Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Jesus-Enea | Joananton-Enea (Beloki Berri) | Munto

 

Joananton-Enea

(Beloki Berri)

 

      Antonio Erdozia (78 urte) bertako seme eta nire solaskideak ez du sekula entzun Joananton-Enea izenaren berri edo aztarnarik. “Nomenclator” zerrendan (1870) ageri den “Joanategui” hori berau ote?

      Zumaditik gora aldapa atera eta gaintxo batean kokaturik dago, Erroilaburura baino lehen, ikuspegirik ederrenaren jabe den Joananton-Enea baserria. “Belarri muturrak ederki izozten dira neguan, dio Antoniok. Txarrena hego haizea da han, bazter guztiak txikituz”.

      Esan beharrik, bidegurutze nagusia dela Erroilaburu. Martindegitik gora bertara heldu eta eskuinera garai bateko “Nafar bidea” (Nafarroarako bide zaharra), eta Añoara eta Epele Errekara doana bestea. Orain osoki berriturik dago etxea, baina lehengo molde berberak mantenduz. Etxepean zuen ukuilua, bizilekua eta mandioa goian, eta gorago ganbara, belar ondua mandiotik eskuz jaso behar izaten zelarik.

      Joan Bta Iribarren zen bertako aitona. Honen anaia zen Goizuetako “Xardia” deitu kontrabandista sonatua; eta Dolores Otaño, berriz, amona. Gurasoak, aita, Joxe Antonio Erdozia Mendiluze, Martuteneko Goiaz Haundi (orain Golf zelaia) baserriko semea eta Maria Iribarren Olano, etxeko alaba, ama. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Joxe, Dolores, iñaxi, Joxepa, Iñaxio, Antonio eta Adela.

      Joxe gelditu zen gurasoekin. Osasun berakoa bilakatu zen, gerrakoan bildutako emaitza zuen inola ere. “Aurrean” ibilia zen, hemendik hasita oinez, “atzeraka” Asturias (Aviles) alderaino. Han nazionalek harrapatu, “Langile Batailoi” batean Kastejon aldera esklaboak bezala trenbideak konpontzera. Gero, Dolores alaba zaharrenak bete zuen haren zuloa gurasoak bizi izan ziren arte.

      Lau behi, zekor batzuk, lur samurrak eta baratze ona, Donostiara (Bretxa) egunero. Baserriari loturik bizi izan ziren aita eta ama. Ura nahikoa arazo izan zuten, Santsanategiko iturrira. Herriko uraren gordailua ere, etxetik aski hurbil baina beherago eta ponpatu egin beharra gertatu zitzaien, gero.

      Antonio hau, nonahi (eta leku askotan ibili da bere bizitzan), “Patas” izenez ezagunagoa zaigu. Ez-izen hori nondikakoa ote duen galdegin diot eta aitarengandik duela dio berak. Aita zena gizon lerdena omen zen (140 kilo) eta hura deitzen zuten “Patas”. Antonio, aldiz, aita bizi zen arte, Patasen semea. Harrezkero hartu zituen, agidanez, titulu eskubideak. Sendagile zeregina ere harengandik jaso zuen semeak. Belar munduan ez omen du halako ezaupiderik, nahiz eta senda-belar asko eta askoren eta hauek dituzten bertuteen berri ongi dakien. Esaterako, pareta belarra (gibela garbitzeko), pixa belarra (gutzurruna), tomate zukua (kolesterola). Berbenari (froga asko egina) ez omen dio fede gehiegirik, jendeak uste duen bezalakorik ez behintzat.

      Enplastu edo txaplatak dira bere espezialitatea, infekzio mundua, horra. Barruko (pleura, esaterako) nahiz kanpoko (handitu, zauri, zornadura...) infekzioak.

 

Jesus-Enea | Joananton-Enea (Beloki Berri) | Munto