Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Bazterrola (Bastola) | Ereñotzu (Txilibita) | Iturralde

 

Ereñotzu

(Txilibita)

 

      Historia handiko etxea. Hernaniko jauretxeen zerrendan Altzega etxearen pareko edo lehen maila zuena dugu Ereñotzu. Ereino (gaur erramua esaten dugu), ereino lekua zen nonbait. Hortik, ez da dudarik, datorkio izena, eta ondorioz, auzoari ere bai. Agian horregatik, izen bereko etxea eta auzoaren artean sortzen den nahasketagatik, “Txilibita” izenez ezagunago zaigu orain.

      Goizuetarako errepidez goiti, ez metro asko eta San Antonio elizatik aldenduxeago daukagu Ereñotzu baserria. Aldapatxoan lurrak, nahiz etxea, baratze ederrez inguratua, eta errepidez bestaldera daudelarik garai bateko burdinola zaharra, errota eta Lonja etxea (“enpresaren orduko ofizina” dio nagusiak).

      Bi isuritako etxe zabala, euskal baserri handiak bezalaxe. Arkudun ate nagusia beheko solairura sartzeko. Ukuilua orain, hor gezi leihoak eta leiho arkudunak alboan, hauetarik bikiak batzuk, gaztelu eta gaztelukien modura. Kanpotik eskailerak bizilekurako, harlauza mokor landuz eginak. “Garai batean bazekiten lanean. Orain egin behar balira”, esaten dit Esteban, etxeko nagusiak.

      Gainerakoan, oilategi, garaje... estalpez inguraturik daukagu etxea. Errepidea egin aurretik ia etxea jotzen zuela pasatzen omen zen, antzina, Donostiatik, Erroilaburun behera eta hemendik zehar zihoan “Nafar bidea”. Pena da etxe aurreko garaje-estalpe horrek etxeari ikuspegia jatea. Agian egunen batean...

      Aiton-amonak beti hika eta noka ari izaten omen ziren elkarrekin, izan ere neskame-morroi. etxe berean (Ibarluze) egonak baitziren. Ikus, Estebanek kontaturik zahartzaroko haien arteko solas eta istorio hau. Aitona baratzean ari, amonak:

      —Iñaxio?

      —Zer den?

      —Hator hamaiketako pixka bat egitera.

      (Atera dio salda, eta honek odolki gustua)

      —Odolkia non den ba?

      —Hor egongo dek eltzearen ipurdian.

      —Hik jan ez bahunan bai.

      (Ordurako amonak odolkia irentsia, aitonak ere eltzea miratua).

      “Horrelaxe ibiltzen ziren gure aurrekoak”.

      Iñaxio Oiarbide zen aitona eta Manuela Beldarrain amona, Añoako alaba. Seme-alaba hauek izan zituzten: Maria, Joxepa, Laxaro, Bixente, Joxe eta Anttoni.

      Bixente etxera ezkondu eta emaztea Kontxesi Aranburu Señorena, Santsanategiko alaba. Hamahiru seme-alaba izan zituzten hauek, ez bat gehiago ez bat gutxiago: Iñaxi, Manoli, Maritxu, Joxe, Antonio, Mari Karmen, Kontxi, Mikeli, Pedro, Laxaro, Arantxa, Joan (mugan, poliziak tirokaturik eraila) eta Mari Tere.

      Iñaxik jarraitu zuen gero etxean, Esteban Elortza Aranburu, Fagollagako semearekin ezkonduta. Hiru seme izan dituzte: Patxi, Bixente eta Manolo. Orain Esteban eta Iñaxi aiton-amonak, Patxi eta honen emazte Irene Vitores eta Janire hauen alabatxoa bizi dira etxean.

      Aitonak baserri lanean jardun zuen beti. Amonak, aldiz, aberea eta orgarekin Donostian arraina erosi eta Epeletik eta Benta Berrirainoko guztian arraina saltzeko lanbidea izan zuen. Gero amak jarraitu zion zeregin honi, alaba zaharrenaren laguntzarekin, hauek arraina saskian hartuta goiko baserrietara oinez (Alkatxurain, Akola...) eramaten zutelarik.

      Hiru-lau behi izaten zituzten, zerri pare bat etxerako eta zerrama. Artoa eta babarrun asko, baratzea etxerako hainbat. Sagasti politak, dolarea eta... sagardotegia garai batean.

      Gogoan dute Iñaxi eta Estebanek, erroskilak saltzen zituztela aiton-amonek San Antoniotan, eta neguan, bilera orduan Ereñotzun, gaztaina erreak. Gaztainak oro saltzean, dantza saioa eginda, dantzari finak izanak gaztetan, etxeratzen omen ziren. Bistan da jende saiatua, alaia eta bizitorea zela jende hau.

      Iñaxik, senide zaharrena zenez, (ama arraina saltzen) amaren zeregina bete zuen: etxeko lanak, senide txikiak orraztu, prestatu, eskolara bidali eta beste.

      —Zuek ezkonduta nolako bizimodua egin duzue?

      —“Ez zazula uste, geureak eta bi ikusitakoak gara”.

      Estebanek ezkondu aurretik fabrikan eta mendian lan egin zuen. Fabrikan eta baserrian ezkonduz geroztik. Ganaduak lehengo paretsu, orduan ekin zioten baratzegintzari, serioski ekin ere. Donostiara egunero, orain astean bitan baino ez, barazki eta arrautzekin.

      Amaigabeko istorioak dituzte aiton-amonei buruz. Bi kontatuko ditut, amonarena bata, aitonarena bestea. Amona baserri honetara ezkontzean, gizonaren lau anaia omen ziren bertan, lau koinatu, jakina. Behin hauetariko batek:

      —“Manula, hik erre ahala talo baietz jan nik.”

      Koinatuak 18 talo jan, amona aspertu talogintzan, tira dio talo-pala. Bestea ere erne aidean ospa egin omen zuen atetik at.

      Aitona zenaren azken urteetako lanerako programa aipatu didate jarraian. Goiz jaiki, goiz bazkaldu, siesta apur bat, baratzera edo. Tximinia ketan hastean, erne, afari-merienda, ondoren ganaduak gobernatu, ganadu maitea omen benetan, oheratu aurretik eskailburuan eserita eta hurrengo goizerako munizioa prestatzen zuen, agidanez. Jakingarria, zigarro paperik ez orduan eta artoaren txurikinez zigarroak moldatzen zituela.

 

Bazterrola (Bastola) | Ereñotzu (Txilibita) | Iturralde