Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Karapote

 

      Izenaren berri galdeginik, hamaika iseka eta irri jasan dutela lagunartean diote, baina ez dute nondik norakoa den susmo izpirik. “Carapote” izenez azaltzen da Nomenclator zerrendan (1870). “Kapote” horrelaxe soilik dela ere baieztatu didate. Dena den, izengoiti edo izen despektibo baten aireak ditu itxura batean eta erdal eitea gainera, baina ez dirudi horrelakorik. Makur handiegia litzateke hor erortzea. Eta arrazoia, ene ustetan, hauxe da, oso aspaldidanik hiru bizitzako etxea izan zela beti, eta guztiz zaila dela ez-izen bat hiru bizitzari batera itsastea. Izen konposatua dela begi bistan den gauza da: Kara-pote. Azken hau zer den ez dut hain aise ikusten, baina lehenak esango nuke kara (kare, konposatzean kara) edo txara (sastraka edo zuhaixkaz osatutako basoa) duela esanahia. Dagoen dagoenean uzten dugu, hala ere, norbaitek areago azter dezan.

      Hiru bizitzako etxea zen, hirurak baserri gutxi edo gehiago, hirurak ekialdetik (trenbide aldera) sarrera nagusia eta hirurak teilatupe berean babesa. Hona hiru familiak zeintzuk ziren:

            —Arrieta familia hegoaldetik.

            —Iraola familia erdian.

            —Arzallustarrak estazio aldetik

      Etxe errektangeluar eta luzexka zen Karapote baserria Florida auzoan “Papelera del Norte” eta Adreilu fabrikek tartean hartu eta betiko jan zuten arte.

 

ARRIETA familia

      Sarrerako atea ate kankar handia zela bere leihatila eta maratila mokorrarekin dio nire solaskide Pepi etxeko alaba zaharrenak. Sartuta eskuinera ukuilua, gibelean barrikategia (etxerako sagardoa eta pitarrarentzat) eta ezkerrera sukaldea, gela ilun bat honek alboan, gazi kutxa eta tresnak hemen. Sukaldean beheko sua eta labetxoa egur ikatzez. Mahaia oso apala oraingo sukaldeetako mahaien aldean, baina erretilu edo platera beretik jateko egokiagoa inolako duda-mudarik gabe. Gorako eskailerak eta goian etxebizitza eta mandiotik ganbarara igoera.

      Gurasoak, Bixente Arrieta Arrieta, bertako semea, aita, eta Maria Arzallus Arbiza ama, Karapote beste bizitzako alaba. Seme-alabak: Joxe (4 urte zituela garrotikoarekin hila), Inaxio, Pako, Pepi, Karmen (txikitan hila), Agustina, Joanito, Joani eta Kontxi. Azkenean, Pako, Agustina eta Kontxi amarekin, harik eta industria berriaren ufadak, beste asko bezalaxe, aurrean hartuta eraman zuen arte, orain izena baizik gelditzen ez zaion Karapote baserria.

      Bost behi izaten zituzten. Esnea etxetik saltzen zuten. Uztarrian ere behiak. Etxerako artoa (taloa) eta babarruna eta patata, zerri bat edo beste urtean eta zekorren bat (kontrabandoan hau gerrako urteetan) zezina egiteko. “Familia handia mahaiaren inguru eta jatun onak ginan” dio nire solaskideak. Beharrik, aita itzain ibili ohi zen, Mendia papeleratik estaziora papera eta estaziotik fabrikara egurra eta pastaren garraio lanetan.

      Egunaren bukaeran aita Benta Berriko tabernan basoerdiren bat hartu eta lagunartean gelditzen bazen, “zoazte orain etxera” behiei esatea aski zuen, bide bazterretik han joango ziren hauek, eta asko erratu gabe joan ere, etxera. Ongi ikasia zuten etxerako bidea. Amak arduratu behar orduan, behiak uztarritik askatu, hauek jetzi eta gobernatu eta afaria prestatzeaz. “Eraman handiko emakumea zan benetan. Zerurik baldin bada, gure ama oso goian egongo ez dan zalantza apurrik ez det” dio Pepi alaba zaharrenak. Beste jarrera on bat ere bazuen ama honek, irekitasuna. Etxean ezer ez, esaterako, eta zeukanetik beti zertxobait emateko prest. Etxeko atea irekia, eskaleren batek ere lo lekua han izango zuen etxe ordekoan. Besteak beste, Pepi berak eredu eta miresgarri izan du beti ama momenturik zailenetan ere.

