaldetik sarrera nagusia, goien etxebizitza, sala eta salatik terrazarako irteera. Hegal bat luzeagoa eta beronen baitan dolarea goian eta behean artegia. Negualdian artaldea egon ohi zen hor. Etxeak, bestalde, mandioa zeukan errepide aldetik, eta ganbara belar ondua eta lastoa edukitzeko.

      Zizurkildik etorria zen bertako azken familia. Portxeta baserria saldu han eta Altzega erosita etorria. Aita, Bixente Arrizabalaga Maiz, eta ama Anbrosi Otaño Aranburu, Astigarragako alaba, eta seme-alabak: Bonifazio, Maria, Joxepa, Joxe, Gabriel, Martin, Rikardo eta Rosarito.

      Joxe gelditu zen etxerako Maria Zabala Zabala aranoarrarekin ezkonduta. Seme-alabak: Joxe Mari, Arantxa, Begoña, Joxe Manuel, Jexux eta Ana. Joxe Mari etxean orain, emaztea Mari Kruz Ansa Huizi, aranoarra hau ere eta Iratxe eta Asier seme-alabekin.

      Joxe Mari, etxeko nagusia, gaur (49 urte) ozta-ozta oroitzen da aitonaz, baina zortzi-hamar behi izaten zituztela bai. Zekor multzo bat, idi parea eta aberea egunero Bretxako plazaraino esnea, barazkiak eta ahal zen guztia garraiatzeko, familia handia biltzen omen eta. Ahal zen guztia esatean, ongi oroitzen dira nola platano hostoak harategietara eraman ohi zituzten, orduan ez baitzen ez paperaren ez plastikoaren aukerarik.

      Negualdirako, Aralar menditik etorrita, artzaina izaten zuten bere familiarekin, etxeko bezala hartua zen, otordua elkarrekin eta gela berezia zuen etxean. Ondo gogoan du Joxe Marik San Jose eguneko bazkaria artzainak jartzen zuela, arkumea, bi familiak elkarrekin jan ahal izateko, eta handik laster nola Aralar aldera uda guztirako joaten zen.

      Idi parea, gehienbat, lur lana egiteko eta simaurketarako. Bidez eskuineko lurrak aldapatsuak zirenez, sagasti eta belardiak, aparteko sistema zeukaten simaurra garraiatzeko.

      Goiko punta batean palanka bi tinkatzen zituzten, lurrean oso ongi barneraturik eta hor polea bat ezartzen, idi parea simaurrez kargaturik, kablea kabilari lotuta gora eta beste idi parea goitik behera. Funtsean, puntako egitearen funtzioa konplitzen zuen honek, baina gorago aipatu bezala aparteko sistema bitxia erabiliz.

      Elkarrekin solasean, Joxe Mari eta Mari Kruz oraingo aita eta amak aurrekoen (aiton-amonak, gurasoak) jarrera noblearen berri eman didate. Ikusi dugu artzainari buruzkoa. Iberdueroko langile bat eta bere familiari buruzkoa esango dugu orain. Enpresa hau muntatzeko garaian langileek barrakoi batean zuten egoitza. Hauetariko bat, bere familiarekin etorri, etxebizitza izango zuen ustearekin, baina ez izan beretzat etxebizitzarik. Aieneka ondoko Altzega baserrira gau bat bederen bertan pasatzeko eskaera luzatuz. Nola edo hala dolare ondoan, bazter bat gortinaz inguraturik antolatu eta... bi urte egin zituen langile familia honek bertan.

      Iberduero Altzegaren lurrik hoberenak irensten joateak ondorio bat baino gehiago ekarri zion familiari.

      —Zikuñagako fabrikara etxeko gazteak lanera.

      —Ganaduak errepidez bestaldera larrera eramateko bera gurutzatzearen zailtasunak.

      —Etxea eta ukuilua errepidez goiti eraikitzearen beharra.

      Oroitzapenik aski gordetzen dute, gurasoei entzunda, beren baitan. Gerra garaikoa, nola leiho zuloetan artilezko koltxoiak ipintzen zituzten babestearren. Nonahi, baso aldeko lurretan burdinazko bolak eta balak aurkitu izan dituzte. Kontrabando garaian, Joxe Mari berak ere zerbait badaki horretaz, etxez goitiko bide bazterrean, frantses bidea, oinetako nahiz abarka urratuak zirela ezaugarri. Guardia zibilak, beren erronda egin ondoan (orduan kuartela herrian, Txilibita taberna ondoan) Altzega baserrira papera sinatzeko eskatuz joaten zirela.