Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Txabola

 

      Ez dago izenarekin inolako duda-mudarik. Agian borda izan zen baserri baino lehen eta hortik datorkio izena. Bizkar gain batean, Fagollaga aldetik begira jarriz gero, garbi baino garbiago ageri zaigu Txabola baserria. Okendo eta Añarregitik Lepa Txikirako bidetik asko aldendu gabe, ezkerrera, aurkitzen zaigu baserri hau.

      Bi bizitzako etxe luzexka, bi familia bertan bizi izandako baserria, Arruti familia alde batean (Iradi familiak orain asteburuetarako) eta Oiartzabal familia bestean, baserri jarraitzen duelarik.

      Aiton-amonak ezagutu zituen nire solaskide Maria Jesus bertako alabak. Gurasoak, aita, Joxe Oiartzabal Mendizabal, Izeneder baserriko semea, eta ama, Anttoni Leunda Zeberio, bertako alaba, honako seme-alaba hauek izan zituztelarik Antonio, Joxe Mari, Roman, Maria Jesus, Patxi, Joan Mari eta Milagros. Gaur, Joxe Mari eta Roman bizi dira etxean, Maria Jesus arreba laguntzera etortzen zaielarik.

      Hamar behi inguru, zekor batzuk, zerri bat etxerako, eta zerrama bat erc bai. Astoa, eta behorra gero, bere orgarekin. Artaldea beti, 150 bat ardi, eta gerora, Erniorako bidea urratzean 300 izatera iritsi omen ziren. Baratze nahiko ona. Egunero Hernaniko herrira Anttoni amak eta alabak esnea, ardi esnea, arkumeak eta gazta harturik bakoitza bere garaian. Amaren eginkizuna izaten zen, gehienbat, gaztagintza etxe honetan. Zeregin hau ez ezik, baita baserriaren martxa ere neurri handi batean, zeren eta aitak, zurgin eta hargin lanean trebezia handikoa, han-hemenka ibili behar izaten baitzuen etxerako sos batzuk gehiago bilduko baziren.

      Alabaina, bai ardi bai behi oso ganadu zalea zen aita. Biziro gogotik saiatzen omen behi on eta leunak edukitzen. Hauen sariketak ere gogoko izan zituen. Alabak, ez daki noiz izan zen baina ondo gogoan du Hondarribiko norgehiagoka batean aita bere behi suizoarekin saridun gertatu zenekoa. “Ez zuan gutxitan aipatu gertaera hori”.