Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Pardiola | Pardiola Goikoa (Joxepe-Enea) | Pardiola Txiki (Goñiti-Enea, Oñati-Enea)

 

Pardiola Goikoa

(Joxepe-Enea)

 

      Aurrekoren bat, oiartzuarra izaki eta Joxepe izenez, normalean Joxepe-Enea du izenik erabiliena, baina Pardiola Goikoa du jatorrizkoa.

      Osinaga auzoan, Loidi etxearen ondotik gora jo eta bidearen eskuinetik daude lerroan bezala kokaturik hiru Pardiolak: Pardiola, Pardiola Txiki eta Pardiola Goikoa.

      Etxea, lehengo moldeetan baina guztiz berritua dago. Bai teilatua eta bai hezurdura, ormigoizkoak ditu orain. Bakarrik, beste sarrera bat ezarri diote etxeari goitik, traktorea sartu ahal izateko. Alboan, duela hamar urte etxe txukun bat eraikia, lehenik ukuilu berria egin behar izan zuten Sanitateak hala exijiturik, eta etxebizitza gero haren gainean.

      Joxe etxeko jaunak ezagutu zuen amona alarguna, Joxepa Iraola Lete, Urnietako Egurrola Borda baserriko alaba. Gurasoak, Agustin Mitxelena Iraola, etxeko semea, aita eta Joxepa Salegi Egaña, izatez Lasturkoa ama. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Maria Luisa, Joxe eta Maritxu.

      Joxe, etxerako, ezkondu eta emaztea Pilar Otaño San Sebastian, Urnietako Agirita baserriko alaba, Fermin eta Itziar seme-alabak izan dituztelarik.

      Gaur, etxean gurasoak eta Itziar alaba, eta honen senar Xabier Etxarri bizi dira elkarrekin.

      Joxe, gaztetxoa zela, bost behi eta idi bat izaten zituzten. Idia behi batekin uztarrian edo idia uztarri motzean arituz, leraz baliaturik ganadu jatena garraiatzeko. Soldadutzatik etorri ondoan, ukuilua hazten joan ziren, hogei behi izateraino, honek garai hartan suposatzen zuen esfortzu guztiarekin.

      Amona Donostiara egunero astoan tratua hartuta, Donostiako kaleetan zehar buruxestera erabiliz hartzaileei esnea eraman ahal izateko. Gero, bilobek (Manoli, Maria Luisa, Maritxu) bide bera jarraitu zuten. Azkenik, Pilar oraingo ama Hernanira hainbat urtetan zehar. Orain, esnea utzi eta haragia dute bizimoduaren oinarri nagusi. Lehengo indarrak gastatzen eta sasoia joaten ere bai, dio Joxek, eta etorkizuna, baserri bezala, ez duela oso erraza ikusten.

      Dolarea betidanik izan dute eta garai batean sagarra saltzeko eta guzti. Etxerako soilik orain.

      Oro har, baserri nekoso eta aldrebesa dela esaten dit Pardiola Goikoa eta izerdia franko ateratako jendea dela bertako familia. Bide txarrak, asto gainean garraiatu behar simaurra, lera bidez ganaduen jatekoa; galtzak bete lan, ordea, azpigarriak ematen omen zien, etxeari dagozkion zillegi lurretatik garraiatu ezinik.

      Ikusgarria benetan etxe goian oraino daukaten meta saila. Ez dut baserri askotan ikusi Hernaniko herrian.

 

Pardiola | Pardiola Goikoa (Joxepe-Enea) | Pardiola Txiki (Goñiti-Enea, Oñati-Enea)