      Edonon bezalaxe, semeak zertxobait irabazira eta alaba zaharrena laguntzen hastea arnas berria gertatu zitzaion amari. Harrezkero, sukaldeko eta etxeko lanak egiteko, eta arropa garbitzeko bereziki, beso berri bat izan zuen amak alaba hau.

      Halako kozkorreriaren arropa garbitzeko nola moldatzen zen galdegin diodanean, ona zein izan den Pepiren erantzuna.

      “Al zan bezela. Xaboirik ere izaten al gendun, orduan? Sukaldean arraska sastarra gendun, baina etxe aurrean aska bat egokia arropa garbitzeko, bai, bazan. Igandetan, oheak egiterakoan, goiko maindirea behera pasa eta behekoa bakarrik garbituz eta horrela ibiltzen ginan, zer uste dezu”.

 

IRAOLA Familia

      Oroitzen da aitonaz Maria Iraola (70 urte) lure solaskidea. Martxiel Iraola zen aitona, Bortolua-Ene baserriko semea eta gurasoak, Euxebio Traola Rekondo etxeko semea aita. Ama, berriz, Klara Iraola Ezeizabarrena, Bortolua-Eneko alaba. Lehengusu ezkontza egin zuten. Hona seme-alabak: Iñaxio, Maria, Joxe (txikitan pulmoni doblearekin hila), Joan eta Martina (bi urte zituela garrotilloak eramana).

      Hauetarik Maria etxean gurasoekin. Ezkondu eta senarra Joakin Arregi Arizaga, Ikutza (Andoain) baserriko semea. Seme-alaba hauek izan zituzten: Loli, Klara, Begoña (jaiota berehala hila), Joan Bta. eta Joana Mari.

      Karapote zaharra desegitean, Kapote Berri (1957) izeneko, Mariak “kale baserria” dio, etxe berrira pasatu ziren, artean Euxebio eta Klara aiton-amonak bizi zirela. Lehengo baserritik aski hurbil zuten berria, baina mira ederra izan omen zuten hauek delako kale-baserrian ohitzeko.

      Aitona baserriari loturik bizi izan zen. Makurrena zera zuten, lursailak Akerregi aldean zituela Karapotek. Oinezkoak ibaia zeharkatuz honek ur gutxi bazeraman. Behiak edo aberearekin Balantxan barna.

      Aita Euxebiok, ordea, itzain lana izan zuen batik bat, trenaren geltokitik herrirako garraio-lana. Karga handia baldin bazen garraiatu beharra, idiekin eta galeran. Bestela, zaldia eta karroaz. Zer garraio mota izaten zuen? “Ardoa eta olioa Rezolaren (Ate Txikitan) almazenera; pentsua Zozoa-Enera (K. Nagusia). Puntakoak behar askotan Zinkoeneko aldapa igotzeko. Eta fabrika desberdinetara (Zelulosa, Prodesa, Talleres Hernani, Kurtidoa...)”.

      “Ama oso artetsua zan eta behar ere. Behiak jezten eta gobernatzen, soro-lanean, gazta edo ogia egiten, oiloetan (arrautzak karetan negurako), kontserba gauzak... Eskerrak bestetik osabaren laguntzari, laneko orduz kanpo babes handia zen hau. Ama zena bolada batean gaizki ibilia zan, tentsio altua zuela eta. Gogoratzen naiz, odolik ezin atera, eta lepoan eta sorbaldan izainak ipintzen zizkiola medikuak”.

      Maria ezkondutakoan, Joakin senarrak bultzada ona sartu zuen berekin etxera, bere lehengo lanean, okintzan edo ogia egiten, jarraitu zuen arren. Baina Joan soldadutzara joatean, osoki baserri lanera jo behar izan zuen honek. Kamioiak hasitakoan idiak kendu eta sei behi eta aberearekin gelditu ziren.

      Orain Joakin eta Maria senar-emazteak eta osaba joan daude Kapote Berri etxean. “Lau zekor eta baratza puska bat dauzkagu, dio Mariak. Gauza geran bitartean...”.

 

ARZALLUS Familia

      Maria, bertako alaba, aldameneko Arrieta familiara ezkontzaz joan zenean, senar-emazteak eta semea gelditu ziren Arzallus familian. Inaxio Arzallus aita eta Dolores Arbiza ama eta Joanito semea. Hau etxera ezkondu, Felisa Bergaretxe emaztetzat harturik eta alaba bat izan zuten, Mari Karmen.

      Esan ohi den bezala, baserri-lege bat bazuen familia honek baina bai aitonak eta bai aitak fabrikako lana izan zuten bizimoduaren sostengu.