Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Añarregi

 

      Rafael, bertako aitona (81 urte) aurkitu dut etxe atarian, eta “ainarraren” esanahia duela etxearen izenak esan dit inolako duda-mudarik gabe. “Ainarra” batetik, “hegia” bestetik, etxe atzeko malkarra ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.

      Lastaola-Lepa Txiki bide nagusiaren eskuinera Okendo-Ene baserrien ondoan daukagu Añarregi baserria. Badute beste bide bat, aldapa eta kazkarragoa dena (orain ona hau ere) Altzuetan barna Osinagara doana, eta oinez nahiz astoarekin herrira joateko beti hortik zehar ibili izan direna.

      Etxe tente, berri eta modernoa dugu, bi isuri berdinekoa, ezkerretik alderik alde terraza eder bat duena, eta etxetik at, atzean ukuilu libre zabala. Duela 16 bat urte, goitik behera, oinarriak lehen solairura arte salbu, berritua izan zen, hauen erreka harri bitxia agerian utziz. Etxe zaharra egitura berekoa omen, baina apalagoa. Esan behar da, etxearen fatxadan gailurraren azpian hizki dotorez eginik Añarregi izena ezarria daukala.

      Aurrekorik, gurasoak ezik, ez zuen ezagutu Rafaelek. Aita, Joxe Antonio Errazkin Garaialde, etxeko semea, eta ama, Bittori Zubiarrain Nazabal, beasaindarra zituen. Eta hona hauen seme-alabak: Joxe Ramon, Manuel, Joan, Joxepa, Felix, Maria, Iñaxi eta Rafael. Rafael, senidetarik gazteena, etxerako. Ezkondu Kandida Setien Setien, Ierola Goikoa baserriko alabarekin, eta seme-alaba hauek izan: Antonio, Maritxu, Iñaxi eta Iñaki. Orain, Rafael eta Antonio, aita-semeak bizi dira baserrian, Iñaxi alaba laguntzera etortzen zaiela.

      Bizimodua nola antolatu zuten galdegin diodanean, erantzuna hau izan da: “Eskola handirik ez eta hementxe, astoa bezala lan eginez”. Bederatzi bat behi, zekor batzuk, zerri bat etxerako, eta idi parea izaten zituzten. Baserri polita. Astoa, gero batera behorra bere orgarekin eta autoa azkenik. Berebat, lursail politak dituzte, etxe atzeko malkarrak (orain betelana egiten) izan ezik. Lehen, esnearekin Donostiara eta Hernaniko etxeetara gero.

      Garai batean dolarea ere izan zen Añarregin. Orain etxerako (eta etxekoentzat) soilik sagardoa upelategian. Ondo gogoan du Rafael aitonak etxe gaineko lursaila txara eta zuhaizti zirenekoa eta nola pixkaka-pixkaka garbitu ahala sagasti bihurtu zituzten. Lanik gogorrena, asto-lana, ganaduen azpigarria etxeratzea izaten zela dio aitonak. Aranoko “Karakola” deitu parajera eta Urdaburu azpira joaten omen ziren. Epela errekan ere bazituzten bi lote “herriarenak, bost duro (gero hamarrera jaso zuten) ordainduz”.

      Gaur egun, etxe atzeko ukuilu libre horretan behi saila daukate, berrogei bat buru, behi eta zekor, guztira.