Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Argindegi

 

      Lanbide edo ofizioaren erreferentzia erakusten digu Argindegi izenak (hargin eta tegi, biak batuz Hargindegi edo kasu honetan Argindegi ematen digu. Hala ere esan behar da harriari buruzko ofizioak ez direla oso zaharrak, Arotzanea eta horrelakoak antzinagokoak, agidanez. Eta arrazoiak bistan dago, antzina zurezkoak zirela etxean gurean.

      Portu auzoan (lehen Osinagan) kokatzen da, irteerarik egokiena bertara duelako. Ihartza gainetik barna Urnietako mugan daukagu Argindegi baserria, Diustegi (Hernani) eta Latxe nahiz Egurrola baserrietatik hurbil (hauek Urnietan), herri honetako trenaren geltokira garamatzan bidearen ezkerretan.

      Funtsean, bi isuritako etxea dugu, aurrean, albo batera ukuilu eder bat duelarik behi eta zekorrez hornitua. Beste etxe-abere multzo bat, gainera. Hala nola, zaldi, zakur, oilo, etab.

      Ama-semeak, Inaxi Miner Urretabizkaia, Bentako alaba (Urnieta) eta beronen seme Joan Bta Iradi, ezkongea, eta langile porrokatua dena. Aita, Tomas Iradi gazterik hil zen (42 urte zituela 1957an). Senideak Mari Karmen, Joan Bta eta Joan. Aurrekoak, amona Maria Abalabide, bertako alaba eta Gilermo Iradi Ilarratsuetako semea aitona. Hamabi seme alaben guraso izan ziren, hauetarik bi seme bikiak. Bost urteko haurra bazuten hilik eta azken gerratekoan bestea, Rafael, Teruelgo frontean. Eta geroago beste bat, Migel Mari Afrikan (Tetuan) soldadukoa egiten zela.

      Garai batean bi bizitzako etxea zen, baina aldamenekoa hustu zenean, beraren jabe egin eta bakarra bilakatua da. Beti sagardotegi izana, orain ere etxerako eta saltzeko sagardoa egiten jarraitzen dute; soro, belardi eta behiak ziren bizibidea hemen, eta negualdian artzaina izan ohi zuten, Segurakoa (22 negualditan) Urbiatik uda han pasatu ondoren etorri ohi zena. Esnea, barazkiak, arrautzak eta garaiko fruta eramanez Hernaniko plazara eta etxeetara esnea zerbitzatuz ogibidea egin zuten. Gainera, zenbat behi-gazta goxo ez ote zen oratu Ama Inaxiren eskuetan, artzainarengandik ikasita. Garai haietan astoa izaten zuten garraiatzaile, behorra gero eta furgoneta orain.